107. Udala Informatzen

Page 1


AGURRA

MERKATARITZA TXIKIA SUSTATZEKO PAUSOA

Argazki ederrarekin egin nuen topo pasa den ostegun goizean. Ogi bila joan nintzen, eta nire txanda noiz iritsiko zain, okindegiko kristaletik kanpora begira nengoela, ezin politagoa iruditu zitzaidan parean nuen irudia: gure begien aurrean herritar bat genuen lasai ederrean egunkaria irakurtzen. Goiz ederra egiten zuen, eta emaztea ttirriki-ttarraka eraikinari bueltatxo bat ematen ari zitzaiola probextuz, gizona Felipek eta Araitzek mimo handiz establezimenduaren kanpoaldean jarria duten burdinazko mahai eta aulkitxoetan zegoen lasai ederrean, egun horretako Berria irakurtzen ari zen, bere momentuaz gozatzen. Kristalaren beste aldean geunden beste hirurok eszenari so geunden, irribarrea ahoan genuela. Emaztea ere batu zitzaion gizonari, etxeari nahikoa buelta emanda, atseden beharrean.

Zaintza eta komunitatea, horixe izan zen burura etorri zitzaidan lehenengoa. Zer da, ba, bestela, denda txiki honetako protagonistek egunero-egunero herriari eskaintzen diotena? Jakina, zalantzarik ez dut goxotasunez sortzen eta saltzen dituzten produkturik gabe ez dagoela proiekturik, baina merkataritza txikia produktuak saltzetik haratago doala iruditzen zait, hain zuzen ere, herritarren arteko harremanak sustatzen baitituzte. Ezinbesteko rola betetzen dute gure herrietan. Denda txikiek eta bertako langileek herriko jendea elkartzen dute; herritarren arteko lotura eta komunitatea sendotzen dituzten

Esan bezala, herriaren ekosistemarentzat oso garrantzitsuak dira proiektu hauek, bizia ematen baitiote kaleari, kolorea. Hori dela eta, proiektu hauei bultzada emateko asmoz aurkeztu berri ditugu merkataritza txikia sustatzeko dirulaguntzak. Dirulaguntza hauek merkataritza txikiaren balioa indartzeko eta herritarren eguneroko bizitzan presentzia

Laguntza hauek proiektu berrientzat bultzada izatea dute helburu, bereziki lehenengo bost urte zailenetan. Hasierako erronkei aurre egiteko baliabideak eskainiko zaizkie ekimen hauek indartu eta iraunkorragoak izan daitezen. Bestalde, laguntza hauek eskualdatzeak ere bultzatuko dituzte, betiko negozioek belaunaldi berriei esperientzia eta ezagutza transmititzeko, eta modu berean merkataritza txikiaren etorkizuna indartu eta sektorearen jarraipena egon dadin sustatzeko.

Beraz, izan daitezela laguntza hauek proiektu berriei bizia ematen lagunduko dieten aletxo bat gehiago, merkataritza txikiaren sektorea berritu eta egonkortzeko laguntza, bide horretan herriko merkatariek kalitatezko zerbitzuak eta produktuak eskaintzen jarrai dezaten.

Aiako Harria Gaztelumendi Gaztelumendi, Alkateordea

Merkataritza txikia sustatzeko dirulaguntza lerroa jarri da martxan

Elizalde eta Altzibar auzoetan negozio-proiektuak sustatzeko urtean 35.000 € bideratuko ditu Udalak.

Herrian merkataritza eta negozio-proiektu txikiak sustatzeko dirulaguntza lerro berria ireki du Udalak. Hiru helburu nagusi lortu nahi ditu: herriko merkataritza-sarea sendotzea, herritarrei eguneroko beharrak auzoetan bertan asetzeko aukera ematea, eta lokal hutsetan proiektu berriak bultzatuz auzoak biziberritzea.

Urtean 35.000 euro bideratuko ditu martxan jartzera doazen proiektu berriak edo azken 5 urteetan zabaldu diren negozioak diruz laguntzeko, kontuan hartuta hasierako urteak izaten direla zailenak.

_Proiektu berriak, eskualdaketak eta birkokatzeak

Arropa edota janari dendak, hortz-klinikak, okindegiak, abokatu eta gestoria bulegoak, fisioterapia zentroak, informatika zerbitzuak, estetika zentroak… ElizaldeAltzibar ardatzean dauden lokaletan oiartzuarrentzat erabilgarri diren zerbitzuak sustatu nahi dituzte.

Gehienez ere bost urteko antzinatasuna duten proiektu hauek lagunduko dira:

• Negozio berri baten sorrera

• Kaletik zuzeneko sarbiderik ez duen lokal batetik

sarbidera duen batera lokala aldatzea

• Herriko azalera handiko guneetatik Elizalde edo Altzibarrera lekualdatzea

• Ixtera doan negozio baten jarraipenerako eskualdaketa

_Bost urtez jaso daiteke dirulaguntza

Irekiera urtearen baitan ezberdina izango da emango den laguntza. Lehen urtean 4.000 € arte jaso daitezke, 3.500 € bigarren eta hirugarren urteetan, 2.500 € laugarrenean eta 1.500 € bosgarrenean. Beraz, aurten edo datozen urteetan martxan jartzen diren proiektuek 15.000 € arteko laguntza jaso dezakete.

Urtean zehar egindako gastu orokorrak ordainduko dira: ekimena abiarazteko hasierako gastuak, alokairua edo erosketa, altzari edo makinaria erosketa, web-orriaren diseinua, marketin gastuak, berdintasun eta segurtasun ikuspegia zaintzen duten erakusleiho garden eta zabalak egiteko egokitzapen lanak, merkataritza txikia sustatzea helburu duten elkarteetako bazkidetzak…

Udaletxean bertan edo webgunetik egin daitezke eskaerak eta urte osoan zehar egongo da zabalik epea. Xehetasunak udalaren web orriko iragarki taulan aurki daitezke.

Bizilagunen arteko tirabirak bideratzeko, Bitartekaritza Zerbitzua

Elkarbizitza eta ongizatea hobetzeko asmoz jarri duten martxan, adostutako konponbideak bilatzen laguntzeko.

