EH BILDU: GETXO PUNTUZ PUNTU. 2015-2019 HERRI PROGRAMA
1-. HERRI PARTAIDETZA 1.1- Udalaren demokratizazioa. Herritarrei udala zabaldu 1.2- Kudeaketa eredu gardena: 2-. KULTUR ANIZTASUNA 3-. ENPLEGUA, POLITIKA FEMINISTA, MERKARATIZA, TURISMOA ETA TOKIKO GARAPENA 4-. ELIKADURA SUBIROTASUNA 5-. kULTURA 6-. EUSKARA 7-. GAZTE POLITIKA 8-. KIROLA 9-. LURRALDE ANTOLAKETA 10-. ETXEBIZITZA 11-. GIZARTE POLITIKA 12-. POLITIKA FEMINISTA 13-. HONDAKINAK
EH BILDU GETXO: 2015-2019 HERRI PROGRAMA HERRITARREN PARTEHARTZEA Gaur egungo sistemak herritarrok erabakitze guneetatik urrundu gaitu eta demokrazia aldian behin bozkatzera mugatzen da. Horregatik premiazkoa da gure erabakiak hartu ahal izateko beharrezko baliabideak berreskuratzea. Herritarrei bermatu behar zaizkie informaziorako eta gai publikoetan parte hartze zuzenerako tresnak. Gaur egun parte hartzeko aukerak ez dira berdinak guztiontzat; honengatik gazte, emakume eta etorkinen parte hartzea sustatzeko inbertsioak egin behar dira. Herritarrek sortutako auzolan dinamikak sustatu behar ditugu. Getxo bizia eraikitzeko gizarte mugimendu indartsua behar dugu, zeinek bere gune sozial eta politikoa garatuko duen. Autoantolakuntza sustatu, gizarte sareak eta auzoetako elkarteak sustatu eta babestea zeharo beharrezkoak ikusten dugu. Udalaren demokratizazioa: Udala herritarrei zabaldu Gure Udalean, parte hartze prozesu baten ondorioz, Barne Araudian txertatuko den Parte Hartze ordenantza bat onetsiko da. Ordenantza honek gutxieneko ondorengo eskubideak jasoko ditu: 1. Udal Osoko Bilkuretan zuzenean hitz egin eta proposamenak egiteko eskubidea aitortuko zaie herritar eta elkarteei. 2. Informazio Udal Batzordeetan herritar eta gizarte eragileak egoteko eskubidea. Udal Batzorde irekiak. 3. Udal arduradunek audientzia eman beharko diete herritar eta gizarte eragileei. Aurrekontu parte hartzaileak eta urtero aurrekontuak Osoko Bilkuran aurkezteko beharra. 4. Proiektu zein udal aurrekontuen egoerarekin, gardentasunaren beharra. 5. Gizarte eragileek izendatuko duten ordezkariekin osatutako parte hartze foro eraginkorrak sortuko dira, non emakume eta gizonen parte hartze orekatua eta migranteen parte hartzea bermatuko diren. 6. Kontsultako eta herri-ekimenetarako eskubidea, herri galdeketa egitekoa barne. 7. Herri Planeamendua egiteko edota berrikusteko prozedura parte hartzaileak martxan jarriko dira. Honen inguruko azken erabakia herri galdeketaz edo erreferendumez egingo da.
8. Udal komunikabideen gestioa gardena eta parte hartzailea izatea; Getxoko Udal Medioen Kontrol Kontseilua berreskuratuz eta bertan talde politiko guztiei eta herri eragileei lekua emanez. 9. Osoko Bilkura gutxienez urtean hirutan auzoetara hurbildu, Areeta-Romo, Algorta eta Andra Marira. 10. Udal azpiegiturei, batez ere, udaltzaingoaren prentsa bulegoari, erabilera publikoa ematea: talde politiko guztientzat zein elkarteentzat. 11. Udalak sustatutako parte hartze foro guztiek haurreskola zerbitzua eskaintzea. 12. Parte hartze zinegotzigoa sortzea. 13. Hiru hilabetean behin, larunbat goiz batean herritar eta eragileen mozioak eztabaidatzeko osoko bilkura egingo da. 14. Udal aurrekontu parte hartzaileak bultzatzea. 15. Kultur etxeak asteburuetan erabilgarri egon daitezen lan egingo dugu. 16. Udalak jabetzan dituen lokalen zerrenda publikoa egingo dugu, haiek nork eta zertarako erabiltzen dituen argitaratuz; era berean, haien egokitze eta emate prozesu gardena sustatuko dugu. 17. Udalak lokal pribatuak udalerriko elkarteen erabilerarako zabaltzeko bitartekaritza prozedura abiatuko du, haien jabeei behar besteko bermeak eskainiz. Kudeaketa gardenaren eredua: Hautetsien diru sarrerak, jarduera publiko zein pribatutik datozelarik, publikoak izango dira. Datu horiek biltzen dituzten erregistroak publikoak izango dira eta edozeinek eskuragarri izango ditu. 1. Ondoko konpromiso zehatzak hartzen ditugu: Getxoko gaur egungo liberatuen kopurua 32tik 19ra murriztuko dugu eta hautetsien soldatak %20an jaitsiko ditugu. 2. Udalaren kudeaketa ekonomikoaren kontu ikuskaritza egingo dugu. 3. Kautela-neurri gisa, ustelkeria edo ondasun publikoen bidegabeko erabiltzeagatik ikertuak diren pertsonek kargua utzi beharko dute, gutxienez ikerketa bukatu arte. 4. Ustelkeria edo ondasun publikoen bidegabeko erabiltzeagatik inputatuak diren hautetsiei dagozkien erantzukizunak exijituko zaizkie, baita bere kargu guztietan dimititzea ere. 5. Gestio eta instalazio publikoen kudeaketa zuzena gure ildo orokorra izango da entitate publikoetan. Horretarako gaur egun kanpora ateratako zerbitzuen mapa egingo da, modu progresibo batez kudeaketa zuzenera pasa daitezen helburuarekin.
6. Enpresa publikoetan kontrataziorik balego, kudeaketa gardena bermatuko duten bitartekoez baliatuko gara eta, kasu guztietan kontratazio publikoen gaineko legedia aintzat hartuko da. Era berean, publizitate eta aukeraberdintasunen printzipioak kontuan hartuko dira arduradunen karguak izendatzerakoan. Gaur egun ematen diren entxufismo kasuak ekiditeko neurriak hartuko dira. 7. Obra eta zerbitzuen kontratazioetan, irizpide orokor bezala, lehiaketa publikoa erabiliko da, urgentziazko prozedura ekidinez. Publikoak izango dira baldintza pleguak eta eskaintzen irekiera prozedura, baita legeak hau bezain gardenak ez diren beste aukera batzuk ematen baditu ere. 8. Esleipen prozesuetan ezin izango da kontratazio mahaian egon esleipen edo lehiaketan parte hartzen duten enpresako langileekiko familia harremana duen inor hirugarren gradura arte. Laguntasun edo alderdikidetasun harremanak ere zentzu berdinean arautu beharko dira. 9. Edozein langile publiko kontratatzerako orduan oposaketa edo oposaketalehiaketa prozedura martxan jarriko da, publizitate eta aukera-berdintasunen printzipioak bermatuz. 10. Udal aurrekontuei publizitatea emango zaie, herritarrentzat ulergarri izango direla bermatuz. Aurrekontuak herritarren eskura egongo dira beti, edozein partidatan aldaketa bat egiten denean jendea jakinaren gainean egon ahal izateko. Aurrekontuetan genero ikuspegia txertatzeko proiektu pilotua zabalduko dugu gero, progresiboki, arlo guztietara zabalduko dena. 11. Gardentasun faltaren susmorik balego, kontuen fiskalizazioa hirugarren baten esku utziko da: herritar zein eragile sozialek fiskalizatzeko organoetan parte hartu ahal izateko neurriak hartuko dira. 12. Kontratu ezberdinetako baldintza-pleguetan gizarte-klausulak sartuko dira. 13. Udalak kontratu publikoen jarraipena egingo du, bereziki lan baldintzak eta kontratuan finkatutako klausula sozialak betetzen diren ala ez.
