INAUTERIEN GORABEHERAKAZ, ALGORTAKO JAIAK ARRISKUAN! Urte bi igaro dira azken ospakizun handiak antolatu genituenetik: 2020ko inauteriak izan ziren denok elkarregaz ospatu genituen azkenak. Urte bi hauetan zehar, Algortako Jai Batzordeak tinko eutsi dio herritarrekiko bere konpromisoari; pandemia-egoerak aurretik ezagutzen genuen jai-ereduagaz aurrera segitzeko aukerarik eman ez duenean ere bai. Gure aldetik, Udalagaz harremanetan egon gara uneoro, gure proposamenak, asmoak eta ideiak aurkezteko. Bide batez, egoeraren larritasuna kontuan hartuta, Udalaren jai telematikoak, aste kulturalak eta bestelako proposamenak ontzat eman ditugu. 2022an egoerak hobera egingo zuela ematen zuen. Hala ere, urtarrilean seigarren olatua surfeatzen segitzen genuen. Ondorioz, inauteriak larrialdi-egoera horretara egokitutako formatu batean antolatu behar genituela argi geneukan. Jai-batzordearen egoera ere ez da samurra; horrek ere inauterien antolaketa baldintzatuko zuela argi geneukan. Gure asmo bakarra herritarren aurpegietan irribarrea berriro marraztea zen; hau da, kaleak musikaz eta mozorroz betetzea, beti ere denon osasuna jokoan jarri barik. Horregatik, egitarau oso xumea prestatzen hasi ginen: gauza gutxi batzuk antolatu, jende-pikaketa handiak sor zitzaketen kontzertuak, bazkariak eta bestelakoak saihestuz. Jai-batzordearen egoera kaskarra ere kontuan hartuta, gauzak era errazago batetan aurrera eroan gura genuen. Baina, horra hor gure sorpresa: errazagoa izan behar zuena, zeharo korapilatu da. Gure animoak, denbora eta osasuna bera jokoan egotera heldu dira. Eskakizun tekniko etengabeak, horietako asko zentzugabeak eta neurriz kanpokoak; Udalaren atal ezberdinen arteko koordinazio falta eta eskaera zein informazio kontrajarriak… Horiek denak zeharo baldintzatu dute gure lana; itotzeraino estutu dute jai-batzordea. Azken asteko eskakizunakaz Udala urrunegi joan delakoan gaude. Horietako batzuk bete ezinezko baldintzak dira; inauterietako egitarauaren zati handi bat kolokan ipini dute. Hortik, sare sozialetan zabaldutako STAND BY mezua. Hori gutxi balitz bezala, horrek denak jaibatzordeko kideon gogo-aldartea hondatu du. Inauteriak antolatzeko izan ditugun zailtasunek bere horretan jarraituz gero, ezinezkoa egingo zaigu San Inazio jaiak antolatzea. GURE JAIAK ARRISKU LARRIAN DAUDE! Udalak benetan ulertzen al du herriko jaien izaera eta Algotako Jai Batzordea bezalako herri eragile baten dinamika zeintzuk diren? Ez gara enpresa pribatua; jaiak antolatzea ez da gure ogibidea. Herritarrekiko eta jai herrikoiekiko daukagun konpromiso sakonak eroaten gaitu bolondres lana egitera. Hori kontuan hartuta, gure izaeragaz zein antolatzen ditugun ospakizunakaz koherentea izan beharko lukeen elkarlan eredu bat lehenetsi beharko luke Udalak. Edonola ere, kaleak MUSIKAz jantziko ditugu asteakabu honetan; inoiz baino gehiago, bi urte gogor hauen ostean, herritarrek gura eta behar dutelako, eta herriko kaleak hartzeko unea delako. Betiko legez, Algortako Jai Batzordeak ahalegin denak egin ditu, ahalik eta egitarau oparoena eskaintzeko, girorik onena sortzeko asmoz. Baina, gure esku ez daudenak kritikatu