Bitartekaritza zerbitzu berria jarri du martxan Oiartzungo Udalak, herritarren artean egon daitezkeen tirabiretan zubi lana egin eta adostasunetara iristen laguntzeko.

Gatazkak korapilatu aurretik soluzio bideak topatzen saiatzeko zerbitzua da, elkarbizitza eta ongizatea hobetzeko.

Sarri gertatu ohi dira herrikideen edo bizilagunen artean liskarrak; orduz kanpo ateratzen den soinuagatik, lursailen arteko mugengatik, aparkatzeko tokia ez errespetatzeagatik… Egunerokotasunean sortzen diren bizikidetza arazo horiek ezinegon handia sortzen dute

zenbaitetan eta konponbideak lortzen lagundu nahi du Udalak, bi aldeak irabazten aterako diren akordioa erdiestea erraztuz.

_Irabazle-galtzaile dikotomia irauli

Dagoeneko oso judizializatuta dagoen jendartean, arazoek epaitegietan amaitu ez dezaten elkarrizketarako eta adostasunak lortzeko gune bat da bitartekaritza. Izan ere, liskar horiek gaiztotu eta epaitegian bukatzen dutenean elkarbizitzarako aukerak galtzen dira eta,

Lizeaga bitartekaria, Mendiburu alkatea, Garagarza udaltzainburua eta Lasa ongizate zinegotzia.

azkenean, epaiketa irabazi ala galdu, arazoak bere horretan jarraitzen du eta korapiloa ez da desegiten. Adostasun batera iritsita, ordea, bi aldeek irabazten dute eta etorkizunean euren arteko harremana askoz hobea izaten da.

_Borondatezko zerbitzua

Betidanik saiatu da Udala modu naturalean gertakari horiek bideratzen eta bi aldeen artean adostasunak topatzen. Lanketa hori egituratu eta zerbitzu egonkor bihurtu du orain, herritarrei eskaini ahal izateko. Udaltzaingoak kudeatuko du eta horretarako formakuntza espezifikoa jaso duen Xanet Lizeaga udaltzaina izango da bitartekaria. Urtarrilaren 1ean hasi zen bitartekari lanetan eta dagoeneko bi kasutan adostasunetara iristea erraztu du eta beste hiru bideratzen ari da.

Borondatezko zerbitzua da, eta 688 71 62 40 zenbakira deituta edo bitartekaritza@oiartzun.eus helbidera idatzita eskatu daiteke. Bi aldeek izan behar dute akordioa lortzeko prestutasuna. Horregatik, herritar batek laguntza eskatzen duenean, Lizeaga jartzen da beste aldearekin harremanetan, prozesua azaldu eta abiatzeko prestutasuna duen jakiteko.

_Adostasuna du oinarri

Bi alderdiek jarrera positiboa eta gatazka konpontzeko nahia badute, banakako bilerak egiten hasten da Lizeaga, egoera ezagutu eta adostasun puntuak non egon daitezkeen ikusteko. Bitartekaritzak aurrera egin ahala saio bateratuak egiten dira. Bitartekaria inpartziala da eta ez ditu soluzioak proposatzen. Bizilagunak elkar ulertu eta akordioetara iristeko bidea egiten laguntzen du.

Edozein momentutan alderdietako bat eroso ez badago edo ez badu aurrera jarraitu nahi, bertan behera utzi daiteke prozesua.

Zerbitzua doakoa eta guztiz konfidentziala da. Lizeaga izango da arazoa eta prozesuaren berri izango duen udal langile bakarra. Saioak ez dira udaletxean izaten eta herritarrei egokien zaien ordutegian egin daitezke. Astean behin izan ohi dira eta gehienez ere bi hilabetez luzatzen da bitartekaritza prozesua.

Nola eskatu?

• 688 71 62 40

• bitartekaritza@oiartzun.eus

Ezaugarriak

• Borondatezkoa

• Konfidentziala

• Doakoa

• Azkarra

• Malgua

Baldintzak

• Eskatutako bitartekaritza onartzea eta borondatez parte hartzea.

• Konponbide egokiak, justuak eta egingarriak aurkitzeko ahalegina egitea.

• Errespetuz eta enpatiaz jokatzea.

• Prozesuarekiko konpromisoa edukitzea. Astean ordubeteko saioak aurreikusten dira.

• Prozesuak ez badu ez aurrera ez atzera egiten blokeatuta dagoelako, zerbitzua etetea erabaki dezake bitartekariak.

• Ez da baliagarria aurrez judizializatutako edo familia barruko gatazketarako.

Ezagutu zerbitzu berriaren funtzionamendua

UDAL ALBISTEAK

Etxebizitza-arloan neurri berriak hartu ditu Udalak

Etxebizitzaren inguruko negozioa mugatu nahi du etxebizitza eskubidea indartzeko.

10.300 biztanle ditu Oiartzunek. Guztira 3.900 familia bizi dira herriko zortzi auzoetan. Udalak egindako azterketa sozioekonomikoak erakutsi duenez, eta Etxebiden izena emanda dauden oiartzuarren kopurua ikusita, jakina da herritar askok etxebizitza eskuratzeko zailtasuna dutela, dela eskaintza gutxi dagoelako, prezioak garestiak direlako edota dirusarrera nahikoa ez dutelako.

Egoeraren aurrean hainbat neurri martxan ditu Udalak; etxe hutsengatik ordaindu beharreko zergetan %100eko gainkarguak, horiek alokairu duinera bideratzeko programa eta pizgarriak edota babes ofizialeko eta tasatutako etxe kopuru handia izango dituzten promozio berriak. Udalak hartutako erabakien ondorioz, datozen urteetan babestutako etxebizitzen parkea nabarmen handitzea aurreikusten da (salmenta eta alokairu sozialekoak eta tasatuak).

Etxebizitza eskubidea babesteko neurri berri garrantzitsuak ere hartu ditu Udalak azken hilabeteetan. Eta hasitako lanketa horrek jarraipena izango du, Eusko Jaurlaritzak merkatuko datuak berrikusi eta, orain bai, Oiartzunek eremu tentsionatu izendatua izateko baldintzak betetzen dituela jakinarazi baitu.

