HMberriak 69

Page 1

HMBERRIAK

HERRI MUSIKAREN TXOKOAREN BULETINA

2019ko maiatza 69. zenbakia

TRALHAIRES, MENDIEN URDINA BAINO HARATAGO Mugak puskatzen dituen proiektuan murgilduta gabiltza Soinuenea, Ortzadar eta Lo Nau elkarteak. Gipuzkoa, Nafarroa eta Gaskoiniako sortzaileak elkartzen dituen proiektua da. Urte honetan lanpetuta gauzkan proiektu garrantzitsua Gaskoiniako Lo Nau eta Nafarroako Ortzadar elkarteekin batera egiten ari garen Tralhaires per delà lo blu de las montanhas da. Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak diruz lagundutako proiektu honetan ondare immateriala ikertzen eta ezagutzera ematen aritzen garen hiru elkarte ari gara eta hiruen artean memoriaren transmisioari eta sorkuntzari buruzko lana ari gara garatzen. Hiru elkarte izanik, elkar osatzen duten hiru ataletan banatu dugu lana: antzinako dantzen koreografia ikerketa bat, pelikula eta liburu batez osatutako argitalpena, eta ikuskizun bat. Ortzadar elkarteak Nafarroako eta Biarnoko makil-dantzak ikertu eta horren inguruko sorkuntza koreografikoa egin du. Soinuenea argitalpenaren arduraduna da. Juan Mari Beltranek zuzenduta Nafarroako Faltzes herriko Maya Aguirre artzain familiaren inguruko lana ari gara prestatzen. Lan hori egiteko Juan Marik berak urtetan Faltzesen

artzaintzaren inguruan egindako grabazioak erabili ditu, istorioa osatzeko behar diren datuak bildu eta falta diren irudi berriak ere hartu eta gehituz. Faltzesko artzainei buruzko informazio ugariarekin batera, lan honetan transhumantzia zer den eta artzainek egin behar izan dituzten lanak zeintzuk izan diren ere azaltzen da. Guzti horrekin batera Nafarroako eskualde horretan kantatzen diren jotak ere aztertu dira. Lo Nau elkartea Joan Francés Tisnèr-en zuzendaritza artistikoarekin Tralhaires per delà lo blu de las montanhas ikuskizunaren sorketa lana gidatzeaz arduratu da. Lo Nauk egindako bilketa lanean eskuratutako materialaz gain, Ortzadar eta Soinueneak eskuratu eta sortutakoa ere baliatu du ikuskizuna asmatzeko. Sorkuntza berrian musikaz gain dantza eta irudia baliatu dira hainbat molde puskatzen dituen performance berritzailea lortuz. Ikuskizun hauek era ugaritan zabalduko dira publikora Euskal Herriko eta Akitaniako bazter ezberdinetan.

Irasko pelikularen estreinaldia Nafarroako Faltzes herrian izan zen maiatzaren 3an. SNN

Maiatzaren 3 eta 4an proiektu honen lehen emaitzak Faltzesen aurkeztu ziren. Asteburu horretarako Faltzesko Udalak antolatu zuen egitarauan artzantzarekin lotutako tresnak biltzen zituen erakusketa jarri zuten. Erakusketa horretan, nola ez, makina bat soinu-tresna ere baziren. Erakusketaz gain, Irasko pelikularen aurkezpena eta proiekzioa egin ziren. Pelikula hau Juan Mari Beltran prestatzen ari den argitalpenaren parte bat da, liburu batekin osatuko dena. Pelikula maiatzaren 3an ikusteko aukera izan bazen, hurrengo egunean Tralhaires, per delà lo blu de las montanhas ikuskizunaren txanda izan zen. Joan Francés Tisnèr-ek gidatuta Lo Nau eta Ortzadarrek prestatutako emanaldia Faltzesko Pedro Iturralde gizarte-etxean estreinatu zen. Proiektuak aurrera darrai eta udazkenerako liburua iritsiko da. Horren ondoren ere aurkezpen eta emanaldi gehiago izango dira eta tartean Oiartzunen egingo dena, abenduaren 13 eta 14an.