JATORRIA, KULTURA ETA ANIZTASUNA Getxoztarrak dira Getxon bere bizi proiektua garatu nahi duten guztiak, eta pertsonen jaiotze lekuak ez du eskubideen gainean inolako eraginik izango. 1. Gure gobernuak kulturartekotasun printzipioa aintzat hartuko du zeharkakoak diren beste arlo batzuekin batera (euskararen normalkuntza eta biziberritzea, emakume eta gizonen arteko berdintasuna, aniztasun funtzionala, e.a) 2. Etorkinen harrerarako osoko modeloa definituko dugu gizarte entitateekin eta instituzioekin (Osakidetza, Heziketa Saila, Lanbide,..). Modelo honek Getxon egoitza ezarriko duten etorkinen behar bereziei erantzungo die (informazioa, prestakuntza, hizkuntza harrera, udal baliabideak, inguruaren ezagutza, ...) 3. Etorkinen eta migrazio eta kulturartekotasun munduan diharduten elkarteen parte hartze politiko eta sozialerako mekanismoak bideratuko dira. Bertoko herritarrek, etorkinek edo bietako pertsonek osatutako lantaldean aritzeko oinarriak definituko dira. 4. Gaztaro eta haurtzaroarekin lotutako esparruetan parte hartu dezaten etorkinak gonbidatu, honela elkar ezagutza hobetzeko (jolasak, hitzaldiak, ipuinak, elkarrizketak, ...) 5. Etorkinentzako arreta eta informazio zerbitzuak martxan jarri, eta udal baliabide eta zerbitzuak udaleko pertsona guztiei zabaldu beren jatorria kontuan hartu barik (etxebizitza, gizarte zerbitzuak, diru-laguntzak, aisialdia, e.a.). 6. Atzerritartasun legeak eta bestelakoek urratzen dituzten eskubideez gozatu ahal izateko Getxoko biztanle guztiak babestu. Horretarako, aholkularitza juridikoa emango da eta ez da oztoporik jarriko udal erroldan sartzeko, hau ezinbestekoa baita giza eskubideen aitortzarako. Udalak errentatzaile, errentatzaileazpi nahiz pertsona enplegulariek errolda xantaiarako gailu gisa erabil ez dezaten behar adina tresna ezarriko ditu. 7. Udal zerbitzu eta baliabideen gaineko dokumentuak hizkuntza ezberdinetan argitaratu (posible den neurrian), tokiko elkarteekin elkar lanean. 8. Herri mailako ekimen kultural guztiak (jaietakoak, kirolekoak, gastronomikoak, e.a.) Getxon bizi diren jatorri guztietako pertsonen parte hartzea sustatzeko diseinatzea, eta ekimenetan kultura guztien presentzia bultzatzea. 9. Kulturartekotasun jardunaldiak bultzatuko dira, gizarte osoaren parte hartzea sustatuz. 10. Euskara Getxoztarren amankomuneko eta elkar trukerako hizkuntza bihurtu, denok identitate anitz batean oinarrituta kohesionatuko gaituena. 11. Baliabideak jarri euskara ikastea dohakoa izatera heltzeko.
12. Bizikidetza eta sozializaziorako elementu bezala euskara ikasi: euskararen erabilpenerako ekimenak antolatu (mendirako irteerak, bisita gidatuak, bazkariak, e.a.) 13. Aniztasun kulturalaren aldeko eta diskriminazioren aurkako sentsibilizazio kanpainak indartu (zurrumurruen kontrakoak...). Kanpaina hauek beste elkarte, erakunde eta udalekin batera koordinatu behar dira. 14. Xenofobia eta arrazakeriaren kontra lan egiten duten elkarteekin harremanak sendotu, lan integrala egin dadin. 15. Urtero egoeraren azterketa egin, horren ondorioz premiazko neurri eraginkorrak hartu ahal izateko eta diagnostikoa publikoki aurkeztuz. 16. Administrazioko langileak, udaltzaingoa batik bat, aniztasunaren balore eta printzipioetan hezi, udalerriko biztanleekin begirune egokia izan dezaten. 17. Ez galdetu jatorrizko nazionalitateaz jendeak bete behar duten inprimaki arruntetan, soilik helburu estatistikoa duten kasuetan. 18. Salatu eta publikoki gaitzetsi xenofobia edota arrazismo kasu guztiak. 19. Aniztasuna erakutsi diru publikoz antolaturiko ekitaldi guztietan (kartela, bideoak, argazkiak...). 20. Migrazio politikak diruz lagunduko dira eta arlo horretan behar adina langile ezarriko dira.
ENPLEGUA, EKONOMIA FEMINISTA, TOKIKO GARAPENA, MERKATARITZA ETA TURISMOA Pertsona orok duina eta kalitatezkoa den enplegua izateko eskubidea du. Soldatak bizitza duin eta autonomoa bermatu behar du. Gizarte eredu berri bat eraiki nahi dugunontzat ondasunen banaketa ezinbestekoa izanik, lanaren banaketaren eztabaidari ekin behar diogu. Lanaz ari garenean bere osotasunean oratu behar diogu. Bizitza ahalbidetzen duten ezinbesteko lanak kontuan izan behar ditugu, etxeko lanak eta zaintzarako lanak, besteak beste. Bizitza eta produktibitatea posible egiten duten heinean, lan hauek aintzat hartu eta bere balioa emango dieten politikak sustatu behar ditugu. Orokorrean, Euskal Herriari zein Getxori lan-merkatuaren arautzea eta gizarte babesa ukatu egiten zaizkio; hauetan ere beste gizarte modelo alternatibo bat sortzeko independentzia ekonomikoak duen garrantzia azpimarratu behar dugu. Turismoa lanpostuak sortzen eta deslokalizatu ezin daitekeen sektorea da. Gure eskaintza turistikoa ezin da beste inora eraman. Honegatik argi izan behar dugu baliabide honek mugak dituela eta ezin dugula zentzugabekeriaz ustiatu. Euskal Herrira datorren turista oro gure errealitatearen bozeramaile izango dela kontuan izan behar dugu; turismo honek ondasun ekonomikoa ekartzeaz gain gure ondasun kulturala mundu guztian zehar zabaltzeko aukera ematen digu. Gure xedea ingurumen, gizarte eta herriarekin arduratsu den turismoa sustatzea da. Salmenta-azalera handiko merkatal guneak sistema kapitalistak sustatzen duen kontsumismo basatiaren ispilu dira. Sistema honek aisialdirako proposatzen duen bakarra kontsumitzea da. Gure ustez, tokiko merkataritza sustatu behar den esparru ekonomikoa da. Udalerriko kale eta auzoei bizia ematen die eta giza harremanak errazten ditu. 1. Zaintzarako behatoki bat martxan jartzea: epe ertainera udalerriko pertsona oro zaindua izatea bermatzeko beharrezko neurrien identifikaziorako organoa. Pertsona oro zaindua izateko bermea, beti ere udal mailako konpromisoari eta hartutako neurri politikoei esker. Izan ere, gaur egun esplotazio anitzei esker (ama-alaba-emazteen maitasunagatik eta musu truk egindako lana barne) bermatzen da pertsona askoren zaintza. 2. Lan publiko guztietan lan-hitzarmenen baldintzak betetzen direla bermatuko dugu. Udalean gelditzen diren OPE guztiak egin.
3. Lan-hitzarmenak eta klausula sozialak errespetatzen dituzten enpresak lehenetsiko ditugu. 4. Kontratazio publikoan azpikontratekin bukatuko dugu. 5. 1.075 euroko gutxieneko soldataren aldarrikapena egingo dugu eta errespetatzearen alde lan egingo dugu. 6. ETTkin ez dugu inoiz kontratatuko eta Udalarentzat lan egiten duten enpresek ETTen bitartez langileak kontratatzea saihestuko dugu. 7. Gaur egun pribatizatuta dauden zerbitzu publiko guztien azterketa egingo dugu, ondoren, posible bada, berriro publikoak bihurtzeko prozesuak abian jartzeko. 8. Klausula sozialak: erakunde bezala erosketa publikoetan eta kontratazioetan klausula sozialak txertatzeko konpromisoa hartzen dugu. Klausula hauen bitartez gure konpromisoa berretsi nahi dugu ondoko gaiekin: lan-hitzarmenak, ingurugiroa zaintzeko neurriak, hizkuntza irizpideak betetzea, jenero berdintasuna bermatzea eta ezintasun motaren bat duten langileak lanmerkatuan txertatzea. 9. Getxoko udal langileek ez dute ordu estrarik egingo, zerbitzu berezietan izan ezik. 10. Udal komunikabideak erabili lan istripuak saltzeko eta hauen kontra borrokatzeko. Urtean behin (apirilaren 28an) adierazpen instituzionala egingo da. 11. Lantokiko sexu jazarpena salatu eta borrokatuko duten kanpainak abiatuko dira, bereziki kaltetuak izan daitezken lan eremu zein sektore feminizatuetan (etxeko beharginak) arreta berezia ezarriz. 12. Tokiko Garapenaren Agentzia sortuko dugu. Eragileekin batera, entitate hau izango da lan eta ekonomia sustatzeko planak abiatuz udalerrian eskura dauden baliabideak diseinatu, koordinatu, mobilizatu eta gestionatuko dituena. 13. Autoenplegu kolektiboa sustatzeko planak egin, batez ere emakumeen kasuetan. Kooperatiba formatoa lehenetsiko da kasu guztietan. 14. Emakumeen kooperatibak bideragarri egiteko aholkularitza zerbitzuak martxan jarri, arreta berezia kaltetutako eta feminizatutako sektoreetan ipiniz (etxeko beharginak). Etxeko langileek euren lan eskubideetaz informazioa eta aholkularitza jaso ditzaten udal bulego bat zabaldu. 15. Gehien kaltetutako giza sektoreentzako (gazteak, emakumeak, iraupen luzeko langabeak) lanpostuak sustatzeko ekinbidea abiatuko da, haientzako espreski bideratutako lan poltsa sortuz. 16. Baserritar gazteei aukerak emate aldera, udal lur zoruak salneurri txikian alokatzeko posibilitatea aztertuko dugu; udal lurren lur bankua sortuz. 17. Ekonomia sozial eraldatzailean oinarritutako proiektuetarako aholkularitzazerbitzuak eta laguntza ekonomikoa martxan jartzea. 18. Kalitatezko turismo-prestakuntza zehatza sustatzea, turismo iraunkor eta alternatiboaren ereduarekin lotuta egongo dena.
19. Turismo iraunkorreko plan integralak dituzten beste turismo jomuga batzuekin, esperientziak, ideiak eta prestakuntzari buruzko informazioa trukatzeko harremanak, elkarlana edota senidetzeak sustatzea. Adibidez surf turismoaren plan integrala (Sopela) edo antzekoak, arlo horretan lanean dauden udalerriko elkarte ezberdinekin elkarlanean (Skate eskola, Getxo Surf...). 20. Udal kanpaleku eta aterpea osatzea bultzatuko dugu, publikoak, eta autokarabanentzako aparkalekua ezartzea, turismo jasangarria sustatze aldera, ahalmen ekonomiko txiki zein ertaina duten bisitari zein getxoztarrentzat. 21. Ibilbide historiko kulturalak sustatu. Horretarako Getxok eskaintzen dituen bide ezberdinak promozionatuko dira, gure herriak dituen leku adierazgarrienetako batzuk ezagutzera emanez. 22. Arrantza eta itsasoaren gaineko Museo Etnografikoa sortu Algortako portu zaharrean; horietan arrantza ondarearen berreskurapenean lan egiten duten herritar eta herri eragileei lekua eman (batelen konponketa...). 23. Salmenta-azalera handiko merkatal gune berriak zabaltzea galarazi, baita inguruko herriei presio neurriak egin. Horretarako getxoztarrak kontzientzatzeko kanpainak sustatuko dira, proiektu handi horien kalteak ezagutaraziz: auzoen desertifikazioa, komertzio txikiaren desagerpena, ibilgailuekiko mendekotasuna, agroindustria... 24. Udalerriko auzo guztietako merkatari eta ostalariekin osatuko den Merkataritza Sustapen mahaia sortzea, baita interesa duten norbanakoekin ere, arlo horetan har litezkeen neurriak adosteko. 25. Tokiko merkataritzaren aldeko kanpainak egin eta herritarrei herrian kontsumitzearen abantailak zabaldu. 26. Udal lanpostuen sustatze bidea abian jarriko da, udalaren menpeko ostatuak (Ambigu, Benta, Gobela...) getxoztar langabeek kudea ditzaten. 27. Getxoko merkatari eta ostalariek antolatzen dituzten ekimen sozial eta kulturaletan lagundu eta udaletik datorren eskaintzarekin bat egiteko era bilatu. 28. Tokiko merkataritza eta arrantzan eta nekazaritzan dabiltzan pertsonen arteko lankidetza sustatu. Azokek, adibidez, lehen sektorea indartzeko balio dute, eta aldi berean, kanpoko jendea erakartzen dute gure herrira, merkatari eta ostalarientzat lagungarria dena. 29. Tokiko merkatari txikiek inguruan ekoiztutako elikagaiak zuzen erosi ditzaten eta gero saldu ditzaten neurriak hartu. 30. Inguruan ekoiztutako elikagaiak gutxieneko portzentai batean eta salneurri duin batean saltzen dituzten tokiko merkatarien errolda egin. 31. Teknologia berriak erabiltzen eta merkataritza eraberritzen dituzten proiektuak sustatu. 32. Tokiko azokak eraberritu eta tokiko produktuen eskaintza egonkorra dagoela bermatzeko planak sustatu. Adibidez, kale salmenta erraztuz edo behintzat ez zigortuz.
33. Getxolan-en eginkizunak, jarduna eta helburuak berraztertu eta benetako beharrei egokitu, eredu kooperatiboa indartuz. 34. Herriko udal azokaren funtzioaz eztabaidatu, elikagai subirautzaren zerbitzuan jarri eta bertan daudenekin eta tokiko ekoizleekin azterketa egin. 35. Getxo enpresa elkartearekin dagoen harremana aztertu eta bere benetako ordezkaritzaren arabera antolatu. 36. Martikoenako udal langileen lan baldintza duinak bermatuko direla ziurtatuko da, bai udal lokalen mantenuari dagokionez, baita eritasun baimen zein jubilazioagatiko ordezkatzeei dagokionez ere, horretarako udal lan poltsa publikoak zabalduko direlarik. 37. MONETA SOZIALA sortzea bultzatuko da, tokiko merkataritza eta kontsumo arduratsua sustatze aldera.
ELIKADURA SUBIRAUTZA Gaur egungo sistema neoliberalean elikagaiak korporazio handien espekulaziorako salgai bezala erabiltzen dira, eta sozialki eta ingurugiroarekin jasangarria ez den elikagaien industria sortu da. Elikadura subirautza lortze aldera urratsak emateko elikadura jasangarri, justu eta osasuntsuen tokiko sistemak eraiki behar ditugu. Kontsumoaren planifikazioan fisiko eta ekonomikoki eskuragarri diren elikagaiak izan behar ditugu. Jasangarri den herri nekazaritza/arrantza sustatu behar dugu baserritar eta arrantzaleek lan baldintza duinak izan ditzaten eta herritarren gertukoak eta konfidantzazkoak diren modeloak eraikitzeko. 1. Lurrak esleitzeko irizpideak finkatzerakoan emakumeak, gazteak, agroekologia, e.a., lehenetsiko ditugu. 2. Getxoko baserrien errolda egin. Azpi erabiliak eta baserritarrak erretiroa hartzeko zorian dauden baserriak identifikatu, bertan baserritar gazteak kokatzeko proiektuak garatzeko. 3. Lehen sektorea sustatze aldera, bertara bideratzeko hobarien politika definituko dugu. Besteak beste, baserrien instalakuntzetan egingo diren inbertsioengatik dagozkien udal tasak murriztuko ditugu. 4. Andramari eta Larra単azubiko lurrei izaera baserritarra egotzi eta egungo estatus eraikigarria bertan behera utzi. 5. Baserritar pertsonek autonomia gehiago eskuratze aldera, eta ekoizpenaren eraldaketa eta merkaturatzea errazteko, Eraldaketa Zentroa egingo da, beste erakunde eta eskualdeko baserritar eta udalekin batera. 6. Aurre-planifikazio eta elkar konpromisoetan oinarrituta auzo guztietan kontsumo taldeak sustatuko ditugu, horiei lokalak erraztuz. 7. Astero herri edo eskualde mailan azokak antolatuko dira, azpiegiturak eta baliabideak bermatuz. 8. Baserritarrei erraztasunak eman euren produktuak leku publikoetan kokatuta dauden makinetan saldu ditzaten. 9. Getxoko eta eskualdeko baserritarren produktuen katalogoa egin eta zabaldu. 10. Eskualde mailako Kalitatzeko Ziurtagiria sortuko da, bertako ekoizleen (nekazari, abeltzain zein arrantzaleak) produktuentzat, kaleko salmenta erraztu eta kirolarrantzaleen intrusismoa ekidin aldera. 11. Baserritar eta merkatari txikien arteko aliantzak sustatuko dira, elkarbizitza bultzatu asmoz..