_Etxe turistikoei muga

Ukaezina da turismora zuzendutako apartamentu eta etxebizitzek eragin zuzena dutela etxebizitza eskubidearen gauzatze errealean, bizitzera bideratutako etxeen eskaintza edo stocka murrizten dutelako (etxebizitzaren prezioa neurrigabe handituz), eta epe luzerako alokairuak merkatutik ia desagerrarazten dituztelako.

Gaur gaurkoz, Oiartzunen erabilera turistikoko 6 etxebizitza daude eta beste 4 etxebizitzek turistei logelak alokatzeko baimena dute. Horrez gain, seina hotel, landetxe eta nekazalturismo ere badaude herrian. Turismoaren goranzko joeraz jabetuta, egoerari

aurre hartu nahi izan dio Udalak. Horrela, turismora zuzendutako establezimenduak arautu eta mugatuko dituen Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) aldatzeko prozesua abiatu du eta bitartean turismoostatuak baimentzeko lizentzia eskaera berriak bertan behera utziko ditu.

Herrian turismora zuzendutako apartamentu eta etxebizitza eskaintza aztertu eta bilakaera ordenatzeko egingo du Udalak azterketa. Plan Orokorraren aldaketak honako aspektuei eragingo dio: erabileren sailkapena, definizioa eta edukia, erabilera bakoitza gauzatzeko baldintza orokorrak eta, eremu bakoitzari dagokion arautegi xehetua.

_Salerosketa gardena etxebizitza tasatuetan

Oiartzungo etxebizitza tasatuak arautzeko ordenantza berridazteko prozesua ere abiatu du. Berrikuntza nagusia salerosketari lotutakoa da. Orain arte, etxebizitza tasatu baten jabeak berak lortzen zuen eroslea eta Udalak, etxebizitzaren prezioa zehazteaz gain, erosleak etxe tasatu bat eskuratzeko baldintzak betetzen zituela egiaztatu besterik ez zuen egiten. Aurrerantzean, aukera berdintasuna bermatzeko eta Udalak zehazten duen prezio eta baldintzetan salduko dela ziurtatzeko, bigarren eskukoak ere Udalak egingo dituen zozketa bidez esleituko dira, lehen promozioetan egiten den moduan.

90 etxe tasatu inguru daude gaur egun Oiartzunen eta etorkizuneko promozioetan beste 160 inguru aurreikusi dira. Guztira epe ertainera 250 etxe tasatu egongo dira herrian, eta salerosketa zuzena eta gardena bermatu nahi du Udalak. Etxebizitza tasatu bat eskuratzeko nahia adierazten duten herritarrekin zerrenda osatuko du, uneoro irekia egongo dena. Hiru hilabetero salmentara atera nahi diren etxeekin zozketa egitea aurreikusi da.

_Etxe hutsak identifikatzeko lanketa

Datozen urteetan promozio berriak egingo diren arren, Oiartzunen hutsik dauden etxebizitzak merkatura ateratzea egokia litzateke etxebizitza bila dabiltzanek herrian bizitzeko aukera izan dezaten. Horregatik, udalak etxebizitza hutsa horiek zehatz-mehatz identifikatzeko lan bat egin berri du. Uraren kontsumo-irakurketa, hondakinen tasa, padroia eta katastroa gurutzatuta lortu da informazio hori doitzea. Datu hori eskutan, aurrerantzean udalak hutsik dauden etxebizitzak alokairura ala salmentara ateratzeko kanpaina zuzenagoak egin ahal izango ditu.

Azkenik, aldizkari hau idazten ari garen garaian jakin berri dugu Jaurlaritzak datuak eguneratu dituen honetan Oiartzunek eremu tentsionatu izendatzeko baldintzak betetzen dituela. Udalak jada lehen pausoak eman ditu izendapen hori lortzeko eta, horrenbestez, orain arte etxebizitza eskubidearen alde hartutako neurriez gain, etorkizun hurbilean neurri berriak hartzeko moduan izango da.

Etxebizitza hutsak alokairu sozialera bideratuta, abantaila hauek lortzen dituzte jabeek:

• Arrisku anitzeko etxe asegurua doan.

• Kontratua amaitzean, alokairua egiten den unean zuen kontserbazio-egoera berean itzultzen zaio etxebizitza jabeari.

• Aseguru hirukoitza: juridikoa, kaudimena (maizterrak alokairua ordaintzen ez badu) eta balizko kalteen aurrean.

• Ondasun Higiezinen gaineko Zergan %50eko deskontua.

• 60 €-ko errenta osagarria 12 hilabetez, Udaletik jasotzen dutena.

• Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria lortzeko dirulaguntza.

• Doako alokairuaren kudeaketa osoa: ez dute fidantza-izapiderik edo alokairuarekin lotutako beste ekintzarik egin behar, Etxebizitza Bulegoak egiten baitu.

• Etxebizitza berritzeko 3.000 € arteko dirulaguntza.

• Obra-lizentzietan %95eko hobaria.

UDAL ALBISTEAK

Izapide ohikoenak erosoago eta azkarrago egiteko bi makina jarri dira Arraguan eta Udaletxean

Arreta zerbitzua hobetu eta prozedurak arintzeko berrikuntzak egin ditu Udalak.

Herritarren eta udalaren arteko hartu emana ahal bezain zuzena eta erosoa izan dadin lanean ari da Udala. Besteak beste, herritarrek ohiko izapideak noiznahi egin ahal izateko bi makina eskuratu ditu. Biztanleen erroldako ziurtagiriak atera, ordainagirien kopiak eskuratu, zerga eta isunak ordaindu edota Landetxeko ikuskizunetarako sarrerak erosteko aukera ematen dute gailuek.

Izapideak zai egon beharrik gabe eta bakoitzak nahiago duen tokian eta ordutegian egiteko jarri dira bi makinak. Eguneko 24 ordutan egongo dira erabilgarri eta herritarrek aukera izango dute udaletxera ala Arraguako Euskotreneko geltokira hurbiltzeko. Bigarren aukera horrekin, Udala auzoetara hurbildu nahi izan da. Kokapena aproposa du, Arraguako bizilagunak ez ezik, oiartzuar asko pasatzen baita bertatik trena hartzera.

