editoriala
x
anistebanak! Hau poza! Zenbat oroitzapen ez dizkigun ekartzen hitz honek gogora! Guztiak alaiak: bertan gaudenoi eta egun hauek pasatzera bailara zoragarri honetara itzultzen direnei. Familia eta garai bateko lagunak ikusteko aukera. Baina, zoritxarrez, badira hain pozik egongo ez direnak ere, gaixo edo espetxean daudelako edo, beste arrazoiengatik, gure artean ez daudelako. Dauden lekutik gogoratuko dira, bai, Xanistebanekin!
“OIARTZUN 2012” urtekarian, aurrekoetan bezalaxe, Oiartzun herriaren bizitasuna jaso nahi da. Bertan lanean aritu garenok, nork gure harri-koskorra ekarri dugu. Guztion artean, urtean zehar Oiartzunen izan diren gizarte ekintzak, kulturalak, kirol arlokoak, etnografikoak… jaso eta bildu nahi ditugu gure historiarako. Eta “OIARTZUN 2012”-aren atarian gaudenez, gure iritziz, adierazgarrienak diren gaiak aipatuko ditugu: • Aurten, elkarrizketa nagusiaren lekua Josemari Sanzberro Etxebeste jaunak bete du. Izan ere, urtekari honen batzordeko kidea izan da azken hogeita hamar urteetan, eta agurtzeko tenorea iritsi zaiola eta, Josemarirekin bildu eta haren bizitzari errepaso luzea emateko aukera izan dugu. • Nafarroako konkistaren 500. urteurrena den honetan, Gurutzeko Beloaga gaztelua ekarri digu gogora Jose Mari Iturriotzek. • Bestalde, topoak aurten 100 urte beteko ditu. Hori gai hartuta, Antton Mendizabalek Arraguako geltokiari buruzko lana osatu du. • Alaia eta Jon Martin Etxebeste anai-arrebak 2011ko abenduan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean aritu ziren. Hori bada nahiko arrazoi urtekari honetako seme-alaben atalean azaltzeko eta beren bizipenak jasotzeko. • Manuel Lekuona idazle eta euskaltzainaren heriotzaren 25. urteurrena betetzen da aurten. Hori dela eta, Iñaki Arbelaitzek harekin izandako bizipenak aletu dizkigu. Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiegu gure urtekari honen laguntzaileei eta irakurleei, guztien artean, egunetik egunera, gure herriko historiaren zatia izango dena osatzen ari baikara. Eta, betiko moduan, ozen esango dugu:
Gora Xanistebanak!