310
RAMÓN PARADA
XIX. mendean agerikoa zenez, herri ahalgoak bere barnean hartzen zituen, bai urbanizatze ahalgoa edo urbanizatzeko eskubidea, bai eta barne berrikuntzarako eta herriak zabaltzeko planen bitartez hiriak sortu, zabaldu zein berritzeko aukera ere. Herri ahalgo hori herri lanetan gauzatzen zen eta jabeek ezin zituzten euren kabuz herri lanok egin. Egun ere, Zuzenbide konparatuak bereizketa hori barneratzen du garbiro. Zuzenbide horretan, gehienbat, Administrazioaren esku uzten da planen betepena; hala agertzen dute Frantzia, Alemania eta Holandako kasuek. Orobat, uztailaren 25eko 8/1990 Legeak (ekainaren 26ko 17/1992 Legegintzazko Errege Dekretuak onetsitako testu bateginak) du jasota urbanizatze ahalgoaren eta jadanik urbanizaturik dagoen lurrean eraikitzeko eskubidearen arteko bereizketa argi hori. Lege horretan, bi eskubide horiek jabeei eratxikitzeko, nahitaez gauzatu behar diren betekizunak ezartzen dira, geroago jorratuko dugunez. Horrenbestez, urbanizatzeko eskubidearen eta eraikitzeko eskubidearen arteko bereizketa oinarrizkoa da, Espainian erabili diren hirigintza sistema desberdinen benetako norainokoa ulertzeko. Zuzenbide historikoan ere, nork bere funtsean eraikitzeko eskubidea mugatu eta baldintzatzen duen arauketa aurkitzen dugu. Eskubide hori, aintzina, interes pribatuko zortasunen erakunde zibilek (argi-bisten zortasuna, kasurako) mugatzen zuten, bai eta interes publikokoek ere. Azken horiek BASSOLSen obran aipatzen dira, bernarako, udal ordenantzetan jasota daudenak; horien aurrekari ospetsu gisa Madrilgo ordenantzak aipa ditzakegu, Torijak 1661ean eta Ardemansek 1791n bilduak. Horiez gain, intendente eta korrejidoreen 1749ko ordenantzek hirigintza poliziari buruz bildu dituzten gomendioak ditugu, horien arauzko garrantzia eztabaidagarria bada ere (gomendiook korrejidoreen 1788ko jarraibidean errepikatzen dira). Edu berean, Bilduma Berri-berriak jasotako arau batzuek ere eragina dute eraikuntzan; arauok dira, besteak beste, orube idorretan eraikitzeari buruzkoak (VII. legea, XIX. titulua, III. liburua), kaleak harriztatzeari buruzkoak (II. legea, XXXII. titulua, VII. liburua), Errege Akademiak eraikin zehatzen aldaketan edo egitean esku-hartzeari buruzkoak eta abar.
2. URBANIZATZE PROZESUA HERRI AHALGO, LAN ETA ONURA GISA, XIX. MENDEKO LEGERIA LIBERALEAN XIX. mendean nagusi zen legeriaren arabera, urbanizazio prozesua eta hiri edo biztanleguneak sortzea herri ahalgoaren xede eta helburua da; beraz, xede hori ez da jabe pribatuek eraikitzeko duten eskubidearen agerpen hutsa. Ahalgo horren barruan ere, kale eta plaza jakinen gainean plangintza zehatza