Makinen erabilera oso sinplea da. Nortasun agiria besterik ez da behar ziurtagiriak lortzeko edo ordainketak egiteko.

_Prozedurak errazteko lanketa

Herritarrei zerbitzu eraginkorragoa eskaintzeko, dituen prozedura guztiak errebisatu, tramiteak sinplifikatu, erantzun denborak azkartu eta informazioa herritarren eskura jartzeko prozesua abiatu zuen Udalak. Eskaintzen dituen zerbitzu guztiak modu erraz eta ulergarrian jartzeko ariketa egin du, eta zenbait kasutan, zerbitzu horiek eskatu eta izapideak egiteko bide berriak ireki ditu (tartean makina hauen bidez).

140 izapide zehaztu eta hobetu ditu. Bakoitzaren helburua zein den, nori zuzendua dagoen, jarraitu beharreko pausoak zein diren edota erantzun denbora zenbatekoa den definitu da. Kalitate eta gardentasun

ariketa bat ere izan da, oiartzuar denek jakin dezaten zein udal zerbitzu eskuratu ditzaketen eta horretarako eman beharreko pausoak zein diren. Udalaren webguneko Egoitza Elektronikoan jarri dira denak eta udalean ere eskuratu daitezke izapide bakoitzaren xehetasunak.

_Arreta bulego berria, aurki zabalik

Ekaina amaierarako herritarrei zuzeneko arreta eskaintzeko toki berria prest izatea espero du Udalak. Lehen mailako arreta ia guztia udaletxeko behe solairutik bideratzen hasi da dagoeneko, herritarrek behar dituzten izapide denak langile bakarrarekin egin ahal izateko, udal bulego ezberdinetara joan beharrik izan gabe. Kokaleku berria izango du aurki, Udaletxeko eraikinaren ondoan. Irisgarriagoa, erosoagoa, espazio aldetik zabalagoa eta argitsua izango da. Itxaroteko gunea ere edukiko du eta zarata gutxitzeko eta konfidentzialtasuna hobetzeko aukera ere emango du.

Arraguako Euskotreneko geltokian jarri dute makina bat.

Gozagune, gazteentzako sexologia aholkularitza zerbitzu berria

12 eta 17 urte bitarteko gazteei beharretara egokitutako espazioa Topalekuan dago kokatua.

Herriko gazteei zuzendutako sexualitatean aholkularitza zerbitzu berria jarri du martxan Udalak. Gozagune jarri diote izena Topalekuan kokatu duten espazio berriari. Sexualitatea eta harreman afektibo-sexualen inguruko zalantzak lantzeko konfiantzazko espazio seguru eta konfidentziala eskaintzen ditu. Sexologian adituek ematen dute arreta.

12-17 urte arteko gazteei dago zuzendua. “Harreman aske eta osasuntsuak” sustatzeko jarri du martxan Udalak zerbitzua. Nora Velez del Burgo feminismo zinegotziak eta Olaia Lasa ongizate zinegotziak azaldu dutenez, “tabuak eta beldurrak uxatuz”, norbere gorputzarekiko harreman positiboa lantzen dira.

Banaka, bikoteka edo lagun talde txikitan egiten dira saioak, zalantzak argitzeko edo informazioa emateko. Adinaren arabera egokitutako arreta zerbitzua da, gazteen beharretara egokitua: sexu heziketa eman; gorputza ezagutu, onartu eta maitatzen ikasi; identitatea,

desioa eta plazeraren inguruan jakin-nahia ase; bikoteeztabaidak eta jeloskortasuna kudeatu…

_Ostegunetan, hamabostean behin

Hilean bitan ematen da zerbitzua, ostegunetan, 17:30etik 19:30era. Gorputza, desira, sexualitatea eta harreman afektibo-sexualen inguruan dituzten zalantzak argitzera animatu dituzte gazte oiartzuarrak Velez del Burgo eta Lasa zinegotziak.

Urtarrilean jarri zuten martxan eta ikasturte amaiera bitarteko datak ere zehaztu dituzte: maiatzak 22, ekainak 12 eta 26. Topalekuko hezitzaileen bidez hartu daiteke hitzordua, edo egun hauetan Topalekura joanda, bertako gela txikian egongo baitira sexologoak. “Hitzordurik ez baduzu ere azaldu zaitezkete lasai eta sexologoak libre badaude egongo dira zuekin”.

Olaia Lasa eta Nora Velez del Burgo, ongizate eta feminismo zinegotziak, Topalekuan.

Mugikortasunean adituak eta erakunde publikoetako ordezkariak, Gipuzkoa

Nodal jardunaldietan

Etorkizuneko garraio publikoaz hausnartzeko elkartu ziren Udalak, EHUk eta

RAZek antolatutako saioetan.

Etorkizuneko mugikortasunaz gogoeta egin eta garraio publikoa erdigunean izango duen eredua lantzen hasteko Gipuzkoa Nodal jardunaldiak egin zituzten otsaila amaieran Landetxen. Oiartzungo Udalak, RAZ estudioak eta EHUko Caviar ikerketa taldea antolatu zituzten saioak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Erakunde ezberdinetako ordezkariak eta nazioarteko hainbat aditu elkartu ziren, garraio publiko eraginkorra sustatzeko bideak jorratzeko. Oiartzun abiapuntu hartuta, Gipuzkoako eta Baiona-Donostia hiriguneen arteko garraio publiko sarearen loturak antolatzeko proposamen berriak aztertzea izan zuten helburu. Alegia, diseinatzen hastea nolako konexioak beharko genituzkeen garraio publiko desberdinen artean, herritarrok egunerokoan gure joan-etorriak kotxez baino erosoago egin ditzagun garraio publikoa erabiliz.

_Herrien arteko garraio publiko sarea indartu

Iaz onartu zuen Udalak Oiartzungo lehen mugikortasun plana. Ibilgailu partikularren erabilera gutxitu eta garraio publikoa gehiago erabiltzeko hainbat ekintza jaso zituen bertan. Herri barrura begirako lan-lerroez gain, Oiartzun eta inguruko herri eta hiriburuen arteko garraio publikoa indartzeko helburua ere badu.

