Page 1

1


Kaixo! Txano eta Oscar anaia bikien mundu haluzinagarrian sartzera zoaz. Istorio hau gustuko baduzu, gogoan izan DOHAINIK irakur dezakezula bigarrena ere:

Maxi operazioa Flipagarria!

Istorioa deskargatzeko, erregistra zaitez hemen:

>>> www.txanoyoscar.com <<< Irakurraldi on!


Harri berdea Ilustrazioak Testua Patricia PĂŠrez Julio Santos


Txano

Kaixo, Txano dut izena, eta hemen behean dagoen hori nire anaia Oscar da. Bikiak gara, baina neu naiz zaharrena, bost minutu lehenago jaio bainintzen. Eta, ikusiko duzunez, horrek badu eragina.

Oscar Etxeko txikiena gure arreba da: Sara-Li. Berak aurkitu zuen Maxi, kalean, kartoizko kutxa batean, eta etxera eramaten uzteko konbentzitu zuen ama.


Hona hemen familiako gainerakoak: bixardun kaskagorri hori gure aita da. Alejandro du izena, baina mundu guztiak Alex deitzen dio. Antigoaleko gauzen denda bat dauka hirian.

Alex Barbara Gure amak Barbara du izena, eta itzultzailea da. Emakume lasaia da, baina haserretzen denean, kontuz berarekin!

Sara-Li

Maxi


Planeta hurbilenetik milioika kilometrora, harkaitz argidun bitxi bat espazioa zeharkatzen ari zen, bere atzean hauts berdezko arrasto luze bat utziz. Abiadura bizian bidaiatuz, aspaldi zuen atzean utzia Marte, eta une horretan, espazioko hutsa ari zen zeharkatzen, bere ibilbidearen azken helmugara bidean: Lurra deritzogun planeta urdin eta polit bat. Ezagutzen duzu, ezta?


Zorionez, asteroide txiki bat zen, eta ezin esan, beraz, mehatxu global bat zenik, baina, hori bai: sekretu harrigarri bat gordetzen zuen. Egun gutxi barru, harri bitxi hori Txano eta Oskarren bizitzetan gurutzatuko zen, eta betiko aldatuko zituen. Baina berehala ikusiko duzunez, harriak bere bidean aurrera segitzen zuen bitartean, anaiek bestelako kezkak zerabiltzatenâ&#x20AC;Ś


Kaixo, Txano dut izena!

Eguerdia zen ia. Zutik nengoen sukaldeko ate ondoan, ketchup poto batekin amari disparatu berritan. Eta okerrena zen anaiak gauza bera egina zuela maionesaz beteriko beste poto batekin. Baina oker-okerrena zera zen: biok jo genuela ituan. Nahi gabe izan zen, baina bete-betean jo genuen. Bai, badakit zer esango didazun: ez dela hainbesterako, tomate edo maionesa zurrusta bat ez dela hilgarria. Eta arrazoi duzu! Ez da hilgarria, baina bai aski motibo zazpigarren mailako â&#x20AC;&#x201D;edo goragokoâ&#x20AC;&#x201D; zigor baterako. Badakit honek guztiak bitxi samarra dirudiela, baina ziur egon zaitezke ez genuela ez burua galdu ez patata frijitu errazio batekin nahasi ama. Euriarena zen erru guztia. Baina utzidazu hasiera-hasieratik kontatzen istorioa. Ea baâ&#x20AC;Ś, ekin diezaiogun berriro!

9


Kaixo, Txano dut izena! Tira, egia esan, Jorge dut izena, baina, amona Encarnaz gain, aspaaaldi da inork ez didala horrela deitzen. Ezta gurasoek ere. Bi urte nituela, buruan artilezko txano gorri-berde bat eramaten hasi nintzen, eta hainbeste gustatzen zitzaidanez —lo egiteko ere ez nuen kentzen, pentsa!— «Txano» deitzen hasi zitzaizkidan etxean denak. Sei urte bete nituenean, txanoa janzteari utzi nion, baina jada ezin izan nuen erantzi izena. Egia esan, ez dit axola: mila aldiz nahiago dut Txano, Jorge baino.

10


Dagoeneko ezagutzen duzu nire anaia. Bai, hori bera, maionesarena. Nire bikia da eta Oscar du grazia. Nahiz eta bikiak izan, ni bera baino bost minutu lehenago sortu nintzen. Neu naiz zaharrena, beraz. Eta nahiz eta itxuraz antzeko samarrak izan, gurasoek diote gaua eta eguna bezalakoak garela. Egia da anaia eta biok oso desberdinak garela: Oscar txoriburu hutsa da, bere ekintzen ondorioetan pentsatu gabe jarduten duten horietakoa. Baina, bestalde, teknologiaren alorrean aparteko super frikia da, eta bere asmakari horietako batean lanean hasten denean, sekulako gaitasuna dauka egunetan buru-belarri jarduteko eta gauza harrigarriak sortzeko. Ni, berriz, ez naiz ez hain buruberoa ez hain frikia ere. Alegia, nik buelta batzuk gehiago ematen dizkiot buruari ezertan hasi baino lehen, baina, hori bai, nire anaiaren txinparta hori falta dut. Niri gustatzen zaidana istorioak kontatzea da. Izaera aldetik hain desberdinak izan arren, zaletasun batzuk berdinak ditugu: LEGOa, bideo-jokoak eta super heroien filmak izugarri gustatzen zaizkigu. A!, baita amak prestatzen dituen espagetiak â&#x20AC;&#x201D;Boloniako eran, noskiâ&#x20AC;&#x201D; eta pizzak ere. Hel diezaiogun, bada, kontakizunari. Eta ez kezkatu gainerako protagonistez: agertu ahala aurkeztuko dizkizut.

11


Ia astebete zen eskolak amaitu zirela, eta jada hasiak ginen gozatzen, edo, hobeto esanda, gogotik sufritzen, opor-garai euritsu eta aspergarri hura. Nahiago nukeen gure askatasun-aldia eguzki eta giro beroarekin hasi izan balitz â&#x20AC;&#x201D;edo euririk gabe, behintzatâ&#x20AC;&#x201D;, baina ez, giro txarra lagun izan genuen aste osoan. Denbora tabletarekin edo LEGOarekin jolasten pasatzea ondo dago egun pare baterako, baina, aste oso baten ondoren, jada ez da hain dibertigarria. Anaiak eta biok ordezko plan asko genituen aukeran, baina denek zuten ezinbesteko baldintza zerua urdin eta lurra lehor egotea. Hori dela eta, ondo pasatzeko aukerak urritzen hasiak zitzaizkigun. Gure amak Barbara du izena, eta liburuak itzultzen egiten du lan, etxean bertan. Aste hartan, beraz, bera izan zen gure oporretako asperraldien lehen biktima. Goiz osoa elkarrekin ondo pasatzeko moduak asmatzen ibili ondoren, agortua genuen jada errepertorioa, eta, zeharo gogaiturik, harrapaketan eta borrokan hasi ginen etxe osoan zehar. Borrokaldi horietako batean, ez zaio ba bururatu Oscarri ÂŤBurger CombatÂť bat antolatzea! Bai, badakit, izen hori entzunda, ezetz esan beharko niokeela, baina, jakin-minak zirikatuta, anaiari

12


ordukoan zer-nolako astakeria bururatu ote zitzaion jakin nahi izan nuen. Aurretiko beste deskalabru batzuetatik ezagutzen nion distira berezi hura begietan, Oscarrek pauso seguruz sukaldera jo, eta, hitzik esan gabe, hozkailua zabaldu zuen. Ketchup poto bat eta maionesa poto bat atera eta eskuetan eutsi zien, nire aurrean. Orduan, serio-serio begiratu eta honela esan zidan, lehenengo potoa luzatzen zidala: ÂŤHona hemen zure arma, soldadu. Zorte on, eta onenak irabaz dezala!Âť. Eta hori esatearekin batera, sukaldearen beste