12. Tokiko arrantzale eta baserritarren lanaren garrantziaz eta funtzio sozialaz sentsibilizazio kanpainak abian jarri eskoletan eta komunikabideetan. 13. Baliabideak jarri (informazioa, zerbitzuak, e.a) emakume eta gizon baserritarrek ondokoak eskuragarri izan ditzaten: sektoreari buruzko prestakuntza, antolakuntza espazioak, baserrien jabetza lortu, autonomo bezala sailkatuak izan eta bere lan baldintzen duintzea. 14. Getxo, transgenikorik gabeko udalerri aldarrikatuko dugu. 15. Transgenikoei buruzko sentsibilizazio kanpainak martxan jarri. Elikagaien erosketa publikoa burutzen diren lekuak identifikatu (egoitza zein eskola jantokiak), berauen eskumenak eta baldintzak zeintzuk diren aztertu eta gertutasun, kalitate eta ingurumen irizpideak kontuan hartuta inguruko baserritar eta arrantzaleen produktuak erabiltzen hasi herriko merkatari txikiekin bestelako produktuak osatuz. 16. Udalak babesten duen edozein ekitaldi gastronomikotan tokiko arrantzale eta baserritarren produktuak erabiltzeko konpromisoa hartzen dugu. Lehentasuna emango diegu produktu agroekologikoei eta arrantza arduratsutik datozenei, posible denean. 17. Bitartekaritza lana egingo da baserritarrei alokairuan lur merkeak eskaintzeko (udal zoruaren bankua). 18. Udal jabetza duten ortuen dinamika martxan jarriko dugu. 19. Eskola jantokietan bertako produktuak sartzeko bitartekaritza egin eta eskoletan elikadura subirautza landu. Horretarako udalak proiektu berezia bultzatu eta gidatuko du. 20. Getxolanen lehen sektorekiko programa berezia ezarri.
KULTURA Kultura eskubide gisa ulertzen dugu: Getxoko biztanle guztiek bere herriaren historia, ohiturak eta kultura ezagutzeko eskubidea dute. Are gehiago, beste herrialdeetako kulturak ezagutu eta txertatzeko eskubidea dute. Kultura, hizkuntza, heziketa, beste eskubide batzuen antzera, eskubide kolektibo izateaz gain norbanakoaren eskubidea ere bada. Herritarren eraldatze eta ahalduntzea bilatzen duen kultur modeloa defendatzen dugu, herritarren sorkuntza eta parte hartzearen garapena ahalbidetzen duena. Horregatik herritarrengana zuzenduta doan kultura sustatzen dugu, auzoetako lanari esker udalerrian bertan sortua, Udalaren laguntzarekin. Udal ekinbidean euskal kultura eta hizkuntza komunitatea indartzea helburu duten egitasmoak lehenestea. Getxora etorri zaizkigun kultura ezberdinak balorean jarri, aberastasunaren eta aniztasunaren seinale. Ekimen kulturaletan eta jaietan emakumeen parte hartzea bermatu: 1. Ez da lagunduko emakumeak diskriminatzen duen ekimen kulturajarduerarik, ospakizunik, ekintzarik. Era berean, ez zaie emango batere babes instituzionalik emakumeak diskriminatzen dituen ekimenei eta gainontzeko erakundeek ere hala egiteko lan egingo dugu. 2. Emakumeak diskriminatzen dituzten ekimenen, ospakizunen edo gune sozialen urrean, gatazka konpontzeko eta parekidetasunean oinarritutako irtenbidea bilatzeko lan egingo dugu. 3. Edozein jardueraren diseinuan emakumeek parte hartzea bermatu behar da. Eta jarduera gauzatzerakoan emakumeen parte hartzea. 4. Diru-laguntzak ematerakoan, garrantzia berezia emango zaio aurreko puntuari, hau da, ekintza antolatzerakoan emakumeen parte-hartzea bermatzeari eta ekintza garatzerakoan emakumeen parte-hartzea sustatzeari. Kultur egitasmoen instituzioekiko autonomia eta autogestioa sustatzea: Espazioak eskainiz eta kultura formalaz gainera, informala ere sustatuz. Herritarren eta kultur eragileen arteko elkarlana bultzatuz, baita hauen eta udalaren artean ere. Jardun kulturalak ohiko espazio formaletatik atera, eta eskaintza zein sormen kulturala egungo eredu masiboetatik eredu xume eta auzotarragoetara hurbildu Ondare materialaren defentsan bere birgaitzea sustatu, baita modu subsidiarioan ere (esku pribatuetan dagoenean). Euskararen historia ezagutzeko ikerketak bultzatu, batez ere gure eskualdekoak. Memoria historikoa batzen duten elkarteen lana bultzatu.
Ahal dugun guztietan, herritarren eta administrazioko hiru esparruko eragileen parte hartzea bermatzen duten proiektuak lehenetsiko ditugu. Udal egituran software librea ezarri eta sustatu. Euskarazko tokiko komunikabideak indartu. Hedabide libre eta komunitarioen berezko espazioa bermatu. Estereotipo eta genero paperekin apurtzen duten sormena eta kultura-jarduera sustatzea eta ikustaraztea. Ekitaldi nahiz ospakizun instituzionaletan emakumeak protagonista dituzten adierazpenei eta taldeei leku egingo diegu, hauen lana ikusarazteko eta rol sexistak apurtzen joateko. Bereziki lagundu eta indartu Euskal Herriko jatorrizko jaiak: Olentzero, inauteriak, San joan, Santa Ageda, e.a. Etorkinen eta etnia gutxituen kultur garapenerako plan estrategikoak egin. Amankomuneko lana egingo da gure kultura eta ohiturak ezagutu ditzaten eta beren kulturak ezagutzera eman ditzaten. Bertoko sortzaile, kultur eragile zein talde politikoen Aholku Batzordea sortu Getxo Kultur Etxearen lanaren norabidea definitzeko. Getxoko ondarea ezagutzera emateko bekak zein diru laguntzak sustatu. Auzoetan Kultur Guneak sortu (Zubilleta-Aldapa, Areeta, Neguri Langile, Portu Zaharra..) eta asteburuetan erabilgarri egon daitezen aldarrikau. Udal web gunea .eus-era aldatzea. Kultur Etxeko Batzorde Eragilea bere jatorrira itzuli, parte hartzearen garrantzia azpimarratuz eta talde kultural ezberdinen ordezkariak bertan bilduz. Udal Musika Banda sortzea, udalerriko ondare musikala oinarri harturik.
HIZKUNTZA EH Bilduk hizkuntza politika berria aurrera eraman nahi du, euskara herritar guztien hizkuntza normalizatua izan dadin. Horretarako ezinbestekoa da hizkuntza politika independente eta lehenetsia izatea eta euskarari estatus juridiko egokia ematea. Euskara lehentasunezko hizkuntza izan behar da Getxon, bere erabilera arrunta eguneroko jardueretan eta Euskal Herri osoan gaztelera zein frantsesak duten estatusa eta parekidetasuna lortu behar ditu esparru guztietan. 1. Familiak euskararen transmisioan duen garrantziaz jabetuta, berauen euskalduntzea errazteko estrategiak garatu. 2. Udalerrian den hezkuntza eskaintza aztertu eta euskaraz erabat murgiltzeko baliagarria den eredua sustatzeko kanpainak egin. 3. 0-3 urte arteko euskarazko eskola orokortzeko baliabideak eskaini eta sustapena egin; aurreskola euskaldunak egin Areeta-Romo eta Getxon. 4. Eskoletako gurasoen elkarteen inplikazioa bilatu, antolatzen dituzten ekintza ezberdinak famili transmisioan koka daitezen; euskal ereduetara egokitzeko programak bultzatuko dira, Getxora etorri berri diren ikasleei zuzenduta 5. Aurrera egin euskara ikasteko doakotasunean. Arreta berezia jarriko dugu etorri berriengan, berauen euskalduntzea errazten duten ondoko bitartekoak jarriz: • Udalak matrikularen dirua aurreratuko die. • Baldintzak betetzen ez dutenei kontutik dirua aterako zaie. • Eskaria diru-laguntza eskaintza baino handiagoa bada, banaketa ponderatua egingo da. 6. Ahozkotasun eta komunikazio gaitasunean sakontzeko programak ezarriko dira. Programa horien azken helburua izango da ikaslea trebatzea bizimodu arruntean euskaraz aritu dadin. 7. Gazteek berezko dituzten esparruetan erabilera areagotzeko ekintza pizgarriak antolatu. 8. Euskaldun izatearen kontzientzia, euskaraz bizitzeko nahia eta herri gogoa elikatu, sentsibilizazio ekintzen bitartez. 9. Euskaraz biri diren eta euskaraz bizi nahi duten herritarrenganako enpatia eragiteko herritar erdaldunei zuzendutako sentsibilizazio ekintzak egin. 10. Udaleko organo instituzionalak (udalbatzak, batzordeak, e.a) euskaraz egiteko behar diren neurriak hartu. Itzultzaileak bermatuko dira. 11. Udal hautetsiek agerraldi publikoetan euskaraz aritzea lehenetsiko dute.
