Skip to main content

hausnarketa

Page 1

Salbuespen poliziala Euskal Herrian Azken egunak ez dira bat ere samurrak izaten ari euskal jendartearentzat. Ez dugu buru bihotzetatik kentzen, ez dugu kendu nahi Ertzain amorratuen armen bidez eraildako Iñigo Cabacas gaztea. Herritarron begietan argi dago zein den honen guztiaren erruduna, milaka garelako polizien oldarraldiak sufritu ditugun pertsonak, asko garelako euskal labelarekin saldu nahi izan ziguten polizia horren benetako helburua jasan behar izan dugunak. Bai, urte luzetako saiakera egin dute PNV eta PSEk Ertzaintza disidentzia politikoaren eta herri mugimenduen kontrako errepresioan trebaturiko “polizia integralean” bihurtzeko. Urte luzez, gizarteko sektore jakin baten aurka “denak balio duenaren” lemapean aritu dira. Eta aspaldi da ez dakiguna nork babestu gaitzakeen poliziaren jazarraldietatik; zigilu legala daramate haien erasoek, onespen legala aitortu zaie herritarrak jipoitu eta hala suertatzen bada, erailtzeko. Inpunitatea polizien alde dagoen lege araua da. Hau guztia ez dator bat gure herria bizitzen ari den une politiko itxaropentsuarekin. Ezker Abertzalea eta beste hainbat erakunde zein eragile, herri aske eta burujabearen aldeko indar bilketan sartuta gaude buru belarri. Herri honetan bizi eta lan egiten dugunok badakigulako zer garen, eta batez ere, zer nahi dugun izan: Euskal Herria, letra larriekin, hori dugu helburu, ez besterik. Argi daukagu ere zer ez dugun nahi, ondo asko dakigu egungo Ertzaintza eta bestelako polizien azken helburua gaur egungo zapalkuntza egoera dagoenean mantentzea dela, etorri badatozen sakoneko aldaketak geldiarazi nahi eta behar dituztelako. Horretarako trebatu dituzte, gure herriaren kateak babesteko diseinatuak daude, eta gu, ordea, kate horiek apurtu eta etorkizuna aske erabakitzearekin egiten dugu amets. Horrela, Polizia eredua oinarritik aldatu behar dela deritzogu. Horretarako, besteak beste, Euskal Herrian jarduten duten indar polizial ezberdinek gomazko piloten moduko material arriskutsuak erabiltzeari utzi behar diote eta era berean, Ertzaintzaren Brigada Mugikorraren moduan jardun errepresibora bideratuko Foruzaingoa, Polizia Nazionala eta Guardia Zibilaren talde bereziak disolbatuak izan behar dute. Ez dago beste modurik. Bestalde, nazka-nazka eginda gaude poliziaren turnoko arduradun politikoen gezur, faltsukeri eta inpunitatearekin. Zer gertatu behar da herri honetan arduradun politiko batek bere dimisioa aurkezteko? Zenbat hildako eragin behar dituzte Ertzaintzaren gerrarako armek Rodolfo Ares barne sailburua dagoen lekutik kentzeko? Noiz arte itxaron behako dugu poliziaren buru gorenak Iñigo Cabacasen erailketan bere arduna onartu eta herritar guztiok jakin badakiguna onartzeko? Nahikoa da, Ares jauna, kendu zaitez herri honen bidetik, jarri zaitez bazterrean, zu bezalako beste hainbaten moduan, eta gure oroimenaren azken txokoan gordeko zaitugu: herritarrak jipoitu eta erail dituen poliziaren arduradun moduan, hori baino ez baitzara. Herri honen etorkizuna zapuztu nahi duzuenok jakin ezazue behingoz, bidean gaudela, geroz eta gehiago garela. Herri honetan ibili dabilen askatasun haizea ez da gomazko pilotekin geldiarazten. Eta zuri, hau irakurtzen ari zaren horri, bil gaitezen, egin dezagun aurrera; zabaldu ditzagun oihalak eta konpromisoak. Etorkizuna gurea da.

Bizkaian, 2012ko apirilaren 19an.


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook