Gu orduko hauek - Garazi Arrula Ruiz

Page 1

Juan San Martin Liburutegia “Idazlearekin harixa emoten”

GU ORDUKO HAUEK Garazi Arrula Ruiz, Txalaparta, 2017

Iruzkina: Antxon Narbaiza, [2018-11-06]


Hitzen Uberan http://www.uberan.eus/?gatzetangordeak/elkarrizketak/item/garazi-arrula-ruizekin-solasean-2 Literaturaren zubitegian https://zubitegia.armiarma.eus/?i=975 Nor da Nor (EIZIE) http://nordanor.eus/nor?id=382


Emakumeek sorturiko literatura ere literatura unibertsala da. Ukitzen edo garatzen diren gaiak ere unibertsalak dira, baina emakumeen ikuspegitik sortuak. (Karmele Jaio idazlea)


Egileaz Garazi Arrula idazle nafarra, itzultzailea eta, gure gaurko honetan ipuingilea, zortzi ipuineko liburua plazaratu zuen iaz Txalaparta argitaletxean. Goazen aurrenik, ipuin bakoitzaren tematika azaltzera eta, behin ipuin bakoitzaren muina bereganatzen dugula, idazlearen prosan konstantetzat jo ditzakegun gaiak eta kezkak azaleratzen saiatuko gara. Hasteko, esan behar Garaziren prosa zinez egokia dela, perpaus ongi egituratuak darabiltza, kezka estetikoa nabarmen agertzen zaiolarik, zeina darabiltzan bitartekoekin hura lortzeko ez dabilen gaizki.

Ipuinak Lagunero Beste izenburu bat jarri behar bagenio ipuinari, egilearen baimenaz, Lagunero edo zein zaila den desberdina izatea gure gizartean, edo agian, edozein gizarte motatan esan beharko genuke. Ainara eta Asier haur “arazodunak” dira, Maitane ikaskide dute eta beraiengana hurbiltzen den bakanetakoa, izan ere, baztertu egiten dituzte eskola kide askok. Ainarak buru urritasuna du, ostera, Asierrek “gehiegi” daki, bere kuboa maisuki menderatzen badu ere, ez da gai ganoraz hitz egiteko, Zertzelada horrek asoziala bihurtzen du. Bulling-a, matonismoa eta horrelakorik publikoki apenas aipatzen zen garaiko errelatoa da, seguruenik, Lagunero, baina, orduan ere, egon bazegoen. Maitaneren begietatik ikusten ditugun gauza ebidenteak ezkutatu egiten ziren garaietara joko dugu, non giroa, atmosfera, gelan zein kanpoan, ez zen onena inondik ere. Ez zen oraindik irakaskuntza horrelako ikasleak hezteko –eta ez gordetzeko–, ongi prestatua, beste horrenbeste guraso asko, inoiz ukitu autoritarioekin aritzen baitziren... Horrelako egoeraren aurrean, haur berezi haiek euren bakardadea gobernatu beharko dute. Errituek, eskolaz kanpoko ospakizunek garrantzia handia hartzen dute kontakizunean, ezinbestekoak baitira horrelako haurrak gizarteratzeko.

Etorria Garai batean gehiago ziren, paradoxatzat har badaiteke ere, askatasun girorik ez zen garai baten alegia, mugimendu aske eta solidarioak. Boluntarioz betetako orduko jendearen adibide jarri du narratzaileak Juanma izeneko gizasemea, izaera baikorra duen pertsona, denei laguntzeko prest, maiz emaitza oso onik aurkituko ez zuten milaka


proiektu eta aldarrikapenetan sartua. Baina hori duela zenbait urte zela; egun – dirudienez– gauzak desberdin dabiltza, mugimendu solidarioetan. Zenbait esparrutan nagusitu izan den axolagabekeria ezagutu izan duen arren, Juanmak ez du itxaropenik galdu eta hurrengo borrokarako badu oraindik indarrik. Harengan laburbiltzen ditu narratzaileak garai bateko ekintzaileen bertuteak bere omenaldia eskaintzen diela horrelako idealistei. Lerro artean aise irakurriz aise ondorioztatuko dugunez, narratzailea nafar gizartearen polarizazioaz ari da. Besteak beste, bertan “probintzian gehien saltzen den egunkaria� bospasei aldiz aipatzen da, ez alferrik, korronte kontserbadorearen sostengu eta akuilu baita.

