Doktrina - Zuzenbide Politikoa

Page 109

konponbidea bilatzeko edo, gizartean, klaseen arteko borroka konpontzeko. Horren guztiaren eraginez sortuko da, sortu ere, ikuspuntu desberdinetako izenekin izendatzen den estatu sozial edo estatu babeslea, merkatuko gizarte ekonomia edo sozialdemokrazia. 3. Estatu babeslea eta estatu soziala «Estatu babesle edo ongizate estatu adierazpena Wohlfahrstaat hitz alemanaren itzulpena da, hain zuzen ere, polizia estatu (Polizeistaat) kontzeptuaren aldagaia. Azken kontzeptu hori XIX. mendeko historialariek erabili zuten, XVIII. mendeko gobernuaren ezaugarririk onuragarrienak azaltzeko. Estatu ongilearen (Sozialpolitiker-en) ulerkera modernoa akademizismo germaniarrak garatu zuen 1870etik aurrera, eta Bismarck izan zen praktikan jarri zuen lehena. Ingalaterran, fabiano eta teorialariek (besteak beste, Pigou eta L. T. Hobhouse) antzeko prozesuak prestatu, eta horiek Lloyd Georgek eta Beveridgek aplikatu zituzten. Azken horiek, hasieran behintzat, germaniarren eragin handia zuten. Pigou eta horren eskolak zabaldutako printzipio teorikoei Welfare economics esan zitzaien; horrek lagundu zuen «estatu babesle» adierazpena —Welfare State— onartzen. «F. D. Rooseveltek Bismarck eta Lloyd Georgeren urratsei jarraitu zienean, Ipar Amerika ondo prestatuta zegoen. Auzitegi Gorenak, 1937tik aurrera, Konstituzioaren General Welfare klausularen inguruan egin zuen erabileraren ondorioz, Welfare State terminoa erabiltzen hasi ziren»9. Estatu babesleak hurrengo gizarte eskakizun hauei erantzuten die: aberastasuna sortu, errenta eta aukera desberdintasunak konpondu, desorekak suntsitu eta ezinbesteko zerbitzuak (berbarako, lana, osasuna, hezkuntza, etxebizitza etab.) hornitzea. Estatu babesleak liberalismo klasikoaren banaketa gainditzen du, hots, gizartearen antolakuntza politiko eta antolamendu ekonomikoaren artekoa. Horrela, gizartearen gatazkak konpontzeko ahalegina egin nahi du, botere politikoaren egiturak birmoldatuz. Estatu babeslearen instituzionalizazioa fenomeno berria da; hala ere, azpian dagoen ideia XIX. mendearen erdialdekoa da. Lorenz von Steinek, Gizarte mugimenduak eta monarkia lanean, Stabilisationswissenschaft10 deiturikoaren alde egin zuen. Helburua kapital eta lanaren artean konpromisozko konponbidea bilatzea zen.

9 F. A. von Hayek, Los fundamentos de la libertad, II. lib. (Valentzia, Fundación Ignacio Villalonga, 1961), 378 eta 379. orr. 10 «Egonkortzearen zientzia» hitzez hitz itzulita.

109


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.