8 minute read

Felix Zubia, Elixabet Etxandi

Zerg@tik

DOINUA: ANDRETXARRARENBENTAJAK

Advertisement

1. Mundu hontako aberatsena Amazon-en nagusia, Milioiak ia ezin kontatu, Zeinen gauza itsusia. Dirua denez gure artean Agintari nagusia, zerg@tik dauka pertsona honek holako irabazia?

2. Internet bidez ia guztia Merkeagoa omen da, Liburu, jantzi eta janari Osa liteke zerrenda. Erraza eta erosoa da, Hobe guztiei gomenda, Baina zerg@tik itxi digute Auzoko Mirenen denda?

3. Amazon, Google eta besteek Horrenbeste irabazi, Hamar zeroko zenbaki asko Dizkigute adierazi, Gauzak hobeto begiratuta, Pixka bat aztertzen hasi, Zer dela eta hauek ez dute Zergarik ordaintzen kasi? 4. Etxez-etxeko banatzaileek A zer lan-baldintza txarrak, Derrigorrezko autonomoak, Kaxekin aldiz azkarrak. Enpresariek sortuak noski Hain egoera kaxkarrak, Zein ezkutuko j@torri dauka Banatzaileen beharrak?

5. Pertsona dugu animali bat Berekoi eta zikoitza, Gauza gehiegi izanagatik Beti nahi baitu bikoitza. Interneteko eskaerena Zeinen eremu laiotza, Ekintza guztiz politikoa Da erosket@ bakoitza.

Zotal egunak

2020 eguzkitxu agertu zaigu, negua ilusio bat soilik balitz bezala. “Lasai Elix, halere negua gogorra izango da” errango zidan amatxik, nere pronostiko guziak hautsiz. Betidanik entzun diot zotal egunei kasu egin behar zitzaiela urtearen mapa meteologikoa jakin nahi bazen. Hau da, Urtarrileko lehen 12 egunak, hilabete bakoitzaren isla zirela. Urtarrilaren lehenean, eguzkia agertu bada, urtarrila guzian aro ederra izango dela. 2-an zerua belztu bada, otsaila ere honen antzera ilun izango dela. Eta horrela, urtarrilaren 12a arte egun guziak zainduz, gure 2020 urtearen aurre ikuspen txiki bat izango genuke, urtarriletik abendura. Beti harritzen nau nola garai bateko belaunaldia zerura begira bizi zen, izarretan geroa irakurriz edo hodeien joan etorrian klima orokor bat ondorioztatuz. Saiatuko nintzateke amatxiri esplikatzen gu materialistago garela, fundamentu zientifikoei ohitu gaituztela eta zotal egunek ez dutela esplikazio berezirik, sinesmenek bultzatzen dituztela. Orduan, zertan sinesten dugun galdetuko zidan, zerk bizirik atxikitzen gaituen. Bakoitzak gure fede iturriak ditugu, nahi edo ez, baina uste dut guk ere gure zotal egunak ditugula nolabait, aroari lotuak baino gehiago, maite ditugun gauzei lotuak. Adibidez, badakigu 2020 urtea herrialdeko txapelketen urtea izango dela berriz ere, bestelako taldekakoena, Euskal Herrikoa ortzimugan izango dugula. Egia esan, zotal egunak berez aurre ikuspenak badira ere, bertsoak sopresari ohitu gaitu, ez jakinari: aldi oro, irabazle bezain galtzaile ateratzeko aukerak ditugu. Baina zotal egunek klimarekin lotura duten heinean, segur naiz gure bertso zotal egun horiek eguzkia baizik ez dutela guretako, zeru grisenak argitzeko ahalmena baitu bertsoak. Nik ere nahi nuke zerua irakutzen ikasi amatxi, baina bertsoen egiten soilik dakit, eta erabaki dut aurten ere, ez dudala aposturik eginen baina eguzkia bilatzen saiatuko naizela, maite ditudan gauzak eginez; egun bakoitza, zotal egun bat balitz bezala.

