"Fracking, Apustu arriskutsua" Monografikoa

Page 120

txiagorekin bizi beharko dugu eta, are latzagoa dena, energia itzulera tasa gero eta baxuagoa izan da azken bi hamarkadetan. Petrolioaren gutxitze testuinguru honetan sartu da Eusko Jaurlaritza gas ez-konbentzionala ustiatzeko proiektu honetan, eredu energetiko fosilistari eutsiz. Hazkunde mugagabearen logikarekin jarraitu nahi duen azken arnasa da hau, horretarako lurraldea galdu, CO2 eta metano gehiago isuri (metanoak CO2ak baino 20 aldiz gehiago eragiten du aldaketa klimatikoa) eta arazoa berriro hurrengo belaunaldiei igorri nahi diena. Gainera, parean daukagun erronkari aurre egiteko oso baliagarriak diren urte batzuk alferrik galtzea litzateke: energia eskuragarri gutxiagorekin bizitzeko eta, ekonomiaren aurka, erdigunean pertsonak eta bizia izango dituen eredu baterako trantsizio irmoa egiteko urteak. Iraunkortasun ekologikoa eta gizartearen demokratizazioan oinarrituko den eredurantz. Horregatik, Desazkunde Iraunkorra egitea beharrezkoa dela esaten dugu, egungo gizarteak dituen printzipio eta baloreen oso bestelakoak izango dituen gizartea izateko: ekoizpena, kontsumoa eta lehiakortasunaren logikari baino garrantzia gehiago ematea herri-bizitzari; lanaren banaketa eta herritarren oinarrizko errenta bat zehaztea; produkzio-, administrazio- eta garraioazpiegitura asko txikitzea; aurrera doan globalizazioaren logikaren ordez bizimodu lokalaren elementu asko berreskuratzea; eta, azken batean, nahita aukeraturiko bizimodu xume eta neurritsua egitea.

Fracking-a baino zerbait gehiago Aralar Eusko Jaurlaritza gas ez-konbentzionala eta haren ustiapen metodoaren gaia ikuspegi tekniko eta ekonomikotik bakarrik begiratzen tematuta dago. Patxi Lopezen gobernuarentzat eta bere aholkulari Undarentzat badirudi nahikoa dela gutxieneko ingurumen-segurtasun neurri batzuk eta bideragarritasun ekonomikoa bermatzea, proiektuari ditxosozko baimen soziala eta nolabaiteko zilegitasuna emanez, aurrera jarraitzeko. Ezer gutxi gehitu ahal zaio, jadanik, haustura hidraulikoak (fracking) ingurumenean eta giza osasunean eragiten dituen ondorio zitalak frogatzen dituen dokumentazio mordoari. Dokumentazio horretan badira teknika honi eta erabiltzen diren materialei loturiko arriskuen inguruko azterketa teorikoak eta baita gas ez-konbentzionala ustiatzea erabaki den lekuetan gertaturiko kasu praktikoen ingurukoak ere. Era berean, asko idatzi da aspektu ekonomikoaren inguruan ere eta azpimarratzekoa da hidrokarburo ez-konbentzionalen inguruan mundu mailan analisi batzuek iritsi duten ondorioa: “burbuila” berri baten aurrean gaudela, alegia. Emaitza horiek, hidrokarburo hauen ustiaketarako azterketek planetan izan duten bat-bateko “boom”-a, enpresa ustiatzaileak AEBetan

120

lortzen ari diren errentagarritasun eskasarekin lotzen dute; lortzen duten gasaren prezio merkearen eta ustiaketen kostu altuagatik, nagusiki. Auzi honen aspektu tekniko, ingurumenarekiko eta ekonomikoen inguruan dauden zalantza hauek guztiak egonik, edozein gobernu zentzudunek arduratsuago jokatuko luke bere administraziopean dagoen lurraldea horrelako proiektu batean sartu aurretik. Baina ez dirudi Eusko Jaurlaritzaren kasua hau denik, izan ere, dirudienez buruan sartuta baitu guri sinetsaraztea EAEkoa mundu mailako salbuespena izango dela eta inon ez bezalako gas ez-konbentzionaleko erreserba horiek arriskurik gabe eta errentagarritasun paregabearekin ustiatuko ditugula. Baina muturreko hipotesi hau zuzena balitz ere (ederki saiatuko dira hori sinetsarazten, bai), Aralarrekook uste dugu aurrean duguna benetako erronka politikoa eta demokratikoa dela, astakeria hau gelditzeko gizarte osoak maila ematea eskatzen duena. Fracking-aren inguruko eztabaida ez da teknika horren errentagarritasunera mugatzen, haratago doa. Eusko Jaurlaritzak hidrokarburoen lapikoko azken pizar itsatsien bila eraman nahi ditu Arabako lurraldea, EAEko beste bi probintziak (Bizkaia eta Gipuzkoa ere ez dira irrika honetatik salbu geratzen), eta baita Erkidegotik kanpokoak ere (SHESA Burgosi eragiten dien baimen batzuen atzetik ere badabil eta). Guk nahi edo ez nahi, energia enpresa handien interesen alde jartzea erabaki ei du, aldebakarreko erabakiz. Gure baliabideak potentzia industrial handien aurreranzko ihesaren esku uzten ari dira eta planetaren berotzearen aurka egiteko harturiko konpromisoetatik (nahikoak izan ala ez) urruntzen gaitu erabaki honek. Guk nahi edo ez nahi, Eusko Jaurlaritzak, aldebakarrez, aldaketa klimatikoaren aurkako borroka alde batera uztea eta gure negutegi efektuko gasen emisioak bat-batean gehitzea erabaki ei du. Haien apustua Arabako landak suntsitzea da, lur emankorrak okupatuz, urmael eta akuiferoak ustiatuz, soro eta parke naturalak hondatuz, landa-giroa industrializatuz eta bertan pisu handiko garraioa eraginez. Guk nahi edo ez nahi, Eusko Jaurlaritzak nekazari bizimodua eta bertako bizibidea akabatzea erabaki du, elikadura burujabetzari uko eginez edo gure ondare naturalekoak diren ehunka bertako elikagai barietate galtzea eraginez. Guk nahi edo ez nahi, eztabaidatzeko aukera ukatzen zaigu aspektu tekniko eta ekonomikoez gaindi, gas ezkonbentzionala ustiatu edo ez erabakitzeko kontuan hartzen dituzten bakarrak. Fracking-az hitz egiten dugunean gas ez-konbentzionalaz eta haustura hidraulikoaz baina gehiagoz ari gara. Argi gera dadila: “Fracking EZ!!!” esaten dugunean, ez diogu frackingari bakarrik esaten ezetz.


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.