udal aldizkaria
Arditurri Eguna zazpigarrenez ospatuko da Meategien azken urteetako lan-jardunaren argazki erakusketa inauguratuko da Arditurri Eguna ospatuko da meategien eremuan hilaren 15ean, igandea. Joan den ekainean 10 urte bete ziren Arditurriko Interpretazio Zentroa, museoa eta meategiak bisitarientzako ireki zirenetik. Eguneko egitarauaren baitan, aipagarria da erakusketa berezia inauguratuko dela. Meatzeetan lanean aritu ziren pertsonen lana balorean jartzeko intentzioz, iazko abenduan Arditurriko XX. mende hasierako argazkien erakusketa jarri zen. Oraingoan, Arditurriko mea-produkzioko azken urteetako argazkiak izango dira protagonista: 70. hamarkadakoak. Urria arte egongo da ikusgai. Manuel Domínguez langile ohiaren bitartez eskuratu dituzte Udalak eta Gipuzkoako Parketxe Sareak argazki hauek.
10. urteurrena ez da bereziki ospatuko, baina Arditurri Egunean bisitak dohainik egiteko aukera izango da. Egunean bertan osatuko dira taldeak. Bestalde, familia giroko plan aproposa izan dadin, haurrentzako jolasak eta erronkak ere antolatu dira. Txosna ere izango da, Oihartzun Guk gazte asanbladaren eskutik. EGITARAUA: 10:00: Argazki erakusketaren inaugurazioa. 10:30-14:00: Bisita gidatuak, dohainik. 10:30-12:30: Erronka, haurrentzat. 10:30-13:00: Tailerrak eta jolasak. 12:00: Hegazti-askatzea. 12:45: Erronkako sari-banaketa. 13:00: Emarriren erakustaldia.
2018ko UZTAILA • 195. ZENBAKIA
ABARAXKA UDALEKUAK eta HERRIKO EMAKUMEAK Ludoteka itxi eta beste urte batez udalekuetan murgilduak gaude Abaraxkako hezitzaile eta begiraleak. Urtero udalekuetako haur-talde bakoitzari izen bat ematen diogu eta gure herriarekin, kulturarekin, hizkuntzarekin zerikusia izan dezan saiatzen gara: sorgin eta intxixuen izenak, herriko baserriak, Oiartzungo hizkerako hitzak… Aurten HERRIKO EMAKUMEAK omendu nahi ditugu. Oiartzungo adin tarte, egoera eta bizimodu ezberdina izan duten emakumeak bilatu ditugu eta beraien biografia txiki bat osatu dugu, aukera izan dugunetan argazkiarekin. Modu honetara, bai guk eta baita herriko txikienek, haien existentzia jakin eta ikasi dezaten. Honela ezagutu ditugu Oiartzungo lehen emakume txirrindulari federatua, lehen segalaria, bertsolariak, ilustratzaileak, emagina, idazleak, arraunlariak… Nahiz eta lorpen handiak egin, inoren aitortza edo eskertzerik gabe pasa diren eta pasatzen diren emakumeak. Batzuk beraien jarduna dela eta herrian eta herritik kanpo ezagunagoak dira: Alaia Martin, Maider Zabalegi edo Lur Korta adibidez, baina nork ezagutzen du Maialen Oiartzabal? Nork du Irati Zabalaren berri? Maritxu Gaztelumendi ezagutzen? Ba al zenekien Oiartzungo emakume bat hiru Mundialetan izana dela? Eta herrian emakume raketista profesional bat izan dugula? Hau eta gehiago jakingo dute 2018ko udalekuetako partaideek!
Bisita gidatuak dohainik izango dira Arditurri Egunean.
Emarriren erakustaldia izango da.
Irakurle Taldearen azken saioa
Udako kirol jarduerak hasi dira
Irakurle Taldeak ikasturteko azken saioa Fermiñenen egin zuen, luxuzko gonbidatu batekin: Aintzane Galardi poeta oiartzuarra. Haren Mendafin usaineko iluntzeak lana izan zuten hizpide.