12. Udalarekin lan egiten duten enpresa eta erakundeek udalarentzat ezarritako hizkuntza baldintza berdinak bete beharko dituzte. 13. Udalak zerbitzu guztiak euskaraz eskaintzeko bideak jarri. Era berean, Udalak bere sail ezberdinetan erabiliko den lan hizkuntza euskara izan dadin bideak jarriko ditu. 14. Udal administrazioarekin euskara hutsez jardun nahi duten herritarren datubasea osatu edota udalerrian diren datu-baseetan (Udalgest, ...) txertatu irizpide hori. 15. Udala eta bere organismo autonomoek euren publizitatea argitaratzerakoan euskarazko komunikabideei lehentasuna eman, eta komunikabide elebidunen artean, %33tik gora euskaraz argitaratzen dutenei. 16. Harrera protokoloetan euskaraz egin eta euskal kultura txertatu eta lehenetsi. 17. Euskalgintzaren eta euskaltzaleen konpromisoa, inplikazioa eta borondatezko lana indartu. 18. Aisialdia eta kirola euskalduntzea bultzatuko dugu, horretarako, entrenatzaileei eta begiraleei zuzendutako hizkuntzan eragiteko formazio ikastaroak bultzatuko ditugu, helburua taldeak euskaraz kudeatzea izanik. 19. Gazteriari begira egingo den eskaintza euskaraz izatea bermatuko da; gazte tailerren %100a gutxienez euskaraz eskaintzea. 20. Diruz lagunduko diren elkarteek (taldeak, klubak‌) bermatuko dute euskararen erabilera euren jardueretan. 21. Getxoko lan mundua euskalduntzeko bideak aztertuko dira, bai zuzenki zein ziurtagiriak edota euskara planak sustatuz. 22. Udaleko edozein kontratu egiterakoan hizkuntza irizpideak ezarriko dira. 23. Zerbitzu publikoak ematen dituzten enpresek herritarren hizkuntza eskubideak bermatuko dituzte.. 24. Udalak euskaldunak diren hedabideen mapa egingo du. Daudenak babesteaz gainera, leudeken gabeziak betetzen saiatuko da. 25. Lehentasunez tratatuko ditugu hedabide euskaldunak, eta Udaletik inolaz ere ez dugu informaziorik emango erdara hutsean hedabideen aurrean. 26. Euskarazko IKT tresnak eta aplikazioen ekoizpena eta kontsumoa bultzatuko dira. 27. Udalak euskarazko kultur sorkuntza, bere kontsumoa eta kanpo proiekzioa sustatuko du. 28. Udalak arreta berezia jarriko dio bere eremuan diren euskarazko kulturgileen proiekzioa handitzeari. 29. Udalak euskarazko liburugintza lagunduko du eta euskal literatura zabaltzeko ahalegina egingo du. 30. Udalak euskararen etxea edo Kafe Antzokia sortzeko erraztasunak jartzea eta lokalak eta finantzaketa erraztea. 31. Auzoetan Berbaguneak sortu eta sustatuko dira.
32. Euskara Aholku Batzordearen estatutuak zein osaera aldatzea. 33. Udalak euskara lehen lan hizkuntza izateko plangintza egingo du, zinegotziegin lehen lan hizkuntza euskara izango da eta itzulpenak beharrezkoak izatekotan euskaratik erderara egingo dira eta ez alderantziz.
GAZTE POLITIKA Gaur egun gazteriak bizi duen problematikaren aurrean gazte politikarako plan integrala egin eta garatu behar da. Langabezia, etxebizitza lortzeko zailtasunak, kontsumoan oinarritutako kultura eta aisialdirako modelo baten inposaketa, eta beste arazo batzuk, programa honetan zehar garatu dugun arlo ezberdinetan bilduta daude. Hala eta guztiz zere, ondokoak azpimarratu nahi ditugu: 1. Gazteriaren espazioak eta berezko antolakuntza esparrua aitortu eta bultzatu behar ditugu, behintzat gaur egun dauden proiektu autogestionatuak (Txorimalo eta Itzubaltzeta gaztetxeak) errespetatuz. 2. Gazteei auto gestiorako espazioak eman behar zaizkie. 3. Entseguetarako eta sormen artistikorako lokalak utzi behar zaizkie. 4. Etxebizitza politikan, gazteriaren behar konkretuei erantzuteko arreta berezia jarri behar dugu. Alokairu soziala eta etxebizitzarako sarrera errazteko diru laguntza lerro edo bestelako neurri berriak ezarri. 5. Enplegu politikan, modu berezian aztertu behar dugu gazte langabeen arazoa, eta gazteekiko harreman zuzenetik alternatibak proposatu. 6. Udal gaietan gazteriaren parte hartze zuzena bultzatze aldera, neurri konkretuak hartuko ditugu: • Gazte Foroa berreskuratuko dugu eta erabakitze ahalmena izango du. • Gaztetxeetan egin beharreko edozelango eraldaketa edo berrikuntza, bertako partaide diren gazteekin adostu beharko da. • Udalerriko lonjen zenbaketa egin eta haien partaide diren gazteekin elkarlana sustatuko dugu, elkarbizitza errazte aldera. 7. Beharsarea birformulatu beharko da, gazteok betetzen ditugun lanpostu ez formalen egoera duintzeko helburuarekin. 8. Gazteei bereziki zuzenduriko Udal Lan Poltsak sustatuko ditugu. 9. Aisialdiari dagokionez: • Gazteei zuzendutako tailerren askotarikotzea sustatuko dugu, edukiak haien parte hartzearekin adostuz. • Gaztelekuen eskaintzak hobetuko ditugu, 18 urtetik gorakoentzako ere erabilgarri eginez. • Auzoetan kirol instalakuntza libreak ezartzeko bideak irekiko ditugu.
KIROLA Kirol ariketa, lehiaketen mundutik harago, herritarrentzat giza harreman, aisialdi eta osasun iturria ere bada. Azken finean ongizatearen beste elementu bat baino ez da eta bermatua izan behar da. Horretarako Getxo Kirolak erakunde autonomoa dugu, udal kiroldegiak kudeatu eta gure herrian kirola sustatzen duena. Proposatzen ditugunen aurrean hauek dira azpimarragarrienak: 1. Errentaren araberako salneurriak jarri behar dira, langabezian dauden herritarren egoerari arreta berezia jarriz. Izan ere, progresibitate eta irizpide sozialei jarraituz Getxo Kirolaken tasak berrikusiko ditugu. 2. Amateur zein profesional mailan emakumezkoen kirola sustatu eta ikustarazi behar dugu, batik bat oso emakume gutxik praktikatzen duten kiroletan. Horretarako, estrategikoa da nerabeei zuzendutako programak sustatzea. Era berean, emakumezkoen saila duten talde federatuei lagunduko diegu, Getxo Kirolakeko instalazioak utziz eta diruz laguntzak emanez. 3. Eskola kirola esparruan Multikirola delakoa sustatuko dugu lehen hezkuntzan eta antzeko programak bigarren hezkuntzako neska mutilentzat. 4. Hirugarren adinekoentzat, Getxo Kirolakeko ikastaroez gain, kiroldegietan egiten ez diren kirol jarduerak ere sustatu behar dira: kirol ekipamenduak dauden parkeetan doako eskola zabalak, adibidez. 5. Ikastetxeetako instalakuntzak herritarrei zabaldu kirola egin dezaten eskolaz kanpoko orduetan. Getxo Kirolakeko kirolguneak ordu batzuetan jendez gainezka daude eta ikastetxeetakoak erabiltzeko akordioak sustatu behar dira, kontuan izanda asko hirigunean daudela eta horrek mugikortasun arazoak dituzten herritarren kirola erraztuko zuela. 6. Herri Kirolak balorean jarri eta sustatu. Eskoletan sartzeko neurriak hartu. 7. Kirola egiteko doako espazio zabalak sustatu. Kiroldegiak ohiko kirolarientzat egokiak dira baina bestelako jendea ere erakarri behar dugu. Horregatik, eskaladarako gunea (bulder) eta beste baliabide batzuk gehiago aprobetxatu behar ditugu: skate parkeak, hondartzak, pasealekuak, e.a. 8. Pilotaleku publiko estalia eraikitzeko beharra dago, ez kirolgune itxietan (Fadura, Gobela...), baizik eta gune ireki batean. Hartara, pilota jokoak sustatzearekin batera, elkargune kultural eta soziala era izango da. 9. Getxo Kirolakeko ikastaroetan jende gehiago parte hartzea ahalbideratu. Itxaron zerrendak murrizten saiatuko gara, batez ere ume, emakume, adineko pertsona eta behar bereziren bat dutenentzat (ezinduak, gaixo kronikoak, e.a). Era berean, udan eta opor sasoietan jardueren orduak eta eskaintzak areagotu behar dira, gurasoen lan eta familia kontziliazioa errazte aldera. 10. Andra Mariko kirolguneetan goian aipaturiko ikastaroak egin ahal izateko balio anitzeko aretoak eraiki. Honela biztanle hazkunde handia izan duen auzoaren
auzotarrek kirola bertan egin ahalko dute Fadura edo Gobelako kiroldegietara joan beharrik gabe. 11. Getxo Kirolakek ikastaroak eta bestelako ekintzak asteburuetan ere antolatu beharko lituzke. 12. Getxo Kirolaken kontratatutako enpresak murriztu eta kontratazio zuzena handitu (batez ere lan baldintza txarretan dauden irakasleen kasuan) 13. Kirol azpiegitura berriak bultzatu, kiroldegi berria egiteko aukera aztertuz. 14. Kirola euskaraz: oinarrizko ikastaroetan zein klubek emandako eta diruz lagundutako eskaintzan, euskarazko eskaintza bermatu modalitate guztietan. Haur eta gazteei zuzendutako eskaintza euskaraz izango dela bermatu behar du Getxo Kirolakek. 15. Kiroldegietan haurtzaindegi zerbitzua berma dadin lan egingo dugu, batez ere eskolaz kanpoko ordutegietan. 16. Itsas kirolak bultzatu eta babestuko dira udal kanpainekin, eta ez gaude belauntzietaz hitz egiten bakarrik. 17. Getxo kirolean, kultur etxean bezala, batzorde eragilea aldatuko da eta kirol taldeen eta herritarren parte hartze zuzen eta eraginkorrari bide emango zaio. 18. Subkontratazioak baztertuko dira Getxo Kirolaken, publikotasun osoa aldarrikatuz. 19. Kirol talde ezberdinen arteko ekonomia eraginkortasuna eta kudeaketa hobetzeko foroa ezarriko da. 20. Eskola kirolean, entrenatzaile, delegatu zein epaileak emakumezkoak izan daitezen lan egingo dugu, neskato nahiz mutikoen taldeetan, kirolean emakumezko erreferenteak sortze aldera. 21. Aldagelak emakume kirolarien beharrizanetara egokituko dira (ile lehorgailuak, entxufeak, tanpoi nahiz konpresentzako edukiontziak...) 22. Kirol elkarteek kirolgune zein ordutegien esleipenetan emakumezko taldeei lehentasuna eman diezaieten lan egingo da.
LURRALDE ANTOLAKETA EH Bildu lurraren kudeaketa integral baten alde dago, justizia soziala, ingurugiroaren jasangarritasuna, lurralde elkartasuna, genero ikuspegia eta hiritarren parte-hartzearen beharrak errespetatuz. Lurzoruaren kudeaketak aldaketa sozialerako lanabesa izan behar du. Gure lurzorua mugatua da, eta ondorioz errespetatu eta zaindu egin behar dugu; hala, hedatze urbanistikoa mugatuko dugu, 2001eko PGOUk zehaztutako irizpideetara. Herri eta hirien bilakaerak, hiritarren ongizatea eta beharretan egon behar du oinarrituta, eta ingurugiroari ahalik eta kalte gutxien eginda garatu behar da. Gehiago eraikitzen duenak ez du hobeto kudeatzen, dauden baliabide natural eta ekonomikoak modu eraginkor, ekologiko eta orekatuagoan administratzeko gaitasuna duenak baizik. Aurrekoa kontutan hartuz ondokoa proposatzen dugu: 1. Lurzoruaren erabilpen espekulatiboaren aurrean, behar sozialak asetzeko plangintza urbanistikoa: etxebizitza, ekipamenduak, elikadura subirautza, ingurugiroa. 2. Lurzoruaren erabilpenen espezializazioaren aurrean (lo egiteko, lan egiteko, aisialdirako), gune fĂsiko berean beraien nahasketa proposatzen dugu, gizakiak garatzen dituen aktibitate guztiak izateko, mugikortasun jasangarriagoa lortzeko, ingurugiroari begirune handiagoa eta udalerri batean bizi diren sektore ezberdinen arteko harreman hobea lortzeko. 3. Konstruktora eta bulegoetatik zuzentzen den urbanismoaren aurrean, urbanismo plangintzetan hiritarren parte-hartzea sustatu nahi dugu eta planak kontsultara eramango ditugu. 4. Hiritarren zerbitzurako azpiegiturak: ibiltariak lehenestea autoen aurretik, kultur eta kirolguneen deszentralizazioa eta auzoen arteko komunikazioa. 5. Auzoetako elkarte zein norbanakoekin adostutako irisgarritasun plana diseinatu behar da, oinezko, bizikleta bidezko nahiz garraio publikoan: garraio publikoaren sare indartsu baten aldeko apustua (auzoen arteko autobusa), bidegorri sarearen egokitzapena, Getxobiziren erabilera ordutegi nahiz mailegu lekuen birmoldatze adostua, eskailera mekanikoen behin betiko konponketa eta funtzionamendu egokia,... 6. Gure berdeguneen babesa, bereziki LarraĂąazubi eta Andra Marin. Guneotako lur eremu urbanizagarrien deskalifikazioa exijitzen dugu. 7. Gobela, Kandelu eta Bolue erreken ingurunea zein Bolue hezetasunaren babesa eta hirigintza-planeamendu berria. 8. Itsas ertzaren babesa (ez soilik turismoari begira‌) eta gozamena; itsas ertza kalte dezaketen proiektuak baztertu eta horien kontra udalaren esku dagoen guztia egin (Dragarik ez!).
9. Lurralde antolaketan lehen sektorea kontuan hartu espazioaren antolakuntza egiterako orduan. 10. Gure basoen mozketa basatiak eragotziko ditugu. 11. Hiri gunearen hazkundea mugatzeko eta ekiditeko plangintzak zehaztu. 12. Herri elkarguneetako ezaugarri diren kiosko nahiz bestelako eraikuntza historikoak errespetatu eta aldarrikatuko ditugu, ondare kulturala diren heinean (Txiki Otaegiko kioskoa kasu). 13. Eskualde (Uribe Kosta) ikuspegiz landu lurralde antolaketa.
ETXEBIZITZA EH Bilduk etxebizitza eskubide subjektiboa dela uste du, eta ondorioz, helburu hori lortzeari begira beharrezkoak diren ekintzak lagunduko ditu, etxebizitza merkatuaren logikatik kanpo utziz eta horregatik proposatzen du: 1. Egun dagoen etxebizitza parkearen erabilera eraginkorra bultzatzea; parke hori handitzekotan (beti ere 2001eko PGOUn zehaztutako mugen barruan), etxebizitza berriak alokairu sozialerako bideratuko dira soil-soilik. 2. Etxebizitza hutsen errolda egitea, gure udalaren errealitate zehatza ezagutu ahal izateko. 3. Egunerokoak ez diren etxeetan, OHZ errekargu neurriak ezarriko ditugu. Neurri hau ezartzearen onurak, bere osotasunean, etxebizitza politikan erabiliko ditugu. 4. Etxebizitzak birgaitzeari begirako neurriak bultzatuko ditugu, etxebizitzaren funtzio soziala bermatu asmoz eta baldintza duinak dituela ziurtatzeko: eraginkortasun energetikoa, ingurugiroaren zaintza, erabilerraztasuna eta segurtasuna bermatze aldera. 5. Aurreikusitako neurriak gauzatu nahi ez dituzten pertsonen kasuetan, udalek derrigorrezko birgaitzen bidea ezarriko du indarrean, azken helburua izanik etxebizitzek baldintza duinak izan ditzatela. 6. Ondare higiezinaren gaineko jabetza mantentzea, lurzoru publikoena hala nola aurrekontuaren ehuneko bat alokairuko etxebizitza publikoa areagotzera zuzentzea. 7. Diru publikoz eraikitako etxebizitza guztiak alokairurako eskainiak izango dira; diru publikoa pribatizatzea alde batera utziko da. 8. Alokairuzko etxebizitza publikoen parkea sortzeko pausuak emango dira: hitzarmen urbanistikoen bidez alokairuan jartzeko etxebizitzak lortzea, lehentasunezko erosketa aukeraren bidea ahalik eta gehien probestu babeseko etxebizitzak lortu ahal izateko, eta alokairuzko etxebizitza parkeari atxiki. 9. Alokairuaren zenbatekoa sarreren arabera zehaztuko da, horien % 30etik gorakoa izan gabe, eta alokairu sozialen kasuetan %15a baino gutxiagoko zenbatekoa zehaztuko da. Gainera, behartsuen dabiltzan pertsonek aukera gehien izan dezaten, baremo batzuen arabera esleituko dira etxeok, lehentasunezkoa izanik diru sarreren zenbatekoa. 10. Gaurko familia ereduetara moldatzeko, eraikitako etxebizitza bolumena aldatu barik etxebizitza gehiago izateko, etxebizitzen banantzea bideratu ahal izateko araudia aldatzea. 11. Pertsona guztion beharrak kontutan hartuko dituzten etxebizitzak egin ahal izatea bermatuko duten teknologia berrien alde jokatu (zerbitzu eta instalazio komunitarioak, eta abar).
