enbidoa I. Euskal Herritik kanpo gabiltzanean, eta nongoak garen galdetzen digutenean “Euskaldunak gara” esan eta gehienetan “A…, eta non dago hori?” izaten da erantzuna. Betiko azalpenak eman eta askok galdetzen dute: –Baina orduan, espainiarra/frantziarra zara, edo nongoa zara? Bada, horren harira Edinburgon (Eskozia) emakume edadetu batekin izandako elkarrizketa datorkit burura, grazia egin zidan, bada, emakumeak esandakoak! Ostiral arratsalde batez, lanean ari nintzen. Lagun euskaldun bat etorri zitzaidan agurtzera. Hizketan ari ginela lehen aipatutako emakumea etorri zen kafea eskatzera. Lagunak alde egin zuen eta emakumeak esan zidan: –Barkatu, baina espainiarra al zara? Orain dela gutxi Madrilen izan naiz eta espainolez ari zinetela iruditu zait. –Euskalduna naiz ba, eta ez ginen espainolez ari, euskaraz ari ginen hizketan. –A…, eta non dago Eus…? Nongoa zarela esan duzu? Betiko esplikazioa eman nion. Espainia iparraldean eta Frantzia hegoaldean dagoela Euskal Herria, bi estatuen mugan. Kafea atera nion eta esan zidan: –Barkatuko didazu, baina ez zait garbi geratu espainiarra zaren edo ez. Berak ulertzeko era errazena iruditu, eta esan nion: –Zu eskoziarra al zara? –Bai! –Orduan, ez zara britainiarra. –Ez, ez, ezta pentsatu ere! –Bada, niri gauza bera gertatzen zait! –Ene bada, barkatu! Eta horrela, emakumeak, zeharo larrituta, auskalo zenbat aldiz eskatu zidan barkamena! Esan nion lasai egoteko, ez zela ezer gertatzen, hurrengorako bazekiela! Han joan zen gure emakumea, nazionalitatea oso garrantzitsua dela esanez. Ez dio berriz euskaldun bati espainiarra denik esango, ez!
M
aider Arregi