Ilargiaren alaba

Page 1


Ilargiaren alaba TOTI MARTĂ?NEZ DE LEZEA

Perzebal, 28


Obra honen edozein erreprodukzio modu, banaketa, komunikazio publiko edo aldaketa egiteko, nahitaezkoa da jabeen baimena, legeak aurrez ikusitako salbuespenezko kasuetan salbu. Obra honen zatiren bat fotokopiatu edo eskaneatu nahi baduzu, jo CEDROra (Centro Español de Derechos Reprográficos, www.conlicencia.com; 91 702 19 70 / 93 272 04 47).

Itzulpena: Josu Zabaleta Azala: Aritz Albaizar Maketazioa: Erein © Toti Martínez de Lezea © EREIN. Donostia 2013 ISBN: 978-84-9746-754-4 L. G.: SS-831/2013 EREIN Argitaletxea. Tolosa Etorbidea 107 20018 Donostia T 943 218 300 F 943 218 311 e-mail: erein@erein.com www.erein.com Inprimatzailea: Itxaropena, S. A. Araba kalea, 45 Zarautz T 943 835 008 F 943 130 822 e-mail: itxaropena@itxaropena.net www.itxaropena.net


Ilargiaren alaba TOTI MARTĂ?NEZ DE LEZEA Itzultzailea: Josu Zabaleta


Nur-i eskainia


1 1609ko iraila

Lainoak estaltzen zuen herrialde osoa, eta arrotzen begietatik ezkutatzen zuen magiazko leku hura gordean, inguruko mundu osotik urrun eduki nahiko balu bezala. Baserri baten edo bestearen teilatuak eteten zuen lainoa han edo hemen edo zintzarri-hotsen bat edo beste entzuten zen, isiltasun haren magalean taupadaka ari zen bizitzaren adierazgarri. Ganduak argitu ahala, eguzkia milioika lekutan islatzen zen distiraz belarretatik, landareetatik, zuhaitzen hostoetatik zintzilik zeuden ihintz-tantoetan. Eta muino uhintsuak, ehunka urtetako baso oparoak, ur gardeneko errekak, etxeak han-hemen barreiaturik, eta paradisutxo haren bihotza, Zugarramurdi herritxoa, elizaren inguruan bildua, agertzen ziren orduan. Artista bati halako zirrara eragingo ziokeen edertasun hark guztiak, non ez baitzen gai izango, ezta hurrik eman ere, hura dena bertso batean, margolan batean edo melodia batean adierazteko. Madalen erreka ondora joan zen, zaia gerrian lotu eta belaunikatu egin zen, pegarra betetzeko. Ondoren, ertzean eseri, abarkak askatu, galtzerdiak kendu 7


eta oinak uretan sartu zituen. Luzaro egon zen horrelaxe, goizeko haize kirriak geldiro mugitzen zituen zuhaitzetako hostoei begira. Argia urratzearekin batera bordatik atera eta erritu berbera egiten zuen egunero, bero egin hotza egin, euria ari ateri egon: oinak Eitoko errekan sartu eta han edukitzen zituen behatzak zimurtzen hasi eta bizkarrezurretik gora hotzikara igotzen sentitzen zuen arte. Bere amak beste horrenbeste egin zuen luzaro. Berak laguntzen zion, oinez ibiltzen ere oraindik ozta-ozta zekienean, eta amaren keinu berak errepikatzen zituen; orduan, ordea, oinak ez zitzaizkion uretaraino iristen, eta ertzean kulunkan edukitzen zituen. Hasperen egin zuen. Azken udaberriaz gero, ama ez zen lehengo bera. Zoritxarra zoritxarraren gainean izan zuten familian, Gaueko jaunak basoko borda bere itzal goibelaz estali eta harrapakina askatu nahiko ez balu bezala. Katalina neskatxoa eraman zuen gaixotasuna izan zen lehendabizi. Bera ere gaixo ibili zen zenbait egunez, gorputza sutan bezala zeukan sukarrez eta hotzak ikaratan egoten zen aldi berean, baina goiz batez amesgaizto batetik bezala esnatu zen, egarriak. Ohetik jaikitzeko indarrik ez zuen, eta familia osoak lo egiten zuen ohetik ikusi zuen gurasoek ahizpatxoaren gorputza oihal puska batean bildurik bordatik nola ateratzen zuten. Argia sartzen eta sutako kea ateratzen zen leihotxotik begiratuz ikusi zuen nola uzten zuen aitak haritzaren azpian egindako zanga batean, eta amak, negarretan ezer ez esateko, ezpainetan hozka nola egiten zuen. Hilobiaren gainean plantain-hostozko sortatxo bat uzten 8


