ERREPORTAJEA
Zumeta, gure artean jarraituko bazenu hobeto... Jose Luis Zumeta margolaria joan den apirilaren 22an zendu zen. Jaiotzez usurbildarra izanik ere, lotura estua zuen Araitz ibarrarekin eta bertako herritarrekin, urte asko baitira Gaintzako Errotetxea erosi eta bere bizitokietako bat gehiago bihurtu zuela.
81 urte bete berriak zituen eta margotzen jarraitzen zuen Usurbilgo bere tailerrean. Euskal artearen sektorean margolari handia zen, erreferenteetako bat. Espainiako Gerra Zibilaren ondorenak sortu zituen artista handi horietako bat. Espresionismo abstraktua, arte figuratiboa... artean jantziak ez garenontzat kolore biziko artelan alaiak egiten zituen margolaria zen. Mundu osoko txoko
8
asko eta asko ezagutu zituen eta izen handiko galeria garrantzitsuetan zintzilikatu zituen bere margolanak eta baita hainbat sari irabazi ere. Baina bere ibilbide profesional oparo horretako handitasun horrek, ez du halako garrantzirik bera gertutik ezagutu zutenentzat. Zumeta beste gauza askorengatik zelako handi Txitxi Orbegozo, Juan Manuel Garmendia “Lazkao”eta German Elordirentzat “Pepe”.
Txitxi Orbegozo tolosarra 1998 inguruan etorri zen gurera bizitzera eta garai hartan ezagutu zuen Araitzen Zumeta. Denborarekin lagun onak egin ziren eta pertsona nahiz artista bezala aski estimatua zuen Txitxik. Garai batean artista ugari bizi ziren inguruan, Carmelo Ortiz de Elgea, Iñigo Altolagirre, Angel Sandimas... Juan Gorritiren etxea izaten zuten maiz biltoki.