372
RAMÓN PARADA
Holandan, herri lanen hirigintza gisakoa gauzatzen da. Horretan, lurzoru eraikikorraren zatirik handiena udalek eurek sortzen dute; udalak urbanizatze eragiketak burutzeko behar diren lurrak eskuratzen ditu eta, horren inguruan, ondoko paradoxa agertzen da: Europan biztanlerik gehien duen herrian, lurzoru eraikikorren prezioak arrazoizkoenak dira. Gainera, udalak agente urbanizatzaile nagusi gisa jarduten du; udalak adiskidetasunezko akordio bidez eskuratzen ditu lur gehienak, merkatuak finkaturiko prezioan. Harako akordiorik izan ezean, udalak derrigorrezko desjabetzapena erabil dezake; teknika hori erabiliz gero, udalak lurren truk jabeei balioespena eman behar die eta balioespen horren zenbatekoa da «negoziazio askean finkaturiko prezioa; horretan, alderdiek transakziorako beharrizana hartzen dute euren gain eta, beraz, zentzuz jokatzen dute». Horrenbestez, derrigorrezko desjabetzapena gertatzekotan, desjabetuak ez du lortzen lurrak adiskidetasunez saltzean lor dezakeen irabazia baino gehiago. Lurzati eraikikorrak saldu eta salmenta horretan eskuratutako irabaziekin, udalak urbanizatze gastuak, zuzkidura publikoak, kudeaketa gastuak eta abar ordaintzen ditu. Frantzian, hirigintza funtzio publikoa da, 1956ra arte Espainian gertatu izan den moduan. Funtzio hori, orokorrean, toki korporazioek egikaritzen dute, udalen arteko lankidetzarako establezimendu publikoen bitartez. Establezimendu horiek urbanizatze lanen gastuak berreskuratzen dituzte ondoko tasak kobratuz: ekipamenduaren ziozko toki tasa (tasa baino gehiago, kontribuzio berezia da); Plafond legal de densitéa gehiegikoa izateagatik jabeek ordaindu behar duten tasa, euren lurretan eraiki ahal izateko (horri buruz geroago arituko gara); eta eraikitzaileei eska dakiekeen beste edozein tasa fiskal edo parafiskal. Hari horri segiz, argi eta garbi agertzen da hirigintzaren eta eraikuntzaren arteko bereizketa. Lehenengoa funtzio publikoa da eta bigarrena, berriz, jarduera pribatua, «permis de construire»ren bitartez kontrolpean dagoena. Espainian ez bezala, Frantzian, norbanakoek ezin dute hirigintza planik bete. Espainian, bada, konpentsazio batzek bete ditzakete planok eta, hala denean, jabeen esku uzten dira urbanizatze prozesua, eta horrek dakartzan kostu eta onurak.
3. JABEEI ERATXIKITAKO HIRIGINTZA APROBETXAMENDUEN ARTEKO DESBERDINTASUNAK URRITZEKO TEKNIKAK. DENTSITATEAREN LEGE MUGA ETA HERRI LANAK EGITEKO LIZENTZIA ADMINISTRAZIO EMAKIDA BIHURTZEA Zuzenbide konparatuan, hirigintza mota guzti-guztiek agertzen dute arazo bera, hain zuzen, plangintzak jabetzei begira dakartzan desberdintasunak.