eta elkarri eskuetatik heldurik, eskuak zuhaitz-bururantz jasotzen ikusi zituen, Mari, arbasoen jainkosari, neskatoa bere babesean har zezan eskatzeko. Aita handik gutxira hil zen. Gorputza sukarrez erretzen zeukan eta arnasa hartzeko ere ez zen gauza ia-ia. Amak tapaki bat hartu, errekan busti eta hartan bildu zuen, sukarra jaisteko, mihiluz eta pagoazalez egindako edabeak edanarazi zizkion, bularra eta bizkarra asun sortaz igurtzi zizkion; alfer-alferrik izan zen. Aita gaixo egon zen bitartean, emakumeek lurrean egin zuten lo, besada batzuk belar ondu zabaldu eta haien gainean. Bien artean egin zuten zulo bat Katalinaren hilobiaren ondoan, eta arrastaka eraman zuten haraino aitaren gorpua, tapakian bilduta, eta zulotik ateratako lurraz estali zuten. Ez zuten hitzik ere egin, esateko ezer ez zegoen-eta. Heriotza ez zuten ezezaguna, bizitzako bidaia-laguna baizik; baina ama ez zen oneratu kolpe hartatik. Egunetik egunera gainbehera zihoala ikusten zuen. Ia hitzik ere ez zuen egiten. Aulki batean eserita egoten zen sutondoan edo behinola basoan bizi izan omen ziren erraldoietakoren batek borda aurrean utzitako harri handiaren gainean eserita, begiak bere senarra eta alaba ez ezik, bere gurasoak eta haien gurasoak ere ehortzita zeuden arbola sakratuaren azpiko lekuan iltzatuta zituela. Madalenek hasperen egin zuen berriro eta oinak uretatik atera zituen. Zimurtuta ez ezik, hotzak ubelduta zeuzkan. Abarkak jantzi baino lehen artilezko galtzerdi lodietan sartu zituenean, sentsazio 9


gozagarri bat sentitu zuen. Gero, pegarra hartu eta bordara itzuli zen berriro. Amak eltzea sutan jarrita zeukan, eta zurezko zali handi batez barrukoari geldiro eragiten ari zen: aza pixka bat, baba lehorrak eta gaztainak. Janari bera izaten zen egunero. Batzuetan barazkiak aldatzen ziren eta beste batzuetan, oso bakanetan, erbiki pixka bat izaten zuen, jartzen zituzten lakioetan aldian behin harrapatzen zuten erbiren batena. Aita bizi izan zen bitartean, inoiz ez zen falta izaten okela freskorik mahaian. Ehiztari trebea zen lakioz, beheko lurretan, monasterioarenak baitziren, ehizan jardutea debekatuta bazegoen ere. –Basoa denena da –erantzuten zuen aitak abadearen baimenik gabe ehizan aritzea zein arriskutsua zen esaten ziotenean–. Monje horiek azaldu baino lehen ere hemen zegoen. Aurrerago, abadeak basozain izendatu zuen. Berak lehen egindakoa, abadearen lurretan ehizatzea alegia, besteei egiten ez uztea zuen eginkizuna. Hartza edo otso-saldoren bat agertzen bazen, zaindu eta haren berri jakinarazteaz ere arduratzen zen. Halakoetan, abadeak haien bila ateratzeko agintzen zien herriko gizonei, ehizatzen zituzten piztia guztien larruak berari eramateko aginduarekin. Eitoko errekan edo Orabidean zuhaitz-enbor zaharren bat erori edo belarra eta harriak pilatu eta ura errepresatu ez zezaten ere zaindu behar zuen. Horren ordainez, nahi zuen guztia ehiza zezakeen, eta etxea berotzeko behar zuen egur guztia bil zezakeen. 10