Asteazkenak Ipuin honetan gure ustea da, egileak baldintzarik gabeko adiskidetasunari omenaldia luzatzen diola. Uxue eta Andrearen artekoa horrelakoa da, ez du trukean ezer eskatzen, harreman garbia, askea nahi lukete. Gizonarekiko mendetasunik onartzen ez duten emakume, adimen aldetik, helduak. Dena den, bikote hetereo baten kontraesanetan eror liteke kontaera: Uxuek darama ekimena alor gehienetan. Andrea bihotz handikoa dugu baina ez da kultua, Uxue, berriz, literatur zalea da, kezka soziala du, eta ideologikoki konpromiso euskaltzalea eta ezkerrekoa dakar. Uxuek bere ideiak eta egitasmoak plazaratzen ditu: ama izan nahi du. Erotismo xume bat ere iradoki liteke neska bion artean (55).

Belar txarrak Nekazari drama izateko bidean doan ipuin honek izaera gogorren arteko konfrontazioaz dihardu. Gauza da familiak baserria jarauntsiko duela baina ez dago asmo handirik hartaz baliatzeko. Marinak hartuko du baserria. Amaren iritzi ezkorra gorabehera berak baserrira nahi du. Ipuinaren harian ikusten dugu gizakien arteko harremanak zailak izan litezkeela. Are gehiago: hezkuntza zorrotza, autoritarioa, badirudi errepikatu egiten dela belaunaldiz belaunaldi etxeko emakumeen artean. Harremanak are zailagoak dira familiako kideen artean. Hemen ama-alaba artean ari dira. Amaren figurak misterioz josia dirudi (Zerbait ezkutatzen du). Ildo horretatik jarraituz, bi galdekizun nagusi plazaratzen dira ipuinean. Eta biek Marinaren amarekin dute zerikusi. Andere hark perrexila darabil; gorputzean sartzen du. Zertako, zer sendatzeko edo zertarako, zehazki. Perrexilaren propietate abortiboa ezaguna da. Bigarrenez, zer arraio da Marinak baratzean aurkitzen duena.


Hain zuzen, berak Ezezaguna deitzen duen landarea? Izan ere, delako landareak berria dirudi baratzean, ez baita amona zenaren baserriko paperetan ageri. Ipuin honetan emakumeak ez dira bertutez beteriko andreak, aitzitik, denetarik dago; Belar Txarrak honetan, esaterako, amona alde batetik, eta protagonista nagusiaren ama, bestetik, kontraesanez beteta daude edo hobeto adierazita, hezur-haragizkoak dira, egiazkoak dirudite, azken finean. Edozein modutan labur biltzeko amaren irudia da ipuineko galdekizuna, emakume hiper aktiboa baita, etxeko premiak, beharrak, eraginda, jakina: jostuna, etxeko abereak artatzetik emagin izatera iritsiko da (medikuak aholkatuta!), kontserba egilea ere bada, edonolako enplasteak egiten ditu (80): zer ez du egiten!! Baina, ez du baratzeko lanik egin nahi. Bere esperientziak tristezia, zikinkeria...gogorarazten dizkio. Amaren inguruan plazaratzen diren zenbait itaunek ez dute erantzunik izango. Nagusienetako bat: zer deabru zuen barruan amak?

Abian Protagonistaz gauza gutxi jakingo dugu. Marta haurdun dagoen emaztea ohean utzi duela eta, inportanteena, zertara doan bidaiara ez diola zehaztu, eta, gezurretik zerbait baduen egia esan diola, aitortzen du (!) Bidaiaria treneko bere bakardadean, introspekzioan ari da, gauza eta gertakari ustez txikiak aztertuz, zelatari bezala, trena, garraio egokia baita kuxkuxero zereginetan jardun nahi bada: bidaia kideak, usaiak, ikuskatzailea...Baina badu bidaiariak jomuga egiazko bat, bestela ez litzateke bidaiari! Hain zuzen, esaten da, –eta arestian emazteari esan diona ondoko honekin uztar liteke– Tarragonara doala “gezurretan ikastera”. Aztertzaile politikoa da nonbait gure protagonista (118) eta ezker abertzalekoa (“gu” anbiguo batek salatzen duenez), euskalgintzan konprometitua, gainera. Besteak beste, joko politikoaz arduraturik dago. Mezua eta hura ongi bideratu beharraz gogoeta dagi. Eta, konpondu beharreko eginkizunen artean, euskal ezkerraren komunikazio arazoa du buruan. Eta horren inguruan Laclau filosofo post marxista aipatuko du. Gogoetan dihardu etengabe: erabakitzeko eskubideaz, ezkerraren eta eskuinaren arteko aldeaz, alderdi politiko zenbaiten jarreraz... Bidaia amaituko da tren bidaiaren bukaeran, Alex izeneko pertsona bati opari bat ematen dionean. Azken laburpenean zehaztuko dugunez, ipuin honetan narrazioak nekez egiten du aurrera, hots, gertakariak, egoerak islatzea bezain garrantzizkoa baitzaio narratzaileari


zenbait kontzepturen inguruko bere iritzia luzatzea. Ipuin “politikoa” zalantzarik gabe. Errealitatetik asko duena, fikziotik askoz gutxiago.

Karakaka Amona gurpil aulkian eta, hegoamerikarra izan ohi den eta, oraingoan ere baden, neska laguntzailea, Lucy izenekoa, bultzaka. Eszenario oso ezaguna. Amona aiurri eta izaera gogorrekoa, bipila, epizentrotzat joaz, zahartzaroaren inguruko harremanez ari da ipuina. Narrazio errealista erabat, gure etxe eta kaleetan ia egunero ikusten dugun problematika. Kanpora begira hori, jakina, etxeetako barrunbeetan zer gertatzen den bakoitzak berea baitaki! Hemen, hain zuzen, alaba zaharrak berezi samarra dirudi. Eta amak, amonak, errebelde, nori eta berari laguntzailea jarri! Koketa, sinestuna izan arren, ikonoklasta ere bada erlijio kontuan. Esaterako, espiritu santua eta usoaren artekoa esplikatzeko garaian. Emigranteen eta autoktonoen artean gertatu ohi den “txokea” . Herri azoka edo feria baten deskribapen zehatz samarra egiten da hainbat lerrotan barrena. Zenbaitetan erabilera desegokiren bat isuri bada ere, egilearen aziertoa azpimarra daiteke lexikoan. Adibidez: axal-solasa (125). Besterendu (Ibid.)1 Ipuina bere abiada zuzenean doa, zahartzaroaren inguruko monografia bihurtzen delarik, ia-ia, adinaren ajeak ezkutatzen ez duen bizitasuna duen amonaren ikuspegia nagusi delarik.

Ederra eta piztia Euskal gatazka deitu izan denaren giroan murgiltzen gaitu narrazioak. Protagonista nagusia, Idoia, jarraitua sentitzen da. Paraleloki bere ideologiaren aldeko ekimena prestatu lagundu behar du. Zeregin horretarako azpiegitura ezarri behar da eta Idoia Jon Ander bere antzinako mutil lagunaz gogoratu da. Idoiak helburu baten bila erabil daitezkeen bitartekoei ez die erreparatzen. Berriro ere denboraren iraganak ekartzen dituen aldaketa sentimental zein ideologikoez dihardu egileak2. Bakoitzak bere ikuspegitik. Bere sarkasmo puntuarekin. Mutilak neskari esaten dionean: “Jo, nola pasatzen den denbora, Ido” Neskaren erantzun ironikoa: “Ohitura hori du, bai (147).

Gu orduko haiek

1

Bitxia egiten zaigu, dena den, “esperatzekoa”(120) moduko formak. Bestalde, ez ezik egiturak, ere eskatzen du perpausean. Ahaztu egin bide du egileak (129). Halaber, “(...) beraren etxean”, bere posesiboa behar lukeela hemen iruditzen zaigu (119, hasieran). 2 Errata bat isuri da 147. orrialdean: Autobiongrafia.


