2018ko iraila
ARITZ ARREGI: EH Bilduko zinegotzia Busturian, tren gidaria.
Gardentasuna eta herritarren iritzia entzutea eskatu ohi zaio behar bezalako administrazio publiko bati. Zer nolakoa izan da Busturiko Udalaren jarrera zentzu horretan? Udal gobernuak ez dio jarraipenik eman aurreko bi agintaldietan abiatutako lan ereduari: parte hartze prozesurik ez da gauzatu eta herritarren beharrizanen berri jasotzeko batzar falta nabaria da. Pena da aurretik egindako lanari aukerarik eman ez izana. Zeintzuk bide erabili ditu udalak herritarren iritzia jasotzeko eta udalak egindakoa herriari azaltzeko? Alde onak eta txarrak bereizi behar direla esango nuke. Alde batetik, ANV-EAEren agintaldian sortutako udal batzordeen eredua mantendu dute: jai, euskara, kultura eta bestelako batzordeen dinamikari jarraipena eman diote. Tresna ezin hobea da kontuan hartuta herriko elkarteek parte hartzen dutela batzorde horietan eta erabakietan; baita norbanakoek ere. Hori oso garrantzitsua da eta ona da bide horri jarraipena eman izana. Horrez gain, herrian egiten diren jardueratan zinegotziak presente izaten dira.
Hala ere, jarduera garrantzitsuenetan hankamotz daudela uste dut: alegia, parte hartze prozesu zehatz eta orokorretan gabezia izugarriak daude. Ekitaldietan agertzeari baino horri eman beharko liokete lehentasuna. Batzar publikoak egiten ziren sasoi batean herritarren interes eta kezkak jasotzeko. Azken aldian egin al da horrelakorik? Batzar publikoen eredua hilda dago. Gardentasunaren ardatza dira batzar publikoak eta udal guztiek eman beharko liokete lehentasuna eredu horri.