HERRI MUSIKA KONTZERTUAK

HM UDABERRIKO KONTZERTUA 2019ko maiatzaren 11an - 18:30 - Oiartzungo Udaletxean - 5 euro

BUHAMINAK (Iparraldea)

Bost emazte xiberotarrek dugu Buhaminak taldea sortu, 2001 urtean, (heietarik 4 gira oraino taldean). Sophie Larrandaburu beste xiberotar bat izan da gure zuzendaria 16 urtez, 2017ko iraila arte, eta geroztik Maialen Errotabeherek hartu du bere segida. Abentura hau abiatu zen Baionako bestetan, gau batez, 5 xiberotarsa horiek heien kantuaren amodioa partekatu zutelakoz, kantuz, oroaz, ostatu xoko batetan, gau guzi hartan. Ez zen besterik behar istorio eder hunek erroen edo zainen egiteko. Emazte lagunak, kantuzaleak hanitx izanik, laster taldea haunditu zen. Luzaz 30ekin izan gira eta gaur egun 40 bat gira. Elkarte bat ere sortu genuen talde hunen sustenguz, kantuaren pratikatzeko helburuarekin (partikulazki euskal kantua). Erran behar da euskarari atxikiak girela, hanitxendako delakoz ama hizkuntza. Laster etorri zen mementoa, izen baten atxemaiteko. « Buhaminak » deitu dugu emazte kantu talde hori. Izena, etortzen da « buhamia » hitzetik. Eta xiberoan, aspaldi danik, norbait kalifikatzen bazen

« buhame » bezala, zen pertsona hori beti alegera, besta egile, kantuz ari, eta dantzan ari zelakoz. (Buhaminak taldeko emazteak holakoak senditzen gira). Bainan Buhaminak da ere hitz joko bat, « buha-minak », barnean ditugun minak ufatzen, kanporatzen ditugumakoz kantuaren bidez. Gure errepertorioa aldatzen da, izaten ahal dira euskal kantu herrikoiak, bai ta ere kantu zonbait sortuak ikusgari berezi batzuentzat, pastoral edo beste, bainan ere mundu zabaleko kantuak. Hala nola zulu kantuak, azken garai hontan kantatzen ditugu, 3 edo 4 botzetan. Kantuekin bidaiak egiten ditugu, euskal herri guzian baita ere, pasatzez Argentinatik, Rumaniatik, Hego Afrikatik, Australiatik, Afrikako beste herrietatik, eta abar... Buhaminek kantuari esker pasatzen dute, heien atxikimendua eta lotura euskal herriari, euskal kulturari baita ere taldeka kantuz, diziplinari. Ikasi dugu elgarrekin kantatzen, bata besteari entzutez, kasu emanez eta partekatzez. Bainan ororen gainetik, maite ditugu-

nak dira, festa mementoak, kantua konzertuetan baita ere konzertuetatik kanpo. Gure asmoa da, kantatzeko gogo horren, eta kantuen partekatzea, zuekin entzule guziekin... --Emazte atherbea Hitzak: Pierre Larralde Musika: Sophie Larrandaburu

--En qué nos parecemos (Argentinako amodio kantua) --Dantzaldi (Herrikoia....) --Syiahamba (zulu kantua) --Neure andrea (herrikoia) --Diamano guile (Afrikar kantua) --Gerezien denbora (pastoral kantua) Hitzak: Itxaro Borda

--Kantu kanta kantore Hitzak: Ani Obiague Musika: Sophie Larrandaburu

--Ngarra burra (Aborigene kantua) --Nafarroa (Jean Michel Bedaxagar) --Amodio ezinezkoa (Kattalina de Erauso pastorala) Hitzak: Gillom Irrigoyen Musika: Sophie Larrandaburu

--ula/Txotxoloza (zulu kantua) --Zezenak (herrikoia)


PARTI CUT LLOI (Gales)

Parti Cut Lloi abesbatza Galesko Montgomeryshire eskualdeko Banw bailarako mutil talde bat da. Siân James abeslari eta harpa joleak zuzentzen duen talde hau Meifod 2003ko National Eisteddfod txapelketan lehiatzeko asmoarekin eratu zen. Sekulako arrakasta izan zuten txapelketako Folk Party saileko lehen saria eskuratu zuenean. Horren ondoren Gales guztian zehar kontzertuak emateko eskaera ugari jasotzen dituzte. Galestar telebistako Noson Lawen eta Cefn Gwlad saioetan atera izan dira; baita irratian ere. Taldearen ezaugarri nabarienetakoa bere berotasuna da, baita bere kideek kantatuz lortzen duten gozamena eta entretenimendurako ematen dituzten aukera ezberdinak ere. Parti Cut Lloi taldeak kantatzen dituen abestiak galesez dira. Gainera, beraien eskualdean bereziki kantatzen diren abesti forma zahar batzuk daude eta horiek ere beraien programan barneratzen dituzte. Horrela, Eguberrietan kantatzen diren Plygain erako abestiak edo bertsoetan egiten denaren antzera inprobisatutako letra izan dezaketen Penillion erakoak kantatzen dituzte beraien emanaldietan.

