EH Bilduk eskatu du Getxoko Udaltzaingoaren araudi berria atzera botatzea, sindikatu, oposizio eta herri-mugimenduarekin adostua izan ez delako -
Uztailaren 30eko osoko bilkuran Getxoko Udaltzaingoaren araudi berria bozkatuko da. Udal Gobernuak gaia eramango du udalbatzara, sindikatu, alderdi politiko eta herrimugimenduak ekarpenak egiteko aukerarik izan ez duen arren. EH Bilduk 33 emendakin aurkeztu ditu, hainbat gairi lotuta: euskararen sustapena, animalien ongizaterako unitatea sortzea, agur militarra egiteko beharra kentzea, armen erabilera mugatzea, bizikleten erabilera bultzatzea, gomazko pilotak eta borra luzagarrien erabilera debekatzea eta abar.
Ostegun honetan, uztailak 30, Getxoko Udaltzaingoaren araudi berria bozkatuko da osoko bilkuran. EH Bilduk salatu duenez, beste behin ere, Udal Gobernuak inposaketaren bidea jarraituko du. Izan ere, oposizioko alderdiok, sindikatuek eta herri-mugimenduko elkarteek ez dute inolako aukerarik izan araudi horretan ekarpenak egiteko eta denon artean araudiaren nondik norakoak adosteko. Horregatik guztiagatik EH Bilduk osoko emendakina aurkeztuko du, araudiaren bozketa bertan behera geratzea eskatuz eta prozesu-partehartzaile bat sortzea aldarrikatuz. Bertan, denon artean, zer nolako polizia-eredua nahi dugun Getxon adosteko aukera izango genuke. Halaber, araudian udal sail ezberdinen ekarpenak ere jaso beharko lirateke, besteak beste, Gizarte Zerbitzuak, Berdintasuna edo Euskara saila. Haatik, Udal Gobernuak bakarrik deitzen ditu herriko elkarteak argazki propagandistikoetan parte hartzeko, ez erabakien parte izateko. EAJk eta PSEk “gertuko polizia� bat sortzea proposatzen dute, baina araudiaren prozeduran bertan argi ikusi da benetan ez dela hori euren asmoa, ez dutela benetan asmorik bestelako iritzi edo ekarpenik entzuteko, nahiz eta oso gai garrantzitsua izan. Osoko emendakinaz gain, EH Bilduk hainbat gairekin lotutako 33 zuzenketa aurkeztuko ditu. Besteak beste, honakoak aurkeztu ditugu: -
Euskarari lehentasuna ematea, Udaltzaingoaren barne-mailan eta herritarrenganako arretan. Lehenengo berba euskaraz izango da. Animalien Ongizaterako unitatea osrtzea, kontuan hartuta Getxon dagoen maskota kopuru handia. Genero Ikuspegiko Txostena egitea Udaltzaingoaren araudiarekiko. Armen erabilera mugatzea erabat ezinbestekoa ez den kasuetarako, eta beren-beregi aipatzea eta debekatzea borra luzagarrien eta gomazko piloten erabilera. Mugikortasun Jasangarriaren eta Ekologiaren unitatea sortzea. Udaltzainek uneoro euren identifikazio-zenbakia erakutsi beharko dute uniformearen aurrekaldean eta atzekaldean. Herritarren manifestaziorako eskubidea aipatzea, eta Udaltzaingoak eskubide hori bermatu beharko duela zehaztea. 94 466 02 80 // ehbildu@getxo.eus // http://getxo.ehbildu.eus/ 1 @GetxokoEHBildu
EH Bildu Getxo
EH Bildu Getxo