prozesu feministaren barne boletina
2010eko urria
Zutik emakumeok feminismotik aldaketan eragin! 1. Kokapen politiko laburra Hiru urte igaro dira EAko Emakumeen 3. Nazio Batzarra burutu genuenetik eta epe honetan EHk jasaten duen nazio gatazkak hartu duen zentralidade politikoak bi ikuspuntu hauetatik labur dezakegu: -Batetik, espainiar estatuaren determinazioa gatazkari irtenbide politikoa ukatzeko eta errepresio estrategia orokortzearen aldeko eroaldia. Jokabide honen ondorioak larriak dira ez soilik guregan duten eraginengatik, baizik eta demokratizazio prozesuari ekin beharrean, ideologikoki frankismoak gailendu duen estatu ereduari atxikitzen zaiolako itsuki. -Bestetik, EAk, etengabeko erasoen aurrean, determinazio osoz, nazio gatazkaren izaera politikoan sakontzeko estrategiari ekin dio. Borroka ideologiko eta politikoan sakonduz, barne hausnarketa burutu du, erabaki konplexu sakonak hartu eta Euskal Herria eskubidedun subjektu politiko aitortzen duten jendarte sektore eta eragileekin elkar lanean prozesu demokratikoa abian jarri du. Beraz, une politikoa norabidetzeko orduan gakoa ziklo aldaketan jartzen dugu. Estatuak gauzatzen duen oinarrizko eskubideen urraketa eta ezarri nahi duen blokeo politikoa apurtzeko erronka gurea ez ezik EHrena eta bere burua euskal herritartzat duen ororena da. Konbentzimendu horrekin ekin diogu, inoiz ez bezala, alianza estrategia zabal bati. Asko eta anitzak dira klabe hauetan garatzen ari diren akordioak eta ekimenak. Nazio gatazkak berebiziko zentralitate politikoa duen testuinguru honetan alor politiko sozioekonomikoa kapitalismoak ekoiztu duen krisiak markatzen du. Langileriaren eskubideen aurkako oldarraldia nagusitzen ari da kapitalismoaren berrindartzea helburu duen estrategiari jarraituz. Lan baldintzen prekarizazio orokorrarekin batera bizi baldintzen hondatze etengabea pairatzen ari gara. Ongizate estatuaren baitan emandako urrats eskasak deuseztatzen ari dira eta patriarkaduak bizirauten duen jendarte eredu menperatzaileaz baliatuz emakumeen zapalkuntzan sakontzen duten neurri atzerakoiak bultzatzen ari dira; bien bitartean, aukera berdintasuna, menpekotasun egoeren tratamendua, laguntzak‌ hitzak baino ez dira Alor soziolaboralean, Europa eta mundo mailako botere ekonomiko hegemonikoen agindupean, estatu biak gauzatzen ari diren aldaketa erasokorrei erantzun tinko ematen ari zaie euskal sindikalgintzatik. Azken bi urteetan bi greba orokor deitu ditu. Alor sozialeko gatazkak duen berebiziko larritasunak inoiz baino funtsezkoago egiten du nazio gatazkaren aldagaiekin duen uztarketan eta loturan sakontzea ikuspegi integralez eta integratuaz landu dezagun. Kokapen politikoan aintzat hartzeko beste alorra da emakume eta gizonen arteko harreman sistemaren bilakaera. Gai honek berariazko tratamendua exijitzen du gainerako alor guztiak, salbuespenik gabe, zeharkatzen duen arren gehienetan baztertua, ahantzia edo ikusezina uzten delako. Patriarkaduaren ideologiak ez ditu emakumeak politikan aintzesten, (bere esangura zabalean) ez subjektu ez eta objektu bezala. Ez gara existitzen eta kitto. Jokabide hau zabalduta dago gure baitan ere. Ahatik, ikusezintzen denak esparru guztietan du eragina: bizi, lan, militantzia, partehartze eta erabakitze. sozial, politiko, kultural, heziketa eta abarretan. Sexu-genero gatazka aintzat hartzea ezinbestekoa
da euskal jendartearen erdia osatzen dugun emakumeengan sortzen dituen eskubide gabezia eta ondorio larriei heltzeko eta gizon eta emakumeen arteko parekidetasunean oinarritutako alternatiba eraikitzeko. 2. Prozesu feministaren kokapena EAk garatu duen bitartekoa bi helburu bilatzen ditu: -Euskal Herria feminismotik eraikitze bidean emakumeon eskubideen aldeko borrokoa artikulatu eta emakukeak aktibatu -EA subjektu feminista bihurtzeko barne eraldaketa gauzatzeko bitartekoak sortu eta eskubideen aldeko borroka atxiki praktika koherentizatzeko. Hamar urteko ibilbidea duen prozesuak gorabeherak eta garapen desberdinak izan ditu aldagai anitzen eragin pean. Kanpoko faktoreen garrantzia gutxietsi gabe ere, hasieran hartutako konpromisoen inguruan egin diren ahaleginak, landu den tentsionamendu eta egin diren inbertsioak desberdinak izan dira, eta emaitzak horien araberakoak ere. Mugimendu feministan egindako lanak gailentzeko lorpenak eman dituzte, horien artean Euskal Herriko Emakumeen Eskubideen Karta azpimarratzekoa da. Tresna garrantzitsua da eskubideen jabekuntza aurrera egin dezagun. Zentsu horretan, gailendu beharra dago aldarrikapenetatik haratago eskubideak gauza ditzagun aukerak exijitu, sortu eta erabili behar ditugu, bai norbanako zein kolektiboki. Hau da, eskubideen egikaritzea ahalbidetzen duten bitartekoak eskuratzea dugu erronka. Zeregin honek gauzapen zehatza du egungo abagadune politikoan eta EAk aurrera eraman nahi duen estrategian 3. Egungo erronka Batzarraren leloari jarraituz; honako hiru ideiatan sakondu nahi dugu: -Emakumeok aldaketan eragin: subjektuak gara eta geure emakume izaeratik abian dagoen aldaketa prozesuari heltzeko dugun eskubidea gauzatzera goaz. Soilik horrela lortuko dugu Euskal Herria feminismoaren oinarrietatik eraikitzen joatea -Emakumeok aldaketa eragin: prozesu feminista ardatz eta tresna dugularik aldaketa eragiten dihardugu, oztopo eta gabezi guztien gainetik hartutako konpromisoari helduz, EA feminismotik ideologizatuz, oinarri feministak gure proiektuaren erreferentzi bilakatuz. -Gure indarrak bilduz eragin: Helburuak lortze bidean jartzeak metodologia eraginkorra aktibatzea exijitzen digu. Zentsu horretan, berria ez den emakumeon sarea ikusten dugu bitartekorik egokiena gure arteko komunikazioa eta jarduna zabaldu eta sustatzeko.
EZKER ABERTZALEko EMAKUMEON IV. NAZIO BATZARRA 2010eko Azaroaren 20an Goizeko 09:00etan Etxarriko kultur etxean