1 minute read

EUSKARA: LOTZEN GAITUEN SOKA

“Infernu txiki, Amerika handi” du izena EITBk aurkeztu berri duen saioa. “Herri txiki, infernu handi” famatuaren jarraipena da, antza; eta 1. kapituluan aurkezleak Nevadako Boise hirira joan ziren hango euskal diasporaren bila. Bertako ikastolako (Estatu Batuetako bakarra) andereñoari entrebista egin ziotenean, bere lagunen artean Ortuellako emakume bat, Henar, zegoen. Hura ustekabea! Ezin genuen aukera hori alferrik galdu, gure Institutuan Ortuellako ikasle asko baitago.

Esan eta egin! Euskara irakasgaian aipatu saioaren zatitxoa ikusi, eta nor zen Ortuellako emakume hura deskubritu behar genuela erabaki genuen. Oso gutxitan suertatzen da ozeanoaz bestaldeko euskaldun batekin hizketan aritzeko okasioa; horregatik gurekin Meet bat egitea proposatu behar genion.

Zorte apur batekin, Ortuellako familiaz jakin eta berehala haren telefonoa lortu genuen. Harremanetan jarri ginen; asmoa azaldu, eta pozarren baietz erantzun zigun, ilusioa gurea bezainbestekoa zela. Koska bakarra genuen gure proiektua aurrera ateratzeko: ordutegia. Gogoratu behar da han, gutxienez, zazpi orduko aldea dutela; hortaz, gure arratsaldeko ordu bietan euren goizeko sei eta piku dira. Egundoko mesedea, hain goiz jaiki behar izatea! Arazorik ez. Esaerak dioen moduan, “gustuko lekuan aldaparik ez!”

Hurrengo egunean hainbat galdera prestatu eta Meet-a egiteko link-a helarazi genion. Elkarrizketa izugarri aberatsa izan zen, hainbat unetan hunkigarria ere bai, hala nola azaldu zigunean berak txikitan ez zekiela euskara -ikastetxean ikasitako apurra baino ez-, eta Boisen euskara serio ikasteari ekin ziola, on-line hasieran eta hango Unibertsitatean eta Euskal museoan ondoren. Euskalduna izatea zer den beretzat argi azaldu zigun, zein harro dagoen, han egonda ere, hemengoa sentitzen delako. Aldian behin Ortuellara etortzen dela oporretan ere aitortu zigun, eta bere garaiko lagunekin elkartzeak emozio berezia sorrarazten diola.

Ordu beteko elkarrizketa interesgarria teknologiari esker. Ikasleak poz-pozik, irakaslea praketan kabitu ezinik, eta Atlantikoaz bestaldeko gure lagun berria hunkiturik. Ezin da astea hobeto bukatu.

Mila esker, Henar!

This article is from: