Eralan3 ikerketa proiektua

Page 44

Herri Administrazioetako Erabilera Planak berritzen

3.1. Aurkezpen saioak Aurkezpen saio bana egin dira udal ordezkariekin eta langileekin. Ikerketa-interbentzioaren helburuak, EraLan egitasmoak zertan datzan, lidergoa lantzeko asmoa, eta prozesuaren metodologia azaldu zaizkie.

3.2. Elkarrizketak / galdetegiak Galdetegia diseinatzeko, EraLan2rako Gipuzkoako Foru Aldundian eta Bermeoko Udalean egin ziren inkestak hartu dira oinarritzat. Hasierako galdetegi horretan mankomunitateetan euskararen egoera zertan den galdetu zaie parte hartzaileei, baita aztergai izan den aldagai bakoitzari buruz ere. 4 elkarrizketa sakon egin dira orotara; mankomunitateetako lehendakariari (o1), idazkariari (l1), hiri hondakinetako administrariari (l2) eta gizarte langile bati (l3). Euskararen egoerari buruz (mankomunitateetan) eta aztergai izan den aldagai bakoitzari buruz galdetu zaie. Galdetegi eta elkarrizketetan bildutako informazioarekin saioak prestatu dira, eta horietan parte hartzaileen erantzunak izan dira abiapuntu.

3.3. Saioak Guztira lau saio izan dira (lehenbizikoa bi alditan, bata udal ordezkariekin eta bertzea langileekin). Saio guztiak aurkezpenerako dinamika batekin abiatu dira eta baloratzeko bertze batekin amaitu. 1. Saioa. Euskararen egoeraren diagnosia mankomunitateetan Lehenbiziko zatian, euskara teknikari batek Bortzirietako egoera soziolinguistikoaren zertzelada batzuk azaldu ditu kokapen gisara, eta Bortzirietan bereziki udal administrazioan emandako aurrera pausoak azpimarratu ditu. Lorpen horietan udal ordezkariek eta bereziki langileek egindako ekarpena gogora ekarri du, eta, horrekin batera, baita galdera planteatu ere: sabaia jo al dugu? Bigarren zatian, bertze euskara teknikariak, galdetegi eta elkarrizketetan bildu diren iritziak azaldu dizkie xede taldekideei; horiek ariketa praktikorako lehengaia izan dira. Bukatzeko euskararen egoeraren diagnosia bateratzeko, eta aplikatu beharko liratekeen hizkuntza irizpideei buruz, ariketa bana egin dute. Talde txikitan egin dute lan, eta gero guztien aitzinean agertu dituzte emaitzak. Bi dokumentu atera dira hortik, bata diagnosiaren taula bateratua, eta, bertzea, hizkuntza irizpideen taula bateratua. 2. saioa. Hizkuntza lidergoa Nekane Goikoetxeak lidergoari eta hizkuntza lidergoari buruzko saioa eskaini du, hizkuntza politikari eta euskararekiko hautetsi zein langileen jokabideari buruz hausnartzea helburu. Alde praktikoan, organizazioaren lidergo motari erreparatu diote, eta horretarako ariketa egin dute. Jarraian, lidergo eredu eraldatzailearen ezaugarriak azaldu dizkie hizlariak. Saioaren azken aldera, bereziki agintarien hizkuntza portaerak izan dituzte aztergai, eta euskararekiko eskatu beharko litzaizkiekeenak: konpetentzia, kontzientzia eta koherentzia, baita artikulazio lana ere (lidergo kateena). Nekaneren jarduna osatzeko, euskara teknikariak galdetegi eta elkarrizketetan hautetsi zein langileek lidergoari buruz agertu dituzten iritziak aurkeztu ditu.

44


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.