362
RAMÓN PARADA
bide horren gain ezin dela berritze edo sendotze obrarik egin? Azken finean, badirudi hori atera daitekeela aztergai dugun epai horretatik (…). Gainerakoan, Konstituzio Auzitegiak erabat ahantzi du estatuan badirela bi hiri —Ceuta eta Melilla—, beste guztiak bezain espainiarrak. Eurotan, Gorte Nagusiak dira legegile bakarrak eta, beraz, 1992ko testu bategin osoa ezin da ordeztaile izan. Aitzitik, testu hori zuzen-zuzenean aplikatzen zen Ceuta eta Melillan, eta hala geratu beharko zatekeen bi hiri horientzat. Horrek berez ekarriko zukeen Espainiako gainerako lurraldeetan testu hori ordeztaile gisa aplikatzea. Gainera, bada beste galderarik ere: non dio Konstituzioak autonomi erkidegoetako parlamentuek legeak emateko betebeharra dutela, nahiz eta eurek hala nahi izan ez? Azken buruan, epai horren ondorioz, estatuak galdu egin ditu ondasun higiezinen gaineko jabetza eta lurraldearen antolamendua arautzeko zituen eskumenak. Horren kontra erreakzioren bat egon beharko litzateke. Arean bere, ez du inolako zentzurik autu horien gaineko agintea, lehenengo eta behin, udalek izatea (Galizian jadanik udaloi eman zaie hirigintza planak behin betiko onesteko eskumena) eta, ondoren, autonomi erkidegoek, eta Gorte Nagusiek eta Espainiako Gobernuak zerbait esan eta antolatzeko eskumenik ere ez izatea. Badirudi Espainiako estatua lurralderik gabe geratu dela. FERNÁNDEZ RODRÍGUEZek irudi bidez azaldu duen moduan, Espainiako estatua Maltako Ordena bihurtu bide da.
7. KONSTITUZIO AUZITEGIAREN JURISPRUDENTZIAK SORTURIKO EGOERARI ERANTZUTEA: AUTONOMI ERKIDEGOETAN TESTU DEUSEZTATUA BALIOZKOTZEKO EMANDAKO LEGEAK, ETA LURZORUAREN ERAENTZARI ETA BALORAZIOEI BURUZ ESTATUAK EMANDAKO LEGE PROIEKTUA 1997ko martxoaren 20ko epaiaren bitartez, Konstituzio Auzitegiak erabaki larria hartu du, bide eman duelako gerogarrenean hirigintzaren alorrean hamazazpi arauketa desberdin izan daitezen. Horrek zer esan nahi du? Hirigintza zuzenbidea autonomi erkidegoetako arauen Zuzenbide konparatu bihurtu al da? Arau horien artean ez al dago printzipio erkiderik? Gure aburuz, hori ez da epaiak sortarazi duen egoera. Zinez, ez dago oinarrrizko arauketa xeherik, baina oraindik orain indarrean diraute Lurzoruari buruzko 1956ko Legearen sistema eratzen duten manu nagusiek. Ondasun higiezinen gaineko jabetzaren egungo sistema eta lege horren aurrekoa oso desberdinak dira. Egungoak bidegabekeria franko eragiten du, jabeen kontrako bereizkeria larriak egiten ditu eta interes orokorren aurkakoa da bete-betean; hori berori