6 minute read

Jesus Arambarri

Next Article
DBH4koen agurra

DBH4koen agurra

JESUS ARAMBARRI salestar apaiza Azkoitiko komunitateko kidea da. Esperientzia handia du Teologiaren munduan eta Salestarren Formazio edo Prestakuntza alorrean. Urte batzuk eman ditu Mexikon, Teologia formazioan eta Tijuana inguruan, pobreenen zerbitzuan. Urnietatik Azkoitira etorri zen 2020 udan. Galdera batzuk egin dizkiogu gure aldizkarirako.

Zein dira zure haurtzaroko oroitzapenak?

Advertisement

Ni jaio nintzenean, 1941ean, oraindik gerraren oroitzapenak bizirik zeuden Azkarate aldean. Koatei baserrian gurasoak, aiton-amonak eta 8 anaia-arreba ginen. Gure arreba txikia hil egin zen. Sei osaba frentean ibiliak ziren. Baserriko familia bizitza ederra eta babesa gogoratzen ditut: Umeak pixkanaka sartzen ginen eguneroko eginkizunetan… Gure abereak zaintzen laguntzen genuen, batez ere ardiak. Lan txikietan aritzen ginen. Udan eta igandetan inguruko herrietan sakabanatutako sendikoen bisitak festa bat izaten ziren guretzat…

Nola ziren eskola kontuak?

Hasieran Zumarragako emakume bat, Jesusa Garralda, izan genuen gaztelania irakasten etxean. Gero Sukuzun zegoen maisu batengana joan ginen. Eta gero Floreaga ikastetxera joaten hasi ginen, nire anaia bat eta ni, mendiz bost kilometroko bidea eginez, beti joan-etorrian.

Eta erlijio kontuak?

Umetan, hiru urte nituenean, nire aitak Elgoibarretik Arrateko santutegira eraman ninduen, Ama Birjinari eskaintzera. Oso giro erlijiosoa genuen etxean. Mahaia bedeinkatzen zen, gauero arrosarioa… Igandetan mezetara joaten ginen Madarixara. Ni aitonarekin joaten nintzen. Madarixan katekesia izaten genuen lehen jaunartzearen aurretik eta ondoren ere bai. Hileko lehen ostiralean komunioa izaten genuen. Garizuman Gogo Jardunak egiten genituen. Apaizak Jaungoikoaren alde zerbait egiteko beharra adierazten zigun.

Nola sortu zen zure salestar izateko bokazioa?

Nire osaba Benito salestarra zen, nire izeko Josefa JesusMaria kongregazioko lekaimea zen. Juan Martin Zuriarrain apaizak asko lagundu zidan. Otoitz egiten lagundu zidan, nire alde otoitz asko egin zuen. Manuel Albizuri izeneko salestar azkoitiar batekin elkarrizketa bat izan nuen. 11 urte nituen. 1953ko irailaren 20an nire gurasoek Barakaldoko Salestar ikastetxera eraman ninduten, eta han aitak esan zidan: “Nekatzen bazara, etorri; zure etxea zain egongo da”. Han elkartu ginen beste bost lagun, horien artean Txema Egizabal, eta ni Astudillora joan ginen, Seminario txikira.

Ibai-Ondo, 24 • Tel. 943 85 25 59 • AZKOITIA

Nolakoa zen bizitza Seminario txikian?

Astudillo oso lehorra zen, eta zuhaitzik ez ikustea harrigarria egin zitzaidan. Ur eta janari gutxi genuen, baina salestarrek ondo zaindu gintuzten, bereziki On Manuel Izquierdok. Asko ahalegindu zen nirekin, gaztelaniaz ez nintzen oso ondo moldatzen eta. Antzerkia, irteerak, asko ikastea, otoitz aldi luzeak belauniko… Zoriontsua izan nintzen han. Udan Arevalora joaten ginen. Garaia hartan ez ginen oporretara etxera joaten. Ikasketak garrantzitsuak ziren: latina, greziera, matematika, ahozko eta idatzizko gaztelania… Patioan jolas asko egiten genuen. Otoitz bizitza sakona genuen. Festak handikiro ospatzen genituen… Han aurkitu genuen On Pietro Olivazzo, On Bosco bera ezagutu zuena. Misioen aldeko espiritua nabarmena zen.

Bidean aurrera, Nobiziadora joan zinen…

1957ko abuztuaren 15ean Mohernando (Guadalajara) herrira joan ginen, nobiziadoa hastera. On Eduardo Díez izan zen gure Maisua. Urte ederra izan zen… Lehen profesioa 1958ko abuztuaren 18an egin genuen.

Nolakoak izan ziren zure Salestar bizitzako lehen urteak?

Guadalajaran 66 lagun elkartu ginen hiru urtez filosofia ikasten, eta gainera Irakasle titulua lortzen saiatu ginen. 1961ean Madrileko eta Bilbaoko inspektoria edo probintzien banaketa egin zen, ni Madrilen gelditu nintzen. 1961-64 urteetan Arevaloko Seminariora destinatu ninduten, klaseak ematera. 1964ko abuztuaren 53an Betiko Profesioa egin nuen Salestar Kongregazioan.

Non ikasi zenuen Teologia?

1964an Teologia ikastera joan nintzen Italiara, Torinora eta Erromara. Torino On Boscoren hiria da. Han zegoen Salestarren Kontseilu Nagusia… Toki askotako salestarrak elkartu ginen han… Italiera ikasi behar zen. Urtebete eman nuen Torinon, oso urte ederra izan zen. 1965ean Erromara joan nintzen PAS Salestar Unibertsitatera. Vatikanoako II Kontzilioa amaitzear zegoen eta asko eragin zigun, Elizaren berrikuntza haizea nabari zen. Erroma hiri zoragarria da. Teologiako lizentziatura amaitu nuen eta apaiz ordenatua izan nintzen.

