2 minute read

Hogei urteko lanentzako etxe berria

Burdina taldeak antzinako bizimodua ezagutarazten duten piezekin museo txiki bat osatu du bere lokal berrian

Agurtzane Núñez Yarza

Advertisement

Andoainen hasita baina Tolosaldean zein Leitzaran bailaran adarrak zabalduta aritu da lanean Burdina taldea azken bi hamarkadatan. Boluntarioz osatuta, hainbat aztarna azaleratu dituzte urtez urte: karobiak eta errotak berreskuratu dituzte, baita karobiren bat berriro piztu ere. Urte horietan guztietan hainbat material gorde dute, batzuk lan egin duten tokian aurkitutakoak, besteak hainbat andoaindarrek emandakoak. Horiek guztiak lokal berri batean jarri dituzte erakusgai, jendeari ondarea gerturatzeko asmoz.

«Urteetan beste lokal batean joan ginen gordetzen materiala, Gordeleku deitzen genion, noizbait gordetako guztia erakutsi ahal izango genuela pentsatuz. Kasualitatez udalak lokal hau utzi zigun, eta bestetik gauzak ekarri genituenean, erakusketa moduan antolatu genuen», azaltzen du Xabier Arruti ‘Txanka’, Burdina elkarteko kideak.

Taldearen museo berrian andoaindarren zein bailarako biztanleen bizimodua erakusten duen edozein objektuk dauka tokia: «irekita gaude mota guztietako objektuak jasotzera. Andoaingo txokolategilearen erremintak ditugu, harginarenak, harakinarenak, baina baita baserrietako erremintak, lixiba egitekoak, etxeko objektuak…», azaltzen du Txankak.

Eskualdean ezaguna da karobiak zein bestelako ondarea berreskurat- zen egin duten lana, «55 elementu berreskuratu ditugu gaur egundaino Andoainen, Tolosan zein Leitzaran bailaran», baina eguneroko bizitzako erremintak zein objektuak ere jasotzen aritu dira. «Batzuk mendian lan egiterakoan aurkitutakoak dira, bordatan, baina beste batzuk he - rriko baserrietako bizilagunek emandakoak dira, edo beste probintziatatik etorritakoak eta bertan duten etxetik ekarritakoak. Garai ezberdinetakoak dira gainera, XVI. mendetik hasi eta gaur egunerainokoak», dio. Gordelekua martxan jartzerakoan Andoaingo zein inguruko herrietako bizilagunengandik jasotako erantzunarekin bereziki eskertuta daude Burdinako kideak. «Askok deitu ziguten baserrian gauza batzuk bazituztelako eta nahi bagenuen bila joateko. Batzuk bakarra, besteek bizpahiru edo gehiago, baina asko izan dira piezak eman dituztenak: baserriko erremintak, animaliak harrapatzeko zepoak, altzariak, sukaldeko tresnak, antzinako erlauntzak, pieza erlijiosoak eta abar. Andoaingo txokolateroaren erremintak ere badauzkagu, baita herrian izan ziren beste artisau askorenak ere», zehazten du.

Ikerketa lana

Jasotako pieza bakoitzaren jatorria eta izan zuten erabilera ezagutzen saiatzen dira Burdinako kideak, bakoitza katalogatu eta bere historia bizilagunei ezagutzera emateko. «Negu aldera, kanpoan lan egin ezin denez, pieza bakoitza katalogatzen ari gara. Lan neketsua da: norena den, nork erabili zuen, tamaina, zertarako, noizkoa den… ahalik eta informazio guztia aipatzen saiatzen gara», dio Txankak.

Poliki-poliki egin beharreko lana da, «ez garelako profesionalak, boluntarioak gara. Nola egiten den ikasi dugu, baina ahal dugunean lan egiten dugu», aitortzen du. Museoari oraindik forma ematen ari dira, baina argi daukate ahal duten guztia egiten ika- siko dutela. «Ondarea berreskuratzea gustatzen zaigun pertsonak gara, baina urteetan ikasi dugu profesionalak diren pertsonekin nola katalogatu piezak, nola landu, nola zaharberritu… eta ikasten jarraitu nahi dugu», dio, «hori da aurten dugun helburu nagusietako bat ere: inguruko museoak bisitatu eta nola lan egiten duten ikusi eta ikastea», gehitzen du.

Momentuz goizero elkartzen dira lokalean jubilatu talde bat piezak katalogatzen, erakusketa antolatzen eta zaharberritze lanetarako. Gaine - ra, aukera sortzen denean karobi, borda edo errota zaharren bat berreskuratzeko lanetan aritzen dira asteburuetan, elkarteko gainerako kideekin.

«Lehengo lokalak adibidez ez zuen urik ezta argirik, baina orain denok hemen elkartu gaitezke lan egin ondoren, arropaz aldatu eta erabilitako erremintak garbitu eta gordetzeko».

Nahi duenak goizetan museoa bisitatu dezake, beraiekin harremanetan jarriz. Txankak argi dauka noizbait bisitak edo bestelako ekitaldiak antolatzea gustatuko litzaiekeela, baina oraindik ez daukate aukera hori. «Hemen gaudenok boluntarioak gara eta bakoitzak ahal duen moduan laguntzen du, ez daukagu ordutegirik. Hala ere, bisitak edo hitzaldiak antolatzea aukeretako bat da, baina gustatuko litzaiguke Leitzaran bailarako zein eskualdeko ondarearen dibulgaziorako egiten diren ekitaldien osagarria izatea, ez museo itxi bat, hemen eguneroko bizitza nolakoa zen ezagutu dezaketelako, nola lan egiten zuten eta zer nolako tresnak zituzten»

This article is from: