HIRIGINTZA ZUZENBIDEAREN JATORRIAK ETA LEHENENGO EREDUA‌
311
egiteko ahalgoa agertzen da, ahalgo hori zabaldura eta herrien barne berrikuntzei buruzko proiektuetan formalizatzen dela. Udal Administrazioak bi bide erabil ditzake proiektuok betetzeko: lehenengoan, Administrazioak berak egiten ditu lanak eta, horretarako, aldez aurretik zuzkidura publikoak (kaleak, plazak, ekipamenduak‌) egiteko beharrezkoak diren lurrak derrigor desjabetu behar dira; halakoetan, lur horien jabeek zuzkiduron alboetan egin ditzakete eraikinak, Administrazioak egindako lanek duten birbaloraketaren onura euren eskuetan geratuz. Bigarren bidean, Administrazioak derrigor desjabetzen ditu zuzkidura publikoen alboetako guneak ere; horretara, behin lanak egin eta guneok orube bihurtu ostean, horiek saldu eta salmentan eskuratutako diruarekin, Administrazioak ordaintzen ditu herri lanen gastuak eta, sarri askotan, onurak lortzen ditu udalerriarentzat.
A) Hirigintza herri lan gisa eta jabe mugakideen negozio gisa, herrien zabaldurari buruzko lehenengo legerian Hasieran, urbanizazioak zekartzan hirigintza gainbalioak herri lanen lur mugakideen jabeei eratxikitzen zitzaizkien. Administrazioak berak erabakitzen zuen noiz eta nola bete behar zen proiektu urbanizatzailea; gisa berean, Administrazioak bere kontura derrigor desjabetzen zituen lanak egiteko beharrezkoak ziren lurrak eta, bere kontura ere, lanok egiten zituen. Lan horien ondorioz, orubeak sortzen ziren, eta orubeok zekarten hobekuntza eta euron eraikikortasuna herri bide eta plazen mugakide ziren lurren jabeen ondarean geratzen ziren. Sistema hori aldi hartan bidezkotu zen, behar-beharrezko zelako etxebizitza gehiago egitea. Lurrak lortzeko, Administrazioak hurrengo bultzagarria erabili zuen, lurron jabeei begira: jabe horien finkak orube eraikikor bihurtzen ziren, jabeok inolako gasturik izan gabe. Gainera, Administrazioak ere jabeok bultzatzen zituen lur horietan eraikinak egitera; horretarako, diru-laguntzak eta zerga-pizgarriak erabiltzen zituen (berbarako, hiri jabetza kargatzen zuten zergetatik jabeok aldi baterako aske geratzea). Labur zurrean, etxebizitzak urriak zirenez gero, lehen-lehenik, lurrak orube eraikikor bihurtu behar ziren eta, horren ondoren, lurron jabeak bultzatu behar ziren bertan eraikinak egitera; horrekin, etxebizitzen eta errentamenduen prezioa merkatzea lortzen zen. Bide horretan, hirigintza herri lana izateaz gain, jabeen negozio zen, eta hala itxuratu zen 1864ko ekainaren 29ko Zabaldura Legean; izan ere, lege horrek ez zien jabeei ezartzen lanek eta derrigorrezko desjabetzapenek zekartzaten gastuetan parte hartzeko betebeharrik. Hirigintza sistema horretan, bada, udalerriak ordaintzen zituen urbanizatze gastuak, eta urbanizatze lan horien onurak lanon mugakide diren lurren jabeek eskuratzen zituzten. Ildefonso CerdĂĄk gogor kritikatu zuen sistema ho-