Ipuin liburuari izenburua damaion ipuin honek ahizpa biren elkarteratzea islatzen du beren jaioterrian. Absentziak eta presentziak, iragana eta oraina, orduko bizitza eta oraingoa. Topikoak apurtzera datorren ipuina dugu. Denboraren iragana apur bat urruti minez, nostalgiaz bizi du ahizpa batek, bestearen praktikotasuna eta ideia argien aurrean. Narrazioak bi protagonistak beren ahotsez mintzo dira, bata, ahizpa da eta, bestea, ahizpa txikia. Dialektika honetan naturalago dirudi herrikoak, estuago dabil kanpokoa (“ez da galderekin asmatzen ari”, dio narratzaileak hari buruz). Gabonetako elkarteratze hartan ahizpok euren ordura arteko bizitzaz dihardute, errelato zatikatuan. Narratzaileak gainera, izenik jarri gabe ahizpa bioi, izen nagusi bezala –eta horrela deklinatuz– hartzen ditu: Ahizpak, Ahizpatxok, Ahizpatxori. Ipuinean barrena eta, paradoxa bada ere, ez da kanpokoaren ustezko jakinduria edo savoir faire-a inposatzen. Aitzitik, etxekoak, arazoak arazo, gauzak garbiago dituela ematen du bizi beharraren esparruan behintzat. Ahizpa txikiak, kanpoan bizi denak, kanpokoak, –horrela deituko dugu– komunikazio krisia dauka, eta, zalantza munduan ari da: zerbait galdu edo falta (izan) duela herrian ez delako bizi izan, sentitzen bide du. Narrazioan barrena, espazioa/denbora etengabe ari dira alderatzen: herria vs hiria; hau vs. hura, orduan vs. orain. Oroitzapen xamurren artean, bien arteko nerabezaroko harreman estuak, erritu iniziatikoak (gurasoek bakoitzari bere gela eman zietenekoa, adibidez). Narrazioa baina, video kamera urduria bailitzan, egunerokotasun gordinenetik (herriko giroa, tabernetako zarata), hausnarketa sakonagoetara igarotzeko gai izango da. Adibidez, ideologia ukituez batera, kontzeptuen definizioaz jardungo dute hainbatetan emakume biek: bakeaz, esaterako, zeinetan ñabardurak egitea ezinbesteko gertatzen den. Ezker abertzaleko ideologia sumatzen da ahizpa biongan nahiz eta inoiz kanpokoa eszeptikoagoa den zenbait jarreraz3. Honetaz eta beste hainbat gauzaz dialektika polita sortzen dute ahizpa biek. Kezka soziala zein naturari buruzkoa aipa daiteke halaber. Lehenengoa, lana galtzearen ardura narratzaileak etxeko ama-ahizpen artean agertuko du (Fagor-Luzuriaga enpresaren gatazkan). Naturazkoa, berriz, zaharrak adieraziko dio gazteari: AHT, Nafarroako kanala, autobide elektrikoa..

3

Santi izeneko militanteari eginiko omenaldia aipatu dio batak besteari: “ongi etorri nahikoa sutsua” egin omen diote, dio zaharrak; ahizpa txikiak, ostera, jakin du, beste bide batetik: “banderola gehiago agertzen zirela kasik pertsona baino” (173).


Gure uste apalean, ipuinik biribilena dugu berau, non ahizpa bien arteko joanetorriko galde-erantzunak etengabe luzatuko diren. Aitzakia bikaina, mundu ikuskera bat(zuk) emateko irakurleari.


Narrazioen arteko loturak eta beste Irakurri ditugun Garazi Arrularen ipuinetan gertakariak narratzeaz landa gizakiari, emakume zein gizon, arrotz ez zaizkion itaunak, galdekizunak plazaratzen dira. Lehenengo eta behin, esango genuke “gure” arteko harremanen arteko egoera, lehen eta orain batean, aztertzen dela (Denboraren garrantziaz liburuaren kontrazalean irakurriko dugu luze-zabal aipatua, ez dugu bada, horretaz gehiegi jardungo). Harremanak batez ere belaunaldi artean, zailak beti, are gehiago izaten dira familia bateko kideen artean, Belar txarrak ipuina lekuko. Amona-ama-alabaren artekoa, hots, odol berekoen artean. Ostera, beste muturrean jar daiteke Asteazkenak ipuina, non Uxue eta Andrea-ren arteko lotura eredugarria gertatzen den, hain handia baita neska bien harmonia eta ongi konpontzea. Harreman askeak dira, senideen artekoen artean ez bezala, barne-barnetik sortuak, berez sortu den konpromiso isil bati lotuak. Denborak gauza asko higatu ez ezik aldatu ere egiten ditu. Bilaua handiki, eta handikia bilau bihurtu lezake. Zer izan ginen eta zer bilakatu. Ederra eta piztia ipuinean, adibidez, Jon Ander aspaldi batean, Idoia lagunaren borroka ideologiko berean zebilen; orain, berriz, beste sintonia bat du, halere ez da dena galdu, prest agertu baita Idoiari laguntzeko. Denboraren “urradura”, higatze hori saihesteko, gizakiak herri-mina, urruti-mina asmatu du, nostalgia, alegia, horrelakoa da kanpotik etxera bisitan datorren ahizpak sentitzen duena Gu orduko hauek ipuinean.

Emakumearen protagonismoa Emakume batek ehunduriko nobela batek, emakumeari ez ezik emetasunari ere protagonismoa eman liezaioke. Ñabardura hau irakurtzen ari garen hainbat eleberritan egiaztatzen ari gara. Garaziren ipuin multzo honetan ere eurak protagonista nagusi eta, batzuetan, erabatekoak dira. Onerako zein txarrerako, noski. Era askotakoak daude. Badira emankorrak, maitekorrak, lagunkoiak edo gupidagabeak (Uxue4, Andrea, Uxueren ama, Asteazkenak); jasankorrak, aski topikoa bada ere, sexua ere mesede on baten truk eman dezaketenak (Idoia, Ederra eta piztia), misteriotsu-zitalak (amona eta ama, Belar Txarrak), errealistak-zalantzatiak (Ahizpak, Gu orduko hauek), agintzaileak (amona, Karakaka). Arestian aipatu ditugun emakumeen haietatik, gure arreta erakarri du baita ere, zenbaitetan amatasuna zalantzan jartzen dela, batez ere emakume izaera misteriotsu, 4

Uxueren pertsonaia agian apur bat biribilegia, perfektoegia da, egiazkoa izateko?


sorgin kutsukoa azaleratzen denean: sorginak ez dira, oro har, amak izaten, beste betekizun batzuetarako baitaude “sortuak”. Hemen literatur unibertsaleko pertsonaia batzuek datozkigu burura. Nork ez ditu Shakespeareren Lady Macbeth edo Lorcaren Yerma gogoratzen (hemen, alderantziz, amatasuna behar du Yermak, emakume ezkondua denez, eta betiko gizartearen partaide izateko). Askoz protagonismo gutxiago dute gizonezkoek. Badira aburgesatuak, (Jon Ander, Ederra eta piztia), idealistak (Juanma, Etorria). Bada onbera eta inozoa dena, (Asteazkenak, 45). Beste batzuek izenik ere ez dute merezi (aita, Adiskideak, Belar txarrak).

Kontzeptualizazioa kontakizunaren kaltetan? Idazleari narrazioan aurrera egitea, hots, gertakariak, egoerak islatzea bezain garrantzizkoa zaio, narratzailearen bitartez kontzeptuetan aritzea. Horregatik zenbait ipuinetan kontakizuna moteldu egiten da, une batzuetan “trabatua” bezala dabilela, badirudielarik kontaeran ez dela ezer gertatzen. Egia esatera, idazleak, azala eta mamia, alegia, zelanbaiteko orekan erabili ohi ditu. Kari honetara, Abian ipuina aipatu behar non inork ikusi ez dezan trenean doan bidaiari misteriotsuak zenbait kontzepturen inguruan diharduen: fikzioa eta gezurra, zintzotasuna eta egia: eduki horietaz ñabardura politak egiten dira aipaturiko ipuinean. Etika eta politikaren arteko harremana ere eztabaidagai bihurtzen da.

Iritzia Garazi Arrularen ipuin multzo honetan giza izaeraren azterketa egiten da, hainbat pertsona(ia) desberdinen jarrera eta jokabide plazaratzen dituela. Arestian zehaztu dugun bezala, gizakiaren izaera desberdinen azterketa ageri da zortzi ipuinen barrena. Alde horretatik oso Proust-tarrak ditugu zentzu batean kontakizunak. Gure arreta deitu du, halaber, idazle gazte honen heldutasuna gaiak jorratzerako orduan baita zein egoki datorren bere irakurketetan jantzia5

5

Uxue pertsonaiaren eskutik, (Adiskideak), adibidez, hark Hegel filosofoa bera aipatzen du! (60)



Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.