Udako eskualdeko kirol eskaintza hasi da. Uda guztian zehar izen-ematea irekita egongo da, bai Oiartzunen eta bai eskualdean antolatutako jardueretan. Irudian, padel Elorsoron.
Aurten herrian zehar begiraleak eta haurrak ikusiko dituzue MARTXELINA taldeari deika, lehen emakume bertsolaria; edo IDOIA taldeari deika, ilustratzailea; BALERIANA ere entzungo dugu, emagina izandakoa; LIDE ere izango dugu, eskiatzailea… 38 emakume-talde ezberdin oihukatu eta aldarrikatuko ditugu. Zein baino zein aipagarriagoa. Modu honetara ezkutuan dauden hauei guztiei gure omenaldi txikia eta xumea eskaini eta egingo diegu. Hori eta gehiago merezi baitute.
Xanistebanetako hesien zaintzarako lan-poltsa
LANINek Lanbarrengo 21 enpresa bisitatu ditu
Udako ordutegia Manuel Lekuona bibliotekan
Ikasle eta langabeentzat, UEUn ikasteko laguntzak
Turismo Bulegoa irekita dago Fermiñenen
Xanistebanetan hesiak zaintzen lan egin nahi dutenek hilaren 9tik (astelehena) 20a arte izango dute izena emateko aukera udaletxeko harreran, bi egun horiek barne. Zozketa publikoa hilaren 23an egingo da, 15:00etan udaletxeko areto nagusian. 18 urte beteta izatea, oiartzuarra izatea eta euskaraz jakitea ezinbesteko baldintzak izango dira. Euskararen gaitasun agiriren bat dutenek, izen-ematerakoan aurkeztu beharko dute ziurtagiria. Besteek, ahozko proba egin beharko dute hilaren 26an eta 27an.
Lanbarren poligonoko 21 lantegitan aurkeztu da LANIN, enpresa ttiki eta ertainak euskalduntzeko egitasmoa. 36 enpresarekin harremanetan jarri ondoren, 21ekin zuzeneko harremana izan dute LANINeko dinamizatzaileek. Horietako 12k interesa agertu dute euren euskararen hizkuntz-kudeaketa hobetzeko eta enpresa batek dagoeneko sinatu du hitzarmena. Orain, enpresa bakoitzari dagokio bere aukera eta beharren arabera, zein konpromiso hartu erabakitzea. Lanketa bera hasi da Makarrastegi eta Lintzirin poligonoetan LANIN aurkezteko.
Manuel Lekuona bibliotekaren ordutegia 09:00etatik 14:00etara izango da uztailean eta abuztuan. Abuztuaren 3an eta 4an, herriko festa egun ofiziala dela eta, itxita egongo da. Ohiko ordutegia irailaren 1ean hasiko da berriz (astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan, 09:00etatik 13:00etara). Honez gain, Ikasle Gelaren ordutegia 09:00etatik 17:00etara izatera pasatu da berriz, unibertsitatzeko azterketa garaia bukatu ondorenean.
Udako Euskal Unibertsitatean (UEU) ikastaroak egiten dituzten ikasle eta langabetu oiartzuarrek Udalaren diru-laguntza jasotzeko aukera dute. Horretarako, ikastaroaren parte-hartze ziurtagiria, matrikularen ordainagiria eta ikasle edo langabetua dela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte udaletxean. Matrikulaz gain, egoitza gastuak ere laguntzen ditu Udalak, guztira, gehienez ere 185 € arte. Udalak UEUko ikastaro guztietarako ematen du laguntza, bai udakoetarako zein negukoetarako.
Oiartzungo Turismo Bulegoak uda sasoian Fermiñeneko beheko solairuan izango du egoitza, bisitarientzako zerbitzua eskainiz. Astelehenetik igandera egongo da irekita, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. Oiartzuni eta eskualdeari buruzko informazioa emango dute bertan Oarsoaldea Garapen Agentziako Turismo saileko langileek. Irailaren 2a arte egongo da irekita Turismo Bulegoa. Ongi dago oiartzuarrek zerbitzua non dagoen jakitea, gure herria ezagutzera datorren turistaren batek galdetuz gero zuzen bideratzeko dagokion tokira.