13


muturreraino joan, potoa ireki, eta niregana zuzendu zuen, nahastura lirdingatsu hartatik zurrusta on bat jaurtitzeko intentzio argiarekin. Edozein aldetatik begiratuta ere, Oscarren zoritxarreko ideia tipiko horietako bat zen hura, eta hobe nukeen une hartan handik ospa egiteko aprobetxatu izan banu. Baina goiz-pasa txit aspergarri baten ondoren, anaiaren burutazioak bazuen bere grazia ere, eta, bitan pentsatu gabe, nik ere nire potea ireki nuen, neure burua defendatzeko prest. Zurrrust! Maionesa zurrustak ni ozta-ozta ukitu eta horman amaitu zuen. Zurrrust! Ketchupaz kontraeraso nion nik, baina, gutxigatik bada ere, nire zurrustak huts egin eta lurrean amaitu zuen. Hainbat eraso eta kontraerasoren ondoren, aitortu beharra dago ez sukaldeak ez guk ez geneukala oso itxura txukunik. Baina segur aski dena ondo atera izango zen, une hartan gure amari sukaldean sartzea otu izan ez balitzaio. Zurrrust! Zurrrust! Segundo bat geroago, zurrusta gorri eta hori bat zerion amari masail banatan behera. Oscar eta ni paralizatuta geratu ginen, amari ergel aurpegiz begira, gure armak, zeraâ&#x20AC;Ś, gure potoak

14


poliki-poliki beheratu eta mahai gainean uzten genituen bitartean. Normalean, gure ama nahiko lasaia da, baina haserretzen deneanâ&#x20AC;Ś, ufff! Telebistan ateratzen diren urakan horietako bat bezalakoa da. Eta ziur nengoen amaren aurpegiko parrastadek, gehi gureek eta sukaldekoek, haserrealdi epiko baterako adina emango zutela. Segundo gutxi batzuetan, hantxe geratu zen, geldi-geldi, begiak ireki gabe, tortura txinatar mota desberdinen artean zein jasanaraziko zigun pentsatzen segur aski. Hil ala biziko egoeran geunden: edo zerbait bururatzen zitzaigun berehala edo hantxe amaituko zen guretzat eguna. Orduan, Oscarrek ideia on bat izan zuelako aurpegia jarri zuen, eta, keinu batez, berari imitatzeko adieraz zidan. Amarengana hurbiltzen hasi ginen, astiro-astiro, edozein unetan


amak begiak ireki eta bost graduko kokoteko pare galanta emango ote zigun beldurrez. Ea azkenean egia zen ketchupak eta maionesak propietate paralizatzaileak zituztelaâ&#x20AC;Ś eta guk jakin ez! Poliki-poliki mugituz, amaren albo banatan aulki bat ipini, eta bertara igo ginen, haren aurpegira iristeko. Hori ikusirik, pentsatu nuen Oscarren ideia ama musuka biguntzekoa izango zela, baina, bat-batean, hara non ikusten dudan anaia amaren aurpegiko maionesa arrastoak miazten; eta nik, garuna erabat deskonektatuta ordurako, ketchup arrastoak garbituz imitatu nuen anaia. Ai, ai, ai! Zertan ari ginen, ordea? Gauzak eroeroan egin zaleen artean erregea nuen anaia, eta hori gutxi balitz bezala, nik atzetik segitzen nion. Horrek ezin zuen atarramendu onik izan.

16


Miliken erdian, amak begiak ireki, zezen haserre baten antzera putz egin, eta galaxiaz kanpoko sistemetan ere entzun bide zen oihu bat bota zuen. Txilioaren uhin hedakorrak aulkietatik bota gintuen, eta lurrean erorita geundela, aurpegira begiratu genion: lerde hori eta gorrizko nahasketa batez lohituta zeukan orain. Garrasiak ohartarazita, gure arreba txikia eta haren txakurtxoa agertu ziren sukaldeko atetik: Sara-Li eta Maxi, hurrenez hurren. Egoeraren arriskuaz jabeturik, hantxe geratu ziren biak, barrura sartzera ausartu gabe. Sara-Li txinatarra da jatorriz, eta guk baino hiru urte gutxiago ditu. Egun batean, Oscar eta nik bost urte bete genituen egunean, hain zuzen, amak eta aitak azaldu ziguten zorte handia genuela gurasoak genituelako, baina munduan haur asko zeudela ez amarik ez aitarik ez zutenak. Esan ziguten polita izango litzatekeela gure familia ume horietako batekin partekatu ahal izatea, eta galde egin ziguten ea gustatuko litzaigukeen arrebatxo bat izatea. Zertaz ari ziren oso ondo ulertu ez arren, oso ideia ona iruditu zitzaigun. Eta hala, ia urtebete geroago, gurasoak Txinara joan eta Sara-Lirekin batera etorri ziren bueltan.

17


Txikitatik, jada, gure arreba azeria baino bizkorragoa zen, eta gurasoek esaten zuten gu biak batera baino zentzudunagoa zela bera bakarrik. Arratsalde batean, amarekin kaletik zihoala, txakurtxo bat ikusi zuen kutxa batean abandonatuta, eta txakurra etxera eramateko konbentzitu zuen ama: ÂŤegun batzuetarako bakarrikÂť. Maxi ipini zion izena, eta orduz geroztik gurekin bizi da. Nahiz eta batzuetan festa zapuzten digun bere zentzutasun gehiegizko horrekin, gure arrebatxoa oso maitagarria da eta txora eginda gaude denok berarekin. Eta orain, bera eta Maxi atean zeuden, eszena ikusten, amak bere laser begiradaz alderik alde zulatzen gintuen bitartean. Horretan, ordea, telefonoak jo zuen. Behin. Birritan. Hirutanâ&#x20AC;Ś Amak zirkin egin gabe entzuten zuen telefonoa hoska, begirada gure gainetik kendu gabe. Azkenean, laugarren deian, arnasa sakon hartu, eta, hatz mehatxari bat guregana zuzenduta, sukaldetik atera zen, telefonoa hartzera. Osaba Alberto zen, amaren anaia. Ufa! Hori bai zorte ona! Anaiarekin hitz egiteak umore onez jartzen zuen beti gure ama. Agian, onik aterako ginen oraindik ataka haratik.

18


Badaezpada, Oscarrek bere beste burutazio horietako bat izan zezan baino lehen, egoerari aurrea hartu eta neroni arduratu nintzen sukaldeko garbiketa

antolatzeaz. Sara-Lik ere lagundu zigun. Izan ere, ama benetan haserretzen zenean, inoiz ez genekien nola amaituko zen kontua, eta, batzuetan, kakaztuta bukatzen zuen berak ere. Amak telefonoz hitz egiten bukatu zuenerako, sukaldea ia garbia zegoen. Txintik esan gabe, munduko pazientzia-erreserbak dagoeneko agortuak genituelako aurpegia erakutsiz agertu zen atean ama, baina trapua eskuan ikusi gintuenean, garbiketa-lana ia amaituta, begitartea lasaitu eta geldirik geratu zen une batez. â&#x20AC;&#x201D;Txiripaz libratu zarete â&#x20AC;&#x201D;esan zuen serio-serioâ&#x20AC;&#x201D;. Zorte handia izan duzue osabak deitu duelako; baina zigorretik libratzen bazarete, ez da horregatik, sukaldea garbitzen hasi zaretelako baizik. Berriz ere horrelakoren bat egiten badidazue, hortzetako eskuilarekin etxea eskobatzen jarriko zaituztet. Aditu?

