KONTU TXIKIAK
IRAGARKI TAULA
WWW.ERA.EUS PLATAFORMAK EUSKARAZKO KULTUR PROPOSAMENAK ESKAINIKO DITU EGUNERO
30
Etxeko txikienak etxean ikasten dabiltzan honetan, inoiz baino tresna interesgarriagoa izan liteke www.era.eus ataria. Nafarroako toki-entitateetako 28 euskara zerbitzuek elkarlanean sortutako webgune honek, euskaraz ikasten duten 0-12 urte bitarteko haurren familiei laguntza eta baliabideak eskaintzen dizkie ikas-prozesua osatzen laguntzeko. Guraso askok euren seme-alabentzako euskarazko produktuen falta sumatzen zutela ikusita eta eskari horri erantzunez sortu zen plataforma digitala. Bertan, euskarazko musika, jolasak, aplikazioak, ipuinak, ikastaroak, agenda eta beste hainbat eduki interesgarri topatu ditzakezu. Baina horrez gain, aurkitzen garen ezohiko egoera honetan, Era.eus atariak egunero euskarazko kultur proposamen berri bat eskainiko du bere webgunean zein sare sozialetan. “Eguneko kultur proposamena” izeneko atalean, egunero ipuin, musika, antzerki edo bestelako ikuskizunen baten berri emanen da. Gainera, “Eguneko kultur proposamenak etxeraino” izenpean, ikuskizunak orduka eta jardueraka sailkaturik saio ezberdinak aurkituko dituzu. 10:00ak aldera Euskalerria Irratiak emitituko duen “Etxeko ipuhinak” izanen da eta arratsaldeko 16:00etan ipuinak, musika eta marrazketarako ordua eskainiko dute Irribarrez webgunean. Denetarik egiteko aukera izanen da, baita dantza eta kirola egiteko ere.