Itziarko Auzo Udalak hamar urte
Egitarau berezia otsailaren 26tik martxoaren 2ra
Egitarau berezia otsailaren 26tik martxoaren 2ra
2015eko otsailaren 27an egindako ekitaldian jarri zen abian Itziarko Auzo Udala, ahalmena emango zion Foru Dekretua onartzearekin batera. Aurretik, prozesu eratzaile luze eta zaila gainditu zuen, babes sozial nabarmena jasoaz. Horren adierazle dira negoziaketa korapilatsuak eta herritarrei egindako galdeketen emaitzak. Egoera hauskor hartan hutsetik gorpuztu genuen Itziarko Auzo Udala, jendartean ahalegin eta itxaropenaz. Hamar urte pasa dira harrezkero, eta ia ahaztuak ditugu hasierako gorabehera haiek, egunerokoaren normalizazio seinale.
Lehendik zetorren antolaketa herritarraren ohitura aintzat hartuz, gobernantza eredu parte-hartzailearen aldeko hautua egin genuen. Horrela, batzar bidezko funtzionamendua eta ohiko hautes sistemaren arteko oreka hauskorrak ezaugarritu du orain arte entitate txikia. Hortik sortu zen Talde Eragilea, eta herritar ugari aritu gara urte hauetan, konpromisoz eta borondatezko lanean. Ezintasun eta buruhausteen gainetik ikasketa prozesu ederra izaten ari da guztiontzat, eta hala izaten jarraitzea nahi genuke.
Denbora honek auzo udalaren eredua eta funtzionamendua barneratu eta sendotzeko balio izan du, oraindik asko dagoen arren hobetzeko, besteak
beste guztiz garatu gabeko eskuduntzak. Nabarmenak dira aurrerapausoak, eta pixkanaka egindako hobekuntzen ondoan azpimarratu ditzakegu aurreko legealdian erdietsitako hitzarmenak, erakundeen arteko egungo aitortza eta lankidetzaren abiapuntu.
Aldez aurretik Ereñotzu zen tokiko entitate txiki bakarra Gipuzkoan, ondoren etorri zen Itziarko Udala. Kudeaketa herritarrengana hurbildu eta emaitza zuzenak erdiesteko erreferentzia gisa har daiteke. Geroztik herrialdeko herrixka gehiagok ere hasia du deszentralizazio administratiboaren bidea. Aurrera begira entitate horiekiko elkarlanak erakunde nagusiekiko harremanean ildo amankomunak kudeatzeko bidea erraztuko du.
Mundu globalizatuan, bizi dugun paradigma aldaketaren erdian, eta ziurgabetasunak inguratuta, jokoan dago herri eta komunitate txikien biziraupena. Demografia arazoak, etxebizitza, ekonomia, zerbitzuak, zaintza, ingurumenaren galera… Ez dira erronka makalak, horiei aurre egiteko tresna ahaltsurik izan ez arren, bere xumetasunetik Itziarko Auzo Udalak herritarren arteko bizikidetza eta antolaketa garatu ditzake.
Edonola ere ospatzekoak dira hamar urte. Behin betetzen direlako eta etorkizun emankorra opa diogulako Itziarko Auzo Udalari. Hortik, urtemuga honen bueltan egitarau xume hau borobildu dugu herritar guztiontzat, dagokion garrantzia eman eta ekarpenak tolestuz. Urteak osorik du errekonozimendu kutsua, hortik, otsail-martxoko oroitze eskaintzaz gain, bultzadaz baliatu eta lehendik esperoan ditugun lanak ere burutuko ditugu. Ikerketa sozioekonomikoa izango da ardatza udaberritik aurrera.
Otsailak 27 osteguna
18:30 – Lasturko eleizan
Sorkuntza artistikoa collage erara
Otsailaren 26tik martxoaren 30era
Burugorri Ostatuan
Irekiera:
Otsailak 26 asteazkena, 19:00etan
Auzolanean ondutako film
honek Pello Mari Otaño (Zizurkil 1857 - Rosario, Argentina 1910) bertsolari-poeta ezagutara eman nahi du belaunaldi berrientzat, bera izan zelako bere garaian euskal kulturaren egile bikain eta sortzaileenetariko bat.
