Ainhoa villaverde testigantza

Page 1

AINHOA VILLAVERDE BARRUTIABENGOA -testigantza-

2010eko abenduaren 15etik 16rako gauean atxilotu ninduten, gaueko 00:30ak aldera. Etxean nengoen gurasoekin. Polizia Nazionala izan zen. Atxilotze agindua jakinarazi zidaten baina ez dut oroitzen erakutsi zidaten ala ez, baietz uste dut. Terrorismoagatik atxilotzen nindutela esan zidaten. Amak esan zien nik ez nuela ezer egin eta poliziak erantzun zion nik soberan nekiela zergatik atxilotzen ninduten. Nahiko lasai sartu ziren. Gurasoak asko urduritu ziren eta negarrez hasi ziren. Nik lasaitzeko eskatu nien. Hasieran etxeko saloian egon ginen hirurak. Amak ni besarkatu ahal ninduten galdetu zien, haiek inkomunikatuta nengoela erantzun zioten. Hala ere, besotik heltzen ninduten poliziarengandik askatu eta amarengana hurbildu nintzen eta besarkatu nuen, baita aita ere. Amak galdetu zuen ea zer egin behar zuen eta poliziak erantzun zion ederki asko zekiela zer egin behar zuen. Uste dut, idazkari judiziala geroago etorri zela. Aita eta ama beste gela batera eraman zituzten baina atea irekita utzi zuten eta bertatik pasatzen nintzen bakoitzean ikusten nituen. Nik, aitak bihotzekoa izan zuela esan nion poliziari eta mesedez, harekin tentuz ibiltzeko. Etxea miatzen hasi ziren. Nire logelatik hasi ziren. Bueno, lehenago emakume batek logelara jarraitu ninduten, janzteko bitartean presente egoteko eta janzten nuen arropa guztia aldez aurretik miatzeko. Miaketa guztiak 3 ordu inguru iraun zuen. Batez ere, nire logela eta saloia izan ziren sakonago arakatu zituztenak. Liburuak banan-banan, orriz orri. Txikitako diarioa irakurtzen egon ziren. Klaseko apunte batzuk eraman zituzten, nahiz eta apunteak zirela adierazi. USBak non nituen galdetu zidaten. Nik, halakorik erabiltzen ez nuela esan nien. Amaren logelan, bere EHNA aurkitu zuten eta poliziak esan zidan: “Luego dice tu madre que no sabe lo que tiene que hacer. Lo sabe de sobra, con las compañías que tiene. ¿o le has dicho tú que se haga el EHNA?”. Komunikabideak etxepean zeudela esan zuten, moskeo itxurak eginda. Euren artean barre egiten zuten. Etxea miatu ostean, goiko pisuan dagoen kamarotea miatzera eraman ninduten. Aurretik esposatu egin ninduten, eskuak atzeraka. Kamarotea oso gainetik miatu zuten. Trastez beteta zegoen eta nik uste dut nagia eman ziela. Kamarotera igo aurretik, amari lasai egoteko esan nion euskaraz eta poliziak esan zidan espainolez hitz egiteko. Igogailuan geundenean polizia emakume batek esan zion bere kide bati ez nuela ezer berezirik esan. Kamarotea miatu ostean berriz nire etxera jaitsi ninduten, baina igogailuan sartuta utzi ninduten. Segidan kotxea miatzera joan ginen garajera. Gurasoen kotxea zen eta maleteroa besterik ez zuten zabaldu. Gero kalean zegoen nire kotxearen bila joan ginen. Horretarako, kotxe arrunt batean sartu ninduten. Komunikabideak ikusi nituen. Polizia batek galdetu zidan ea non zeuden nire lagunak, lanik ez nuela. Kotxea ez zuten kalean miatu. Orduan polizia Nazionalaren komisariara eraman ninduten (saskibaloi poabilloiaren ondoan dagoena). Etxeko miaketan uneoro egon nintzen presente. Geroago jakin nuen, amaren mugikorra eraman zutela eta etxeko telefonoa hondatu zutela. Etxean bertan egin zituzten hainbat disken kopia. Komisariara iritsi ginenean, bertan barruan dagoen deskanpatu itxura duen leku batean, nire kotxea miatu zuten. Jarraian, berriz kotxera sartu ninduten eta eraikinera sartu ginen. Zapatiletako kordoiak, betaurrekoak, eraztunak etab. kendu zizkidaten. Hatz markak hartu zizkidaten, baina DNA eta froga kalifrafikoa egiteari uko