Estebaniak sekretuan gorde zuen senarraren heriotza. Bazekien haren berri jakin bezain laster jaunak etxetik kanpora botako zituela, bera eta alaba, biak. Ez zitzaien interesatzen borda hartan emakume bat eta neskato bat edukitzea. Inolako errukirik gabe botako zituen kanpora, haien etorkizunaz kezka askorik gabe, eta beste familia bat eramango zuen hara. Ez zen horrelakoak gertatzen ziren lehenengo aldia izango. Bere aita hil zenean ere, amak eta berak ia galdu zuten beren babeslekua. Joanes Azpilkueta nekazariarekin ezkondu zelako lortu zuen amak etxetik kanpora ez botatzea. Orain, ordea, ez zegoen Joanesik senarraren lekua hartzeko. San Salbatoreko abadea ahalik eta luzaroen ezjakinean edukitzen ahalegintzea beste erremediorik ez zuen. Oraingoz lasai egon zitezkeen, baina gero?, zer gertatu behar zitzaien gero? –Ondo zaude, ama? Madalenen ahotsak ikaratu egin zuen. Ez zuen ikusi pegarra ekarriz sartzen. Biratu eta isilik geratu zitzaion begira. Gorputzez txikia bazen ere, emakumea zen dagoeneko, haurrak egiteko gai. Mutil-laguna bilatzen hasteko garaia zen, beharbada. Horretarako suerte on samarra bazuten, bazitekeen bordan berriro gizon bat sartu eta hala jauna kontent edukitzea. Ez ziren etxetik alde egin eta hildakoak han uztera behartuko. Gizon gaztea eta sendoa behar zuen izan, eta herrian baziren bigarren seme bat baino gehiago, lur-jabe baten alaba oinordekoa ez bazen ere, halako ezkontza bati uko egingo ez ziotenak. 11


Lana eta estalpea behintzat izango zituen halakoak, eta, txarren-txarrenean, ez zuen anaia zaharrago batentzat edo beste norbaitentzat lanean jardun beharrik izango. Sanzio bururatu zitzaion, errementariaren laugarren semea. Buruz ez zen oso azkarra, baina aski zen langilea izatea, eta mutil hura bazen langilea. Ez zen gizon erakargarria ere, oso bestela baizik, bekozkoduna eta mozkotea, baina bazekien leiala eta izaera onekoa zela. Hurrengo goizean, goiz, Estebania herrira joan zen, alabari etxeko lanak egiteko eta errekaren bihurgunean belarrik eta adarrik zegoen begiratzeko agindu ondoren. Eguerdirako etxean izango zela esan zion, baina ez zion aipatu errementariarekin eta haren emaztearekin hitz egitera eta bere alaba haien semearekin ezkontzeko proposamena egitera zihoanik. Normalean astean behin joan ohi ziren Zugarramurdira, baina, senarra hil zenez gero –lau hilabete egin behar zuen–, joan gabe zegoen oraindik. Madalenek ez zuen ezer galdetu, eta lanari ekin zion. Arratsalde erdi aldera, ama berandutzen ari zelako kezkaturik, bordatik atera eta herria ikusten zen muino batera igo zen. Luzaro egon zen han, ama noiz ikusiko, bitartean buruko ile luzea txirikordatuz eta askatuz. Udazkena sumatzen hasia zen, zuhaitzak hostoak galtzen ari ziren, geroz eta goizago iluntzen zuen, eta haizeak hezetasunaren eta egur errearen usaina zekarren. Elizako kanpaia entzun zuen, hurrengo eguna igandea zela adieraziz, eta irribarre egin zuen. Ama zerbaitengatik edo hargatik atzeratu eta bilerara joango zen seguru asko, bordara 12


