Juanra Madariaga, Espedizioa

Page 1

JUAN SAN MARTIN LIBURUTEGIA

HARIXA EMOTEN

Juanra Madariaga, Espedizioa

Antxon Narbaiza, 2016-02-02 1


ESPEDIZIOA Sarrera bat Liburuaren kontrazalean argitzen den bezala, Madariagarena, alegia, mendiaren gailurrera liburu bat eramatearena, bazuen aurrekaririk. Hain zuzen, George Mallory mendigoizale mitikoa, zeini bururatu baitzitzaion 1924an Everestera Virginia Wolf idazlearen Bidaiaren amaiera liburua eraman zuenean. Juan Ramon Madariagak bere aldetik, SPrako tranbia, X. Elorriagaren nobelaren itzala ekarri digu Himalayatik. Eta eleberriko pertsonaia den Lucas gogoratuko digu. Alegia, beronek bere zahartzaroan igo nahi izango lituzkeen mendi erraldoiak igotzeko amets ezinezkoa. Liburuan barrena present dabil Lucas, narratzailearen itsu-mutil ikusezin bezala (edo alderantziz?). Lucas, eta berak ordezkatzen duen guztia, kontraesana: gizakiak badu bere biziaren azkenetaraino eraman dezakeen ahaltasuna, Lucasek bezala. Ezintasun fisikoa du baina ametsak hor dirau, beti. Horregatik berekin darama mendizaleak gailurrera. Eta Shisha Pangma mendiaren gailurrean bertan gizaki amestiari omenaldi legez, narratzaileak SP nobelaren azken kapitulua irakurriko du. Shisha Pagma eta beste Juan Ramon Madariagaren liburuaren bizkarrezurra Shisha Pangma mendiaren igoera eta espedizio hartan gertaturiko gorabeherez kanpo bada ere, ugari dira beste igoera, beste egoera, beste pertsonaz ari diren lerroak. Haietariko batzuk ur laster paralelo bezala isuri diren narrazioak dira. Beraien artean, noski, mendi igoerez eta, batez ere, Himalaiako labarretan gertatu ziren tragediez dihardutenak. Iruzkintxo bat Madariagaren kontakizun hau, zeini ezin dakiokeen nobela, eleberri deitu, ez da halere, mendikada bat edo beste zenbaiten narrazio soila. Inondik ere! Egileak maiz prosa poetikoa erabiliz, esan berri dugun bezala, poesia-egilea baita, narratzeaz landa, ipuin, pasadizo, anekdota eta hainbat zirkulu duen liburu atsegina plazaratu du. Liburuaren banaketak: 49 kapitulutan –gehi sarrera– bananduriko 214 orrialde dituen lan honek irakurketa errazten du, noizbehinka egileak barneratzen dituen zenbait erabili urriko izen edo adierazpide izanagatik. Atal bakoitzaren luzera apalak irakurlea biziarazten du, erakargarri bihurtzen duelarik irakurketa. Naturaren indarren deskripzioak, pertsonifikazio justifikatuak barne, naturaren mende baitago garaiera 2


handi haietan gizakia, parajeen berezitasunak, Nepal eta Tibeteko biztanleen ohitura eta sinesmenen azalpenak, mendizaleen aje eta maniek, beste hainbat ustekabeko zertzeladekin batera, irakurlearen arreta bereganatzea lortzen dutelakoan nago. Inoiz atalen baten interesa erlatiboa liteke, esaterako, Apirilak 37, Diagnosis deitua atalak, (129-131. orr.) zeintzuek esaldi laburretan agertzen diren iritzi, ideia eta datu bitxiek, adierazi bezala, ez dioten –gure ustez– astun samarrak gerta litezkeen. Egitura Mendi garaien igoeran gertatu ohi diren estutasun eta pozen kontakizun soila ez da, aipatu izan dugun bezala, inondik ere Espedizioa hau. Areago esango nuke, mendigoizale soilak baino literaturzaleak pozago amai lezake lan honen irakurketa (suposaturik mendizalea ez dela oso literaturzalea, uste ustela gerta litekeen susmoa). Bizitasun berezia ematen diote, izan ere, 25 atal laburretan isuri diren kontakizunak zeintzuek mikro errelato itxura hartzen duten. Batzuk zinez politak: geroago aipatuko dugun Wang Fuzhou, zoritxarreko erlojugilearena, esaterako. Mendia eta literatura Juanra Madariagak mendia eta literatura maite ditu. Eta zaletasun bi horiek uztartzen saiatuko da Espedizioa honetan. Baina, ba ote mendi literaturarik? Liburuaren egilearen zaletasuna bertsuak dituen honek, Madariagaren lan hau aztertuz, esan dezake hanka sartzerik egiteko arrisku handirik gabe, alegia, zenbat eta literatur zaleagoa den mendizalea orduan eta emaitza hobea aurkituko dugula letren ikuspegitik behintzat. Izan ere, mendizaleek, eta horren mendizaleak izan diren pertsonek maiz espedizio edo zeharkaldi bat narratzerakoan ikusten edo interpretatzen ari diren paisaiak, bibentziak, arriskuak..., maiz, alderdi epikoa erakutsi izan digute, zein gogorra izan den mendikada, arriskuen neurri ankerra, batzuen eta besteen sufrimendua...Eta ostera, alderdi epikoa mugatuz, bizipenen gozamena, nekearen ordaina erakutsiz, alde biak baloratu izan dituzte: mendiaren maitasuna eta kontatzeko era, maiz literaturaren eginkizunera hurbildu ohi dena. Egia da, inoiz, mendizalenarratzaileak alderdi lirikoa lehenetsi badu, ekoizpen –zelanbait esateko– edulkoratua plazaratu duela, literatur ikuspegitik pobrea. Baina mendiarekiko zaletasunak dena edo ia dena barkatzeko bidean jartzen gaitu. Mikroerrelatoaren garrantzia

3


Mendia ardatz duen kontakizunak besterik ere behar luke mendia ez ezik narratze era, bizitza paraleloak, mendizaleei gertaturiko pasadizoak eta abar ere maite dituen irakurleak. Ildo honetatik joz, badira testu honetan kontakizun paraleloak zeintzuk narrazio osoari balio erantsia ematen dioten. Arestian aipatu dugun Wang Fuzhou erlojugile eta mendizalearen patua adibidez, hunkigarria da oso, tristea era berean, bere hatz izoztuekin menditik itzultzean ez baitu bere betiko lanbidean luzaro aritzeko aukerarik izango. Tibetar abade budista bi haien errelatoa ere adierazgarria da: gauzak geroko uztearen arriskuaz ohartarazten gaituzte. Gainerako aipamen gehienek mendia dute jatorri eta helburu. Zinez hunkigarria da, egileak erudizio kolpe handiz erakusten dizkigun mendizale desagerketen artean, Joe Tasker eta Peter Boardman eskalatzaile britaniarren abentura (Apirilak 28, perfektuenak, 121-123. orr.). Zehaztasun handiz narratzaileak bi britaniarren Everesteko igoera zehazten du. Aurretik nortzuk ziren, nondik zetozen, zer egiten zuten bizitza zibilean. Bata desagertu eta hamar urtera aurkitu zuten (Boardman), bestea, (Tasker) ez da oraindik agertu. Bada, istripua jazo eta, hildakoen neska-lagunek bertara jo zuten “heriotza haiek asumitu ahal izateko”. Bada, hurrengo kapitulua, haietako baten alargunak bere esperientzia idatzi zuen, Madariagak gure liburura ekarri duena eta, hurrengo kapituluan eskaintzen duena, izenburu egoki batez: (Eternitatea pasatzeko leku ona, 125-127), hain zuzen Maria Coffey-k, Tasker-en alargunak idatziriko hitzak.

Poesiaren presentzia Olerkiaren presentzia ezinbestekoa jo behar genuke mendiaz idazten duen olerkari baten aurrean baikaude. Ez da baina besterik uste daitekeen arren, hemengo poesia Himalaiak duen ederraren goratzeko. Metafisikoagoa da hemen ageri den olerki mota: Esaterako, Roberto Juarroz-en distantzia aipagai duena: “Distantziek ez dute gauez eta egunez berdin neurtzen”(193). Beste horrenbeste Reiner M. Rilke poeta handiaren bertsoak erakustean: “Inork esan ahalko lidake nire bizia nora doan”? (46) Ehrismann, T. Bernhard dira aipatzen diren beste idazle batzuk, eta, noski, Unai Elorriagaren SPrako tranbia, eleberria, Madariagaren ezinbesteko erreferentzia liburu honetan. Liburu egileak berak ere, noski, barneratzen ditu bere zenbait poema. Aipagarria bere amama gaixoari eskaintzen diona, “Amama eta txoriak” (180-181). Musikak ere bere lekua du Händel-ek –kanta zoragarri baten bidez– . 4


Epikotasuna mendian Epikotasuna idazteko estilo bezala, esan dezakegu, gure iritzietan oker ibiltzeko arriskua hartuaz ere, hartatik asko izan dela gure historia laburrean. Egia esatera, egun, epikotasun gehiegizkotik aldentzeko proposamena egon liteke eta dago. Mendiaz idazten duten mendizaleen artean asko dira pentsamendu horretan lerrokatzen direnak. Baina ez da hain erraza. Eta esku artean dugun lana izan daiteke adibide. Munduko mendirik gorenetan ez dago “normaltasunik” guk urbanitok ulertzen dugun bezala, behintzat. Ez tenperaturan, ez haizearen abiaduran ez beste hainbat osagaitan. Bertan dena baita neurriz kanpokoa. Esan daiteke, nahiz eta gizakiak azken ehun urtean nabarmen aurreratu duen, han Naturak agintzen duela. Eta horregatik dena du baldintzatzen. Adierazi bezala, haizea, elurra, izotza nagusi diren munduan gizakia soberan dago: Bizitza, neurri batean, behintzat. Horregatik gara gu “sarkin”, intruso batzuk. Heriotzak berak ere, ez du maiz ondorio berbera izaten Planetaren beste alderdi gehienetan legez. Izan ere, Himalaian hildakoak desagertu egiten baitira eta, suerte handiarekin, ager litezke hilabete, urte edota mendeak! igaro eta gero, glaziarren mugimenduari esker. Egileak dakartzan adibideetako asko ditugu adibide. Horregatik narratzaileak Naturaren elementuak pertsonifikatzeko tentaldia. Arestian aipaturiko haizea, elurra, izotza, izate autonomoak dira, Naturaren osagai ahalguztidunak, gizakia txiki utz dezaketenak. Halere, ausiabartza, desolazio hark erakarri egiten du gizakia, mendiak “hor” baitaude, guri begira, gure zain, gu liluratzeko, bere urrezko ileak orrazten harkaitz muturrean dagoen lamia bezala... Horregatik, egilea, olerkari lanetan dioskun legez, deus gutxi gara: Ze ñiminoak garen mundu honetan. Zein ñimiñoak elurraren gainean egindako gure urratsak. Zein ñimiñoak aldean dakartzagun poztasunak, motibazioak eta beldurrak. Zein ñimiñoak gurekin batera dabiltzan desioak. (138) Halere, eternitatea pasatzeko leku ona litzateke, liburuan esaten den legez, (125) betiereko elur-izotzen artean… Poeta baten aurrean gaudela esana dago. Beraz, nahi eta ez, hizkuntzaren ertz eta erraiak ondu ezagutu behar dituen idazle baten aurrean egon behar dugu. Prosa ona irakurleak eskertzen duen alderdia dugu, nahi eta nahi ez. Ez dago arazorik perpau5


sen harian testua ulertu ahal izateko. Besterik da, liburuan barrena barreiatzen den hitz andanaren esanahia ulertzeko garaian. Izan ere, badira hainbat hitz erabilera gutxikoak. Horregatik beroien esanahia errazteko haien baliokideak jartzen ahaleginduko gara.

Hiztegia Agitu: gertatu (52) Aratinik: etzanda, buruz gora (60) Azantza: zarata Beilegi: Kolore horia (40) Betertz: betertzetik -begi ertzetik- begiratu: “por el rabillo del ojo”. Damuztatu (100): atsekabetu Deblauki: bat-batean Eden (138): pozoi Elemenia (131): “euri elemenia”, asko Erostaka (53): minez Eskarda (207): Arrainaren hezurra; “astilla” Ezainkeria (53): itsusikeria Gelto egin (82): gelditu Giharreria (197): “musculatura” Ikezu(an): pikea, aldapatsua (48, 54) Hatsalbo (113): arnas estuka Laborria (119): beldurra, izua Lanjer (93): arrisku Lehiakarrean: presaka Malmutzak (begiak): maltzurrak Mehaka (169): aldaka Ments (103): falta 6


Negela (173): larru azaleko erregosia: “sarpullido�. Olana (115): toldoa Ordokia (58): lautada Pei izan (76): faltan izan Sordeis (160): okerrago Trenputxartu (44): aldi txartu

7


Kritikak: Juanra Madariaga Literaturaren zubitegian http://zubitegia.armiarma.eus/?i=87

Euskomedia: http://www.euskomedia.org/aunamendi/96778

8


9


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.