Doktrina - Zuzenbide Politikoa

Page 353

kasuetan legea aplikatzeko eraberekotasuna bermatzen du —eta Justizia Administrazioari ere barne koherentzia ematen dio—; eta c) epaileak aurrekoen jakituriaz baliatuko direla ziurtatzen du horrek. Stare decisis printzipioa, hala ere, ez da beti eta erabat loteslea; haatik, hortik aldentzeko aukerarik ere bada. Goragoko auzitegi batek (Ipar Amerikako Auzitegi Gorena horren adibiderik egokiena da) irizpidea alda dezake, modu oinarridun eta arrazoidunez, aurrekaria baztertu eta beste bat ezarriz. Espainian, Konstituzio Auzitegiak bertako izaera eman dio stare decisis printzipio anglosaxoniarrari, Konstituzioaren 14. artikuluan ezarritako berdintasun-printzipioa urratzeagatik auzi batzuk ebatzi dituenean. Printzipio hori, bistan denez, botere publikoentzat muga da legearen aplikazioan. Printzipioak berak hurrengoa agintzen du: «Organo batek ezin du nahierara aldatu bere erabakien joera, kasuak oso antzekoak direnean. Hala ere, organo horrek uste badu aurrekari horietatik aldendu behar dela, orduan aurrekari horietatik desbideratzeko oinarri nahiko eta arrazoiduna eskaini beharko du» (KAE 49/82, 2. oin. jur.). Ebazpen judizialaren kasuan, «organo judizialen gogokeria, adiskidekeria edo nahikeria baztertu gura da, justizia eskatzen dutenak berdin tratatuak izan daitezen, eta euren artean bereizkeriarik sor ez dadin» (KAE 200/90, 2. oin. jur.). 3. Botere judizialaren independentzia Boterea zatitzeko edo banatzeko proposamena ez da adimenaren nahikeria. Aitzitik, horrekin saihestu nahi da esku bakar batean boterea monopolizatzeak ekar dezakeen kontrolik eza. Botere judizialari dagokionez, horrek independentzia izan behar du beste bi botereei begira. Independentzia hori ulertzeko, nahikoa da botere judizialaren izaera berezia gogoratzea, batez ere, antolamenduari buruzko interpretazio eta betearazpen inpartzial eta zuzenetik abiatuta, antolamendu horren aplikazio unean. Interpretazio hori ez litzateke inpartzial eta zuzena izango, eginkizun judizialaren gainean presio politikoak askatasunez gauzatuko balira. Epaileak, botere politikoari begira, independentzia izan behar du. Independentzia hori ez da, soil-soilean, botere-banaketaren ondorio arrazoiduna, ezpada printzipio horren eskakizun zehatza. Bestalde ere, epaileen independentzia justiziaren ezinbesteko baldintza da —nahikoa izan ez arren—. Independentziak autonomia esan nahi du. Independentziak, orobat, epaileen askatasuna esan nahi du, euren zereginean dihardutenean, edozein botere edo agintariri begira. Zinezko ondorioa dakar horrek, eta horra joan dira justiziaren aldeko ahalegin guztiak. Botere judizialaren historia, 353


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.