Joana Mendiburu alkateak ireki zituen jardunaldiak. Oiartzunentzat “mugikortasun jasangarriagoa” nahi dutela azaldu zuen. “8 auzoko udalerria, industria eta merkataritza gune handiz inguratua, joan-etorri askoko herria da eta, esan genezake, Arragua dela joan-etorri gehien metatzen den auzoa”. Arraguako joan etorriek “kezka” sortzen dutela adierazi zuen, “baina aldi berean kezka eta kexa izan daiteke aukera ere. Gisa honetako jardunaldiak izan daitezela abiapuntua etorkizuna pentsatzeko, garraio publikoa diseinatzeko eta Arragua auzo bizigarriago bat izateko”. Horretarako erakunde publikoen arteko elkarlana “ezinbestekoa” dela azpimarratu zuen.

Garraiobide ezberdinak uztartzea eta sareak sortzea, garraio publikoa gehiago erabiltzeko zerbitzuek izan behar dituzten ezaugarriak, antolaketa hobetzeko erabilgarri izan daitezken tresna digitalak, Gipuzkoako nodoak identifikatu eta konektatzea eta beste hainbat gai jorratu zituzten jardunaldian elkartu ziren laurogeitik gora ordezkari, aditu eta teknikari eta herritarrek.

Ikusi laburpen bideoa

Karla Lekuona futbol zelaia, garai eta behar berrietarako

Inbertsio garrantzitsua egin du Udalak zelaiaz gain, gainontzeko azpiegiturak eta ingurua biziberritzeko.

Karla Lekuona udal futbol zelaia eraberritu du Udalak. Etxe berria du Oiartzun Kirol Elkarteak. Herriko 500 gazte aritzen dira futbol zelaira asteroko entrenamendu eta partidetan eta erabiltzaileen aspaldiko eskaerari erantzunez, kirol-instalazioa hobetu nahi izan du Udalak, belarra artifiziala izanik maizago erabili ahal izateko eta jokalarien segurtasuna hobetzeko.

_Berrikuntza integrala

Egindako inbertsioa ez da belar artifiziala jartzera mugatu; ureztatze sistema, argiteria osoa eta sarrera ere berritu dira. Horrela, besteak beste, ilundutakoan ere entrenamenduak eta partidak bertan jokatzeko aukera dago orain. Mantenu lana nabarmen gutxitu da gainera. Iaz aldagelak ere eraberritu ziren, eta beraz, kirol gunea guztiz itxuraldatu da.

Zelaia berritzea ez ezik, Ugaldetxoko inguru hori biziberritzea estrategikoa izan da Udalarentzat. Bertara iristeko oinezko bide zabala egin da, autobusak aparkatzeko gunea atondu da eta garrantzia berezia eman zaio instalazioaren itxituraren akaberari, inguru polita eta atsegina sortzeko.

_Otsailaren 16an inauguratu zen

50 urte bete ditu aurten OKEk eta urteurren borobila ezin hobeto ospatuko dute zelai berriarekin. Otsailaren 16an egin zuten inaugurazio festa, eta urtean zehar beste hainbat ekitaldi antolatu dituzte.

Errespetua, talde lana, konpromisoa, umiltasuna, kirola egitearen garrantzia… Hain garrantzitsuak diren baloreak helarazi dizkie OKEk urte hauetan guztietan herriko milaka gazteri. Garai eta behar berriei egokitutako instalazio aproposak izango ditu aurrerantzean, mende erdiz egindako bideari jarraipena emateko. Hala izan dadila beste 50 urtez! xxxxxxx

Ezagutu futbol zelai berria

UDAL ALBISTEAK

Juan Mari Beltranek Eusko

Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria jaso du

Omenaldi hunkigarria egin zioten euskal musika herrikoiaren artista polifazetikoari.

Juan Mari Beltran Argiñenak jaso du Eusko Ikaskuntzaren 2024ko Manuel Lekuona Saria. Musikari, musikologo, konpositore, etnografo eta irakaslea omentzeko ekitaldia egin zuten martxoaren 25ean Landetxe Kultur Aretoan. Bertan elkartu ziren euskal musikaren eta folklorearen esparru anitzetatik jendea, bere ibilbide luzean ondoan izan dituen lagunak eta erakunde ezberdinetako ordezkariak.

Joana Mendiburu alkateak eman zien ongietorria, eta Juan Mari Beltrani eskerrak eman zizkion azken hogeita hamar urteetan Soinuenea Fundazioak egindako lanagatik eta musikarekiko duen pasioa herrian zabaltzeagatik. “30 urte pasa dira Juan Mari Beltran herri musikaren dokumentazio zentroa sortzeko lanean hasi zela. Orduko alkate zen Jon Iñarrak Ergoiengo eskola zaharreko ateak ireki zizkion eta harrez gero, etengabea izan da bi erakundeen arteko elkarlana. Egin duen lanari esker, herri musikaren arloan interesa duen ororentzat Euskal Herriko erreferentziazko gunea da Soinuenea. Urtez urte aberasten joan den altxorra da Beltranek Oiartzuni eskaini diona.”

Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkizak Beltranen lan polifazetikoa nabarmendu zuen eta “musika tradizionala eta garaikidearen artean, eta euskal folklorearen eta bestelako generoen arteko bitartekari” gisa hartu duen zeregina azpimarratu zuen.

_Musikari lotuta hazi eta bizi

Haurra zela, Etxarri Aranatzen hasi zen klarinetea eta txistua jotzen. Urte batzuk geroago, Donostian, Argia taldeko kide zela, kultura herrikoiaren balioa eta oraindik bizirik dauden lekuetan musika eta dantzak biltzearen garrantzia ezagutu zituen. Irakasle gisa, Hernaniko

Musika Eskolan eman zituen lehen urratsak alboka, dultzaina, txalaparta, txanbela eta txistua irakasten. 1960ko hamarkadan hasi zen musika herrikoiari buruzko materialak biltzen, formatu eta modalitate guztietan. Bilduma partikular hori izan zen Soinuenea-Herri Musika Txokoaren ernamuina.

