Bazen behin, duela urte asko, Kandinga izeneko lehoi bat. Lehoirik ahaltsuena zen, baita gaiztoena ere. Hainbestekoa zen haren gaiztakeria, gosea asetzearren ez zuela zalantzarik izaten bere adiskideak mauka-mauka jateko. Horregatik geratu zen bakarrik. Haren adiskideek, bikotekideak eta lehoikumeek alde egin zuten.
Egun batean, Kandinga baobab baten itzalean lo zegoela, erbi bat etorri zitzaion eta, lehoiaren itxura tamalgarria ikusita, esan zion: –Zer duzu, lagun? Oso triste eta flakatuta zaude, gero! –Arrazoi duzu, bai. Bi aste daramat ezertxo ere jan gabe –erantzun zuen lehoiak. –Harrigarria! –erbiak arrapostu–. Oihan handiko erregea zara. Ez dut ulertzen nola izan dezakezun jateko falta! –Egia da –erantzun zion Kandingak atseginez betea–. Ospe txarra daukat, ordea…, eta antilopeek, ni ikusi orduko, ziztuan joaten dira. Dagoeneko ez naiz gaztaroko ehiztari bizkorra; lehoi zahar bat naiz orain, hazteriak eta erreumak jotakoa, eta jada ezin dut lasterka egin lehen bezala… –Ez kezkatu, Kandinga –lasaitu zuen erbi zuhurrak–. Nahi baduzu, neuk lagundu ahal dizut ehizatzen. Zeuregana erakarriko ditut zuk nahi dituzun animalia guztiak. Bizpahiru harrapatu besterik ez duzu egin beharko, eta janari sobera izango dugu. Baina lortzen duzun haragiaren erdia eman beharko didazu. Horixe da nire baldintza, laguntzearen truke.