Parti Cut Lloi taldearen arrakastarako giltzarririk izatekotan, hori Siân James zuzendari andere argia da. Bera arduratzen da talde hau osatzen duten abeslariei bidea ikusten laguntzen diena eta esperientzia zabalarekin bihotzez eta gogotsu kantatzeko inspirazioa. Siân James ibilbide luzea duen musikaria da. Gaztetandik parte hartu du Galesko kultur topaketa ezberdinetan kantatzen eta biolina, pianoa edo harpa jotzen. Galesko Unibertsitateko irakaslea ere baden musikari hau, gaur egungo galestar musika herrikoiaren erreferentzia garrantzitsua da.

kontzertu honen laguntzaileak:


TRONPAK BELOAGA GAZTELUAN HMberriaken aurreko zenbakian Idiazabalgo borda batean azaldutako tronparen berri eman bagenizuen, oraingo honetan Oiartzunen topatutakoen berri dakargu. Oiartzungo Gurutze auzoko Arkaleko haitzetan kokatuta zegoen Beloaga gaztelua Nafarroako erresumak bere mugak babesteko zituenetako bat zen. Azken urteetan aspaldi suntsitutako eraikuntza hura berreraikitzen eta inguruaren azterketa egiten ari dira. Azterketa horretan garai ezberdinetako hainbat objektu aurkitu dituzte eta tartean tronpak. Lan horietan ari den taldean lagundu duen Jon Aldaia Hondarribiarrak topatutakoak dira argazkian ageri diren bi tronpa horiek. Jon Aldaiak berak prestatutako txostenean azaltzen duenez Arkaleko haitzen hegoaldean aurkitu zituen; bietan luzeena iazko maiatzaren 4an gaztelutik 50 bat metrora eta motzena urte bereko abuztuaren 12an gaztelutik 120 bat metrora. Hasieran beste zerbait izan zitekeela pentsatu bazuten ere, buelta asko eman eta argazki mordo bat begiratu ondoren tronpak izan zitezkeela pentsatu zuten. Txostenean gehitzen duenez, soinu-tresna mota honek jatorria Asian izango luke eta XIV. mendean iritsi zen Europara. Bi tronpetan luzeena zaharrena ere badela uste du Jon Aldaiak. Gainera, bere formarengatik eta egiteko erabili zen materialarengatik, erdiarokoa zela uste du. Bi tronpetan pasatako denboraren eragina nabarmena da

Beloagako gazteluaren inguruetan Jon Aldaiak aurkitutako tronpak. (Arg. Jon Aldaia)

eta mutu daude, biek mihia falta baitute. Soinuenean bi altxor hauen erreprodukzioak bideratzen ari gara Oiartzun Nafarroa zen garaiko hotsetako batzuk berreskuratzeko.

JOSEBA ZUAZNABARREN OMENEZ 33. Txalaparta Festa maiatzaren 24 eta 25ean ospatuko da Hernanin bertako Musika Eskola Publikoaren parte den Ttakun Ttan Takun taldeak antolatuta. Lehengo urteko abuztuan hil zen Joseba Zuaznabar omenduko da aurtengo edizioan. Txalaparta eta bera inguratzen duen kulturaren transmisioan gogotsu aritutako gizona izan zen Joseba eta ahalegin horretan jardun zuen Txalaparta Festan ere. Maiatzaren 24an Biteri Kultur Etxean izango den emanaldi bereziaren lehen zatian Joseba Zuaznabarren omenezko bideoa proiektatuko da, eta gero Hernaniko Bihotx taldearen saioa izango da. Hurrengo egunean txalaparta saio libreetarako aukera emango da eguerdian Ezkiaga pasealekuan, Hernani Musika Eskolako musikari talde ezberdinak alde zaharrean kale jiran dabiltzan bitartean. Bazkaltzeko ordua 14:30etan jarri dute, eta bertara joan nahi duenak 16 eurotan salduko diren txarteletako bat eskuratu beharko du. Arratsaldeko bostetan hasiko da Txalaparta Jaialdi Nagusia. Horren ondoren Txalapoteoa izango da Ander GarcĂ­a Santestebanekin eta eguna bukatzeko Txalaparta Party Aparta Hernaniko Gaztetxean M. Fraktal, DJ Barru eta beste batzuekin.

BISITARI KOPURUA Azken hiru hilabeteetan: bisitari kopurua: 1.134 Antolatutako taldeak: 44 Bisitari kopurua maiatzera arte: 61.873

WEB ORRIRA BISITAK Azken hiru hilabeteetan: 16.610

Soinuenea - Herri Musikaren Txokoa Tornola kalea, 6 - 20180 OIARTZUN Tel / Fax 0034 943 493 578 soinuenea@soinuenea.eus www.soinuenea.eus


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.