Hunkituta eta eskertuta jaso zuen Remigio Mendibururen eskultura. Beltranek bere ibilbide musikalean ondoan izan dituen pertsona denak izan zituen gogoan. “Musikari asko eman diodala esaten dute, hala izango balitz ere, zalantzarik gabe esan dezaket askoz gehiago eman didala musikak niri. Orhiko xoria bezala, zoriontsu sentitzen naiz bizitzea egokitu zaidan bizitzarekin, familiarekin, lagunekin, lurrarekin, gizartearekin, hizkuntzarekin eta kulturarekin. Eskerrik asko denei”.

Juan Mari Beltran saria jazotzeko unean.

Oiartzungo

bidegorriak

bi lotura berri ditu

Bidegorri sarea zabaltzen jarraitzen du Udalak. Zurko baserri inguruko herri bidea eta Orlegimendi etxaditik Ugaldetxoko bizikletapistara doana atondu ditu. Zurko baserri inguruko bidea txukuntzeari esker, adibidez, Iturriozko Tronpeo malda handia saihesteko aukera izango da. Ugaldetxoko zati berriarekin berriz, Orlegimendi eta Mendin Zar etxadiek lotura zuzenagoa izango dute bidegorri sarearekin.

2024an onartu zen Oiartzungo Mugikortasun Planean azaltzen den bezala, herriko mugikortasunaren ardatza da bidegorria. Aurreko legealdian egindako lanei esker, bidegorri sarea auzo guztietara iristen da dagoeneko eta, orain, Udalaren helburuetako bat da auzoguneetara lotura berriak sortzea, komunikazioa eta irisgarritasuna erraztuz. 22.000 euroko inbertsioa egin du bi konexio hauek gauzatzeko.

Kultur programazio

aberatsa osatzeko milioi erdi euro

Oiartzungo kultur eskaintza osatzeko 500.000 euro pasatxo bideratuko ditu Udalak 2025ean. Urtero-urtero programazio zabala antolatzen du herriko eragileekin elkarlanean, eta ia egunero bada zer gozatu, entzun eta ikusi herrian.

Oiartzun herri kulturzalea eta sortzailea izaten jarraitzea sustatu nahi du Udalak. Aurrekontuaren zati handiena, 315.000 €, herriko elkarte eta norbanakoek antolatutako kultur-ekintzak diruz laguntzeko izango da. Gainontzeko 185.000 euroak Udalak zuzenean programatutakoentzat izango dira. Aurten ere indartu egin du herriko eragileek proposatzen dituzten ekimenak antolatzeko bideratzen duen aurrekontua. Gure herriko komunitatearen eta ongizatearen oinarria da kultura, eta urterik urte handituz doa kultur ekintza eta ekitaldiak antolatzeko grina. Eskaera horiei guztiei bide eman nahi die Udalak, kultur-sarea indartu eta elkarlanean eskaintza aberatsa osatzeko.

Hileta zibilak egiteko hiru espazio eskainiko dira

Hileta edo omenaldi zibilak arautzeko ordenantzari hasierako onarpena eman dio Udalak. Ohituren eta ekintza sozialen adierazpenak etengabe aldatzen ari dira. Jendartea plurala da, aniztasun ideologikoa, erlijiosoa eta kulturala da nagusi eta maite ditugunak agurtzerakoan ere behar ezberdinei erantzungo dien espazioak jarri nahi ditu Udalak oiartzuarren eskura. Horregatik, beilatokiaz gain, agurrak egiteko beste bi leku eskainiko ditu: Arizmendieneako lorategia eta Udaletxeko areto nagusia.

Udaletxean egingo da gune horiek erabiltzeko eskaera. Dena den, orain arte bezala, agurra gorpua beilatokian dagoenean egingo bada ez da erreserbarik beharko. Arizmendieneako edota areto nagusiko omenaldietan gorpuak ezingo du bertan egon.

Zazpi ibilgailu elektriko

erosi ditu Udalak

Jasangarriagoak izango dira aurrerantzean Udalaren ibilgailuak ere. Zerbitzu ezberdinetarako bi moto, auto bat, hiru furgoneta eta hondakinak jasotzeko kamio txiki bat erosi ditu, elektrikoak denak. 127.000 euroko inbertsioa egin du, eta erregai fosilen erabilera murriztu eta udal-zerbitzuek sortzen duten karbono-aztarna gutxitu nahi du horrela. Arrietako ur deposituan jarri zituen eguzki plakek sortzen duten energiarekin eta beste instalakuntza berriztagarrietakoekin elikatzen dira ibilgailu hauek.

Iaz onartu zuen Udalak lehen herri jasangarriagoa izateko Klima eta Energia Plana. 2030erako berotegi efektuko gas isurketak %40 murriztu eta hondakin kopurua %15 jaistea lortu nahi du. Horretarako aurreikusi dituen 64 ekintzetako bat da zahartzen doazen udal ibilgailuak elektriko eta hibridoekin ordezkatzen joatea.

Elizalde eskolako kirol eremua margotu dute

Elizalde Herri Eskolako kirol gunea margotzeko lanak egin ditu Udalak. Jolastokia guztiz eraberritzeko proiektua martxan du, bertako guraso elkartearekin eta haurrekin elkarlanean. Gozamenerako, esperimentaziorako, jolaserako, heziketarako eta elkarbizitzarako espazio bihurtu nahi dute, eta fase ezberdinetan ari dira gauzatzen itxuraldaketa.

Lehenengoan, natur gunea zabaldu zuen, berdegune berriak, mendixkak eta jolaserako txoko ezberdinak sortuz. Kirolerako kantxak berritu ditu orain. Zoruko pitzadurak konpondu eta trinkotzeaz gain, gune guztia pintatu dute, koloretsuagoa eta biziagoa izan dadin. 19.000 euroko aurrekontua izan dute margoketa lanek. Natur gunea eta kirolerako kantxak biziberrituta, harmailak eraldatzeko proiektua abiatu dute, gradak goxatu, erabilera handitu eta espazio ezberdinen arteko loturak errazteko.

