7 minute read

Felix Zubia, Elixabet Etxandi

Egin nahi nuke

DOINUA: BETIPENETAN

Advertisement

Bertso sorta hau koronabirusaren aurka gabiltzan guztioi eskainia dago. Hemendik ez denbora askora, “egingo dugu” ere izango delako, nork bere erara. Besarkada handi bat.

1. Egin nahi nuke mendian korri, Zelaien artean zuzen, Aldapa beheran arnasa hartu Eta oihukatu ozen. Nekeak ere sendatzen baitu, Norbait jakitun ez bazen, Polainapean dauzkadan oinak Libre sentitu daitezen.

2. Egin nahi nuke uretan murgil, Zain dut itsaso zabala. Berotu gabe baldin balego Oraindik ere, oxala. Olatuetan salto eginez, Izurde-sarda bezala, Freskatu dadin mantal azpian Egosi zaidan azala.

3. Jon, Olatz eta Susannarekin Mendi buelta bat, lasaia. Gozatuz, epel, udaberrian Kimatuz doan paisaia. Patxadaz etzan eta usaindu, Loratu zaigun zelaia, Uxatu dadin gorputz guztian Daukadan xaboi usaia. 4. Txalupa hartuz moilatik irten, Ez ote da zilegia, Ipar haizea badabil hobe, Bizia, ez gehiegia. Kaioen gisa, hegan sentitu, Aitor dezadan egia, Arindu dadin maskarapean Preso dudan aurpegia.

5. Egin nahi nuke taldean negar, Ez bazterrean sartuta. Sufritzen duen jendeak ere Kanporatu behar duta. Elkartasunez egingo dugu, Elkarri besarkatuta, Guretzat ere barrera diren Eskularruak kenduta.

6. Bertso sorta bat jarri nahi nuke, Horretan nola anima, Modu hontako egoeretan Guztiok gara biktima. Bilatu ditut nire arrazoi, Neurria eta errima, Sendatu dadin sufrimenduaz Gaixo daukadan arima.

Merkatuaren kultura

Zin egin nion ene buruari ez koronabirusaren inguruan idaztea, baina batzutan, egoerak gaina hartzen du, gure asmo guziak haizatuz. Ari naiz haize berak ez ote duen kulturgintza jo krisi honetan, dena eramanez bere bidean, diru sarreretatik hasita, ateratako bertsoa arte. Niri ere pena egin dit plazan elkar ikusteko genituen aukera gutxi horien galtzea, bertsokide batzuz bereizia izatea muga fisikoz zein inposatutakoez. Pena bikoitza senditu dut lehen aldiz skype bidez hasi garenean bertso eskolen egiten, hain luzaz kritikatu ditugun paitailekin buruz buru kantari. Hain harrapa ezina den haizeak harrapatu gaitu. Guk pena sentitu badugu, imagina dezaket bertsoaz bizi diren horiek sendimentuetatik haratago, bizitzeko beharrezkoa zuten horren hutsa ere sentitu dutela. Haizearen kontra ibiltzen ez da sekulan ikasten, baina ahal bezala, kili kolo aurreratzen hasi diren orekariak agertu dira, online bertso saioen bidez. Frustrazio polit bat hazi zait barruan, distantziaren min eta erresitentziaren garrek piztua. Baina haizeak sua zabaltzen laguntzen duen heinean, bestelako ekimenak kimutzen ikusi ditugu azken asteetan: kulturgintza grebak edo erresistentzia kutxak adibide. Ez da sinple kulturgintzaz bizitzea, baina kulturgintza biziaraztea are gutxiago. Birus batek mundu ekonomiaren stop botoia sakatu duen honetan, diru iturrira eta merkantilismora bideratu dugun kulturgintzaren kontraesanak azaleratu dira. Ezin da ukatu kultura iraganetik jaso dugun hori bada ere, etengabe aldatzen ari den (eta dugun) osotasuna dela, askotan, gerora begira zizelkatzen duguna egunerokoan, biharko munduari begira. Ikusi dugu kultura handitzen egunero, hain txiki eta isolatua nahi zuten Euskal Herriari merezi zuen lekua emanez. Jalgi hadi plazara zion Etxeparek. Lasai Bernat, uste dut lortu dugula: BEC bat xiberoko biztanle kopuru berdinaz bete dugu, kriston plaza ez? Iraganari frogatu diogu posible zela, norbait ginela. Orai, geroak gaitu kezkatzen, agian gehiegi handitu garelako. Agian kulturgintza bizirik atxikitzeko nahiari kulturgintzaz bizitzeko nahiak gaina hartu diolako. Maiz gertatu zaigu saio bakanen batean artistaren paperetik kantatzea, batek kultura diru iturri zuela, besteak ez. Gaia geroz eta errealago egiten zaigun honetan, merkatura bideratu edo ez eztabaidak atzean gordetzen diguna kulturaren inguruko eztabaida bera da; zer da kultura? Zertarako erabili behar dugu? Gauza beraren ulerkera ezberdinak talkak sortuko ditu, posible da, baina eztabaidatzeko aukera sekula baino gehiago apreziatuko dugu, muga inposatuak irekiko, plazak bertsoz beteko eta pantailak itzaliko direnean.

