Doktrina - Zuzenbide Administratiboa III - Ondasun publikoak. Hirigintza zuzenbidea (2)

Page 76

ESPAINIAKO HIRIGINTZA ZUZENBIDE KONPARATUARI BEGIRA‌

379

ketaren zioz gauzatzen diren bereizkeriak. Datu hori oinarrizkoa da, Alemania eta Espainiako Hirigintza zuzenbideen arteko desberdintasunak ulertzeko; gisa berean, datu horrek agerian jartzen du Alemaniako Hirigintza zuzenbidearen sinpletasuna, Espainiako zuzenbidearen konplexutasunari begira. Ildo horretan, Espainiako Hirigintza zuzenbidearen konplexutasuna gero eta gogorragoa da: berdinbanaketa mekanismoak gero eta perfektuagoak dira eta horrek dakar hirigintza kudeaketa korapilatsuagoa izatea. Lehen esan dugunez, jabeei eraikitze eskubidea kentzen zaienean, horiei kalteordaina eman behar zaie eta hala gertatzen da, bereziki, kasu hauetan: a) plangintzak lurzati pribatu bati zuzkidura publikorako destinoa ematen dionean; b) plangintza aldatzearen ondorioz, hirigintza aprobetxamendua urritzen denean. Lehenengo kasuan, jabeari diruz ematen zaio kalteordaina eta, gainera, finkaren eskualdaketa eskatzeko ahalmena eratxikitzen zaio. Jabeek ez dituzte dohainik laga behar zuzkidura publikoak egiteko lurrak, lurrok eskuratzeko prozesu berezia baitago, hots, derrigorrezko desjabetzapenaren prozesua. Hala ere, jabeek eurek ordaintzen dituzte desjabetzapen horien kostuak (urbanizatze kostuak), haiek ordaindu behar dituzten kontribuzio berezien bitartez. Planak hirigintza aprobetxamenduak urritzen dituenean, erabakigarria da noiz gertatu den plangintzaren aldaketa: hirigintza aprobetxamendu hori eratxiki zenetik zazpi urte igaro baino lehen edo geroago. Aldaketa gertatu bada epe hori igaro baino lehen, jabeari kalteordain gisa eman behar zaio aurreko aprobetxamenduaren eta aprobetxamendu berriaren balioen arteko tartea, nahiz eta jabeak aprobetxamendu hori gauzatu (eraiki) ez. Horretarako, berebat, lurzorua urbanizaturik egon behar da eta balio urripen hori ez da izan behar abstraktua edo kontabilitate hutsekoa, ezpada egiazkoa edo ekonomiaren ikuspuntutik antzemateko modukoa. Aitzitik, aldaketa gertatu bada zazpi urteok igaro ondoren, kalteordain gisa eman behar da jarraikoa bakar-bakarrik: jabeak gauzaturiko aprobetxamenduarekin lurzoruak duen balioaren (balio hori izan daiteke aurreko plangintzak ahalbideratzen zuena baino txikiagoa) eta antolaketa berriak erakarritako balioaren arteko tartea. Plangintza aldatzeagatik kalteordainak emateko sistema horrek dakar, nonbait, eraikitze eskubideari denborazkotasun izaera eratxikitzea; edo, hala nahi izanez gero, sistema horrek zigortze elementua sartzen du, jabeek modu pasiboan (hau da, lurretan eraiki gabe) lurrok atxikitzea saihesteko.

4. ESPAINIAKO SISTEMA, BERDINTASUNARI ETA GAINBALIOEN BANAKETARI BURUZ KONSTITUZIOAK EZARRITAKO PRINTZIPIOEI BEGIRA


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.