UDAL ALBISTEAK

63 egunez erabili da lehenengo sektoreko ordezkapen zerbitzua

Herriko lehen sektorea babestu eta indartzeko, ordezkapen zerbitzu aitzindaria jarri zuen martxan Udalak iaz. Herriko nekazaritza eta abeltzaintza ustiategietara laguntza ematera joaten den pertsona bat kontratatu zuen. Deskantsu egunak hartzeko, bajaren bat dagoenerako edo eskulan gehigarria behar denerako, pertsona honen laguntza doan eskatu dezakete herriko ustiategiek.

Lehen urtean 63 egunez erabili da zerbitzua. Herriko 7 ustiategi ezberdinek baliatu dute ordezkapenak egiteko laguntza, eta balorazio oso positiboa egin du Udalak. Nekazari eta abeltzainek zerbitzua asko eskertu dute eta haien lan-karga arintzeko baliagarria izan da. Geroz eta ustiategi gehiago ari dira zerbitzua erabiltzen eta orain arte eskatu ez dutenak ere probatzera animatu nahi ditu Udalak. Urte guztian zehar eskatu daiteke.

150 lagunek hartu dute parte Elizaldeko auzogune berria diseinatzeko prozesuan

Urmendi haur eskola, Mendibil eta Tolarieta arteko eremuan Elizaldeko auzogune berria garatuko du Udalak datozen urteetan. 200 etxebizitza berri inguru egingo direla aurreikusita dago, babestuak gehienak (alokairu sozialekoak eta tasatuak). Herriko auzo nagusia zabaldu eta familia berrientzat bizitokia izateaz gain, oiartzuar denen erabilerarako ekipamendu eta espazioak ere izango dira, baita elkarbizitzarako plaza eta berdegune zabalak ere.

Eremuak, duen tamaina eta kokapenagatik, hirigintza modu ezberdinean egiteko toki estrategikoa eskaintzen du. Horregatik, auzogune berria herritarrekin batera diseinatzeko prozesua gauzatu du Udalak. 150 lagunek hartu dute parte saioetan, eta bertan jasotako ekarpenak aintzat hartuta osatu da garatuko den proiektuaren proposamena. Maiatzaren 26an aurkeztu zuten eta udalaren webgunean ere ikusgai dago.

Edukiontzi handiagoak

jarri dituzte herriko hainbat gunetan

Herriko hainbat lekutan papera eta ontzi-arinak biltzeko kaleko edukiontzi handiagoak jarri dira. Jende gehien ibiltzen den guneetan zeudenak azkar betetzen zirenez, leku faltagatik zaila izaten zen hondakinak behar bezala bereiztea. Kale eta plazak garbiago mantentzeaz gain, hondakinen sailkapena erraztu eta birziklatze tasa handitzea lortu nahi da. Auzo bileretan bizilagunek eskatu izan duten hobekuntza bat da.

Elizalden (Doneztebe eta Donostia plazetan eta Haurtzaro Ikastolan), Iturriotzen (Beko soron eta frontoian), Altzibarren (Olalden eta Klarene plazan) eta Ugaldetxon (Kalexa plazan eta Mendibilgo parkean) jarri dituzte edukiontzi handiak. Beharraren arabera herriko toki gehiagotan ere jartzeko asmoa du Udalak.

Doneztebe plazara banaketa ibilgailuen sarrera mugatu da

Oiartzuarren elkargunerako espazio garrantzitsuenetarikoa da Doneztebe plaza. Herritarrentzako gune atsegina eta segurua izatea da Udalaren helburua, eta horregatik ahalik eta ibilgailu gutxien ibiltzea bertan. Udalaren mugikortasun planean ere jasoa dago oinezkoei lehentasuna eman behar zaiela eta, Doneztebe plaza bada eremu horietako bat.

Zamalanetako furgoneta eta kamioen joan-etorriak gutxitzeko, sarrera ordutegia mugatu du, batez ere jende gehien ibiltzen den uneetan. Goizeko 8:00etatik 12:00etara bakarrik dute banaketa ibilgailuek plazara sarbidea (astelehenetik ostiralera).

Garraiolarien lana errazteko, inguruko kaleetan zamalanetarako gune berriak prestatu dira, ordutegi zabalagoarekin. Plazako trafikoa ahalik eta gehien murrizteko, taxi geltokia ere Yon Oñatibia etorbidera lekualdatu da eta udal ibilgailu gehienak ez dira bertatik pasatzen gaur egun.

PLENOAK

16 2024/12/17.

Egoera ekonomiko zailean dauden oiartzuarrentzako laguntzak onartu dituzte.

Gizarte bazterketa eta ekonomia larritasun egoeran dauden norbanako eta familiak diruz laguntzeko deialdi berriaren oinarriak aho batez onartu zituzten. 115.000€ aurreikusi dituzte eta laguntza puntualak edo epe bati lotutakoak izango dira. Eguneroko ohiko gastuei aurre egiteko izango dira: janaria, altzariak, argia, alokairua... Gainera, zailtasun egoeran dauden haurrak eta haien familiak laguntzeko beste 30.000€ gorde dituzte. Adin txikikoen eskolaz kanpoko jarduerak, behar duten ikasmateriala eta gisako beste gastuak ordaintzeko izango dira.

Abenduko protokolo gastuak 2.530,20 € izan ziren, jardunaldi, garaikur eta oroigarrietan.

2025/01/29.

Obra txikiak egiteko baimena lortzeko tramiteak erraztuko dituzte.

Etxeetan obra txikiak egiteko baimena lortzeko araubide berriari hasierako onarpena eman zioten urtarrileko udalbatzarrean. 170 obra txiki eskaera jasotzen ditu Udalak urtero, eta proiektu teknikoa beharrezkoa ez den garrantzi tekniko txikiko lanetan, aurkeztu beharreko dokumentazioa gutxitu eta baimena lortzeko izapideak erraztu nahi ditu. Aurretiazko jakinarazpensistema bat prestatu dute, baimena emateko erantzun-denbora azkartzeko.

