LURZORUAREN ERAENTZA
399
ingurugiroa babesteko eskumena, ezpada arauketa horren edukia bera. Arean bere, arauketa hori hiri jabetzaren oinarrizko baldintzen barne sar daiteke, autonomi erkidegoek lurraldearen gain dituzten sektorekako eskumenak ukitu gabe. Gainerako lurzoru moten inguruan, hots, hiri lurzoru eta lurzoru urbanizakorraren inguruan, Konstituzio Auzitegiak adierazi du oinarrizko printzipio hauek —jabeek dituzten eginbeharren oinarri-oinarrizko edukia osatzen dutenak— Konstituzioaren araberakoak eta estatuaren eskumenekoak direla: a) plangintzak ukituriko jabeek urbanizatze nahiz eraikitze prozesuetan parte hartu behar dutela ezartzen duen printzipioa (19. art.); eginbehar hori konstituzio eginbeharra ez ezik, hiri jabetzak duen gizarte eginkizunaren adierazpiderik ohikoena ere bada. b) Honako hirigintza eginbehar zehatzak betez gero, hirigintza ahalmenak mailaz maila eskuratzen direla xedatzen duen printzipioa (20.1 eta 20.2. art.ak): zuzkidura publikoetarako lurrak eta hirigintza aprobetxamendukoak lagatzea, urbanizatze lanak ordaindu eta epe barruan gauzatzea eta, azkenik, eraikitzeko lizentzia eskatu eta lizentziak ezarritako epean orubeetan eraikitzea. Bi printzipio horiek hiri jabetzaren eskubidea egikaritzeko oinarrizko baldintzen barruan sartzen dira.
2. LURZORU MOTA DESBERDINEN ERAENTZA JURIDIKOA Lurzoruaren eraentzak izandako bilakaera deskribatu ostean, lurzoru sailkapenaren egokitasun eta zentzuzkotasuna aztertzea komeni da. Horren harira, sailkapen horren xehetasunak aipatu behar dira, estatuan indarrean dagoen azken arauketa abiapuntutzat hartuta. Konstituzio Auzitegiak 1997ko martxoaren 20an emandako epaiaren arabera, arauketa hori baliozkoa da orokorrean —dena dela, epai horren aurretik nahiz ostean beren beregi emandako legeen bitartez, autonomi erkidegoek baliozkotu egin dezakete arauketa hori). Bide horri ekinez, ondo legoke sailkapen horren etorkizunari lehenengo begirada egitea, Lurzoruaren Eraentzari eta Balorazioei buruzko Lege Proiektua ardatz hartuta (Gobernuak 1997ko maiatzaren 23an onetsi du lege proiektu hori eta Gorteek onestea falta da, proiektua lege bihur dadin). Lehenengo arazoari dagokionez, lurzoruaren sailkapenak dakarren desberdintasun juridikoa beste behin kritikatzeaz gain, esan behar da udal lurzoru osoko hiriaren inguruan biribil zentrokideak egitea dakarren sailkapen zurruna ezartzea ez dela egokia. Arean bere, hirigintza eredu hori Espainiako lurralde zati bati bakarrik egokitzen zaio, hain zuzen ere, hiriaren inguruan biztanlerik gabeko latifundio handiak dituen lurraldeari. Beste toki batzuetan, aldiz, jendea baserrietan bakanki edo baserri-gune txikietara bilduta bizi da. Arazo horren inguruan, PAREJOk adierazi du lege proiektuak lurzoruaren sailkapen hirukoitz horri eustean, «lurraldea —lurralde osoa, udal mugarte