12. Errentarien ahalmen ekonomikoaren araberako etxebizitzen alokairurako dirulaguntzen programa abiatzea. 13. Gure herrietako eraginkortasun energetikorako, eraikinetan energia berriztagarriak eskuratzeko sistemen ezarketa ahalbidetzen duen eraikuntza kodea bermatzea. 14. Etxe-kaleratzeek kaltetuak zein horren aurka lanean dabiltzanekiko harreman iraunkorrak izango ditu Udalak, bitartekaritza zerbitzua eskainiz. 15. Udalak etxe-kaleratzeak gelditzea eskatuko du eta bestelako irtenbideak hartzea proposatuko du. Udalak baloratuko du finantza erakundeen jarrera eta horiekiko dituen harremanak aztertuko ditu, beharrezkoak diren neurriak hartu ahal izateko. 16. Udalak ez du inolako etxe-kaleratzerik bultzatuko eta ez du holakoetan parterik hartuko. Gainera, bestelako bideak hautatuko ditu gerta daitezkeen arazoak konpontzeko, eta hasieratik etxebizitzarako eskubidea bermatuko dio kalean geratu denari. 17. Etxe-kaleratzea jasan dutenei udalak informazioa, aholkularitza eta oinarrizko arreta eskainiko die, beraien etxebizitza eskubidea betetzeko asmoz. 18. Euskal Herrian ematen ari diren okupazio dinamikei EH bilduk bere errespetua adierazten die, eta beraien kriminalizazioaren aurka dago. Ondorioz, okupazio dinamikek arazoak sortzen badituzte elkarrizketaren bidez konpondu beharko dira. 19. Aurretiaz esandakoa kontutan hartuz EH Bilduk ondoko konpromisoak hartzen ditu: a)Getxoko Udalak zein udal langileek ez dute parte hartuko etxekaleratzeetan. b)Getxoko Udalak paper aktiboa bereganatuko du etxe-kaleratzeak saihestu daitezen eta bertan behera gelditu daitezen okupatutako eraikinen aurkako aktibitateak. Horrez gain, beharrezkoa balitz, eraikina okupatu duten pertsonak eta jabeen arteko bitartekari lanak hartuko ditu bere gain Udalak. 20. Bizitzako momenturen batean etxebizitzarik gabe daudenek etxebizitza puntuala izateko eskubidea bermatua izateko harrera etxea.
JENDARTE POLITIKA EH Bilduk zerbitzu sozialen sistema publiko eta unibertsala sortzearen alde dago, zeinak bermatuko dituen pertsona guztien eskubide sozialak, salbuespen barik, pertsona guztien integrazioa bideratuko duena eta bazterketa eta ezberdintasuna borrokatuko duena . Hiritargoak zaindua izateko eskubidea dauka, eta eskubide subjektibo gisa ulertu behar da. Pertsonon arteko zaintzan zaintza-lana duin bihurtu eta ezagutzearen alde gaude, eta zaintzak modu askean hautatuak eta eginak izatearen alde. 1. Zerbitzu sozialen hornidura ekonomikoaren nahikotasuna bermatzea. Udal aurrekontuetatik fondo ekonomiko-soziala sortzea, horien zenbatekoaren %10era helduz. 2. Oinarrizko eskubideetara sarbidea izateko auzokideen erroldatzea ziurtatu. 3. Zerbitzu sozialen sistemaren izaera publikoa indartu. Administrazio publikoaren presentzia eta kontrola handitu. 4. Gizarte partaidetza sustatzea gizarte zerbitzuen politika eta jarduerak osatu, kudeatu eta plangintza, garapen eta ebaluazio erabakiak hartzerakoan. 5. Oinarrizko zerbitzu sozialetan profesional eta erratio egokiak ezarri, egungo langile kopuruak handituz eta instituzio foral eta autonomikoei dagokien finantziazioa eskatuz. 6. Erabiltzailearen ekarpena progresiboki gutxitu, sistemara sartzea oztopoa baita: a) Ordaindu behar ez dutenen kantitate minimoetan eta osasun zein asistentzia laguntzen doakotasunean. b) Izkutuko ekonomiak eragina duen halako zerbitzuetan, erabiltzailearen ekarpenen murrizketa lehenestea. 7. Dauden estaldurak handitzea zerbitzuetarako sarrerako itxaron zerrendak murrizteko. 8. Zainketa informalak laguntzea etxera bisitak eginez. 9. Zaintzaile informalen formazioan txertatzea auto-zainketa eta zainketak banatzeko etxe barruko negoziazioari buruzko ezagutza. 10. Mendekotasuna aurreikusi eta autonomia sustatzeko programak garatu. 11. Egoitza zerbitzuen alternatiba gisa, ostatu zerbitzuen sarea garatu. 12. Etxez etxeko laguntza zerbitzua indartu, funtzio berriak ezarriz, zerbitzuaren intentsitatea handituz eta prezio publikoa eta erabiltzailearen ekarpena jaitsiz. 13. Babesgabeko egoeretan daudenen familia interbentzio programak bultzatu. 14. Gau eta eguneko arretarako baliabideen sorrera bultzatzea. 15. Baztertze handian dauden sektoreekiko kalean bertan esku hartu ahal izateko bitartekoak jarri. 16. Autonomoki ibiltzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonak laguntzeko programak indartu.
17. Buruko gaixotasun eta egoitza bazterketan daudenen laguntza Osasun sailarekin batera koordinatu. 18. Aurrera egitea ordaindu behar ez dutenen kantitate minimoetan eta osasun eta asistentzia laguntzen doakotasunean. 19. Arreta zerbitzuak genero indarkeriari aurre egin behar dioten emakumeen ahalduntzea lortzera bideratu. 20. Gizarte zerbitzuetako langileen heziketa indartu genero indarkeriaren esparruan. 21. Koordinazioa indartu Berdintasun eta Gizarte zerbitzuetako sailen artean. 22. Aisialdi eta kultura udal zerbitzuetan haurtzaindegi zerbitzua jarri. 23. Nazioarteko Elkarlanerako aurrekontua %0,7koa izango da eta arlo honetan diru laguntzak banatze aldera ez da kontuan izango GKEaren kokalekua, proiektua baizik. Emakumea ahalduntzea eta herritartasuna indartzeko helburu duten proiektuak lehenetsiko dira. Ikuspegi asistentzialista baztertu beharko da ahal den neurrian. 24. Itzubaltzeta-Romoko nagusien etxea bere horretan uztea, Kultur Etxe berrira mugitu gabe, egungo instalakuntzak eraberrituz eta behar adina ekipamendurekin gaituz. 25. Kalean bizi direnentzako Udal Ostatua sortzea. 26. Politika aktiboen bidez pertsona homosexual eta transexualen eskubide guztiak aldarrikatu eta bermatzea, sexu aukera guztien onarpen eta normaltze bidean.