egin nion. Hatzen froga eskailera batzuk igota egin zidaten, baina burua tapaturik neraman eta ez nuen ikusten. Gainontzeko frogak egiteari uko egitean, aurrerago bortxaz egitera behartuko nindutela eta okerrago izango zela esan zidaten. Gero auzi mediku batek ikusi ninduten eta tentsioa hartzeko eskatu nion. Gaua osoa zutik egotera eta inon ez apoiatzera behartu ninduten. Beraiek ondoko gela batean zeuden, irratia piztuta (baina ezin nuen ulertu zer esaten zuten irratian) eta noizean behin atetik begiratzen ninduten. Orduak eman nituen zutik, baina ez nuke jakingo esaten zenbat. Une batean haietako bat hurbildu zitzaidan galderak egiten baina ez nion erantzuten. Bertako polizia guztiak enkaputxatuta zeuden. Goizaldean, berokia buruan jarri eta kotxe batean sartu ninduten. Eskuak atzean, eskuburdinak jarri zizkidaten. Ez


neraman betaurrekorik, baina egunsentia zela iruditu zitzaidan. Kotxean, atzean nirekin tipo bat zihoan kaputxarekin, beste bat gidari eta beste bat kopilotu (horrek agintzen zuela ematen zuen). Hasieratik hizketan hasi zitzaidan eta ni, begiak itxita eta burua kristalean, logura nuen. Kopilotuak ez lokartzeko esan zidan. Nik begiak ireki eta berriro ixten nituen. Halako batean, aurpegian eskuaz eman zidan eta begietara begiratzeko oihukatu zidan. Bere eserlekuko “reposacabezas”a kendu zuen eta baita kaputxa ere, “para que me veas bien” esan zidan. Bidai osoan begietara begiratzeko agintzen zidan, galderak egiten zizkidaten bitartean. Bidai osoan ez zen isiltasun une bat ere egon. Batzuetan ez nien galderei erantzuten, bestetan, tontokeriak esaten nizkien. Begietara begiratzen ez nionean, itsusia ote zen galdetzen zidan eta nik baietz erantzun. Aurrerago, nire ondoan eserita zegoena ere, galdeketan parte hartzen hasi zen. Jende ezagunari buruz hitz egiten zidaten, Igarkiren atxiloketaz, nire oporretaz, Aialaz,... Madrilera heltzear geundela, pantano baten ondotik pasatzen ari ginela esan zidaten eta geldialditxo bat egin nahi al nuen galdetu zidaten. Ikaratzen ez nindutela erakutsi nahian-edo, bainujantzirik ez nuela erantzun nien, “¿Qué, eres tan graciosa como Igarki o qué? Me tocan a mí todos los irónicos”, esan zidan nire ondoan zegoena. Hortik ondorioztatu nuen Igarki eta ni itaundu gintuztenak berdinak zirela. Madrileko komisariara heltzean bakarrik utzi ninduten kotxean eta handik gutxira, nire ondoan eserita zihoana berriz sartu zen kotxean. Kaputxa kendu zuen eta “se han acabado las bromas” esan zidan. Hortik aurrera gauzak serio jarriko zirela eta hobe nuela lehenbailehen hitz egiten hastea, bestela ezin izango ninduela lagundu. Kopilotua eta tipo hori izan ziren galdeketak egin zizkidatenak 5 egun horietan, kaputxarik gabe. Lehenengo bi egunetan (egunak otorduan arabera kontrolatzen nituen) ez ninduten ziegatik atera. Bost egunetan argia piztuta egon zen. Ziega nahiko zikina zegoen, baita mantak ere. Janaria berdina zen egunero. Nik ez nuen ia ezer jan. Ura iturritik hartzen nuen. Hilekoarekin nengoen, baina zentzu horretan ez nuen arazorik izan. Ziegatik txakurren zaunkak entzuten nituen. Bost egun horietan, goizean eta gauean auzi medikuarengana eramaten ninduten. Lehenengo egunean, karnet bat erakutsi zidan, hotza nuen galdetu zidan, tratuaz, gaixotasunik ote nuen. Atea itxita zegoen eta ez zegoen poliziarik barruan. Gela horretara eramaten nindutenean lurrera begiratzeko agintzen zidaten. Gelan, mahai bat eta aulki bat baino ez zegoen. Gorputza aztertzea nahi nuen galdetzen zidan eta nik ezetz. Tentsioa hartzeko eskatzen nion beti. Larunbat goizean bere ordez beste gizon bat etorriko zela