Doktrina - Zuzenbide Administratiboa III - Ondasun publikoak. Hirigintza zuzenbidea (2)

Page 65

368

RAMÓN PARADA

1. ITALIAKO ERAGINA ESPAINIAKO HIRIGINTZAN Aurreko kapituluan ikusi izan dugunez, Espainiako estatu legeriak eta autonomi erkidegoen legeek hirigintza eredu bera barneratu dute eta lege horiek guztiek kontzeptu eta teknika berberak dituzte oinarri. Hirigintza eredu horrek plangintza integralaren sistemarantz jo du eta, horrez gain, hiri lurzoru eta lurzoru urbanizakorren jabeei pribilejioak eratxikitzen dizkie: eredu horretan, harako lurzoruen jabeei bakar-bakarrik aintzatesten zaizkie urbanizatzeko eskubidea eta plangintzak sortarazten dituen hirigintza aprobetxamenduen onura eskuratzeko eskubidea. Hori horrela bada, printzipio horiek derrigor alderatu behar ditugu arlo horretan eragina duten konstituzio parametroekin, hain zuzen ere, berdintasunari eta hirigintza gainbalioen banaketari buruzko parametroekin (EKren 14 eta 47. artikuluak). Bestalde, Espainiako hirigintza sistema pribatizatua da eta jabeen artean bereizkeriak dakartza; kontu horiei dagokien aldean ere, sistema hori erkatu behar da Zuzenbide konparatuak emandako irtenbideekin. Hori eginez gero, Zuzenbide konparatuaren eragina balora daiteke, bai eta, ikusmira zabalagoaz, Espainiako hirigintza legeriak emandako irtenbideak finkatu ere. Azterketa konparatu hori egitean, aise antzeman daiteke 1956az geroztik Espainiako hirigintza eta Mussolinik 1942ko abuztuaren 17an emandako Legearena sistema berberak direla, nahiz eta lehenengoak bestelako eraginak izan. Mussoliniren Legeak udal lurralde osoaren gainean aldez aurretik plangintza egiteko sistema ezartzen du eta hori gauzatzen da udal plan arautzaileen eta plan berezituen (particulareggiati) bidez; Espainian, plan horien filosofia eta egitura udal antolamendurako planetan eta plan partzialetan islatzen dira. 1942ko Legearen eragina ageri-agerikoa da, urbanizatzeko eskubidea eratxikitzeari buruzko kontuetan, Espainian poligonoen jabeei eratxikitzen baitzaie eskubide hori (comparti edificatori consituenti unita fabbricabili, comprendendo aree inedificate e costruzioni da transformare secondo speciali prescrizioni). Urbanizatzeko eskubidea egikaritzeko, jabeok partzuergoa eratu behar dute, Kode Zibilak partzuergoari buruz agindutakoaren arabera. Poligonoaren balioaren hiru laurdenak ordezkatzen dituzten jabeek ahalmena dute, partzuergora atxiki ez diren jabeen lurzatien gaineko xedakortasun osoa eskuratzeko, derrigorrezko desjabetzapenaren sistema erabiliz. Ez bada horrelako partzuergorik eratzen, udalak beste inori eman ahal dio proiektua betetzeko ardura, hain zuzen, enkantean gehiagokadarik handiena aurkeztu duen pertsonari. Enkante hori, lehenik eta behin, jabeen artean gauzatu behar da eta, enkante hori hutsik geldituz gero, beste enkante bat egin behar da, horretan gainontzekoek ere parte har dezaketela. Bigarren enkate horretan, lurren hasierako prezio gisa hauxe finkatzen da: derrigorrezko desjabetzapenen kalteordaina gehi planaren onespenak erakarritako balio igoera.


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.
Doktrina - Zuzenbide Administratiboa III - Ondasun publikoak. Hirigintza zuzenbidea (2) by elkarmedia - Issuu