HIRIGINTZAREN PRIBATIZAZIOA LURZORUARI BURUZKO 1956ko LEGEAN…
361
harrik, ez epaitzan, ezta epaiaren oinarrietan ere. Hori dela eta, Konstituzio Auzitegiari buruzko Lege Organikoaren 40. artikulua aplikatuz, onartutzat jo behar da atzeraeraginezko aplikazioa saihesteko behar hori. Ondorenez, tratamendu berbera eman behar zaie autu horri eta araudien deuseztapenari: lehenengo, araudi deusezaren itzalpean emandako egintzaren edukia aztertu behar da eta, ondoren, behin araudi deuseztatua alboratu eta gero, egintza horri eutsi behar zaio, antolamendu juridikoarekin bat badator (ASÍS GARROTE, PAÍS RODRÍGUEZ). D) Epaiari egindako kritika FERNÁNDEZ RODRÍGUEZek bikaintasunez adierazi duen moduan, jurisdikzio eginkizunari berezko zaio prudentia iurisa, eta Konstituzio Auzitegiaren epaia prudentia iuris horren kontrakoa da bete-betean. Gure ustez, arazoa are larriagoa da, Hirigintza zuzenbidearen hastapenei, bilakaera historikoari eta muinari buruzko ezjakintasuna erakusten duelako. Hirigintza zuzenbidearen xedea da ondasun higiezinen gaineko jabetzari buruzko arazo nagusiak arautzea, besteak beste, urbanizatu edo ez urbanizatzeko eskubidea, derrigor desjabetzeko ahalgoa, herri lanak egiteko beharrezkoak diren lurren balorazioa etab. Autu horietan guztietan, estatuak eskumen esklusiboa du, Konstituzioaren 149. artikuluaren arabera. Egiatan, eta kapitulu honetan eta aurrekoan azaldu izan dugunez, bi erakunde horiek, hots, jabetzak eta derrigorrezko desjabetzapenak, gaur egun aurreko mendeetan baino arauketa konplexuago eta xeheagoa dute. Edozelan ere, horrek ez du esan nahi jabetza eskubidearen eta derrigorrezko desjabetzapenaren jatorria estatua bera ez denik. Erakunde horien garapena eta ekintza definitzen dituzten teknikek (besteak beste, betepen sistemek, betepen alde eta guneek, lurren birzatiketak, balioespena finkatzeko erregela xeheek eta diziplinak) berebiziko garrantzia dute erakundeen euren bilakaeran. Teknika horiek guztiak autonomi erkidegoen eskumendean jartzeko, hurrengoa onartu beharko genuke: gizakiaren gorputzean, besoak eta oinak buruaren eta bihotzaren gain lokabeak dira, eta beso eta oin horiei lehentasuna eman behar zaie gizakia bera definitzeko. Hori onartuz gero, autonomi erkidegoen eskumenak bere baitan hartuko luke plangintzaren tresnei buruzko arauketa bakarrik. Ildo horretatik doa Jiménez de Parga magistratuak epaiari jarri zion boto berezia. Bide beretik ere, FERNÁNDEZ RODRÍGUEZek galdera hauek egiten ditu, guztiz txundituta (eta guk txundidura horrekin bat egiten dugu): Konstituzioak inon esaten al du bera onetsi aurretik estatuak emandako Zuzenbidea ordeztailea dela, autonomi erkidegoetako Zuzenbide bereziari begira? Non dio Konstituzioak estatuko Zuzenbidea azkendu behar dela edo, hirigintzaz gabiltzala, «antolamendutik kanpo» geratu behar dela eta, horren ondorioz, zuzen-