
3 minute read
Ikasturtearen balorazioa
from Gure Artean 82
Maxixatzen taldeak 2020-21 ikasturtearen balorazio bat eskatu digu ikastetxeoi. Hona hemen gure hausnarketa eta balorazioa.
1. Nola joan zaizue ikasturtea: irailean espero zenutena baino hobeto, okerrago? Zer moduz moldatu zarete hainbeste neurrirekin eta zer moduz egokitu diren ikasleak? Balorazio orokor bat egin al dezakezue?
Advertisement
Azken hilabeteotan bizi dugun pandemia egoerak hainbat bereizgarri baditu ere, horietako bat sor daitezkeen egoera berriak aurreikusteko zailtasuna da. Zer zen irailean Floreaga Ikastetxean aurreikusten genuena? Ikasturte zaila eta, batik bat, desberdina zetorkigula aurretik. Protokoloak eta neurriak prest izan arren, pandemiaren egoeraren arabera, neurri horiek aldatzen edo eguneratzen joan beharko ginela. Eta horrekin batera, pandemiari ahalik eta modurik eraginkorrenean aurre egiteko, komunitate hezitzailea osatzen dugun guztion elkarlana funtsezkoa zela. Bi gauza horiek argi eta garbi ikusten genituen. Egun, aurreikuspen horiek bete egin direla baiezta genezake. Guztiok, lan handia egin dugu sortutako egoera desberdinak ahalik eta hobekien kudeatzeko. Eskerrak ematea dagokigu, ikasleei, familiei, irakasleei, lankideei… Ezin ahaztu Osakidetzako langileak ere, gure bitartekariak izan direnak, une oro zer egin eta zer esan behar genuen aholkatu digutenak, astelehena edo igandea izan, telefonoaren beste aldean egon direnak, beti laguntzeko prest. Guztion lana eskertu nahi badugu ere, ikasleen jarrera eta inplikazioa azpimarratu nahi ditugu. Zailtasunak zailtasun, egoera nekagarri eta gogaigarri honetan beraien jarrera eta inplikazioa bikaina izan da. Guztiok bezala, “normaltasunena” lehenbailehen iristeko nahi eta desirarekin baina, askotan, helduok izaten ditugun kexak eta nahigaberik gabe. Positiboei dagokienez, kasurik gehienak ikasturte hasieran eta amaieran izan ditugu. Hauekin alderatuz, ordea, gehiago izan dira gertuko kontaktu izateagatik etxean gelditu behar izan diren ikasleak. Haur Hezkuntzan, esaterako, positibo bakar batek burbuila guztia etxeratzea eragiten zuen. Esan bezala, guztiok egoera berrira, ahalik eta hobekien erantzuten eta moldatzen ahalegindu gara. Baliabide digitalei esker, etxean sartuta zeuden ikasle horiek eskolak jarraitzeko eta lanean aritzeko aukera izan dute. Ez da erraza izan, teknologia berriak lagungarriak badira ere, gertuko harremana eta aurrez aurreko saioak ordezka ezinak baitira gure ikasleen adin tartean. Modu batean zein bestean, ikasturte honetako helburuak bete ditugu eta ikasleen ikasketa prozesuan aurrera egin dugu.
2. Nola aurreikusten duzuen hurrengo ikasturtea? Hezkuntzatik aurreratu al dute ezer?
Aipatu berri duguna berrestea dagokigu. Une honetan irailean izango dugun egoera aurreikustea oso zaila da, egoera oso aldakorra baita. Joan den ekainaren 11n, Hezkuntza Sailak 2021/22 ikasturtean ikastetxeetan Covid-19 kasuak agertzen direnean jarduteko prozedura (protokolo orokorra) bidali zigun. Protokoloarekin batera bidalitako mezuan adierazten zenez, protokolo berriak ez du aldaketa handirik izango egungo protokoloarekin alderatuta; egokitzapen batzuk baino ez ditu aurreikusten egoera pandemiko onuragarriago baterako. Pandemia egoeran jarraitzen dugula, eta nahitaez prebentzio neurriak hartzen jarraitu behar dugula jakinarazten zaigu. Ikasturtea amaitzen denean, berriro ere, mahai baten inguruan bildu beharko gara Hezkuntza Sailetik bidalitako dokumentua aztertu eta, egin beharreko egokitzapenak egiteko. Momentuz, ezin dugu askorik esan.
3. Eusko Jaurlaritzak dagoeneko aurreratu du datorren ikasturtean berriz ere goizez eta arratsaldez izango direla eskolak. Zer iruditzen zaizue erabakia?
Osasun adituek behin eta berriro esan eta gogorarazi digutenez, Covid-19ak eragindako pandemia-egoera ez hedatzeko dagoen neurri eraginkorrenetako bat, elkarren arteko gutxieneko distantzia bermatzea da. Norabide honetan, aurten DBHko klaseak goizez izateak asko lagundu digulakoan gaude. Kontuan izan behar dugu ikastetxearen inguruan jende asko mugitzen dela: ikasleak, irakasleak, familia-etxe kideak… Covid aurreko arratsalde arrunt batean, HH, LH eta DBHko irteera eta sarrera orduek bat egiten zuten, jende asko pilatzen zen ikastetxeko irteera eta sarrera gune nagusienetan. Are gehiago, eguraldi txarra egiten zuenean (kotxe pilaketak errepidean…). DBHko klaseak goizez izateak, bestelako neurri osagarri batzuekin batera (sarrera orduak malgutzea…), jende pilaketa hauek ekiditen lagundu digu. Esandakoak esanda, iazko ekainean Hezkuntza Sailetik bidalitako gutun batean garbi adierazi zitzaigun, ikasturte honetakoa salbuespen egoera kontsideratzen zuela. Datorren ikasturtera begira, Hezkuntza Saila, salbuespen gutxi batzuetan izan ezik (eskola-egun zatitua aplikatzeak jantokiaren eta eskola garraioaren funtzionamendu logistikoari kalte oso larria eragiten dizkionean), ez da erabaki hau mantentzearen aldekoa. DBHn eskola-egun zatitua aplikatzea erabaki du. Pandemia egoeran jarraitzen dugula kontuan izanik, ikastetxeko Eskola Kontseiluak 2020-21 ikasturterako hartutako erabakia mantendu egin behar zela adierazi zion Hezkuntza Sailari. Hezkuntza Sailak, ezezkoa erantzun zuen. Gure partetik, esandakoa berretsi besterik ez. Aurten erabilitako formula jende pilaketak ekiditeko eta ondorioz, kutsatzeko arriskua gutxitzeko baliagarria suertatu zaigula iruditzen zaigu.
Koldo Gurrutxaga, Zuzendari Titularra.