POLITIKA FEMINISTA Patriarkatua, gizonak emakumeen gainetik jartzen dituen dominazio eredua da, batzuei zein besteei rol ezberdinak egotziz, gizonezkoei gizon izate hutsagatik pribilejioak emanez, eta emakumezkoak emakumezko izate hutsagatik lehenekiko menpekotasun egoeran ezarriz, arlo publiko nahiz pribatuan. Emakumeok pairatzen dugun diskriminazioa sistema patriarkar horren ondorioa da; izan ere, egun nagusi den ekonomi eredua zein eredu politiko eta ideologikoak patriarkatu printzipioetan oinarritzen dira. Zeharkako arazo baten aurrean gaude, zeharkako konponbidea behar duena. Hezkuntzarako, kulturarako, gizarterako, ekonomiarako, lanerako eta abarrerako neurriak jasotzen dituzten Plan integralak beharrezkoak dira. 1. Ikuspegi feminista politika publiko guztietan txertatu. 2. Udal-langileek bizitza laborala eta pertsonala bateragarri egin ahal izateko erraztasunak ematea, emakumeen ahalduntzea eta zaintza-lanetan gizonen erantzunkidetasuna sustatuko duena. 3. Kontratazioetan eta diru-laguntzetan klausulak, hau da, berdintasun-irizpideak indartuko ditugu, baita segimendurako adierazleak ere. 4. Diru laguntzetarako genero ikuspegia txertatuko dugu. Ez dute diru laguntzarik jasoko sexuagatik baztertzen duten jarduerek; ekintza zehatzak aurreikusi beharko dira emakumearen parte hartzea sustatzeko. 5. Berdintasun kontseilua eta Jabekuntza eskola bultzatuko dira aurrekontu duin eta euren kudeaketarako autonomia emanez. Horretarako Berdintasun Kontseiluaren barne araudia aldatuko dugu aktibitateak egin eta erabakiak hartu ahal izateko. Berdintasun Kontseiluaren logoa sortu. 6. Era berean, Jabekuntza Eskola behar adina langilerekin hornituko dugu eta Emakumeen Etxean gauzatuko dira bere ekimenak. 7. Sexu informazioko zerbitzu publikoa indartuko da, ikastetxeekin elkarlanean berdintasun parametroetatik gazte eta nerabeak bideratu eta lagunduko dituena. Halaber, heziketa afektibo-sexualerako tailerrak ere indartuko dira: ordu, maila eta zentro gehiagotan. 8. Hedabideetan eta udalak bultzatutako ekintza guztietan hizkuntza eta irudi ez sexistak eta inklusiboak erabiliko ditugu. 9. Udalerriko emakume historikoen memoria berreskuratuko dugu. Urteroko beka baten bitartez ondoko lanak burutuko dira: kale eta espazio publikoen berizandapena, Emakumeen aztarnen mapa, irudizko espazioen sorrera, e.a.
10. Aholkularitza eta laguntza zerbitzuak martxan jarri emakumeen kooperatibak sortzea ahalbidetzeko, sektore feminizatuetan arreta berezia jarriz (etxeko enplegatuak eta zaintza). 11. Gizartean harreman horizontal eredu berriak sortzeko printzipioak ezarri. Prebentzio lanak aintzat hartuta ondokoak: 1. Herriko eskolekin elkarlanean, nerabeentzako tailerrak matxismoa prebenitzeko eta harreman eredu egokiak sustatzeko. 2. Herriko ikasleekin indarkeria sexistaren inguruko ikerketa bat egin. Ikastetxeekin elkarlanean, ikerketako emaitzekin plan bat diseinatu. 3. Indarkeria sexistaren aurkako borroka islatzen dituzten ekintzak sustatu eskola eta ikastetxeetan (antzerkiak, ikus-entzunezko kanpainak, eztabaidak, e.a) 12. Gizonezkoentzako maskulinitate tailerrak sustatuko ditugu. 13. Arreta eta koordinazio protokoloen jarraipena egingo dugu (gizarte zerbitzuak, osasuna, polizia, eta erakunde judizialak) emakumearen aurkako indarkeri kasuetarako, etengabeko hobekuntzaren prozesu batean. 14. Emakumeen aurkako indarkeria kasuak antzemateko, kasu egiteko eta prebenitzeko baliabide nahiko izango dituzten aurrekontu partidak. 24 orduko larrialdi zerbitzua sortu, indarkeria matxistaren kontra formatutako pertsonek eskainita. 15. Arreta integral prozesu osoko faseetan, indarkeria kasuetan emakumearen segurtasuna bermatu. 16. Indarkeria jasaten duten emakumeei eta batez ere diskriminazio arriskuan daudenei, beharrezko zerbitzuak eta laguntza ekonomikoak bermatzea. 17. Emakumeentzako arriskutsuak eta ez seguruak diren lekuak identifikatu eta ezabatu. 18. Sentsibilizazio kanpainak egin indarkeria sexista era ezberdinen pertzepzio soziala handitzeko, kontuan izanda leunenak eta antzemateko zailak direnak ere, eta berdintasun baloreetan hezi. 19. Udala agertzea salatzaile partikular modura genero indarkeria kasuetan. 20. Udal harrera pisuak ipintzea arrisku egoeran dauden eta tratu txarrak jasan dituzten emakumeei, eta beste udalerriekin hitzarmena udalerri aldaketa gomendatzen dieten biktimen kasuetan. 21. Emakumearen Etxea sortu, Getxoko emakumeen elkarteekin elkar-kudeatuta. 22. Kontziliazioa bideratu asmoz, Eusko Jaurlaritza premiatuko dugu Areeta-Romoko haurreskola nahiz Algorta-Andramariko ludoteka ezar ditzan, eta horretarako behar adina udal baliabide ezarriko dira.
HONDAKINAK Indarrean dagoen kontsumorako joera ganoragabea gainditu behar dugu eta hondakinak sortzearen murrizketa, birziklatzea eta berrerabilpena sustatu behar ditugu. “Zero zabor� xedea izanda, hondakinak sailkatuta biltzearen aldeko apustua egiten dugu. Gaur egun dauden sistemen jarraipena egingo dugu emaitzarik onenak ematen dituena aukeratzeko. Gutxitze ekonomikoaren aldeko politika butzatuko duten sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpainak abian jartzea beharrezko ikusten dugu, ingurugiroaren egoera osasuntsua bermatuko duen eredu bakarra horixe dela erakutsi baitigu historia hurbilak, hondakinen ekoizpena modu esanguratsuan murrizten du eta. Energia eta eraikuntza arloei dagokienez, energia iturri berrien erabilera bermatuko duen eredu baten alde egin behar dugu, eta egingo dugu. 1. Udaleko hondakinen kudeaketaren egoeraren azterketa sakona egingo dugu. 2. Birziklatze tasa handiena bermatzen duen kudeaketa sistema martxan jarriko dugu progresiboki. Hasteko, gutxieneko helburu bat ezarri beharko dugu, neurgarria, eta progresiboki tasa hori handitzen joan beharko gara. 3. Tasa sistema berria ezarriko dugu non hondakin gehiago sortzen duenak gehiago ordainduko duen. 4. Jakitun gara, gure hondakin guztietatik ia erdia, hondakin organikoa dela. Beraz konpostatzea bermatzeko neurririk eragikorrenak ezarriko ditugu. 5. Udalak herritarrei eskugarri jarriko dizkie konpostajea egiteko sistemak. 6. Ikastetxetako jantokietan, hondakin organiko asko sortzen dira. Agenda 21 bitartez, irakasle arduradunak medio, ikasleei euren konposta egiteko bitartekoak ipiniko zaizkie, horretarako Udalak lurzoru publikoa eman behar badu ere. 7. Esneki asko kontsumitzen ditugu eta ontzi asko erabiltzen dira. Getxon esne eta esnekiak saltzeko makinak jarriko ditugu eta tokiko produktuak saltzea lehenetsiko dugu. 8. Berrerabili daitezken ontzien erabilpena sustatuko dugu eta ontzi hondakinak murrizten dituzten establezimenduak sarituko ditugu. 9. Konpost planta publikoa sortuko dugu, auzotarrekin batera gestionatuko dena, bai hondakin organikoak jaso bai haien erabilera zehazterakoan ere. 10. Udal eraikinetan birziklatze eta berrerabiltze kanpainak bultzatu eta neurriak jarri (kafe makinetan, komunetan, Osoko Bilkuran...). 11. Udalerrian dauden supermerkatuekin “packaging� sostengarriaren aldeko ituna ezarriko da, eskubidez eta betebeharraz, plastikozko bandejak eta antzekoak baztertze aldera.
12. Hondakinen bilketa prozesuen jarraipen zehatz eta gardena sustatuko dugu, haiekin negozioak egin ez daitezen eta ingurugiroarekiko errespetua lehentasun bakarra izan dadin.