19


Uf! Ez dakit nondik ateratzen ote zituen amak ideiak horiek, baina hobe genuen kontuz ibili eta maionesa eta ketchupa hanburgesetarako bakarrik utzi. —Mila-mila esker, amatxo! —esan zuen Oscarrek, amarengana aurpegi losintxariz inguratuz. —Ez hasi nirekin zurikeriatan, ziur nago-eta hau zure ideia izan dela! —esan zion amak—. Entzun ongi! Zuengana hona etorri banaiz, astebururako plan bat proposatzeko zen. Dirudienez, eguraldi ona izango dugu. Beraz, familia-irteera bat antola genezake, eta sotoan asperdurak jota daukagun kanpin-denda hori estreinatu. Zer iruditzen Hartzen Aintzirara joaten bagara? —Baaai! —egin genuen oihu denok batera. Une hartan ez genuen susmatu ere egiten abentura sail baten lehenengoa izango zela zorioneko egun hura.

20


Hartzen Aintzira

Izen hori irakurritakoan, ziur nago paraje eder baten irudia etorri zaizula burura, eta hartz pilo bat bertan, zuhaixka artean ezkutatuta, guri janaria noiz lapurtuko zain, ez da hala? Ez ba! Aitak esan zigunez, aspaldi da han animalia handirik ibiltzen ez dela; gizakia kenduta, noski. Aintzira toki polit-polit batean zegoen, basoz eta harrizko muino txikiz inguratua. Denbora puska batean autoa errepide estu-estu batetik gidatu ondoren, aintzira ertzeko soilgune batera heldu ginen. Aitak eman zigun abisua: â&#x20AC;&#x201D;Familia, iritsi gara! Eta autotik jaitsi eta luzaketa-ariketak egin bitartean, zera gehitu zuen: â&#x20AC;&#x201D;Ahhhâ&#x20AC;Ś! Hamar urte baino gehiago dira hona etortzen ez nintzela, baina berdin segitzen du denak. Mugi, atera zaitezte kanpora! Kanpamentua

21


muntatu behar dugu-eta. Primeran ibiliko gara hemen! Eta eskuak elkarrekin igurtziz berotu ondoren, maletategia ireki, eta han hasi zen aita trasteak atera eta atera, hilabete oso batez gelditzeko asmoa bagenu bezala. Eta hori amak ez ziola utzi nahi zuenaren erdia ere sartzen. Ahaztu baino lehen, aukera aprobetxatu nahi dut gure aita zuei aurkezteko: Alejandro du izena, baina mundu guztiak Alex deitzen dio. Alejandro deitzen dion pertsona bakarra gure ama da. Berarekin haserretzen denean deitzen dio hala. Tira, haserretzen denean, izenaz eta deituraz deitzen dio: «Alejandro Mediano!», esaten dio, matematika-andereño zorrotz baten doinuaz. Eta oso haserre jartzen denean, eta benetan min eman nahi dionean, orduan, Alejandro «Medario» esaten dio. Harrapatu duzu, ezta? Hitz-joko horrek hainbeste amorratzen badu, zeragatik dela uste dut: berak oraindik ez duelako antzeko bat aurkitu amari esateko; eta hori Barbara izenak «barbaridade» askotarako bidea ematen duela, ezta?

22


Aitak zaharkin-denda bat dauka hirian; ekialdeko artea du bereziki gustuko. Dena dela, istorio honetan ikusiko duzunez, baditu beste alderdi interesgarri batzuk ere, guk geuk ere artean ezagutzen ez genizkionak. Baina gatozen berriro Hartzen Aintzirara. Aitak autotik atera zuen traste pilo haren erdian, zaku erraldoi bat gailentzen zen beste guztien artetik: aurreko udan erositako kanpin-denda bat. Zakua zabaldu bezain laster, instrukzio-liburuxkari ez ikusia egin, eta han hasi zen aita hagaxkak, sokak eta gainerako material guztia ateratzen eta lurrean han-hemenka uzten. Hango nahaspila ikusi genuenean, Oscarrek eta biok elkarri begiratu eta garbi ikusi genuen, berehala, hura nola bukatuko zen; beraz, albo batean geratu ginen, aitaren maniobrei distantzia seguru batetik begira. —Ez al zenuke hobe instrukzioei jarraitzea? — galdetzen zion noizean behin amak. —Instrukzioak hasiberrientzat dira. Zuk utzi niri, eta ikusiko duzu! Di-da batean bukatuko dut. Bi ordu eta zazpi edo zortzi ika-mika geroago, denda muntatu gabe zegoen oraindik, eta aita ero moduan zebilen, lurrean lau hankatan jarrita, falta omen ziren —hori zioen berak— hagaxken bila.

23


—Denda hau gaizki dago! —esan zuen, izerdipatsetan—. Piezak falta zaizkio eta horrela ez dago inola ere muntatzerik. —Beharbada zure burua da akatsa daukana — erantzun zuen amak, lasai—. Begira, bazkaltzeko ordua gainean dugu. Oso une egokia izan daiteke instrukzioak irakurtzen hasteko, ez zaizu iruditzen? —esan zuen, aita zirikatzeko erabili ohi zuen doinutxo horrekin. Esan beharra daukat gure aita nahiko ona dela gauzak muntatzen. Horregatik, instrukzioetara jo behar izatea sakrilegioa egitearen parekoa zen berarentzat. Eta horrelakoetan, aitari gauzak okertzen hasten zaizkionean, amak izugarri gozatzen du beraren kontura. Ez zaituztet xehetasunekin aspertu nahi, baina, imajinatuko duzun bezala, amak instrukzioak irakurri eta ordu erdi batera, denda muntatua zegoen. Gainera, hau sorpresa!, pieza bat ere ez zen falta! Hala ere, aitak tematuta segitzen zuen berean, amak piezak ezkutatu zizkiola esanez. Bazkaltzeko ordua iritsi zenerako, prest genuen gure kanpamentutxoa. Mmm! Bat etorriko zara nirekin janaria askoz goxoagoa dela mendian etxean baino, ezta? Amak guri hainbeste gustatzen zaizkigun espageti horietakoak

24


prestatu zituen, eta, beraz, ase arte jan genuen. Batez ere Oscarrek; zerbait gustukoa duenean, ez dauka neurririk! Gurasoek hamaka batzuk eskegi zituzten zuhaitzetatik, eta, kanpamentua muntatzen goiz osoa lanean gogor eman ondoren, bazkaria jaisteko onena lo-kuluxka bat egitea zela erabaki zuten.

25


Sara-Lik berekin ekarria zuen bere bilduma kuttuneko azken liburua, eta berak ere nahiago izan zuen hantxe gelditu, hamakan, tarte batez irakurtzen. Gure arrebak nahi zuena egin zezakeen, baina gu ez geunden prest tripaz gora etzanda gelditzeko, inguruan ikusteko hainbeste txoko egonda. Beraz, ingurumariak esploratzera joateko baimena eskatu genien gurasoei, eta baietz, joan gintezkeela esan ziguten, baldin eta Maxi gurekin eramaten bagenuen. Motxilan ur eta janari pixka bat hartu, eta kanpamentutik urruti ez zegoen muino baterantz abiatu ginen. Aintziraren gaineko bista ederrak izateko itxura osoa zuen tokiak. Gu bioi izugarri gustatzen zaigu malkarretan gora eta harriz harri saltoka ibiltzea, baina orduko hartan bide errazak bilatu behar izan genituen: Maxi gurekin zetorren eta berak ezin zuen eskalatu. Baina bidea erraza izan arren, batetik bestera saltoka ibiliz entretenitu ginen bidean topatu genuen harri-multzo bakoitzean. Hori dela eta, neka-neka eginda iritsi ginen gainera. Hori bai, ederki gozatu genuen hango bista ederrekin. Ur trago bat eta atseden pixka bat hartzera eseri ginen; baina, halako batean, hara non hasten den Maxi ero moduan zaunka, hodeietara begira jarrita. Bera lasaitzen saiatu ginen, baina ezin.

