1 minute read

Etnografia

San Isidro, laborarien zaindaria

Maiatzaren 15ean San Isidro Nekazariaren jaia ospatzen da. Izenak berak adierazten dauen moduan, laborari edo nekazarien zaindaria da, eta horregaitik tradizinoz berari eskatu izan jako uzta ona lortzeko laguntasuna.

Herri batzuetan, adibidez Derio, Getxo, Mendata, Murueta eta Zeanurin, egun horretan ospatzen dabez herriko jai nagusiak. Getxon eta Zeanurin, kasurako, ospe handikoak dira ganadu-feriak eta txapelketak, idi-probak... alboerrietako jentetza handia batzen dabe.

Bizkaian, San Isidroren omenez, hiru ermita baino ez dagoz: AmorebietaEtxanon, Karrantzan eta Orozkon. Baina santuaren irudia beste ermita eta eleiza askotan be aurkitu daiteke, horregaitik ospakizuna zabala izan da lurralde osoan.

Beste herri batzuetan jaia baserritarren kooperatibeagaz lotuta egon da. Sarritan kooperatibeak berak San Isidro izena hartu izan dau. Holan izan da Mungian, Zamudion, Derion, Plentzian, Jatabe-Marurin, Bilboko Begoñan... Inguruetako baserritarrak falta barik joan izan dira kooperatibeak antolatutako jaialdira. Egitaraua antzekoa izaten da: hasteko mezea, gero bazkideen bazkaria, eta bazkalostean solorako tresnen zozketa (orgatilak, atxurrak, kodainak...). Nekazari eta abeltzainentzat urteko jairik garrantzitsuenetarikoa izan da; horregaitik, egun horretan ez eben soloan lanik egiten. Barrikako lekuko batek gogoratzen dauenez, bere amak San Isidro egunez artoa edo indabea erein ezkero landareari harra sartzen jakola esaten eban.

San Isidrori lotuta hainbat ohitura ezagutu ditugu: herri askotan prozesinoak egin izan dira santuaren irudi eta estandarteagaz (Derio, Elorrio, Etxebarri, Galdames, Morga, Muxika, Orozko, Zamudio, Zeanuri...); sikatea egon ezkero euria eskatzeko errogatibak egin izan jakoz; bere egunez soloak eta uztak bedeinkatu dira; eta, adibidez, Bedian, Arratzun eta Zeanurin, arto-landareak eta artaburu bigunak eskaintzen jakoz. Zeanurin, sakristauak artoa udabarriaren hasieran ereiten eban, maiatzaren hamabosterako landarea eta artaburua hazita egongo zirala ziurtatzeko •

ZEANURIKO GANADU FERIA 2017

“Por San Isidro Labrador, se va el frío y viene el calor”