Iraupena: 115 min
Ondoren solasaldia
Patxi Bisquert zuzendariarekin
info +: pellomariotañoauzolana.eus
Otsailak 28 ostirala
21:00 – Bikain jatetxean
25€ – Txartelak salgai: Bikainen eta harrera bulegoan
Martxoak 1 zapatua
16:30 – Kalebarrenean
Antolatzailea: Itziarko Larrabehi Elkartea
Martxoak 2 igandea
11: 30 – Herriko plazan
11:30etan harrera
Musika zuzenean: Kattalin Zubizarreta eta Ane Sarasua
12:00etan ekitaldi ofiziala
Aurkezle lanetan Mikel Arrizabalaga
10 urteko Itziarko umeek dantza egingo dute
Ordezkarien agerraldia:
- Alazne Txurruka, Debako alkatea
- Eider Mendoza, Gipuzkoako ahaldun nagusia
- Arantza Egaña, Itziarko alkatea
12:30etan luntxa, bertako produktuekin egina
Amaieran hagin landare bana emango zaie bertaratu diren herritarrei
13:15etan KANPAI KONTZERTUA
Arientzako kanpaijole eskolaren eskutik
Eguralditik babesteko, karpa estalia atonduko da ekitaldirako
Martxoak 2 igandea
13: 15 – Kanpandorretik
Arientzako kanpai-jole eskolaren eskutik
Kanpai hotsa ezinbestekoa izan da kodigo bitartez albiste eta seinaleak emateko. Herri guztiak entzuteko moduan izan dira jarriak, elizen punturik altuenetan. Kanpai denak dira ezberdinak eta ezberdin entzuten dira.
Itziarko kanpandorreak sei kanpai ditu. Horietatik bi haundiak dira eta erdian finkatuta daude. Mihia mugituz jotzekoak dira, zuzenean eskuarekin edo soka batekin.
Beste laurak bueltaka jotzen dutenak dira, leihoetan ikusten direnak hain zuzen. Hauen doinua finagoa da.
Kanpaijolearen ekarpena zen kanpaiak mugitzeaz gain bata eta bestearen arteko koordinazioa. Jakituria horren transmisioa, belaunaldiz belaunaldi egin da. Egunero jotzen ziren eta egunero entzun. Itziarren Xabin Agerre izan zen lan horretan azkena, eta 90eko hamarkada amaieran laga zion.
Kanpaiak jotzeko jakituria jaso eta jarraipena eman nahian sortu zuten 2007an Arientzako kanpai jole eskola. Metodo berritzaileak asmatu eta kanpaiak jotzen ikastea dute helburu. Geroztik toki ezberdinetan ibili dira eta harremanak sortu, gorde beharrekoa den ondare hau ezagutarazten.
Saio berezia prestatu dute Itziarrako. Buelta kanpaiak jarri ondoren joaldiak egingo dituzte kanpandorreko kanpaiak baliatuz.
Errealitate sozial eta ekonomikoaren erradiografia zehatzik gabe aritu da Itziarko Auzo Udala, 2015ean eratu zenetik. Begibistakoak dira bien bitartean jasandako aldaketa sakonak, mundu mailan zein inguruko bizimoduan.
Gauzak horrela, ikerketa sozioekonomikoa iragarri genuen, testuinguruaren irakurketa tekniko bat egin eta datozkigun erronkei aurre egiteko. Pandemiak ekarritako arazoak batetik, eta bestelako lehentasunak bestetik, atzeratuz joan zaigu betekizun hau. Orain, perspektiba zabalagoarekin ekingo diogu ikerketari eta hauxe izango da hamargarren urteurrenaren egitasmo nagusia.
Azterlan honen helburu nagusia da dugun egoeraren diagnostiko ahalik eta osoena egitea, garapen sozial eta ekonomikoan eragiten duten arlo nagusiak eta horietan esku-hartzen duten agenteak aztertuz. Garrantzi handikoak eta oso erabilgarriak izango dira inkesta honen emaitzak, garapen integral eta iraunkorra bideratzeko orientabideak emango baitituzte.
1
Hiru partetan burutuko dugu ikerketa:
INKESTA, udaberrian zehar.
Informazio zuzenaren bilketa gauzatuko dugu lehenik, horretarako ekoiztutako inprimakiak herritar guztiei banatuz. Etxez-etxe egingo da inkesta, eta bolondres taldea arduratuko da lanaz. Inprimakiez gain, inkesta digitalki osatzeko modua ere erraztuko da. Etxebizitza eta familia guztiekin kontaktatzeko saiakera egingo da, ahalik eta herritar gehienen erantzunak jasotzeko. Etxez-etxeko lana abiatzekoa denean auzo udalak jakinaren gainean jarriko ditu herritarrak, parte hartzeko deia eginaz.
2
DIAGNOSTIKOA, udan zehar.
Herritarren eskutik informazio bilketa eta bestelako datu iturrietatik jasotako landa-lan osoa egin eta gero, egoera sozioekonomikoari buruzko diagnostikoa jorratuko du horretarako kontratatutako ikerketaren aditu taldeak.
3
EMAITZAK ETA ONDORIOAK, udazkenean.
Azterketaren emaitzak eta ondorioak paperean argitaratu eta banatuko ditugu. Ondoren jendaurreko aurkezpenak egingo ditugu, testuinguruan jarriz. Era berean, ikerketan nabarmendutajo ildo nagusien inguruan hausnarketa eta eztabaida jardunaldiak antolatuko ditu Itziarko Auzo Udalak.
ITZIARKO AUZO UDALA 2015 – 2025