
2 minute read
Premiazkoa delako
from Kalera.info
Frederik Haranburu Xistorren baldintzapeko askatasuna eskuratzeak, aukera leiho berria ireki du. Pauso garrantzitsua izan da. Izan ere, aurrekariak ikusirik, aukera handiegirik gabe edo erabat hetsia baitzegoen Xistor, Jon eta Jakesen auzien begirako perspektiba.
Hilabeteetako lan zabal eta anitzak emandako uzta izan da, bada, duela hilabete gutxi lortutakoa. Eta, horregatik, logika zaharra alboratze bidean emandako lehen urrats esanguratsua izan dela esan behar da.
Advertisement
Etapa garrantzitsua izan da, ahalegin handia eskatu duena, eta jendeari ongi egindako lanaren sentsazio indargarria eman diona ere bai. Baina iraganeko inertziak eta Estatu sakonaren jokamoldeak hor dirauela ez da ahaztu behar. Honen adibiderik adierazgarrienak dira fiskaltza ezberdinen jarrerak; horien artean, nabarmentzekoa da Fiskaltza nazional antiterroristaren joera atzerakoi eta mendekatzailea. Mikel Barriosen aurkako kondenak eta oraingo espetxeratze arriskuak oroitarazi digun moduan. Frantses estatuak bere presondegiak euskal preso politikoz bete nahi dituela adierazten al du seinale horrek? Nola uler daiteke honelako pauso bat?
Pandemiaren bigarren uholdeak ere, eskuarki hain nabarmen ikusten ez diren errealitateak agertarazi ditu Ipar Euskal Herrian. Neurrien zorroztasunen ugaritzeak, eta hauen ondorioz bizitako jazarpenek, euskal preso eta iheslari ohiek Euskal Herrian libre bizitzeko duten eskubidearen ukapena ekarri zuten. Igor Uriarte, Jon Irazola edo Oier Oa, hirurak ere familiarekin Ipar Euskal Herrian bizi direnak, haien senideengandik urruntzera behartu dituzte egun batetik bestera, erabaki juridiko ala administratiboen zain. Lurralde debekuak, kanporaketa administratiboak (hauen artean deportazioak), Fijait fitxategia, presondegi kondenarekin batera gehitzen zaizkien zigor erantsiak... Behin askatasuna eskuratuta, egunerokoan kondenari lotzen zaituzten zigor gehigarriak dira. Askatasunean bizitzeko eta mugitzeko perspektiba murriztu eta hura baldintzatzen dizuten neurriak.
Aipagarriak dira pandemiak eta honen kudeaketak presondegietan izan dituen ondorioak. Gobernuaren mespretxuarekin eta iritzi publikoaren ezaxola osoarekin, komunikazioetarako baldintzak zorroztu eta senideen bisitak deuseztatu dituzte. Preso eta senideen arteko harremana inoiz baino premiatsuagoa den momentu honetan, harreman horiek ahalbidetu eta bermatu ordez inoiz baino isolamendu handiagoa ezarriz kudeatu dute afera, kanpokoen eta barrukoen arteko maitasunari urruntasun neurriak handituz.
Aieteko Nazioarteko Konferentziaren 10. urtemuga iristear den une honetan, Ipar Euskal Herrian argi dago euskal preso eta iheslari politikoen etxeratzea erresoluzio fasera eramateko garaia iritsi behar dela. Prozesuaren garapenean, premiazko auzia delako. Duela bi hilabete eskas, pandemiari aurre egiteko osasun neurri zorrotzak indarrean zirela, giza kate argitsu eta jendetsua iragan zen Baionan. Kolore guzietako hautetsi eta auzapezekin batera, bi mila pertsona batu ziren Aturriren bazterretan, honako mezua Parisi ozenki helarazteko: Argi dugu! Orain presoak!
Berriz ere, herriaren deiadarra entzunaraztea lortu du Ipar Euskal Herritik bultzatutako dinamikak. Ipar Euskal Herriko Delegazioaren eta Frantziako justizia Ministerioaren arteko harremana, iazko ekainaz geroztik erabat zintzilik gelditua zena, berreskuratu egin da. Honela, Otsailaren 11n, IEHko Delegazioa Justizia Ministerioan hartu zuen Eric-Dupont Moretti ministroak. Biharamunean ondoko lerroak publikatu zituen Delegazioak: “konpontzeko diren eta fite aitzinatu behar diren dosierrak aurkeztu dizkiogu ministroari. Problematika hauei buruzko solasak giro baretuan iragan dira, eta elkarrizketa eraikitzaileari segida emateko engaiamendua berretsi du ministroak. Euskal Herrian eraiki nahi dugun elkarbizitzaren aldagai erabakigarriak diren heinean, aipaturiko dosierren bilakaera arretaz segituko du Delegazioak”. Prentsan azaldu bezala, preso eta iheslari politikoen auzia manera integralago batean mahai-gaineratu eta korapiloak identifikatzeko aukera izan zen Delegazioarentzat.
Garrantzitsua da Ministro batek Delegazioa hartu izana, are inportanteagoa zuzenean eta argiki hitz egiteko aukera ireki diolako Delegazioari; gaiak mahai gainean daude, korapiloak identifikatuak dira. Etxeratze bide honetan, Xistorrena bezala, Ion eta Jakesen baldintzapeko askatasunak berretsi behar dira. Orain artean bezala, dinamika politikoaren eta aktibazio sozialaren areagotzearen bidetik soilik lortuko dugu Macron presidenteak bere agintaldiaren azken txanpan balia ditzan gaurdaino galduriko aukerak. Euskal Herrian argi dagoelako, premiazkoa delako, Orain Presoak!