esan zidan. Gorputza aztertzeari uko egin nion ez nintzelako fidatzen (gela ez zirudien kontsulta bat eta oso serioa zen nirekin). Hirugarren egunean (larunbata) egun osoa galdeketak egiten eta zutik pasatu nuen, baita jatorduak ere. Egun hau nahiko nahastuta daukat. Goizetik gauerarte eduki ninduten galdeketak egiten. Batez ere gauza pertsonalei buruz galdetzen zidaten eta tartean beste galdera motak egiten zizkidaten. Hasteko, karpeta bat erakutsi zidaten. Bertan froga guztiak zituztela esan zidaten. Eta pankarta batzuen argazkiak erakutsi zizkidaten, nik jarri nituela esanez. Hainbat informazio eman zidaten niri buruz gauza asko “zekizkitela” ulertarazteko: “Este día estabas aquí con estos, este día en una rueda de prensa, trabajas en tal sitio, estaba sentado al lado tuyo cuando tomabas un café con esta amiga, fuiste a tal manifa,...” Hortaz, galderak egiten zizkidatenean, karpetan begiratzeko erantzuten nuen, han omen zituztela froga guztiak. Ura plastikozko baso txiki batean ekartzen zidaten. Ez dakit zerbait bota zuten, baina logura handia izan nuen hurrengo bi egunetan, baita buruko mina ere (nahiz eta gauetan “lo egiten” uzten zidaten). Larunbat goizean, une batean, haietako bat gelatik irten eta handik gutxira itzuli zen, “las cosas se están poniendo mal” esan zidan. Erabaki behar nuela zenbat urte nengoen prest espetxean pasatzeko, “que me habían encontrado cosas muy comprometidas”... Nik ez nien deus esaten. Une batean, karpetan zituzten frogak epaileari eramateko eta bakean uzteko esan nien. Orduan, Marina eta Igarkiren atxiloketari buruz hitz egiten hasi zitzaizkidan. Marinak saldu ninduela eta nik bera bezala egin nezakeela. Beste atxilotuek tontoa nintzela esaten zutela, 2005etik n ire atzetik zebiltzala, besteen deklarazioetan nire izena agertzen zela, ETAkoa izatea leporatuko zidatela, nire


buruan pentsatu behar nuela... Galderen artean hauexek oroitzen ditut: mendi martxa eta Gazte Martxaren arteko ezberdintasuna; nor nuen gustuko, mutil lagunik nuen; non zeuden Aiala eta Bergoi; nork kaptatu ninduen; oporretan ondo pasatu ote nuen (Kuban); zertaz ezagutzen nituen hainbat pertsona (Naia, Alex, Borja, Zelaia, Mikel, Miren...); ea gazteek kasu egiten zidaten; torturatzen zutela pentsatzen ote nuen,.. Nik ez nuen erantzunen, edo ez nekiela esaten nuen batzuetan, besteetan ez nintzela oroitzen, karpetan begiratu zezatela edo tontakeriak erantzuten nizkien. Une jakin batean, haietako bat biziki haserretu zen eta aurrez aurre hasi zitzaidan oihuka nire aurpegia eta berea gertu jarriz eta nirekin nekatzen eta amorratzen hasia zela esanez. Besteak esan zidan “¿Quieres que bajemos alos monstruitos que tenemos guardados arriba y comprobar lo de las torturas?”. Lagun bat atxilotua zegoela sinetsi arazi zidaten. Bera deskribatu zuten nik asmatu nezan nor zen. Uneoro erretzen zeuden (ni erretzailea naiz) eta tabakoa eskaini zidaten behin baino gehiagotan. Nik ez nuela nahi esaten nien eta haiek “¿Llevas bien lo de no fumar, no?” esaten zidaten. Behin baino gehiagotan oihuak entzun nituen (norbait torturatzen egongo balira bezala). Nik entzungo ez banitu bezala egiten nuen. Une batean barreak eta txaloak entzun ziren eta haietako bat gelatik irten zen. Itzultzean zera esan zidan “se lo están pasando bien con tu amigo, ¿eh?” Bestalde esaten zidaten bazekitela nik ez nuela kale erasoetan parte hartzen, ni intelektual bat nintzela (unibertsitatean egindako lanak oso interesgarriak zirela) eta hain zuzen intelektualak zirela amorru gehien ematen zietenak. Gero, haietako batek alde egin zuen eta handik gutxira itzuli