Biblia ikasketak egin zenituen…

Erroman nengoela, inspektoreak Biblian lizentziatura ikasteko eskatu zidan, eta halaxe egin nuen Biblia Unibertsitate Pontifizioan. Horrek hizkuntzak ikastea exijitzen zidan. Italieraz gain, ingelesa, frantsesa edo alemaniera… Alemaniera aukeratu nuen. Alemanian egon nintzen hainbat hilabete, salestarrekin hizkuntza ikasten. Han etorkinen eta arriskuan zeuden gazteen egoera ezagutu nituen. Ikasturtean zehar, berriro Erroman, igandeak San Tarsizio Katakonbetan igarotzen nituen, meza ematen eta aitortzetan. Astean zehar unibertsitatean aritzen nintzen. Bi urte eta erdi eman nituen udan Alemanian eta ikasturtean Erroman, lizentziatura amaitu arte. Madrilera itzultzean Puertollanon egon nintzen, gazteen arteko lan pastorala egiten: klaseak, bizikleta irteerak… Oso gustura egon nintzen.

Urte batzuk eman dituzu Filosofia ikasleen formatzaile gisa…

Medina del Campo Filosofia ikasle salestar gazteen formatzailea izan nintzen 1971-76 urteetan. Elkarren arteko giro oso egokia genuen. Nik Itun Zaharra irakasten nuen. Salestar gazte haiek lan bikaina egin zuten Medina hiriko gazteen alde.

Masailaria

1976an Salamancako Teologia ikasleekin egon nintzen. Han Puente Ladrillo auzoko jendearen artean lanean aritu nintzen: elizkizunak, katekesia… baina baita auzo hark zituen arazo handietan laguntzea ere, gizarte zerbitzuak bideratuz. Salamancan Biblian Doktoretza egiteko aukera eskaini zidaten.

Teologia Biblikoan doktoretza egin zenuen…

1977. urtean gure Salamancako etxea itxi zen, eta ni berriro Alemaniara abiatu nintzen. Berlin, Mainz eta Wiebaden hirietan egon nintzen. Prof. Diethelm Michel irakaslearekin prestatu nuen tesia: “Der Wortstamm “hören” im Alten Testament” (“Aditu” aditzaren zentzua Itun Zaharrean). Dernbach herriko lekaimeek seme bat bezala tratatu ninduten beti. “Herz Jesu” parrokian lagun asko egin nituen, asko langile etorkinak.

Eta Teologia ikasleen formatzaile gisa ere aritu zara…

1985etik 2005era Madrilen teologoen formazioan aritu nintzen, hasieran Carabanchel auzoan. Hainbat kargu izan nituen: ekonomoa, bikarioa, eta komunitateko zuzendari ere bai. Urte batzuetan Atochako parrokiako komunitatean bizi nintzen eta klaseak ematera joaten nintzen teologoengana. Tratu asko izan nuen ijitoekin, etorkinekin, el Pozo del Tio Raimundo eta El Pan Bendito auzo pobreetan. El Pilar auzoko “Los Boscos” oratorioan gustura aritu nintzen laguntzen Sor Nati eta salestar kooperatzaileekin. Lan bikaina egin zen: auzoa guztiz eraldatu zuen, eta salestar familiaren bizitzaren eskola izan zen.

Eta handik, Ameriketara…

2005eko udan Mexikora joateko eskatu zidaten, Tlaquepaque hirian salestarrok dugu Teologia Ikasketa Zentrora, Itun Zaharra irakastera. On Pascual Chavezek eskatu zidan, gero Salestarren Erretore Nagusia izango zenak. Teologia klaseez aparte, parrokia munduan ere lan asko egiteko aukera izan nuena. Geroago Mexiko iparraldean egon nintzen urte batzuetan, Tijuana hirian, Estatu Batuekiko mugan. Jende oso pobrea ezagutu nuen han. Salestarrek “El desayunador del Padre Chava” dute han, eta hura zuzentzea tokatu zitzaidan urte batzuetan… Jendeari jaten ematen zaio, eta gazte askori lo egiteko aterpe bat eskaintzen zaio. Boluntario seglar askorekin elkarlan bikaina izan dugu.

Bidaiak garrantzitsuak izan dira zure bizitzan…

Askotan izan naiz Palestinan, Jesusen lurrean, erromes gisa, 26 aldiz, uste dut… Toki oso berezia eta erakargarria da niretzat, eta hainbat talderi laguntzera ere joana naiz. Beste bidaia asko Salestar Familiarekin lotuta daude. Salestar Kooperadoreen ardura izan nuen. Eta VDB (Voluntarias de Don Bosco) taldean kapilaua ere izan nintzen.

Zein dira zure zaletasunak?

Beti gustatu zait mendian ibiltzea, eta baita korrika egitea ere… Maratoi mordoska bat egin ditut. Bizikletan ibiltzea ere oso gustukoa izan dut. Berriro gure inguruan… Mexikotik itzultzean, Urnietan eman nuen urte bete. Bereziki ADMA taldearekin aritu nintzen lanean, hots, Maria Laguntzailearen Deboziozko taldearekin. Eta 2020. urtean Azkoitiko komunitatera etorri nintzen. Hemen gure elizaz eta ADMA taldeaz arduratzen naiz. Zoritxarrez, Covid19 arazoak eskolako ikasle, irakasle eta familiekin harreman gehiago izateko aukerak murriztu ditu, eta niri asko gustatzen zait jendearekin harreman ona izatea. Parrokian ere laguntzen aritzen naiz.

Mila esker, Jexux.

This article is from: