3 minute read

IRATIREN INGURUAN

Juan Luis Landa

1984an hasi nintzen ilustrazioaren alorrean profesional gisa lanean, Juanba Berasategi animazioko zinema zuzendariaren eskutik Kalabaza Tripontzia marrazki bizidunetan kolaboratzaile lanetan. Urte horretan bertan argitaratu nituen lehen komikiak Erein argitaletxeak argitaratzen zuen Ipurbeltz euskarazko komiki aldizkarian.

Advertisement

Handik gutxira, GABAI, gure herriaren historia komiki sail handian lan egiteko aukera izan nuen, Rafael Castellanoren gidoiarekin. Gaur egun desagertua den LUR argitaletxeak argitaratzen zuen, eta, besteak beste, Berasategiren taldekoak aritu ginen lan hartan: Jose Angel Lopetegi, Carlos Varela, Pedro Sestelo eta ni neu. Asko ikasi nuen haiengandik, batez ere Lopetegirengandik, «Lope», betidanik miretsi bainuen nolako gaitasuna zuen sortzeko, nola menderatzen zuen marrazketa eta zein trazu sendoa zuen.

Gabai sail haren ondoren beste sail luze bat argitaratu zen, Gabai, vascos con historia. Orduko hartan ere LUR argitaletxeak argitaratu zuen, eta gidoigilea ere Rafael Castellano izan zen. Kasu hartan, José Ángel Lopetegi eta ni neu aritu ginen ilustratzaile lanetan.

Jarraian, Loiolako Inazioren bizitzaren txanda etorri zen, eta beste behin Rafael Castellano, José Ángel Lopetegi eta Ángel Gómez Espinosa margolariekin batera aritu nintzen. Baina argitalpen harekin batera amaitu ziren garai onenak. Ezagutza handia neureganatu nuen obra handi haiei esker, eta ezin nuen horretan gelditu. Zerbait egin beharra neukan.

90eko hamarkada zen, eta komikien mundua bete-betean sartu zen krisian. Faktore ugarik eragin zuten salmenten jaitsiera nabarmen hura. Aldizkari ugari itxi ziren, eta gero eta aukera gutxiago zeuden argitaletxe batean argitaratzeko. Nazioarteko merkatura begiratu behar zen, eta, nire kasuan, bande dessinée zeritzonari begiratu nion, komiki frantses-belgikarrari.

Garai hartan, gaur egun amerikar komikian arrakasta handia lortu duen adiskide Aingeru Unzueta eta nire anaia Ivan lehenengo urratsak egiten ari ziren profesional gisa ilustrazioaren munduan. Eta haiek bultzatu ninduten Europako merkatuan saiatzera.

Ilusioz beterik hasi nintzen gidoi bat idazten. Genero epiko-historiko-fantastikoaren unibertso narratibo bat sortzea bururatu zitzaidan, eta bertan uztartzea nire hiru pasio handiak: Pirinioak, euskal mitologia eta Nafarroako Erresuma. Joaquin Arbeloaren liburu zahar batzuk, Orígenes del reino de Navarra, Auñamendi argitaletxeak 1969an argitaratuak, eta Jose Migel Barandiaranen Euskal Mitologiaren Hiztegia inspirazio iturri agortezina izan nituen. Benito Lertxundi handiaren musikak egin zuen gainerakoa. Eta aurrera egin nuen.

Pirinioak nagusi ziren eszenatokian, baskoien jatorrizko lurrean hain zuzen, Euskal Herriko historia eta mitologia uztartzen zituen gidoia osatu nuen. Horrela jaio ziren bi pertsonaia nagusiak: IRATI, gazte basatia, Pirinioetako natura oparoaren alegoria, erdi lamia, erdi gizakia, eta ENEKO, gudari baskoi gaztea. Ezinezko maitasun harreman bat sortu zen haien artean.

VIII. mendean kokatzen da historia. Ekialdetik etorritako bi erlijio elkarren guztiz kontrako, kristaua eta musulmana, lehiatzen dira, eta horrek baskoien sinesmen primitiboen agonia eragin zuen. Basoetan bizi ziren numenek, jeinuek eta jainkoek osatzen zuten IRATIko mundua, baina desagertzear zegoen. Iparraldean Karlomagno enperadorea zen nagusi, eta hegoaldean Abderraman emirra, eta haien nagusitasunaren aurrez aurre, erresuma berri bat ari zen sortzen. Eneko izan zen erresuma hartako lehen erregea.

Europar merkatuari baskoien istorioak kontatzeko ametsa egia bihurtu zen. Horrela argitaratu zen sailaren lehenengo albuma, Autzaren esnatzea, Frantzian, Belgikan eta Alemanian (1995ean), Glénat España argitaletxeari esker.

Bigarren album batek zekarren lan bolumena kontuan hartuta, eta horri nire bigarren semearen jaiotza erantsita, gidoia idazteko ardura Joxean Muñoz gidoilari eta lagunari ematea erabaki nuen; animazioko marrazkilari gisa aritu nintzen garaian ezagutu nuen hura.

Lehen albumaren jatorrizko ideia oinarri hartuta, Joxean Muñozek bizitasun berria eman zion sailari, eta baita eduki, pertsonaia eta agertoki berriak ere, eta hori guztia bere nortasunarekin aberastu zuen. Horrela iritsi ziren bigarren albuma, Boldroren domina,

1997an, eta Iratiren zigorra, 2003an. Baina komikiaren merkatu krisiak ez zuen artean hondoa jo, eta horretan gelditu zen saila. Urte batzuk geroago, Dani Fano marrazkilari eta Xabiroi komiki aldizkari jaioberriaren editoreak Saiak argitaratzeko aukera eman zigun, saileko azken lana. Saiak euskaraz argitaratu zen, Ikastolen Elkartearen zigilupean, aldizkarian lehenik eta album formatuan gero.

Ia 30 urte igaro dira IRATI sortu zenetik, eta jende askok galdetzen dit oraindik ere hari buruz, aspalditik agortuta baitago. IRATI kultuko saila bihurtu zen irakurle askorentzat. Irakurle haietako batengan, gure lana haurra zela irakurri zuenetako batengan, eragin handia izan zuen sailak, eta handik bi hamarkadara zinemara eramatea erabaki zuen: Paul Urkijo zinemagilea.

Lehen film luzearen arrakastaren ondoren, Urkijok IRATI eraman nahi izan zuen pantailara. Emaitza harrigarria izan da inondik ere. Filmak arrakasta handia izan du ikusleen artean, hainbat sari jaso ditu, eta euskarazko filmik arrakastatsuena izatera iritsi da. Eskerrak eman nahi dizkiogu euskal zinemagile honi gure IRATI, guztion Irati, gorenera eramateagatik.

Nire esker ona, beste behin ere, Erein argitaletxeari, 1984an hasi nintzenetik lagun izan dudan argitaletxe horri, oraindik ere hainbesteko grina eragiten duen obra apal hau berriro argitaratzeagatik.

This article is from: