Familia baten kexa Azpeitiko museoan bizitakoagatik

Page 1

KEXUA MUSEOARI 2018-09-04 MUSEOKO ARDURADUNARI ZUZENDUA Joan den larunbatean, irailak 1, Azpeitiko Trenaren museoa bisitatzera joan ginen gure bost bilobekin. Leihatilan sarrerak erostekoan esan ziguten tranbia zahar batek egiten duen bidaiatxoa hastear zela eta bertan ibili nahi bagenuen bisitaldia handik hasteko lehenbailehen. Arin joan ginen bertara. Azkenetakoak ginen jada nahiko betea zegoen tranbiara igotzeko. Gidari lanetan zebilen emakumea kementsu ari zen gomita egiten bertara sartzeko, bidaia bat egingo genuela aurreko mendera, Zaragozako hiriburuan zehar irudikatuko ginela e.a. esanez… dena gazteleraz. Berarengana hurbildu ginenean, gutako batek esan zion euskaraz ere bagenekiela eta hara non, bat-batean, ozen eta haserre hasi zen hitz egiten. Tranbiara igo, gu oraindik andenean ginela eta aurrera eta atzera eginez, sekulako azalpenak ematen hasi zen bidaiariei bere mikrofonotik. “Jakin ezazue gu bolondresak garela”, “ez ditut zertan jarrera hauek jasan behar”, “ez dut irainik (!!!???) onartuko” eta antzekoak jaurtiz. Bidaiariak harridurari eutsi ezinik, ez baitzuten ulertzen zer gertatzen zen. Gu, zur eta lur sinesgaitza egiten baizitzaigun egoera, eta haurrak, berriz, beldurtuta eta txikiena negarrean. Une batean, museoko sarreran bisitaldi gidatua gazteleraz egiten zela abisua bazegoela esan zuenean ulertu zuten gainerako bidaiariek istiluaren jatorria. Ordurako gu ere tranbia barruan ginen eta gauzak bere onetik ez ateratzeko esan genion arren, gidariak berean segitu zuen. Ez hori bakarrik, berarengana zuzendu zitzaionari tranbiatik jaisteko esan zion agindu tonuarekin. “Le pido que abandone de inmediato el tranvía porque en estas condiciones no habrá viaje” mehatxu egin zuen. Bere txantaian tematu zen eta guk, sarrera ordaindu genuenez, ez genion men egiten. Orduan, tranbia hustutzeko agindu eta bidaia suspenditu egin zuen, bere pinganiloak ematen zion boteretxo-esparrua baliatuz, eta hatzarekin burua seinalatuz “hágaselo mirar” era gutxiesgarrian esanez hizkuntzaz oharra egin zuen gure kideari (hori nonbait ez zen iraina berarentzat!). Bisitari batzuen mutur okerrak eta marmarrak jaso genituen, gure “erruz” bisitaren zati hori gabe geratu zirelakoan. Ordurako museoko beste langile bat etorri zen (nonbait gidariak berak abisatuta) eta gugana zuzendu zen, euskaraz, gidaria jende-taldearekin alboko beste gunera joan zen bitartean. Gertatutakoaz bataren hitza bestearenaren kontrakoa zenez, bere kidearen bertsioa hobetsi zuen “gauzak askotan nola esaten ziren dela kontua” iritzita, nahiz eta guk insistitu ez zela hitz txarrik izan gure aldetik. Kanpotar asko joaten denez museora bisita ezin dela hizkuntza guztietan egin eta euskaraz egiteko aurrez eskaera egin behar dela azaldu zigun. Dena dela, guztiok egun ona pasatzeko helburuarekin joan ginela nabarmenduta, egoera baretu zuen. Tranbian sartu eta bisitako gainerako azalpen guztiak euskaraz eman zituen bai guri, baita, sesioaren ostean gure taldera batu ziren euskal familia batzuei ere. Hala, bisita ondo bukatu zen eta gero ikusi genuenez, tranbiatik jaitsi arazi zuen taldeak ere izan zuen aukera berria bertan ibiltzeko. Bukaeran, Museoko geltokian begiratu genuen eta esan ziguten moduan, abisua bazegoen andenera ematen duen atearen alboan. Egurrezko asto edo kaballete batean zegoen panel handiaren behe aldean, orritxo batean, jartzen zuen bisitak gazteleraz direla eta euskaraz nahi izanez gero, eskatu egin behar direla. Museora azkar batean sartu ginenez, ez genuen oharra ikusi ere egin.


Gertaera tamalgarri hauez gure bertsioa azaldu ondoren, gure taldeko lau helduok zuei gutun hau igortzea erabaki dugu. Lehenik eta behin, gure hizkuntza eskubideak bermatu nahian horren deserosoa suertatu zen egoeragatik gure nahigabea azaltzeko, batez ere, tranbian zegoen jendeari. Bigarrenik, gidariaren jarrera autoritarioa eta iraingarria salatzeko, horrenbeste aldiz errepikatu zuen bolondres izaera gorabehera, guk sarrera ordaindu eta gero eta are eta gehiago ume euskaldunak tartean direlarik, azalpenak gure hizkuntzan jasotzea merezi dugula uste dugulako. Eta azkenik, zuen museoko zuzendaritzari abisu hori era argiagoan jarri dezala iradokitzeko, bai sarreran eta baita beren esku-orritan eta web gunean ere, informazio euskarri horietan ez baitugu guk ohartarazpenik aurkitu. Are; ahal dela, bisitaldien antolamendua berrikusteko egokitasuna ere azpimarratuko genioke, museo askok egiten duten moduan, ordu batzuk euskaraz eta beste batzuk beste hizkuntzetan eskainiz. Era horretan, gure jatorrizko hizkuntza denak ez luke eskakizun berezirik egitea beharko eta antzeko egoera desatseginak ekiditeko lagungarri izango litzateke. Gure iradokizunak kontuan hartuko dituzuelakoan, adeitasunez,


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.