zen esanez berri txar bat eta berri on bat zuela esanez eta ea zein ordenean entzun nahi nituen. Aitari bihotzeko bat eman ziola eta ospitalean zegoela esan zidaten “¿quieres que te vayamos informando de su evolución?” nik ezetz erantzun nien. Jarraian idatzi bat ekarri zidaten, informatua izan nahi ez nuela sinatzeko. Ni ukatu egin nintzen. Geroago lau gizon etorri ziren. Trajearekin jantzita zihoazen eta aita oso larri zegoela esan zidaten. Ez zekitela inkomunikazioko egunak pasako ote zituen eta hilzorian zegoela. Ez zela arrunta, baina deklarazio poliziala egin ezkero, inkomunikazioa altxatuko zidatela eta hil baino lehen aita agurtzeko aukera emango zidatela. Nik esan nien ez nuela inoren aurka deklaratuko eta lau gizon horietako baekin bakarrik utzi ninduten, “¿El único problema es que no quieres declarar contra nadie?”, nik baietz esan nion, “bueno pues me basta con que te autoinculpes tú”. Esan zidan tartetxo bat utziko zidala pentsatzeko eta alde egin zuen. Ohiko bi poliziak berriz sartu ziren eta zer egiteko asmoa nuen galdetu zidaten. Nik ez nien erantzun eta batek bultzatu egin ninduten eta besteak esan zidan “eres una malnacida”. Geroago, beste gizona itzuli zen eta zerbait erabaki behar nuela esan zidan, berak alde egin behar zuela eta bestela aukera galduko nuela. Nik esan nion egun osoa neramala galdeketak jasaten eta zutek eta ez nengoela erabakirik hartzeko moduan eta beraz, alde egiteko. Berak esan zidan “mira, te voy a dejar tranquila esta noche para que te lo pienses, piensa en tu madre”. Berak alde egitean ziegara eraman ninduten. Gero auzi medikuari kontatu nion aitari buruz esandakoak eta egun osoa zutik eduki nindutela. Uste dut apuntatu egin zuela. Buruko min handia nuen eta auzi medikuak zerbait eman zidan. Gau hartan ez nuen lorik egin. Blokeatuta nengoen aitari buruz esandakoagatik. Hasiera batean ez nuen sinisten baina lau gizon horiek etorri ostean zeharo nahastu ninduten. Gau osoa horri bueltak ematen egon nintzen, ziegan bueltak ematen, ihesbide bat bilatzen... Autolesioan pentsatu nuen baina ez nekien nola egin. Ospitalera eramaten baninduten aitarena egia zen edo ez jakiten saiatuko nintzelakoan. Hala, goiza heldu zen eta gosaria ekarri zidaten. Jarraian gela batera eraman ninduten. Bertan ohiko bi poliziak eta aurreko eguneko trajeduna zegoen “se te está acabando el tiempo” esan zidaten. Kideren baten oihuak entzuten ziren eta haietako batek begiratu ninduen pentsatzen egongo balitz bezala “¿qué son esos gritos?”. Ikaratzen hasi nintzen. Pentsatu nuen oraindik egun oso bat eta hurrengo eguneko goiza falta zirela Audientzia Nazionalera joan arte eta sinatzen ez banuen tortura fisko bortitzagoekin hasiko zirela. Orduan erabaki nuen deklarazio poliziala egitea. Botagura nuen eta “arkadak” nituen. Hori dela eta, poltsa bat ekarri zidaten. Zorabiatuta sentitzen nintzen eta aurreko egunean bezala, baso batean ura ekarri zidaten eta esertzeko esan zidaten. Bitartean deklarazio polizialean esan beharrekoak prestatzen hasi ziren. Gasteizko eskualdeko arduraduna


nintzela esan behar nuela eta Jon Liguerzana ordezkatzen nuela. Argazkietan agertzen ziren pankartak nik jarri niutela, Gazte Martxan parte hartu nuela, Bergoi herrialdeko arduraduna zela, Igarki Aranbizkarrekoa... Nik esan nien bakarrik nire buruaz hitz egin nezakeela, gainontzekoez ez nekiela ezer. Orduan aitarekin presionatzen hasi zitzaizkidan berriz. Pare bat alditan entsaiatu genuen ofiziozko abokatuaren aurrean esan beharko nuena. Gero ziegara eraman ninduten lur jota. Handik gutxira berriz atera ninduten eta beste gela batetara eraman ninduten. Bertan ohiko polizietako bat zegoen ordenagailuaren aurrean “no la cagues ahora” esan zidan eta segituan ofiziozko abokatua iritsi zen. Nabaritzen zen ez zuela ideia handirik halako egoeren aurrean. Ni zorabiatuta jarraitzen nuen eta beldurragatik edo urduritasunagatik dardarka nengoen. Abokatuak eskutik heldu zidan eta lasai egoteko eskatu zidan. Galderekin hasi zen polizia. Abokatuak izandako keinuak konfidantza pixka bat eman zidan eta galdera askori ez nekiela edo erantzuteko asmorik ez nuela esaten nion. “Algo tendrás que saber” esan zidan halako batean poliziak” gaizki ari nintzela ohartarazteko. Amaitu genuenean deklarazioa inprimatu zuen. Nik bertan jasotzen ziren hainbat gauza esan ez nituela adierazi nion eta zuzentzeko. Adibidez, Bergoi herrialdeko arduraduna zenik ezin nuela baieztatu edo Liguerzanaren ordezkoa nintzenik ere ez. Berridatzi egin zituen galdera horiek “puede ser” edo “creo” bezalako esapideak erabiliz. Berriz irakurtzen saiatu nintzen baina zailtasunak nituen ondo ulertzeko (nekea, izua, ondoeza...). Sinatu egin nuen. Abokatuak nire gurasoei deitzeko telefonoa eskatu zidan. Biena eman nizkion baina gero aitarena etorri zitzaidan burura “no le llames a mi padre, está en el hospital” esan nion. Tramiteekin amaitu eta berriz ziegara eraman ninduten. Errudun sentitzen nintzen, autoinkulpazioaz gain konturatu gabe beste 3 pertsona ere inkulpatu izanagatik. Afalostean berriz nire bila etorri ziren, nirekin hitz egin nahi omen zuten. Univertsitateko lanak irakurtzen ibili zirela eta lan oso interesgarriak zirela. Egoera politikoaren inguruan, ezker abertzlearen inguruan eta antolakunde ezberdinen inguruan galdetzen hasi zitzaizkidan. Ea Ekin Segi bezala ote zen baina jende nagusiarekin, Batasunak zer egingo lukeen ETAk ekintzarik egitekotan, Segik zer egingo lukeen Batasunak ETA gaitzetsiko balu... Ni ez nekiela esaten nien, nahi zutena bazutela (deklarazio poliziala) eta zeozer esatekotan asmatu egin beharko nuela. Deklarazioa egin ostean nola sentitzen nintzen galdetu zidaten. Ez nien erantzun. Emandako izenak, kartzelan zeuden pertsonenak zirela esan zidaten eta lasai egoteko. Berriz ziegara joan aurretik, epailearen aurrean nengoenean gurasoengan pentsatzeko eta tontakeriarik ez egiteko esan zidaten. Ez nituen berriz ere ikusi. Ziegara eraman ninduten eta han egon nintzen Audientzia Nazionalera joateko atera ninduten arte, hurrengo goizean. Bertako poliziak nahiko zakarrak ziren, eskuburdinak atzeraka lotuta nituen arren, indar handiz heldu ninduten besotik eta ziega batean sartu ninduten. Bertan nengoela arropa guztia miatu zidaten eta katxeatu ninduten(komisarian ez zuten halakorik egin, etxean jantzi nintzenean egin zutela argudiatuta). Audientzia Nazionaleko katxeo horretan berokian neramatzan paper bat aurkitu zidaten. Bertan 2-3 matrikula nituen apuntatuta (kalean nengoela, nire irudiz jarraitzen ninduten kotxeen matrikulak apuntatzen hasi nintzen azken hilabetean). Poliziak papera eraman zuen. Oso urduri jarri nintzen, agian pentsatuko zutelako matrikula horiek beste gauza baterako erabili nahi nituela. Arnas hartzea kostatzen zitzaidan eta erabat blokeatu nintzen. Atxilotutako beste lagunak iristen hasi ziren eta elkarrekin komunikatzen saiatu ginen baina poliziak isilik egoteko oihukatzen zigun. Eguna izugarri luzea egin zitzaidan. Epailearen aurretik pasatzean ez nintzen pentsatzeko gai. Ezin dut ondo oroitu une hura. Segikoa nintzela galdetzean baietz esan nion, Liguerzana ordezkatu nuenean Segi erakunde terrorista zela ote nekien galdetzean “no sé” esan nion eta aurkitutako matrikulei buruz ere galdetu zidan, ea norbaiti informazio hori emateko asmoa nuen.Nik ezetz esan nion, ez nekiela fijo sikiera polizxien matrikulak ote ziren. Ofiziozko abokatuak galderaren bat egin zidan, ez dut ondo oroitzen. DNA frogak egin zizkidaten. Joan aurretik zerbait esan nahi nuen galdetu zidan epaileak eta nik abokatuak aitari deitzea nahi nuela esan nion, ondo zegoen ala ez jakin nahi nuela eta baimena eman zion. Abokatua gelatik kanpo atera zen eta itzultzean ondo zegoela esan zidan eta negarrez hasi nintzen bertatik ateratzen nindutela. Epailearen aurrean ez nuen komisariako tratua eta presioa salatu, aita ikustea baino ez nuen buruan eta oraindik arriskuan sentitzen nintzen. Arratsaldera arte ez ziguten inkomunikazio


egoera altxatu. Bost egun horietan zehar betaurrekoak soilik auzi medikuarengana joateko ematen zizkidaten. Komisarian “Habeas Corpus” eskaeraren inguruan informatu ninduten eta baita bi abokatuen atxiloketaz “con vosotros podemos hacer lo que queramos, pero con los abogados no podemos tocarles un pelo” esan zuten. Galdeketak egin zizkidaten bi polizien deskribapena:  Polizia batek Pepe deitu zion. 1'70m baino gutxiago neurtzen zuen. Burusoila eta begi grisak. Ez zen argala, baina sasoian zirudien. 40 urte eta piko inguru (kopilotua).  Handikotea. Ile luzexka eta perillarekin. 30 urte inguru. Pekosoa zirudien eta begi marroiak eta ile iluna zuen (nire ondoan eserita zihoana kotxean). Egun ikusiko banitu ezagutu egingo nituzke. Komisarian nengoela, aske gelditu arren edo espetxetik irtetean nire atzetik ibiliko zirela ulertu arazi zidan lehenengoak. “No pienses que esto acaba aquí. Tiene una proyección en el futuro. Igual nos vemos por ahí... así que no la cagues delante del juez”. Inkomunikazioa altxatzean abokatuarekin egon ahal izan nintzen. Aurpegi ezagun bat ikusteak kristoren animo gorakada eman zidan. Gero goizaldeko ordu batak aldera, espetxera ekartzeko beste atxilotuen aurpegia azkenik ikusi eta ezagutu ahal izatea oso une berezia izan zen, emozio handikoa. Bost neskak elkarrekin joan ginen Guardia Zibilaren furgoian, eskuak atzera lotuta. Argia genuen (hasieran ez) eta musika “txunda-txunda” a todo volumen zeramaten. Bidaian zehar, bizitutakoa kontatu genion elkarri. Gezurra badirudi ere, bromak eta guzti egin genituen pairatutakoaz. Espetxea paradisua iruditu zitzaigun! Gure arropa garbitzera bota genuen eta peto zuri bat, kuleroak eta galtzerdiak eman zizkiguten. Lau egun eman genituen ingresoetan sekulako hotza pasatzen. Funtzionario batek etxera deitzeko eskubidea ukatu zigun (abokatuarekin espetxean egon ginen berriro eta berak zioen horregatik deia egiteko eskubidea galtzen genuela). Bi egun beranduago beste funtzionario batekin saiatu ginen eta orduan lortu genuen etxera deitzea. Ingresoetan medikuak, edukadoreak eta gizarte langile banak ikusi gintuen. Hilabete daramat Soton. Ez daukat lo egiteko arazo bereziri, amets arraroak bai ordea (atxilotzen nautela, ihes egiten dudala...). Batez ere, errudun sentitzen naiz beste 3 pertsona inkulpatu izanagatik, baina ez dut sentitzen inkomunkazioak “traumarik” sortu didanik. Atzera egin ahal izango banu ez nuke deklarazio judiziala egingo eta komisariako tratua salatuko nuke kalera ateratzean, galdekatu ninduten poliziekin topo egitea kezkatzen nau. Hainbat emozio blokeatzen saiatzen naiz (errudun sentimendua, gurasoak nola sentitu daitezkeen pentsatzea, espetxean nire benetako izaera garatzeko zailtasuna...). Hala ere, indartsu nago eta barre egiteko gogoa ez dut galdu!


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.