Pentsamenduak VS Sentimenduak

DOINUA: IZARRENHAUTSA

1. Nahiz ta barrenak baietz diostan ez dut egingo negarrik, sobran baitakit gaur itsasoak ez dakarrela aparrik… Lehen zirenak oroitzapenak dira oroitzen ditudan penak, baina ez daukat indarrik. Lehen hitz egiten zuten bihotzek, orain, itxuraz, bi harrik; atzoa oso presente daukat, ez dut ikusten biharrik. Lehen kafea daukat gogoan, ni zure eta, zu nire alboan… Itzultzeak ez du txarrik, baina ez dut nahi bakarrik.

2. Logiken baitan berez ez dakit sentimenduak azaltzen, koherentea izaten eta barrenak azaleratzen. Buruz naiz aske, bihotzez estu, sentimenduak zentzurik ez du eta ez naiz gai aldatzen. Biok berdina sentituz gero printzipioz zerbait ona zen, baina ilusioz hasi ote naiz jada enparanoiatzen? Lokartu aurreko ordu erdian pentsatzen jartzen bainaiz (agian): Zenbatetan oheratzen zaren zu nigan pentsatzen.

3. Badakit honek ez duela nik emana beste garrantzi, ekuazioan “x” sinple bat behar nuela ebatzi; baina nahastu egin zait gauza, nahiz eta argi ez izan kausa. -Nondik behar nuke hasi?Eta duela segundu erdi egin nahi arren garraxi, Whatsapp soinuak paranoia bat zela dit ohartarazi: Zeren mezuak malizi gabe dio: “Txiki, gaur zer moduz zaude?” Aurreko dena dut ahantzi (e)ta ez dut nahi gehio idatzi. •

Ez zenidaten ulertu

Bertso egunak

Bertso Egun ofizialak hartu du beste jite bat, formatu berrira pasa zenetik: herrialdez herrialdeko eredura, ibiltarira, txikiagora nahi bada. Askok pena izango dute Kursaaleko jaialdi handi hura amaitu zelako; beste batzuk, errazago egiten dugu gure tokian tokiko bertso eskolak ardatz dituen

gune-modu hau. Mungian, Barañainen eta aurten Aramaion hartu du lur proiektuak, eta oraindik batzuk ajeari buelta emateko lanetan ibiliko dira. Hori ere baita bertso eguna: bertso udalekuetan ezagutu zenituen haiekin ustekabeko parranda, saiotik saiora maiz topatu duzun baina sekula hitz egin gabeko epaile/antolatzaile/bertsozale harekin hizketaldi luzea, eta beste bertso eskolako batzuekin korroa ezin bereizian pentsatzea (zergatik ez gara maizago elkartzen?). Maiz hitz egiten dugu bertsolaritza saretzeaz, eta parrandetan erraz korapilatzen garen arren, esango nuke nik gazteenei ikasi diedala mimoz ehundutako harreman horiek zaintzen. Gu elkar ezagutu gabe elkartzen ginen eskolarteko txapelketan, hauek lagun dira aldez aurretik eta beste maila batean kokatzen jakin dute talde-lana.

Aramaioko bertso egunak erakutsi du mugimenduaren indarraldi hori guztia, dudarik gabe. Zorionez, ordea, gero eta gehiago dira bertsolari eta bertsozaleok elkartzen gaituzten guneak, sareak, parrandak, proiektuak. Gero eta gehiago gara, eta gero eta gehiagotan. Elkarrengandik ikasiz goaz eta tokian tokiko

taldeok ere urtean zehar gure esku dagoen neurrian erantzuten diogu eredu horri. Urtea hasi berritan, esaterako, bertsotruk izan zenaren (eta aldi berean betidanik izan denaren) izenean elkartu ginen Bortzirietako taldekako txapelketan. Nazioarteko txapelketan (ez egin keinu hori, hala aurkeztu zuten). Eta hura sorpresa gozoa gurea, Tolosaldetik joandako atzerritar taldeak Bortzirietako bertso eskolaz gain, Aramaiokoa, Durangokoa eta Sakana eta Iruñakoa han aurkitu zituenean!

Urtetako eskarmentuak bakarrik erakusten duen mailan antolatutako bertso egun partikularra bizi izan genuen, kantu, barre, topa, otordu, kantu, topa, barre, barre, barre… Eta bueltako bidaian egun hartatik ikasi genituen ideien, jarreren eta ñabarduren zerrenda osatuz etorri ginen, itzulerako nazioarteko bertsotruk on bat antolatzeko gogoz. Bertsoa egun bakoitzean bizi dugu, eta bertso egun bakoitzak bizi gaitu.

Autogestioaren bidez aunitz

Oraindik ere oroitzen naiz txikiak ginenean lagunen artean sortzen genituen jolasetan zeinen ongi pasatzen genuen. Gurasorik eta heldurik gabe gure artean antolatzen genituen jolasen arauak zein irizpideak. Jolasak ez ezik, zenbat aldiz hasi ote ginen guk txabola deitzen geniona eraikitzen eta deseraikitzen, lekuz leku aldaketak egin eta probatzen. Aitortu behar dut nostalgiaz oroitzen ditudala momentu horiek eta tarteka gustura bueltatuko nintzatekeela txabola haietara.

Nerabezarora heltzen ari ginela ere, irudimena martxan jarri eta kuadrillakoekin makina bat otordu eta txango antolatzen genituen elkarrekin egon ahal izateko. Orduan hasi nintzen autogestioaren kontzeptua barneratzen eta horrek duen garrantziaz jabetzen. Nik ez nuen aukerarik izan baina ikasbidaia antolatzeko zenbat pintxo eta bizkotxo egin ote zituzten gu baino helduagoak ziren ikasle haiek!

Pixkanaka heldutzen joan eta gazte asanblada zein unibertsitateko ikasle taldeak barrenetik ezagutzeko aukera bikaina izan nuen. Modu horretan, autogestioan oinarritutako hainbat ekintza eta jarduera egin genituen. Niretzat, ikaskuntza handia izan da horien antolakuntzan parte hartu izana eta dena erreza izan zenik ez dizuet erranen baina pasatako orduetan ikasitakoa eta sentitutakoa ez ditut sekula atzenduko.

Bertsoaren inguruan murgildu izan naizenetan ere taldean hainbat jarduera modu librean eta nahi dugun eran egin izan ditugu. Bertso eskolan norberak ariketa desberdinak prestatu eta klaseak gure artean antolatu ditugu. Nafarroan, bertsoari lotuta aurrerantzean ere badugu non ikusi eta entzun, non gozatu eta lagundu. Izan ere, aurten berriz dagokigu modu autogestionatuan Bardoak antolatzea (Bertsozale Elkartearen laguntza ukatu gabe, noski) eta horretarako talde bakoitzak saio bat antolatzeko ardura izanen du. Eta hori gutxi balitz, azken hilabete honetan Iruñeatik datorkigun berri bikaina: zortziko maldiko. Hilabetero, Iruñerriko bertso eskoletako gazteek Zaldiko Maldiko elkartean 4 bertsolarirekin saio bat antolatuko dute. Bertso saioa gutxi ez balitz, ondotik afaria ere emanen dute, den dena modu autogestionatuan antolatuta.

Gaur egun, guztia emanda bizi garen aro honetan, oraindik bada jasotzeko sortzen duenik ere eta bide horretan elkarlanean autogestioaren bidez aunitz ikasi, ikusi eta gozatu dezakegu.

2020ari

DOINUA: ANDRETXARRARENBENTAJAK

1. Etxeko danok gagoz mahai inguru baten urte zaharra agurtuz hamabi mahats jaten. Urte barri on esan, hasi naz pentsaten urtea ez da ondo joango holan bada hasten: geure buruari ere guzurrak esaten

2. Berba potoloz arin berotzen gara eta, gure osabak hasi dau

ohiko berriketa. Kontatu deusku zein dan aurtengo aldaketa: “argaldu egingo naz eginda dieta” Hori esan dau tripa kroketaz beteta.

3. Osabaren atzetik badator izeko, aurten ere ez gaitu hartu ustekabeko. Oraindik ezpainetan zigarro bat deko, urteroko promesa gero ez beteteko: “gaurtik aurrera ez dot gehiago erreko”

4. Lehengusuon artean ohi gara konpara batek diruan gaia arin dau atara: “Lan bat lortu behar dot ona ahal baldin bada” Baina inkoherentziana hori ez da akaba Juergan irten aurretik eskatu dau paga.

5. Oraingo ospatu dauz 80 gabon gau, ez dakit dan ohitura Zein etxeko arau; baina, urtero-urtero entzuten dogu hau: “Honek azken gabonak ni ja nagosi nau” Beti hiltzeko eta gazteen bera dau. 6. Familikoak gara guzurti xamarrak, edo geure burua engainatzen txarrak. Horrela gabiltzanok gu al gara bakarrak? Ito egingo gaitu aldatu beharrak. Urtea berria da, ta promesak zaharrak!

Okurrituko zait zerbait

Izaten da momentu bat non bertsotan hasi izana guztiz damutzen zaigun. Niri behintzat halaxe gertatzen zait. Gaia entzun eta zer kantatu ideiarik ere ez daukazun momentu hori. Publikoa zuri begira eta zu aretoko larrialdi irteeren bila, nondik ihes egin pentsatzen. Imajinazioari eragin ezinda, berdina pasatzen zait plazan bakarkako baten aurrean edo inork eskatuta zerbait idatzi behar dudanean. “Okurrituko zait zerbait” pentsatu eta ingurura begiratzen dut horrelakoetan inspirazio bila. Duela dozena bat urte, zaparro bat baino ez nintzenean, Anboto ikus zitekeen orain eserita nagoen aulkitik. Nire logelako leihoak hegoaldera ematen du, eta goizetan errezelak zabaltzea aski zen hura ikusteko. Sasoi hartan munduko mendi altuena huraxe zela uste genuen gainera, konbentzimendu osoz. Abantaila litzateke oraindik ere etxetik Anboto ikustea. Hari begira, ikusi ez, baina imajinatu ahalko nituzke basahuntzak Larranon gora jauzika, edo sai erraldoiak, zeruko errege, gorpuren baten atezuan zeruan biraka. Imajinatuko nuke pago bakarti baten asperdura eta behelainoaren isiltasuna.

Eta orduan bai, orduan bururatuko litzaidake idazteko zerbait. Akaso esango nuke artaldeko ardi zuritik askoz gehiago dudala basahuntzetik baino, edo bestela behelainopeko pagoa bezala sentitu naizela sarri, ia uda osoa saio bakar batean kantatu gabe pasatzean. Edo, gazte bat irudikatuko nuke, basahuntzik, pagorik, sairik, behelainorik ikusten ez duena, bere eskumuturreko GPSdun Runningeko Polar erosi berriko kronometroari begira, mendian gora ahalik eta arinen lasterka. Eta zera idatziko nuke: “Ez ote diegu bertsotan ere gure markei gehiegitxo begiratzen, parajeaz ahaztuta. Ez ote dute gure lorpen eta porrotek plazan garena baldintzatzen. Azken finean, ni ere ez negoke berbok idazten ekaineko egun batez zortedun jaiki eta eskolartekoa irabazi izan ez banu. Eskolarteko lagunkoi bezain lehiakorra. Kale edo bale. Sei bertsotako esprina: Kilometro bertikala, pultsometro eta guzti. Lehia zentzubako eta bidegabe samarra mendira egun-pasa lasaian joan nahi duenarentzat, bide batez esatearren.” Edo antzeko zerbait.

Baina horrelakoak bururatzeko beharrezkoa litzaidake aurrean Anboto izatea; esan bezala, ez naiz oso abila imajinazio kontutan. Tamalez, gu hazi garen modu berean hazi da gure herri zahar hau ere, eta eraikuntza enpresen iragarkiek hala aginduta, etxebizitza berriak erne dira lurretik. Horietako zatarrena nire leihoaren eta aipatu tontorraren artean.

Horrexegatik nago orri zuriaren aurrean zer idatzi asmatu ezinik. Hormigoia eta baldosa itsusiak baino ez dauzkat begi bistan, etxepeko plazoletako iturriak ere apenas botatzen du urik. Gaia bota didate, publikoa zain. Okurrituko zait zerbait…

This article is from: