Coelophysis bauri Ordena: SAURISKIOAK Subordena: Teropodoak
Familia: Coelophysis Aurkikuntza: 1881ean, Estatu Batuetako Mexiko Berria estatuan (Ipar Amerika). Cope izan zen aurkitzailea. 1887an eman zitzaion izena.
Ezagutzen ditugun dinosauroen artean, Coelophysis zaharrenetako bat da. Taldean bizi zen ehiztari txiki bat zen. Aise mugitzen zen, zutik, atzeko bi hanken gainean. Bere gorpuzkera mehe-luzexkari eta bere hezurdura arinari esker (Coelophysis izenak grezieraz «forma barne-hutsa» esan nahi du) laster egiteko bereziki gaituta zegoen. 3 m-ko luzera zuen, buztana ere kontuan hartuta, eta 55 cm-ko altuera; buztana kenduz gero, txakur handi baten tamaina zuen, baina ez zuen pisatzen hogeita hamar kilo baino gehiago! Haragijalea zen, eta hortz kurbatu eta koskadunak zituen; horien bidez, arrainak eta intsektuak jaten zituen. Lau hatz zituen, haietako bat atzaparrik gabea, erabiltzen ez zuena. Ehun bat Coelophysis aurkitu dira.
– 1. irudi-orria –
Mussaurus patagonicus Ordena: SAURISKIOAK
Subordena: Sauropodomorfoak
Familia: ezezaguna; gaur egun, eztabaidagai Aurkikuntza: 1979an, Argentinan (Hego Amerika). Bonaparte eta Vince izan ziren aurkitzaileak.
Mussaurus izenak «sagu muskerra» esan nahi du: aurkitu ziren genero honetako lehenbiziko dinosauroak oso txikiak ziren, eta haiengandik hurbil bazegoen habia bat, oso arrautza txikiak zituena: 2,5 cm-koak. Dinosauro haiek espezimen gazteak ziren (buru handia, begi lodiak, lepo txikia), zeren heldutasunean Mussaurus hauek ez baitziren sagu baten tamainakoak: ikertzaileek uste dute automobil txiki baten tamaina izatera iristen zirela (3 m). Belarjaleen artean, hauek lehenbizikoetarikoak izan ziren.
– 2. irudi-orria –
Plateosaurus engelhardti Ordena: SAURISKIOAK
Subordena: Sauropodomorfoak
Familia: Plateosauridoak Aurkikuntza: 1834an, Alemanian. Engelhardt izan zen aurkitzailea. Von Meyer-ek deskribatu zuen, 1837an; garai hartan, Owen britainiar paleontologoak oraindik definitu gabea zuen Dinosauria taldea.
Plateosaurus («musker zapala») dinosauro zaharrenetakoa da. Gaur egun Europa eta Groenlandia (garai hartan biak lurrez lotuta zeuden) dauden lekuan bizi zen. Ibaiek zeharkatzen zuten arroan bizi zen, taldean, harrapariei aurre egiteko. 2 m-tik gorako altuera zuen eta 9 m luze izatera iristen zen (ia-ia autobus baten luzera). Koadrupedoa zen (lau hankaren gainean ibiltzen zen), baina batzuetan bipedoa edo hankabikoa izan zitekeen (zutik, atzeko hanken gainean). Prosauropodoen multzoko dinosauro guztiek bezalaxe, oso lepo handia, buru txikia eta gorputz luzea zituen. Belarjale honek zuhaixka erako landareak jaten zituen, eta animalia txikiak ere bai segur aski, horretarako atzapar sendo bat baitzuen hatz lodian. Plateosaurus Diplodocus-en eta Brontosaurus-en arbasoa da. Espezie honetatik, fosildutako ehun eskeleto baino gehiago aurkitu dira, haietako batzuk ia osorik
– 3. irudi-orria –
Riojasaurus incertus Ordena: SAURISKIOAK
Subordena: Sauropodomorfoak
Familia: Riojasauridoak Aurkikuntza: 1966an, Argentinako La Rioja probintzian (Hego Amerika). Bonaparte izan zen aurkitzailea.
Riojasaurus (aurkikuntzako tokiarengatik deitu zioten horrela) dinosauro belarjalea zen, 6 m-ko luzera zuena, autokarabana txiki baten tamainakoa. Koadrupedoa zen, aurreko hankak ia-ia atzekoak bezain garaiak zirelarik. Prosauropodoak taldekoa zen (haien artean, bera handienetakoa zen); gero, Jurasikoan, sauropodo handiek ordezkatuko zuten talde hori. Hogei Riojasaurus aurkitu dira, helduen eta gazteen eskeletoak batuta.
– 4. irudi-orria –