emozioen munduan Lorea Zulet (Psikologoa)
Erresilientzia Erresilientzia psikologia arloko nire hitz gustukoena da. Bere esanahia pertsonak bizitzako momentu zailak gainditzeko dugun gaitasuna da. Egoera oso nekeza izan arren, beti egin dezakegu aurrera ikasketa maleta batekin. Tentagarria ezta? Baina argitu dezagun lehenengo zer den pertsona erresilientea izatea. Dagoeneko konturatu gara bizitza momentu gozo eta gaziez osatuta dagoela. Bien arteko oreka ordea ez dago momentu gazi eta gozoak zenbatzean, nahiz eta kontutan izatekoa ere baden. Gakoa momentu horiei aurre egiteko jarreran dago. Zeren eta, ez naiz esateaz nekatuko, bizitzak momentu itsusiak ere baditu. Kontuan hartzeko alderdi garrantzitsuak: momentu guztiak, txarrak barne, behin behinekoak izango dira. Baina behin behineko egoera hauek oso luze suertatzen ahal zaizkigu uzten diguten hondar desatseginez bakarrik elikatzen bagara. Eta, urteko galdera: esperientzia negatibo hauek zerbait positiboa ekarri dezakete? BAI, NOSKI. Esperientzia orok, harekin dakar ikaskuntzaren bat, bizipenen artean atzeman eta erauzi beharko dugu. Laranjekin zukua egitea bezala da azken batean, laranja guztietatik atera dezakegu zukua, batzuetan mikatza eta besteetan gozoa, baina beti atera dezakegu zukua.