Bertso eskola birtualera ez joateko aitzakiak

DOINUA: IZARRENHAUTSA

1. “Nahiz ta zu igual ez fia, hau da eszenografia: Ez dut daturik eta etxean ez dabil ondo wifia”.

2. “Hain naiz ikasle formala, beti klasera noala. Ta dut ostegun arratsaldero akademia birtuala”.

3. “Bertso eskolan hobeto nengokeen arren tarteko, familiarekin geratua naiz bideo-dei bat egiteko”.

4. “Gogoa dut, alegia, diodana da egia: Barkatu baina oraintxe bertan amaitu zait bateria”.

5. “Klaseko hainbat lanen truk, ondo jakingo duzu zuk pantailapean bizi naizela; eta buruko mina dut”.

6. “Ezin dut, hala beharko, ogi bila noalako; eta ilaran tokatuko zait zortez, bihar goizerako!”.

7. Ke-bonba truko onena; Whatsappean dagoena baina aitzaki beharrik gabe erantzuten ez duena.

KONTAKTUAK, KONTRATUAK, KONTRAKUAK

Bertsonak

Bertso plazak etenda dauden honetan, utzi didan hutsunea ulertu nahian nabil. Badakit beste milaka kultur ekitaldi ere eten dituela larrialdi egoerak, eta badakit, bertso plazak ahal den neurrian berrasmatu eta berpizteko ahaleginak egin direla han-hemenka. Baina daukaguna galdu arte estimatzen ez dugunez, balio beza etenaldi honek plaza ere galdu aurretik estima dezagun.

Bertsozale garenok egunez egun estimatzen dugu plazaren balioa, eta bertsolari bezala parte hartzeko pribilejioa dugunok ere bai, maiz kilometro pilatuek eta lo-ordu bilatuek kontrakoaren itxura eman arren. Ez dugu, ordea, plaza hain berezi zerk egiten duen deskribatzen jakiten; eta larrialdi egoerak galdera iraultzeko aukera eman digu: zer falta zait? Zergatik tristura hau, hustu den agendari begira?

Pragmatiko jarrita, esan liteke galdutako diru-sarreragatik dela; egolatra jarrita, asteroko txalo-dosiaren abstinentzia sindromeagatik dela; erromantiko jarrita, Euskal Herrian zehar aurrez aurre kantatzeko ezinak

ito gaituela. Baliteke horietako bakar bat ere gezurra ez izatea. Baina plaza etenak eragindako tristura hori ez dute justifikatzen, hirurak elkartuta ere, nire kasuan.

Gogoan dut plazan hasteko zortea izan nuenean, miresten ditudan bertsolariekin jarduteko luxuaz gain, izugarri gozatzen nituela saio aurre eta osteko meta-bertsolaritza analisiak, baina baita uneari buruzkoak ere. Azken bi hilabeteotan mila bider harrapatu dut nire burua bizi dugun egoeraz halakok ze bakarkako, holakok ze txiste, hark, ze galdera eta honek ze hausnarketa botako lukeen pentsatuz. Pentsatzeko espazio humano izugarri interesgarri bat eman dit bertsogintzak, kide izateko zortea dudan bertso eskola bakoitzetik hasi eta osatu dudan plaza bakoitzeko antolatzaile zein entzuleraino. Horiek dira bertsonak, bertsoak nire bizitzara ekarri dituen pertsonak. Bestetik, bertsoak eman dit pentsatzeko espazio artistiko bat ere. Mundua ulertzeko talaia bat, bat-batean aritzeak nire buruari onartu gabeko puntutaraino sakontzen duena. Bidezidor bat, nire pentsamendu ez pentsatuetara. Nire buruaz asko ikasi dut mikrofonoan, ez nekizkien egiak atera izan baitizkit bat-bateko ariketa edo jolas horretan, sekula nire buruari egin gabeko galderak airean erantzun beharrak ekarrita. Abilago direnek galbahe hori mantentzen asmatuko dute, baina etxera bidean deskubritutako pentsamendu berri hori murtxikatzen itzuliko dira. Horrek ez du preziorik. Bertso onak baino gehiago izan dira, bertsogintzak piztu dizkidan pentsamendu printzak.

