LANEKO SEGURTASUN ETA OSASUNERAKO EUSKAL ESTRATEGIA 2021-2026
2019ko urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean langile autonomoen eta norberaren konturako itsasoko langileen araubidean istripu eta gaixotasun profesionalak estaltzeko nahitaezko afiliazioa. Beraz, data horretatik aurrera, kolektibo horren datuak zenbatzen hasi ziren; estrategiaren barruan arreta emateko lehentasunezko taldeen artean dago.
2.1.2. LANGILERIAREN BILAKAERA Atal honetan, EAEko langile-biztanleriaren 2020rako bilakaeraren aurkezpena egiten da. COVID-19ren inpaktuak eragindako osasun-krisiaren ondorio sozialak eta ekonomikoak oraindik ez dira erabat nabariak estatistiketan eta datuetan, baina, zalantzarik gabe, jarduera ekonomikoaren zati handi bat ia bi hilabetez Espainia osoan eta Europako eta munduko beste herrialde askotan geldiarazteak ondorio nabarmenak izango ditu lan-merkatuan.
a) EAEko biztanleriaren eta fenomeno demografikoen proiekzioak 20192031 Biztanleen proiekzioari buruzko datuek agerian uzten dute Europako Batasuneko herrialdeek XX. mendearen amaieratik XXI. mendearen hasierara arte izandako dinamika soziodemografiko nagusiak EAEn ere izan direla. Dinamika horiek honako ezaugarri hauek dituzte: biztanleria zahartzea, jaiotza-tasa jaistea, emakumezkoak lan-merkatuan modu masiboan sartzea eta, neurri batean, tradizioz gizonezkoak ziren sektoreetara, eta gero eta globalizatuagoa den munduarekin lotutako
26
aldaketak, besteak beste, migrazio-dinamika berriak, enpleguaren egonkortasun txikiagoa eta lan-harreman berriak. Horren guztiaren ondorioz, biztanleria aktiboa gero eta askotarikoagoa da, eta lan-merkatua gero eta aldakorragoa. Egoera horretan, EAEk hazkunde demografiko naturalaren saldo negatiboa du (heriotza-tasa vs jaiotza-tasa), bai eta migrazio-saldo positiboa ere (immigrazioak vs emigrazioak). Horren ondorioz, biztanleria gutxi hazi da, eta hurrengo urteetan moteldu egingo da hazkundea, biztanleria zahartzen ari baita. 2019 eta 2031 artean, Eustaten aurreikuspenen arabera, EAEko biztanleria %0,37 baino ez da haziko. Piramide demografikoa aztertuz gero, 2019 eta 2031 artean 19 urtetik beherako pertsonen kopurua %8 jaitsiko da, eta 35 eta 49 urte bitarteko pertsonena %29. 50 eta 64 urte arteko biztanleriak, aitzitik, %6 egingo du gora, 65 eta 79 urte bitartekoenak %25, eta 80 urtetik gorakoenak %29. Horrek erakusten du euskal gizartea gero eta zaharragoa dela, arestian aipatu bezala.