Doktrina - Zuzenbide Politikoa

Page 234

Jakina denez, Montesquieuk landu zuen botere-banaketaren teoria, eta Filadelfiako konstituziogileek sakon ezagutzen zuten Montesquieuren lana, Blackstoneren idazkien bitartez. Lehendakari-sistemaren bereizgarri nagusia da boterearen arazoari buruz hausnarketa berezia egitea. Ipar Amerikako 1787ko Konstituzioaren lehenengo hiru artikuluek hori berori erakusten dute argiro-argiro; artikulu horiek estatuko hiru botere klasikoen eraketa independentea ezarri dute. Arean bere, lehendakari-sistemaren ezaugarria da botere betearazlea botere legegilearen gain lokabe izatea. Azalpen teorikoan bederen, horrek berarekin dakar botereak isolaturik egotea. Baina, praktikan, berehala geratu zen argi erabateko banaketa ezinezkoa dela eta estatua geldiaraztea ekar dezakeela. Horregatik, zenbait autorek adierazi zuten botereak banatzeko sistemak aipatzea alferrekoa dela, hots, kategoria horrek ez duela edukirik, ez baitago sistema bat ere botereak guztiz, erabat eta zorrotz banatzen dituenik. Politikaren arloan, zenbait eginera garatu dira, botere-titular desberdinen artean loturak ezarri eta errazteko. Eginera horiekin batera, aintzakotzat hartu behar dira alderdi politikoen sorrera eta gerogarreneko nagusitasuna, alderdiok botereen arteko elkarguneak baitira. Bi datu horiek gogoan izanik, gaur egun lehendakari-sisteman ere, nolabaiteko malgutasuna atzeman daiteke. Historian zehar, lehendakari-sistema sortu da, Britainia Handiko sistemaren printzipioak errepublika federalari egokitzearen ondorioz. Zernahi gisaz, Estatu Batuetako konstituziogileek zorrotzegi interpretatu zuten botere-banaketaren teoria eta, ondorenez, eurek sorturiko sistemak ez du zerikusi handirik parlamentu-sistemarekin; are gehiago, guztiz desberdinak direla esan daiteke. Estatu Batuetako sistema behar bezala ibil dadin, baldintza jakinak bete behar dira eta, horregatik, sistema horrek ez du lortu parlamentu-sistemak izan duen zabalkundea. Frantzian entsegua egin zen 1848. urtean, eta Iberoamerikako errepublika batzuek ere nolabaiteko egokitzapenak egin zituzten; baina hortik kanpo, lehendakari-sistemak ez du beste zabalkunderik izan.

4.1. Lehendakari-sistemaren osagaiak a) Botere betearazle monista Parlamentu-sistemetan, botere betearazlea buru bikoa edo dualista da. Lehendakari-sistemetan, aldiz, botere betearazleak ez ditu bi osagai —estatuburua eta gobernuburua—. Aitzitik, botere guztia pertsona baten esku geratzen da. Pertsona hori, aldi berean, estatuburu eta go234


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.