Agian horregatik ase nau hainbeste, bi hilabeteren ostean, publikorik gabe eta distantzia anti-naturaletan egindako saioetan kantatzeko aukerak. Bertsozale bezala bertso onak entzuteko aukera eman didalako (kantatzeko sekula ez baita nahi beste); eta batez ere, bertsonak topatzeko aukera eman didalako. Elkarrekin berriz pentsatzeko, kantatzeko, gozatzeko, marrazteko, eraikitzeko aukera. Hori guztia eta gehiago baita, bertso plaza. •

Lagunei

DOINUA: OSTATUKONESKATXARENKOPLAK

1. Ukitu elkar maitatu usaindu elkar gozatu aurretik egin ez dugun hori bihurtu zaigu pekatu.

2. urbileko begirada sentitzeko besarkada tristura poza bihurtzen bada sendagaia ez al zara?

3. Kafea edo zerbeza estimua edo kexa eguneroko errutina da eguneroko sorpresa

4. Bazkari edo afari konpaini onaren kabi deus eskatzen ez duenarentzat laguntasuna opari

5. Orduak dira minutu solasa nahiz izan mutu denbora zuku baten gisara espazioan zukutu.

6. Errekan edo mendian irriño bat aupregian oroitzapenak utzi nahi digu hutsunea agerian. 7. Dantzan mugituz gorputza kantuz bidaide hizkuntza edonorentzat pozgarria da zure presentzia hutsa

8. Eman eta gero jaso Guztia aurrerapauso Uste ez dugun arren Gutxi aunitz da akaso.

9. Inor ez dago soberan Jarri ezkero aukeran Hitzak ezin du inoiz azaldu Zenbat maite zaituztedan!

Zer esanik ez

Etxeko leihotik begira pentsamendu hau izan dut: desorekan daude esandakoak eta esan gabe geratu direnak. Ez pentsa burua joan zaidanik, hemen azalpena.

Bertsotan egiten dudala esan dudanean, edo nire koadrilakoak juergan “bota bertso bat!”ka hasi izan direnean eta gero inguruko ezezagunei azalpenak eman behar izan dizkiedanean, askotan galdetu izan didate “Zelan egiten duzu?”, “Baina, hori ezin da ikasi, ezta? Berezkoa da” edota top 10ean lehenengo postuan dagoen galdera: “Esateko ezer ez duzunean, zer?”.

Galdera hori entzun ostean nire pentsamenduaren zati batek beti pentsatzen du jai giroan horrelako galderak egitea baino plan hoberik ez duen norbaitek beti duela zer edo zer esateko, munduko astakeriarik handiena bada ere, eta beraz, oraindik ez dut ulertu honek sortzen duen interesa. Ez bertsoarekiko interesa, baina bai publiko aurrean isilik gelditzeak sortzen duen beldurra edo zer esanik ez izateak eman dezakeen itxurak sortzen duen bertigoarekiko interesa.

Baina, nire pentsamenduaren beste zatiak esan ohi dit: baina, begira unibertsitatean, lanean, zein lagunen artean zenbat ez diren gai ezezagunen aurrean hitz egiteko zer esan ez izatearen beldurragatik. Edo zer esana duten arren aukeratutako hitzak egokiak izango ez direlakoan, edo jendea ados egon ez eta kontra egingo dioten beldur.

Bertsora bueltatuz, gerta daiteke gairen bat ez ezagutzea, edo ezagutu bai baina, “ñe”… eta kantuan hasi aurreko hiru segundo horiek banatu behar izatea, bat eta erdi pentsatzeko “ez dakit zer esan” edo “kaka ez dakit zertaz ari den”, eta beste segundo terdia esango duzuna pentsatzeko. Berez, oso plan txarra da denbora horrela banatzea.

Baina bueno, ez da arazoa noiz edo noiz zurian geratzea, zer esanik ez izatea, edo ezer esan gabe bertsoa goitik behera osatzea (izango dira egun hobeak). Ostera, arazo handia da gure inguruko jendeak pentsatu bako hainbeste gauza esatea, eta burubakoek zer esango duten horren beldurrez beste ideia brillante asko isilpean geratzea. Nire etxeko leihotik argi ikusten da desoreka.

Amama Kontxi

DOINUA: BABIASALTZENARININTZALA

1. Hasierak du amaiera zor bizilegearen zama aste honetan berri iluna iritsi da guregana Galdakaotik bele kantua aker beltzaren arrana berriz ez dela plazan izango bertsolarion amama. 2. Saio denetan lehen ilaran ez zen ez kointzidentzia sarri Asunek lagundutako maitasun pazientzia Saio ostean besarkada bat bertso erreberentzia zure oihua: Gora Euskadi!! eta Independentzia!!

3. Elkartu ezin dugun garaian zaituztelako ehortzi zugandik hurbil sentitu nahia bertsoei behar egotzi Zu oroitzea ezingo digu ezerk ere eragotzi zulako asko behar ditugu adio amama Kontxi.

This article is from: