Doktrina - Zuzenbide Administratiboa III - Ondasun publikoak. Hirigintza zuzenbidea (2)

Page 56

HIRIGINTZAREN PRIBATIZAZIOA LURZORUARI BURUZKO 1956ko LEGEAN‌

359

Bestalde ere, hirigintza diziplina desagertu egiten da, neurri handi batean, Lurzoruari buruzko Legearen testu bateginak egindako arauketa horretatik. Hirigintza plangintza, izatez, autonomi erkidegoei erreserbaturiko gaia da, batik bat, hurrengo autuak kontutan izanik: lizentziarik gabeko obrak, lizentziarekin bat ez datozen obrak, lizentzien etetea, obren geldiarazpena, lizentzien berrikuspena etab. Nolanahi ere, lizentziapeko egintzei eta betepen-aginduei buruzko arauketa baliozkoa da eta baliozkotasun horri eutsi zaio. Azken buruan, Konstituzio Auzitegiaren iritziz, estatuak ezarri behar du udalerriek duten eginbeharra, euren lurzoru ondareak eratzeko. Gainerako autuak Konstituzioaren aurkakotzat jotzen dira, azalera eskubidea izan ezik, hori estatuaren eskumenekoa baita, legegintza zibilaren inguruan egindako erreserbaren ondorioz (EKren 149.1.8. art.). Edu bertsuan, eta titulu berberari helduz, estatua eskuduna da, honako eskubideak arautzeko: hirigintza jarduketen ondorioz, beste leku batean ostatua hartzeko eskubidea eta erretornu eskubidea.

C) Ezeztapenaren eragina, ezeztaturiko manuak aplikatuz emandako egintzen gain Behin epaiaren edukia deskribatu eta gero, gure buruari galdegin behar diogu epai horrek zer-nolako eragina izan duen plangintzaren gain eta manu jakin batzuen itzalpean emandako egintzen gain, manu horiek Konstituzioaren aurkakotzat hartu izan direnean. Konstituzioaren aurkakotzat hartu izan diren manu horien artean aipa daitezke udalerriei laga beharreko aprobetxamendu tasaren portzentaiari buruzkoak; orain, portzentaia hori batez besteko aprobetxamenduren 100eko 10 da lurzoru urbanizakorrean eta hiri lurzoruan, berriz, desagertu egin da oso-osorik. Ondorenez, portzentaia horiek laga zituzten norbanakoek toki ogasunei eskatzen badiete lagatako gaindikina itzultzeko, orduan gerta daiteke toki ogasun horiek arrisku gorrian geratzea. Ondore horietarako, abiaburu gisa hartu behar da Konstituzio Auzitegiari buruzko Lege Organikoaren 40. art. Artikulu horren aginduz, legeen edota lege indarreko xedapen nahiz egintzen konstituzioaurkakotasuna adierazten duten epaiek ez dute biderik ematen epaiaren bidez amaitutako auzibideak berrikusteko, epai horrek gauza epaituaren indarra badu eta auzibideok bi baldintza betetzen badituzte: bata, auzibideotan aplikatzea prozedura zehatzaileari buruzko lege, xedapen nahiz egintzak, horiek erakunde izaerakoak izan zein Administrazioarekiko auzibide izaerakoak izan; eta, bestea, arau aplikatuaren deuseztasuna dela eta, zigorra edota zehapena urritzea edo, bestela, erantzukizuna kendu, salbuetsi nahiz mugatzea.


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.