2025ean Udalak lizitatuko dituen kontratu handien aurreikuspena ere aho batez onartu zuten. “Anbizio handiko plana” prestatu dutela azpimarratu zuen Joana Mendiburu alkateak. 27 lehiaketa aurreikusi dituzte eta kontratuen iraunaldi osoa kontuan izanda, 17 milioi euroko aurrekontua du planak. Martxan dauden hainbat zerbitzu berriz lizitatzeaz gain (kale garbiketa, hondakin bilketa edota udal eraikinen garbiketa zerbitzuak, adibidez), obra eta proiektu berriak ere gehitu dituztela azaldu zuen alkateak: Elizalde eskolako patioa eraldatzeko proiektuaren fase berria egitea, Altzibarko gune estalia eraikitzea, Rafael Pikabea errepidea berritzea edota Arraguako ur hoditeria aldatzea.

Protokolo eta ordezkapen gastuak 592,97 € izan ziren urtarrilean.

2025/02/26.

Oiartzun Burujabe herri proiektua hauspotzeko hitzarmena.

Oiartzungo Udalaren 2025-2027 Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren lehen aldaketa onartu zuten, EH Bilduko zinegotzien aldeko botoekin. Alternatiben Oihartzuna elkarteari 20.000 € emango dizkiote, burujabetzen bidean komunitatearen

garapena eta herritarren partaidetza eta elkarlana sustatzeko. Oiartzungo herritarrak ahaldundu nahi dituzte, Oiartzun Burujabe prozesuan parte-hartze aktiboa izan dezaten.

Hautetsi jeltzaleak abstenitu egin ziren. Rafael Bergaretxek lanketa konpartituago bat eskatu zuen. “Burujabetasuna oso kontzeptu baliagarria izan daiteke plano indibidualetik nazionaleraino, baina behar du azterketa eta gogoeta partekatuagoa eta sakonagoa. Badaramatzagu urte batzuk lanketa hauek herrian entzuten, baina lehen aldia da Oiartzun Burujabe proiektua foro bezala planteatua ikusi duguna. Zerbait konpartituagoa eta definituagoa izan behar du, denon artean landuagoa”.

Ibon Mitxelena Burujabetzen zinegotziak lanketa 2017an abiatu zela azaldu zuen. “Duela zortzi urte hasi ziren martxan zeuden burujabetza ezberdinetan lanean zebiltzan hainbat herritar elkartzen eta gaia lantzeko Burujabetzen Eguna antolatzen”. 2023an helburuetan “koska bat gora” egin zutela adierazi zuen. “Oiartzunen burujabetza terminotan burutzen ziren hainbat proiektu bazirela ikusirik, guztiak artikulatuko zituen dinamika batekin amesten hasi ziren”. Udalak ere bat egin zuen proiektuarekin eta elkarlanean josten hasi ziren Oiartzun Burujabe herri-proiektua. 2024an proiektuaren aurkezpen publikoa egin zela gogorarazi zuen Mitxelenak, eta “lanketa konpartitu zabala” egin dela. “Bost arlo lantzea adostu da (elikadura, energia, euskara eta kulturartekotasuna, zaintza eta kultura) eta mahai horiek osatuta daude herriko eragileekin, herritarrekin eta udalarekin”. Prozesua “sekulako martxa” hartzen ari dela nabarmendu zuen eta herritarren parte-hartzea errotzen ari dela. “Beharrezkoa dugu herritarrekin hitzarmen bat egin eta euren ahotsa indartsu eta oso presente egotea”.

Otsaileko protokolo eta ordezkapen gastuak 73,10 € izan ziren, bazkari eta luntxetan.

2025/03/26.

Udal barruko I. berdintasun plana osatu da.

Udal barruko lehen berdintasun plana aho batez onartu zuten. Lau urteko iraunaldia izango du eta barrura begirako neurriak ez ezik, Oiartzun berdinzale eta feministagoa izateko “ezinbesteko tresna” izango da. Nora Velez del Burgo feminismo zinegotziak azaldu zuenez, besteak beste prozeduretan, dirulaguntzetan, ordenantzetan eta beste hainbat esparru eta lanketetan genero ikuspegia txertatzeko formakuntza jasotzen du planak. Kontziliazio neurriak edota indarkeria matxistei aurre egiteko udal barruko protokoloak ere aurreikusi dira. “Gure udaleko errealitateari benetan erantzuten dioten neurriak jasotzen ditu eta bat egiten du herrira begirako plan feministarekin ere”.

Martxoko protokolo gastuak 310,89 € izan ziren, garaikur eta bidaietan.

IRUDITAN

OIARTZUNGO UDALA INFORMATZEN

1 Katerin Artola eta Iker Belintxon, Euskal Herriko dantza soltean garaile / 2-3 Munduko arrozak / 4 Mattin Etxebeste, Euskal Herriko Aurresku txapeldun / 5-7 Prosa eta poesia lehiaketako sari banaketa / 8-9 Txerri Eguna / 10 Alaia Martin, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako txapelduna / 11 Herri lasterketa / 12 Elkartasun bertso saioa / 13-14 Oiartzun irratiaren GA-LA / 15 Karla Lekuona futbol zelai berrituaren inaugurazioa
1.
4.
7. 10. 13.

IRUDITAN

16 Kontxa Murgiari omenaldia / 17-22 Ihoteak / 23 Emakumeen Nazioarteko Eguna / 24 Zuhaitz Eguna / 25-26 Literatura plazara / 27 Natura aztertuz familian / 28 Gipuzkoako BTT Txapelketa Urkaben / 29 Emakumeen eskuz binakako txapelketako finala / 30 OKEko argazki zaharren erakusketa
31-32 Oiartzungo Dantzari Eguna / 33 Herri Libre bat! Mendi martxa / 34 Barrikotea / 35 Etxera Eguna / 36 Bertso derbia / 37 Ibilaldi neurtua Markel Galdosen oroimenez / 38 OiartzuaRock / 39 LGBTIQ+ fobiaren aurkako eguna / 40-42 Arraguako festak / 43 Elizalde Eguna / 44 Oiartzungo Erroten Eguna / 45 KantagiLtza: Aire ahizpak 31.

Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.