26


Bat-batean, zaunka handiagoak egiten hasi zen, eta une horretan, suzko hiru bola igaro ziren gure aurretik, bai eta berehala aienatu ere, izar iheskorren moduan. â&#x20AC;&#x201D;Uaaau! Ikusi al duzu hori? â&#x20AC;&#x201D;galdetu nuen nik, zutituta. Oscar ere zutitu zen, eta baietz egin zuen buruaz, aho-zabalik. Izar iheskorrak egun argiz! Horrelakorik sekula ikusi gabeak ginen! Horietako azkena desagertu zen aldera begira geundela, zaunka hasi zen berriro Maxi. Bat-batean, gure eskuinean, argizko beste bola bat agertu zen, aurrekoak baino handiagoa. Ikaragarria izan zen!

27


â&#x20AC;&#x201D;Arraioa! â&#x20AC;&#x201D;esan zuen Oscarrek, gorputza makurtuz. Oraingo honetan, bola ez zen desagertu. Zerua alderik alde gurutzatu eta lurra jo zuen, aintziraren beste aldean. Kezko lorratz luze bat utzia zuen bere ibilbidean, poliki-poliki deseginez joan zena.

28


Distira argitsu txiki bat eta enbor hautsien karraska urrun bat izan ezik, ez genuen beste ezer ikusi, ez entzun. Gurasoak artean lotan bazeuden, oso litekeena zen ezertaz jabetu ez izana. Zuhaitzen gainetik ageri zen ke-zutabe mehe batek talka non gertatu zen seinalatzen zuen, baina, handik minutu gutxira, han inoiz egon ez balitz bezala aienatu zen zutabea. Maxiren zaunka urduriak errealitatera ekarri gintuen bueltan, eta Oscar niregana jiratu zen, zur eta lur: —Meteorito bat al zen hori? —galdetu zuen—. Meteorito bat erori da gure muturraren aurrean? Uau! Flipatzekoa benetan! Ikusi duzu nola jo duen lurra? Ikusi duzu nola desagertu den kea? Ikusi duzu nola…? —jarraitu zuen galderak egin eta egin, metraileta baten moduan. —Bale, bale…! Zuk ikusi duzun gauza bera ikusi dut nik ere —esan nuen, anaia lasaitze aldera—. Behera jaitsi eta gurasoei kontatu behar diegu. Ez da kanpamentutik oso urrun erori. —A, ez! Hori ez! Ikusi duguna kontatzen badiegu, etxera bueltatuko gara, ez izan zalantzarik! Eta, orduan, agur kanpaldia! —erantzun zuen Oscarrek—. Ezta pentsatu ere. Ez dut ezergatik ere galdu nahi basoan erori den hori ikusteko aukera.

29


Anaia pentsakor geratu zen une batez, eta, nire aurrean jarrita, honela esan zidan. â&#x20AC;&#x201D;Entzun! Hauxe egingo duguâ&#x20AC;Ś

30

Profile for Julio Santos

Txano eta Oscar 1 - Harri berdea (Kap.1-2)  

Kaixo! Txano dut izena, eta anaia biki bat dut: Oscar. Ikusi al duzu inoiz meteorito bat zerutik erortzen? Ba, guk bai… Uda hasieran, txango...

Txano eta Oscar 1 - Harri berdea (Kap.1-2)  

Kaixo! Txano dut izena, eta anaia biki bat dut: Oscar. Ikusi al duzu inoiz meteorito bat zerutik erortzen? Ba, guk bai… Uda hasieran, txango...

Profile for jsgmendi
Advertisement