Waterloo-n galdutakoak, Xabier Etxaniz Rojo

Page 1

WATERLOO-N GALDUTAKOAK Xabier Etxaniz Rojo, Erein, 2016 Iruzkina: Antxon Narbaiza Azkue

JUAN SAN MARTIN LIBURUTEGIA: “Harixa emoten”


Wikipedian https://eu.wikipedia.org/wiki/Xabier_Etxaniz_Rojo

Azken artikuluak Berria egunkarian https://www.berria.eus/egilea/xabier_etxaniz_rojo

Literaturaren zubitegian http://zubitegia.armiarma.eus/?i=446


WATERLOO-N GALDUTAKOAK Sinopsia Mikel euskara irakaslea da Irunen. Bertan Soledad izeneko neska ikaslea ezagutuko du. Valentziakoa da berez, baina gurasoekin Euskal Herrira etorri da bizitzera. Haiek halere, jaioterrira itzuliko dira. Soledad, berak horrela erabakiz, hemen geratuko da. Asko saiatu ondoren, bera ere euskara irakasle bihurtuko da. Harrez gero Bakarne izango da. Bada, Bakarne eta Mikel bikotearen harremana islatzen da nobelan barrena. Bizitza normaltasunez joateko itxura du baina Bakarnek nozituko duen iktusak baldintzatuko du bikotearen nondik norakoa: gaixotasuna eta harekin borrokan emakumeak izaten duen jarrera. Berak eta aldamenekoek.

WATERLOO Eta hara non izenburuak nobelaren harian jartzen gaituen. Berez, Waterloo-k 1815eko gudu ospetsua gogorarazten digu zeinetan prusiarrek eta ingelesek espetxetik ihesi berria zen Napoleonen Frantziako armada garaitu zuten. Waterloo baina hemen bizitzaren metafora litzateke. Bizitza ez da gerra baina bertan han-hemenka uzten ditugun zauriak geratzen zaizkigu. Gerra gal liteke baina altxa eta bizipozez jarraitu beharra dago. Hemen garbi dago galera izan dela. Zauri fisikoak edo eta adimenekoak, gabeziekin bizitzen ikasi beharko dugu. Gure kasuan, ikusten dugu nola Bakarnek iktusak inarrosi duenean hark ekarri dion galerari aurre egin beharko dion, harako moldez non bere lanbidea den hizkuntza ere ahaztu egiten duen gaixoak. Halere, mutil lagunaren eta Nekane adituaren laguntzaz bere oinazeak eta mugak gaindituz joango da. Saiatzeak, egina ekinez egina goiburuak, saria ekarri ohi duela erakutsi nahi digu kontaerak. Bakarnek badaki, maiz etsipenak jotzen badu ere, eguneroko gudutxoak irabaziz, lorpen txikiek handia ekarri diotela.

Nobelaren egitura Xabier Etxanizen eleberri honek bi atal nagusi ditu: IRAILAK izenekoa bata, eta, bigarren bat, LEIHOAK. Atal bion azpian hainbat azpiatal aurkituko ditugu, 22 lehenengo kasuan eta, 20, bigarrengoan. Epilogo labur batek emango dio amaiera 241 orrialdeko liburuari.


Atal eta azpiatal ugari jartzeak egungo idazle askoren joera dugu, eskertzekoa edozein modutan, irakurleari irakurketa erraztu ez ezik irakurtzeko irrika ere handitu egingo diolarik seguru asko. Liburuak, egilearen eskaintza luzea dakar: esker oneko zerrenda luzea euskaltegien mundu zabalari, ikasle eta irakasle, ezagunak eta anonimoak, eta, egileak azpimarratzen duen bezala, “euskaltegietako mikrokosmosa osatu eta osatzen duten piztia guztiei�.

Prosaren denborak Lehen pertsonan idatzia, narrazioak aurrera egiten du denboran Bakarneren gaixotasunaren bilakaeraz zehaztasun oro ematen zaigularik. Halere, noizbehinka atzera ere egiten du, esaterako, Bakarne eta Mikelen arteko elkar ezagutza eta lehenengo amodio, hitz eta ukituak tartekatzen ditu narratzaileak.

Euskara: euskaldun egin egiten gara Arestian esan dugunera itzuliz, ikusten dugu saiatzeak saria izan ohi duela. Horixe egin zuen Soledadek euskara ikasi, halako neurrian non irakasle izatera ere iritsi zen. Izena aldatzea anekdotatzat joko genuke aurretik bere erabakia, euskara ikasteko erabakia, alegia, ezagutu izan ez bagenu. Tamalez, gurean azalak edukiari aurre hartzen dio maiz lehenengoak bigarrena ahantzi arazten digularik. Zenbat eta zenbat ote dira euren izenak erabat euskaldunak dituztenak baina gero beren egunerokotasunean euskarari ia lekurik eman ez diotenak! Zorionez geroz eta gutxiago.

Korrika Kontakizun idealista baten aurrean gaudela ahantzi gabe ere, ez dago zalantzarik Korrika moduko fenomenoek gizartearen oniritzia dutela nahiz eta arestian esan dugunaren haritik, azalean geratzeko arriskua duten. Egia da, maiz aztertzaileek (irakur, esaterako, Teresa del Valle antropologoaren gogoetak), egiaztatu duten bezala, gurea moduko hizkuntza minorizatuek beharrezkoa duten euskararen gizarteratzea oso garrantzizkoa gertatzen da. Uzten duten irudia gardena da: zahar eta gazte, herriko euskaltzale ezagunak, kirolariak, haurrak..., azken hauek beren inozentzia erakusleiho, denak lekuko baten atzetik doaz. Baina jakina, Korrika horretara mugatzeak ikuskizuna bermatzen du, ez beti baina eraginkortasunik hizkuntzaren aldeko borrokan. Korrikaren


bidez askotan bultzatu ohi diren kultur asteek eta, aipatzen ari garen gabezia estali nahi dute.

Pertsonaia nagusiak Adierazi bezala, nobela honetako pertsonaia nagusiak, beraien inguruan kokatuko du egileak kontakizuna, Mikel eta Bakarne ditugu. Mikel huts egin duen bikote bizitza batetik dator, ezkonduta egon baita Silviarekin. Bakarne berriz, Valentziatik Euskal Herrira etorria da bizitzera. Besteak beste, integrazio eredu bikaina da: egokitu ez ezik euskara ere ikasi du. Hemen Silviaren ifrentzua dirudi. Silvia, hain zuzen, Mikelen emazte ohia dugu. Azken honek euskaraz egin ez eta berarekiko axolagabekeria erakusten duen bezala, Bakarnek, berriz, kanpotarra izan arren, euskara barneratua du bere bihotzean. Dena den, Silviak Irungo eta beste hainbat lekutako ohiko neska klasikoaren itxura du; gizarte eredu jakin bat ordezkatzen du bere ustezko kontraesanak bizi ez dituena. Bakarne, aldiz, egiazki integratua dago, pertsonaia idealizatua bada ere. Lana eta festa guztiz integraturik daukan neska dugu. Dena den, Mikelek Silviarekin apurtzeak pentsamendu objektibo bat du oinarri: egitasmo desberdinak dituzte, Silviak haurrak izan nahi ditu, Mikelek ez.

Bakarne Ez da ezusteko handirik kontakizunean. Bakarneren borroka eritasunaren kontra ederki dago adierazita, bere aurrera pausu oso txikiak aurrenik, bere umore ukituekin, hara nola Bakarneren hitzak osatzeko zailtasunak zehazten direnean. Horrela haren afasiak, hitz berri harrigarri batzuk osatzera eramango du. Hara nola, kontrola esateko trokola aterako zaio. Maleta, maqueta bihurtuko du edota komuna, wamuna.

2. mailako pertsonaiak Egia esatera, Bakarne eta Mikel pertsonaia nagusiak dira kontakizunaren atalak ia erabat betetzen dituztenak. Horietaz kanpo aipa litezke, Veronica, Bakarneren ama, Valentziarra. Pertsonaia honek erdaldun baten txertaketaren problematika familia euskaldun baten barnean plazaratzen du. Esperientzia problematikoa gerta liteke obsesioak eta intolerantziak elkarren eskutik badoaz. Gai berau planteatu zuen Joxe Austin Arrieta idazleak bere Abuztuaren 15eko bazkalondoa nobelan (1979, LAK, 1985, Elkar), non han ere maiz harreman istilutsuak aurreikusten ziren. Gure oraingo nobela honen egileak baina, hemen ukitu baino ez du egiten gaia. Zentzu handiz, Mikelek


garrantzizkoena hautatuko du berean (Bakarneren osasuna), bigarren mailakotzat joaz hizkuntza nagusia eta periferikoaren arteko hiztunen arteko harreman beti ezegonkorra. Bestalde, Maria bilakatzen den Mario izeneko pertsonaiak ez dirudi oso aberasgarria gertatzen denik narrazioarentzako bere osotasunean, baina aitortu beharra dago kontaerari arnas apur bat desberdina ematera datorrela. Nekane, Idoia eta Euskaltegiko ikasle-irakasleek ukitu sinpatikoa eskaintzen diote sarritan osotasunari.

Euskara. Berezitasuna forman Euskaltegi bateko irakasle batek idatzia, euskarak berak ere hizkuntza arautu baten ildotik joan behar duela aurreikusten da. Eta horrela da. Egileak euskara batuko hiztegia darabil noski eta prosa dotore eta maiz aseptikoan idazten du. Badu gainera eleberri honek ezaugarri nabarmen bat. Bere ataletako asko hitano-alokutiboz idatziak daude. Mikel bere neskalagunari zuzentzen zaizkionak, hain zuzen, beroietan aditz erabilera hori baliatuko baitu. Nekez aurkituko dugu bada, errata edo esaldi zalantzazkorik. Dena den, iratxoak agertu ohi dira nola ez dakigula. Esaterako, 110. orrialdean 1. paragrafoan Bakarnetzat irakurri dugu, Bakarnerentzat behar duenean, noski. 177. orrialdean, berriz, 2. paragrafoan, salatariek behar luke, ergatibo plurala den aldetik.

IRITZIA Nobela baten aurrean gaude zeinetan aurkezten zaigun errelatoa, alderdi soziologotik askoz gehiago daukan fikziotik baino. Azken frankismoaren fruitu, euskara ikasteko eskolak, hasieran baten Gau Eskolak, gero AEK, enbata askoren lekuko izan dira. Oro har, beraien ezaugarri nagusia militantzia izan da. Alde horretatik, eleberria euskararen aldeko militantismoaren aldarri sutsua bilakatzen da, non garbi geratzen den langintza horretan bokazioz jardun behar duela gizabanakoak, hizkuntzaren aldeko grina eta baikortasuna ezinbestekoak baitira (Korrika moduko jende-aldra handiak mobilizatzeko, esaterako). Egia da, pentsa liteke kanpotik begiratuta, euskararen, euskalgintzaren mikrokosmosa itogarria bihur litekeela, baina haren lana gutxietsi eta kakaztu nahi dutenen erasoa ikusirik (liburuan aipatzen den “Bahiketa� kasua, adibidez), aise esan daiteke horrelako elkarteek egiten diharduten bidea fruitu oparoak ematen ari dela.



Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.