Skip to main content

100 KONFEKOOP ALDIZKARIA

Page 36

IRAKASKUNTZA

Erronkez beteriko etorkizuna dute KONFEKOOP-Irakaskuntzako kooperatibek Euskadiko Irakaskuntza Kooperatiben Federazioa 1990 urtean sortu zen 57 kooperatiba barne zituela. Hasiera gehienak izaten diren bezala, federazioaren sorrerak ere zailtasunak izan zituen, irakaskuntza kooperatibek interes eta egiteko zeharo ezberdinak zituztelako. Denak amankomunean zutena izaera kooperatiboa zen, eta hori izan zen eta da gaur egun ere lan-ildo nagusiena. Lehen urte horietan ikastetxea kooperatiba gisa kudeatzen ikastea zen helburua eta horretarako eskuliburu eta materialak sortu ziren, lehenengo plan estrategikoak egiten hasi ziren, zuzendaritza taldeei zuzendutako ikastaroak antolatu ziren, herri onurarako izaera arautzen duen dekretua onartu zen, eta lan handia egin zen instituzio publikoek Federazioa solaskidetzat har zezaten. Ondoren gizarte proiekzio handiagoko fasea etorri zen, irakaskuntza kooperatibak Europara begira ipini ziren, Finlandia, Holandako irakaskuntzako esperientzia eta jardunbide egokien bila, gero etorri ziran Kanadara bidai eta etorkizunaz Irakaskuntzako-Kongresuak, eta dozenaka ikastetxeen bisita Madril eta Katalunian eraldaketa pedagogikoa helburuarekin. 2006 urtean erabaki estrategiakoa hartu zen, eta kreditu eta lan elkartuko federazioekin batera, bakarra sortu zen, ERKIDE izenekoa. Gaur egun, KONFEKOOP-Irakaskuntzak mota desberdinetako 88 irakaskuntza-kooperatiba biltzen ditu; izan ere, 51 gurasoen kooperatibak dira, 24 integralak eta 13 lan elkartukoak, horien artean unibertsitate bat. Guztira 74.414 ikasle biltzen dituzte eta 7.051 zuzeneko lanpostu sortzen ditu eta 49.238 bazkide erabiltzaile. 2012ko irailaren 19tik Patxi Olabarria da, hasiera bateko ERKIDE-Irakaskuntza eta egungo KONFEKOOP-Irakaskuntzako koordinatzailea. Patxi Olabarria Ikastolen Elkartean Egonkortasun arduraduna eta Urretxu-Zumarraga ikastolako ordezkaria izateaz gain, ELKAR-LAN-eko idazkaria eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko presidentea da. Zeintzuk dira irakaskuntza kooperatibek dituzten erronka nagusienak? Erronka ugari eta garrantzitsuak ditugu etorkizunean; hala nola, jaitsiera demografikoaren inpaktua ikastetxetan, hezkuntza maila guztietan printzipio eta balio kooperatiben ezarpena, langileen belaunaldi aldaketa sakona, onartu berri den euskal hezkuntza legearen ezarpena eta garapena, adimen artifizialaren eragina irakas-prozesuetan, familien aniztasuna dela nola erakarri kooperatiba proiektura,… Nola ari zarete erantzuten hainbeste gaiei? Hilabete bat daramagu Irakaskuntza Azpi-Batzordean etorkizunaz pentsatzen eta hausnartzen, eta 2024-2028 aldirako Plan Estrategiko berri baten lanketan. Ez dugu amaitu, baina bertatik aterako diren lan-ildo zehatz eta ekintzak lagungarri izango dira horrenbeste erronkei erantzun egoki bat emateko. Zehaztu ezazu zein den aipatzen duzun jaiotza tasaren beherakadaren inpaktua? Azken urteetan nabaria izaten ari da jaiotzaren beheraka gure ikastetxetako haur hezkuntza etapan, itundutako gela batzuk galdu ditugu, baina etorkizuna ez da samurragoa izango. Hezkuntza Saila erabiltzen ari den datuen arabera, 2032 urtean hezkuntza sistema ez unibertsitarioan gaur dagoen ikasle kopuruaren ia %25 jaitsi daiteke, hau da ia 60.000 ikasle gutxiago, eta horrek ehundaka hezkuntza itun eta milaka lanpostu kolokan jarriko ditu. Ondorioz etorkizun ilun baten

36

aurrean gaude, baina mehatxu hori aukera bihurtu daiteke galtzeko zorian egon daitezken baliabideak hezkuntza kalitatea hobetzeko erabiltzen badira. Hor dago gakoa, hor aukera, eta norabide horretan lan egingo beharko dute denak, administrazioak eta ikastetxeek. Aipatu duzu hezkuntza lege berria. Irakaskuntza kooperatiben bereizgarritasunak jaso dira bertan? Irakaskuntzako kooperatibak urteak eman ditugu hezkuntza zerbitzu publikoa eskaintzen dugula aldarrikatzen eta lege berrian espresuki kontzeptu hori jaso da. Gainera, lan asko egin ondoren, legean, irakaskuntza kooperatibek beste lege desberdinetan dugun bereizgarritasuna ere aitortu izatea lortu da. Orain garatu beharreko dozenaka arauek daude, doakotasun errealaren ezarpena horien artean, eta bertan gure espezifikotasuna jasotzen jarraitzea espero dugu, horretarako Hezkuntza Administrazioak eremu guztietan KONFEKOOP-Irakaskuntzaren solaskidetza aintzat hartuz. Beste erronka bat, balioak eta printzipio kooperatiboak curriculumetan sartzea dela esan duzu. Zer egiten ari zarete arlo horretan? Irakaskuntzako Batzorde Sektorialean garbi dugu gure kooperatibetako ikasleak bere ikasketak amaitzerakoan, kooperatibagintzaz ezagutza bat izan behar dutela. Zentsu horretan egun bi programa ditugu indarrean: “ikasle kooperatibak” ezartzeko unitate didaktikoa eta “kooperatibismoa geletan” deituriko formazioa. Baina ez da nahikoa , eta hezkuntza-programa gehiago sustatu behar ditugu. Zer eskaintzen die KONFEKOOP-Irakaskuntzak bazkidetutako kooperatibei? Bazkidetutako kooperatibek era askotariko laguntza eta zerbitzuak dituzte eskura. Kooperatiba araudiaren buruzko aholkularitza desberdinez gain, pertsonen kudeaketari buruzko formakuntzak, familia zuzenbideaz eta formazio kooperatiboaz ikastaroak dituzte. Baita etorkizunari erantzun egokia emateko, adimen artifizialaz eta komunikazio estrategiaz ere formazioak eskaintzen hasita gaude.


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
100 KONFEKOOP ALDIZKARIA by KONFEKOOP - Issuu