itzuli ordez. Maldan behera lasterka jaitsi eta haitzulorantz jo zuen. Dena isilik zegoen, eta denbora pixka bat behar izan zuen inguru hartan bera beste inor ez zegoela ohartzeko. Zenbat eta hurbilago, are eta isilago. Ez zen ageri ez astorik ez gurdirik; ez zen entzuten marmarrik, ez ikusten ere haurrik belardian lasterka. Nahastu ote zen pentsatu zuen, baina elizako kanpaiek garbi jo zuten bezperetarako deia, larunbatero bezala. Ez zegoen nahasmendurik. Zergatik ez zegoen, hortaz, leku hura jendez beteta, besteetan bezala? Haitzuloan sartu zen. Ez zegoen biltzarrak argitzen eta haitzuloa kez eta haren hormak irudi luzangaz betetzen zituen sua. Haizea sartzen zen atari zabaletik, haitzuloa igarotzen zuen errekako uraren hotsarekin ziztua bateratuz eta heriozko doinu bat joz, eta beldurtu egin zen. Beldurraren mende, lasterka atera eta bordara iritsi arte ez zen gelditu. Denbora behar izan zuen lo hartzeko, begi miatzaileak zituzten izaki beltzen ikuspenek eragozten ziotelako. Gauean zehar behin baino gehiagotan haztatu zuen ilunpean belar lehorrezko lastaira, Estebaniaren gorputzaren bila, baina haren lekua hutsik zegoen. Jaikitzeko indarrik gabe, eta begiak logalez ezin zabaldurik, lo hartzen zuen berriro, itxura zehatzik gabeko izakiz inguraturik eta haiek jazarririk, gaua bera baino ilunagoa zen mamu batek irtenbidea itxirik. Azkenean, aurpegian eguzki-errainu bat sentitu, esnatu eta jauzi batez atera zen ohetik. Inoiz ez zen 13


horren berandu esnatu, gogoratzen zelarik behintzat, Katalina ahizpa hil zenean sukarra joan zitzaionean ez bazen. Sukaldera begiratu zuen, ama han janaria prestatzen ikusiko zuelakoan; sua itzalita zegoen, ordea, ama itzuli gabe, eta berriro gailendu zitzaion beldurra. Gauza izugarriren bat gertatu zitzaion, nonbait. Amak inoiz ez zuen gau osoa etxetik kanpo egin. Ezta hil-beilaren batera edo auzoko emakumeren bati erditzen laguntzera joandakoan ere. Beti itzultzen zen etxekoak esnatzera, gero berriro alde egin behar bazuen ere. Pegarrean geratzen zen ur pixkaz aurpegia garbitu eta atera egin zen; baina errekara ordez, Zugarramurdirako bidea hartu zuen. Bezperan haitzuloan bezala, isiltasuna zen nagusi herrian; ateak eta leihoak itxita zeuden guztiak, eta ez zen arimarik ikusten kanpoan. Herritar bat topatu zuen; ikusita ezagutzen zuen; hark, ordea, begiak beheratu eta pausoa bizkortu zuen parera iritsi zenean. Zenbait etxetan atea jo zuen, baina ez zioten erantzun. Eliza ere, beti zabalik egon ohi zena, itxita zegoen. Ia etsita zegoenean, dei bat entzun zuen, xuxurla batean hoska. Ingurura begiratu eta kosta egin zitzaion nork deitzen zion ikusten. Simona, amaren lehengusina, eskuaz keinuak egiten ari zitzaion. –Zergatik…? Ez zuen galdera bukatzeko astirik izan. Emakume hark besotik heldu, eta indarrez sartu zuen barrura. –Zer egiten duzu hemen, txoriburu horrek? –bota zion zakar. 14


–Ama… –ez zekien zer erantzun. Simonak haserre zirudien, eta ez zekien zergatik zegoen horrela. –Estebania preso dago. –Preso? Zergatik? –Sorgina delako.

15


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.