Scriptbarik - Hoja de Sala

Page 1

BARBARELLA EN EL INFRAMUNDO (BARBARELLA AZPIMUNDUAN)

Agian, bi hilabetez gure estudioa izango zen espaziora lehen aldiz iristean izan genuen bertigosentsazioak eraman gintuen lehen ekintza bateratua egitera: hiruen artean egitura tubular bat garraiatzea, atariaren iluntasunean eta gure tailer berriaren hutsunean sartzeko. Indarrak batzeko ekintza esanguratsu eta “mosketari” horrek (bideoan grabatuak) zehaztu zuen nola garatuko zen gure lan-prozesua, hasieratik hautatu baikenuen gure imajinarioak bateratzea eta autoretza kolektiboa izatea. Hurrengo fasea Zentroko bertako biltegietara egindako bisita izan zen, lanerako materialak lortzeko egina: plastikoak, proiekzio-pantaila hautsiak, metakrilato-hondakinak, taulak... Horiekin guztiekin, bat etorrita, hasi ginen espazioan esku hartzen, gure lantoki berriaren pisu arkitektonikoa "hondatzeko" -edo, behintzat, horretan saiatzeko- grinak eta premiak bultzatuta. Orduan, fase frenetiko bat hasi zen, eraiki, suntsitu, metatu eta kentzekoa, eta handik hainbat forma sortu ziren, gero desagertu zirenak: murru mugikorraren gainean garraiatutako intsektu izugarria, tauletan marraztutako lerro etena, angelu batetik azaltzen eta leihoetan zabaltzen zen zomorro erraldoia, gortina birziklatu baten hondarrak, lehenbizi adats eta ondoren zutabe bilakatuak, zutabe baten loditze ironikoa… Fase horretan, argi eta garbi azaldu ziren gure egiteko modu desberdinak, eta espazioan gertatzen zena batzuetan elkarrizketan sartzen zela, bestetan talka egiten zuela fisikoan edota itunak kontzeptuan. Adostasunen eta desadostasunen arteko erritmo pendular hori lan-prozesu osoan izan da, eta, beraz, ondoriozko instalazioa, egikera bateratu baten emaitza izateaz gain, "ezetzen” ondorena ere bada. Arteak gure ingurunea eta, batez ere, geure burua zalantzan jartzeko balio badigu, gure ustez, esperimentu honek, bizi izandako esperientzia-geruza ugariekin, lortua du bere helburua. Instalazioak hiru pieza-proiekzio ditu, aldi berean hiru ingurune sortzen dituztenak: Masak hiru gorputzen sinbiosia jasotzen du batean, eta horman ikatz-ziriz egindako “orban-zomorro”aren gainean proiektatzen da (marrazkia marraztearen eta ezabatzearen ondorioz); Motorzaleak, oinarri beltzeko plastikozko egitura baten gainean proiektatuta, motoristaren eta haren alter egoaren, mamuaren eta amaierako istripuaren arteko bat-bateko topaketa jasotzen du; eta Azpimunduak, horman proiektatuta eta metakrilatozko ontzi ireki bat zeharkatuta, istripuaren ondorengo egoerak ditu aipagai. Hiru bideoek Barbarella azpimunduan osatzen dute. Loop-eko narrazioak desioari, indarkeriari eta heriotzari buruzko lan-prozesu bat jasotzen du. Artisten arteko konpromisoan, konfiantzan eta adiskidetasunean oinarritutako talde-lanaren emaitza da. Amparo Badiola, Gema Intxausti & Susana Talayero 2020ko urriaren 24a


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.